Nola gainditu jendaurrean hitz egiteko dugun beldurra? Zein garrantzia du ahotsak komunikatzeko orduan?

Ahotsak Studio Voices ahotsa garatu eta landu nahi duten hainbat arlotako erakundeei zerbitzuak eskaintzen dizkien enpresa bat da. Ondorengo esparruetan egiten du lan: enpresa, musika, komunikabideak, hezkuntza, osasuna, politika eta antzerkia.
Enpresa honen helburua interesa duten erakunde horietako langileak ahotsaren profesional moduan trebatzea da. Nork bere esparruan ahalik eta modu eraginkorrenean erabil dezan ahotsa.
Komunikazioa bizitzaren ardatz nagusi bihurtu da gaur egungo gizartean. Horrenbestez, komunikatzen, limurtzen eta ideiak adierazten jakitea beharrezko tresna bilakatu da gero eta lehiakorragoa den enpresa eta lan munduan. Baita eskolan ere. Izan ere, hezkuntzan ahotsa ezinbesteko tresna da, eta irakasleak komunikazio lanean ari dira etengabe. 
Hori dela eta, Ahotsak Studio Voices hezkuntzaren alorrean ere ari da lanean eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditu. Besteak beste, irakasle eta ikasleen arazoak diagnostikatu eta irtenbideak proposatzen ditu. Baita eskola eta unibertsitateeetako zuzendaritza taldeei ere. Bestalde, eskolako aurkezpenetarako, ahozko azterketetarako, berariazko proiektuetarako, bileretarako, mintegietarako, hitzaldietarako, curriculum proiektuetarako... laguntza eskaintzen du.
Halaber, irakasleentzat hain garrantzitsua den tresna hori, ahotsa, mantentzeko zerbitzuak eskaintzen ditu: ahots osasuntsua edukitzeko ikastaroak eskainiz eta ahotsa ez galtzeko arrisku faktoreak zehaztuz.
Irakasleen beldurra
Ez da irakasle guztien kasua, baina zeEz da irakasle guztien kasua, baina zenbaitek beldur eszenikoa edo deitzen diogun hori izaten dute. Gurasoekin hitz egitea, klaustroan esan beharrekoak esatea edo mailako bileretan hitza hartzea…ez da  Irakasle askori, kosta egiten zaio, sarritan, barruan duen hori azaleratzea, bere iritzia ematea. Badira egoera horri aurre egiteko hainbat teknika edo estrategia eta horiek landuko ditu Ana Elorzak  Ahotsak duen garrantzia jendaurrean hitz egiteko trebeziak garatzerakoan  izenburuko ikastaroan. 
Lehenik eta behin, irakasle bakoitzaren kasua aztertu beharko genuke, eta behin egoera ezagututa hortik abiatu. Lehen urratsa, beraz, diagnostikoa egitea litzateke. Irakasle zehatz horren kezka nagusia berezkoa duen beldur bat baldin bada, esaterako izaeraz oso lotsatia delako, bere izaerari dagozkion zein ezaugarri indartu ditzakegun aztertu beharko genuke lehenik. Eta horren arabera ariketa batzuk edo beste batzuk proposatuko genizkioke. Adibidez, hainbat irakurketa ariketa egin ditzake, edo gauza oso sinple bat aurkezteko ariketatxo bat egin. Horien ostean, berehala, jende aurrean praktikatzen hasi beharko du. Bat-batean; inolako zalantzarik gabe.
Zenbat eta lehenago jabetu bere errealitateaz, orduan eta indar gehiago eman ahal izango dio bere buruari. Baina horretarako, lehenbailehen ikusi behar du zein arazo eta muga dituen jendaurren ipintzen denean. 
