Yoga saioak irakasleentzat

Gaur egun, irakasle edo hezitzaile izatea ez da lan erraza. Saioak antolatu, azterketak prestatu eta zuzendu, bilerak, ebaluazioak, gurasoekin elkarrizketak, ikasleen kontzentrazio eza, motibazio falta, aztoratutako emozioak, jarrera desegokia….  Horien guztien ondorioek nahi baino eragin handiagoa dute hezitzaileengan: antsietatea, estresa, gaitz fisikoak, urduritasuna, lo egiteko arazoak, kontzentrazio falta, tristura, depresioa... 
Yogako teknikek eragin horiek arindu eta aurrikusteaz gain, gorputza indarberritu eta lasaitzen dute, arnasteko gaitasuna hobetu, odol zirkulazioa aktibatu, kontzentrazioa erraztu, errendimendu fisikoa areagotu, ingurukoekin ditugun harremanak hobetu... Azken batean, osasun orekatua lortzen laguntzen dute.
Norberaren osasun fisiko eta psikologikoa hobetu nahi duen edozeini dago zuzendua ikastaroa: irakasle, hezitzaile, begirale edo guraso izan.  Ikastaroa teoriko-praktikoa izango da, batez ere praktikoa. Hori dela eta, Mmanta txiki bat ekartzea eta arropa eroso eta galtzerdiekin etortzea komeni da. 
Helburuak
Lehenik eta behin jarrera fisikoen bitartez gure gorputza sentitu, lasaitu, indartu eta energia modu harmonikoan mugitu saiatuko gara. Era berean, jarrera desegokien ondorioz agertzen diren arazo fisikoak aurreikusi eta landuko ditugu: herniak, lordosiak, zifosiak...
Bestalde arnasketak, nerbio-sistema eta emozioetan daukan eragin zuzenaz jardun eta teknika horiek behar diren momentuetan erabiltzen ikasiko dugu, horixe da asmoa behintzat!
Guretzako teknikak ez ezik, ikasleekin landu ahal izateko modukoak ere ikasiko ditugu: adimena lasaitu eta kontzentratzeko teknikak, hain zuzen. Halaber, bisualizazioen bitartez norberaren eta ikasleen ikasteko gaitasunak haunditzen ikasiko dugu. 
Azkenik, erlaxazio sakonaren bitartez, fisikoki nahiz psikologikoki lasaitzen eta eraberritzen ikasiko dugu.