Horixe izango litzateke lehenendabiziko kolpea. Behin arazoa zein den zehaztu dugunean, laguntzen ari den irakaslearen txanda helduko litzateke. Hau da, ariketa zehatz horiek nola egin behar dituen azaldu beharko dio: esate baterako, irakur dezagun testu hau honela, edo egin dezagun aurkezpen bat bilera batean egongo bagina bezala… Bada irakasleak ariketa horiei guztiei ekin beharko die, eta behin eta berriro frogak egin. Egitearen poderioz ikusi ahal izango du ea, oraindik, egonezina edo kezka sortzen dion egoera horrek. Ziurrenik, gaia ongi prestatzen badu, entseguak egiten baditu, azken batean behin eta berriz errepikatzen jardun badu, denborarekin ziurtasuna lortuko du. Baina egia da, era berean, pertsona hori izaeraz ausartaz ez baldin bada, gehiago kostako zaiola. Seguruagoa den irakasleak beti izango du erraztasun gehiago jendaurrean aritzeko, baina baita hanka sartzeko ere. 
Parte-hartzea bideratu
Bakarrik ez ezik, irakasleek, sarritan, taldean egin behar izaten dute lan. Baina gehienetan gertatzen da, biltzen direnean  beti bik, hiruk edo lauk hitz egiten dutela. Horrelakoetan, zer egin daiteke gainerakoek ere hitz egin dezaten? Zenbaitetan, gerta daiteke, beti lau pertsona horiek hitz egitea, lan egiteko eredua horrela ezarrita dagoelako. Kasu horietan hainbat urrats jarrai daitezke. Esaterako, berez zama hori hartzeko joera baldin badute, lau horietako bakoitzak gidoi bat presta dezake. Horrela, inguruan dituzten gainerako pertsona horiek ezagutzen dituztenez, euren gidara moldatu ahal izango dituzte. Nola? Adibidez, honelakori edo halakori gai zehatz baten inguruan –bereziki interesa sakiokelako– zuzenean zein iritzi duten galdetuz. 
Gauzak argien dituztenek egin behar dute ahalegina aipatutako parte-hartzea bideratzeko. Hortik hasi beharko lukete, behintzat. Hau da, ingurukoei konfiantza emanez. Ea, bide horretatik, hitz egitera ohituta ez dagoen pertsonak, pixkanaka,  zerbait gehiago eman dezaken. Hitza hartzen duenak ardura hori dauka apur bat; denek parte har dezaten giro egokia sortzekoa, alegia. Talde txikian zein handian izan. 
Talde handia
Demagun klaustroko bileran lau pertsona, zuzendaria, zuzendari ordea eta ikastea buruak, berrogei lagunen aurrean jartzen dituzula hizketan. Kasu horretan ikasketa buruak garrantzia edo pisu handia izango du. Hark ezagutzen dituelako, nolabait esateko, irakasle guztien izaerak, joan etorriak, kezkak…   Oso argi izan beharko du, gidoi baten inguruan bidea sortzea dagokiola, nolabaiet, eta zuzeneko harremana sortu behar duela gainerako irakasleek ere hitz egin dezaten. Lau pertsona horien egiteakoa moderatzailea eta sortzailea izatea da. 
Uneren batean isilune bat sortzen bada, utzi egin beharko dute, tarte bat eman jasota geratu dadin. Horrela guztiek nabarituko dute inflexio puntu bat izan dela. Baina hitz egiten ari zenak berehala konturatu beharko du egoera eta hurrengo puntuari eutsi beharko dio.  Prestatuta zuen gidoiari berriro heldu eta aipatu behar dituen gaieikin jarraitu beharko du. Intuizioak garrantzia handia du horrelakoetan. Baina isilune horiek, utzi egin behar dira, mahai gainean ipini. Eta hurrengo batean gauza bera gertatu ez dadin oharra hartu, noski. Baina ezin dugu onartu betiko lauek etengabe hitz egitea eta gainerakoak isilik egotea. Akaso urte osoan hala gertatutko da, eta zer egingo diogu. Baina behintzat hitz egiten dutenek, moderatzen dutenek, aukerak sortzen jakin behar dute. Bideak eskaini behar dituzte. 
Bestela oso erosoa da; eserita dagoenak entzun besterik ez du egin behar. Informazioa jaso eta joan egingo da. Ondoren, kafe makinaren alboan, edo talde txikian, daukan kezka hori agertzeko. Hori jarrera normala da, guztiok egiten dugu, baina kezka hori talde handian ateratzea lortu behar da.
Zein abantailadituen hori guztia bideratzeak? Bada, azken batean lortzen dugu isilik egon ohi diren horiek ere ahots bat izatea, noizean behin bada ere. Eta horrek taldeari lizugarri laguntzen dio, aberastu egiten du. Eta hori da helburua ezta? Bestela zer gertatzen da? Bada guztiz sailkatuta geratzen garela, betikoek hitz egingo dutela. Eta protesta egin nahi baduzu, aurretik hitz egitea komeni da. 
Helburua zehaztuta eduki
Gauza bat talde handian, lankideekin, hitz egitea da. Baina bestea, guztiz ezberdina, gurasoen aurrean aritzea. Askorentzat horixe izaten da kezka nagusia, ikasleen gurasoen aurrean hitz egin beharra. Kasu horretan irakasleak, oso garbi eduki behar du bere urteko plangintzak zein helburu dituen. Horiek idatzita eduki behar ditu irakasleak, eta etxean entseguak eginda joan behar du bilerara: “Nik honakoa esango dut, honi buruz hitz egingo dizuet, eta horiek azaldu ostean galderak egiteko tartea utziko dizuet. Zein kezka dituzue?” 
Aurkezpen horrek irakaslearen ispilu izan behar du; ikasturte osoan egin asmo duenaren azalpen zehatza. Gurasoek tutoreak ikasturte horretarako duen helburu nagusia zein den ulertzen badute, garrantzitsuena egina dago. Irakaslea esandako horretan seguru ikusten badute, gai horren inguruko galderak egingo dizkiote. Eta bestelakoak urteak aurrera egin ahala azalduko dira; ikasle jakin batekin edo familia jakin batekin izan daitezkeen arazoak, esaterako. 
Ziurtasun bila
Hiru urrats eman behar dira, beraz: helburuak zehaztu, gida bat egin eta behin eta berriz errepikatu. Eta ez da soberan izaten nork bere burua grabatu eta nola hitz egiten dugun ikustea;  baita zuzentzen edo hobetzen saiatzea ere. Hori litzateke irakasleak bakarka egin beharreko lana, ahalik eta ziurtasun handiena lortu nahi badu behintzat. Edozein bileraren aurrean, aipatu nahi diren gauza horiek guztiak argi izatea komeni da. Aldez aurretik esan beharrekoa errepasatu behar da, eta zertaz hitz egin nahi den zehaztu. Besteak beste, gaitik gehiegi ez aldentzeko modua da hori. 
Era berean, horrelako bilerak taldean prestatzea mesedegarria izan daiteke, baldin eta guztia ondo antolatutzen bada. Demagun, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako ikaslee guztien gurasoekin bilera egin behar dela. Beraz, irakasle guztiek bildu beharko dute, zuzendariarekin eta ikasketa buruarekin bileraren nondik norakoak aztertzeko. Gida moduko bat egin beharko da, eta irakasle bakoitzak bere zati edo atala izango du. Horren arabera, bakoitzak gidoitxo propioa osatuko du.Irakasle bakoitzak estilo propioa eta esateko modu berezia dituelako. Baina hori guztia ongi prestatu behar da. 
Baina ezin dugu ahaztu jendaurrean hitz egiteko daukagun tresna baliagarriena ahotsa dela. Ahotsaren alderdi fisikoaz gain, oso da garrantzitsua ahotsak berak zer transmititu dezakeen jakitea. Oso garrantzitsua da azaldu nahi dugun hori esateko modua. Ez da berdina gauza bat indartsu esatea edo goxotasun kutsua ematea. Horren arabera, komunikazio mota bat edo beste sortuko da igorlearen eta hartzailearen artean. Azken batean, salmenta bat egiten ari zara, jendea zureganatu nahi duzu. Hori dela eta, hitz egiten ari denak sen handia izan behar du, eta zer nolako giroa sortzen ari den somatu. Ezin du sekula isilik edo hutsik geratu, zerbaiti heldu beharko dio: begirada bati, ahotsaren goxotasunari… 
Entzulearengana ailegatu
Horixe da, bereziki, ahotsak duen indarra. Itsuak izango bagina eta ikusiko ez bagenu jasoko genukeen lehendabiziko soinua ahotsa litzateke. Eta ahots horrekin batera irudi bat etorriko litzaiguke burura. Beraz, hizlari batek lortu behar du esaten duen horrekin entzulearengan zerbait sortzea: gustatzen zait, edo ez zait gustatzen, indarra edo energia transmititzen dit, ado alderantziz; zalantza sortzen dit, ez daukat argi ahots horrek esan nahi didana... 
Horrek guztiak, azken urteetan indarra galdu du. Zer gertatzen da? Ahozkotasuna ez dela behar bezain beste lantzen eskoletan. Unibertsitatean esaterako, ikasleak  irakurtzen ipini eta koma bat, puntu bat edo enfasi bat adierazten ez dakitela somatzen da. Ordenagailua oso praktikoa da eta izugarri laguntzen du, baina zenbat galdu dugun oratorian? Irakasgai hori ematen duen zuzenbideko irakasle baten arabera ikasgelara ailegatzen dira, jende aurrean ipini eta euren lehendabiziko kezka ahotsaren inguruakoa da, ez omen dute irakurtzeko trebeziarik. Irakurtzeko! 
Hezkuntzan garrantzia gutxiegi ematen zaio ahozkotasunari eta gazteek unibertsitatera ailegatzen direnean, ez dakite behar bezala irakurtzen. Eta, noski, ahotsak ezin badu, besteak beste, aipatutako enfasia lortu, ez du daukan komunikazio helburua betetzen. 
Denbora hartu
Aipatu dugu irakasleak entseguak egin behar dituela, nahitaez, estrategiak bereganatzeko. Entsegu horiek behin eta berriro irakurriz egin behar ditu, baina baita bere ahotsa maitatuz ere. Behin edo bitan , nork bere burua entzun eta esan: ongi egiten dut, indartsu ari naiz hemen, gehiago eman behar diot han…
Sarritan, baina, irakaslek ez dute horrelakoetarako denborarik hartzen. Baina bilatu egin behar da, nola edo hala; profesional gisa ari direlako horretan. Demagun hilabete batean hamar hitzaldi eman behar ditugula; bada, entsegurik gabe galduta gaude. Power Pointak momentu batean idatzitakoa gogoratzeko balio du, baina entzuten ari denak berrogei minutuko informazioa bereganatzeko gaitasuna baldin badauka –eta horixe da kalkulatuta dagoenea– apunteak irakurtzea bezalaxe izango litzateke. 
Denbora atera egin behar da eta zailtasun handia duen irakasleak benetan arazoa gainditu nahi badu, lan egin beharko du. Gainerakoan urtero ariko da bueltaka kontu berdinarekin. “Bai baina teorian erraz esaten da”, pentsatuko du batek baino gehiagok. Egin froga eta hitz egingo dugu. Azken batean, hitza menderatzen ez duenak asko irakurri behar du; arnasketak bere lekuan jarri behar ditu, gidoia behin eta berriro bere ahotsean entzun, inguruko lagunekin edo laneko talde txikiarekin entseguak egin… Beste sekreturik ez dago, egin eta egin. Azken batean nork bere buruarengan duen konfiantza indartzea da helburua, egunero tokatuko zaigulako hori egitea.