WEB 2.0 eta Google aplikazioak irakaskuntzan

Gaur egun, ordea, erabilerrazak diren eta instalaziorik behar ez duten tresna mordo bat ditugu sarean eskura, klik batera. Erreminta horiek lan egiteko prozesu osoa errazteaz gain, hori baino garrantzitsuagoa den ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ulertzeko modu berri bat eskaintzen digute. Tresna eta filosofia berri horiek ikasle zein irakasleen partaidetza, trukea eta elkarlana modu erakargarrian eta dohainik susta dezakete, ezagutza denon artean eraikitzeko aukera eman, eta irakaslea XXI. mendeko eskolaren bidean ipini, besteak beste, informazioaren kudeaketa erraztuz eta multimedia baliabideez osatutako jarduerak diseinatzen lagunduz.
Ez dira gutxi irakasleon jarduna errazten diguten baliabideak: plataforma birtualak, blogak, wikiak, webquestak, ariketa sortzaileak... Horregatik, sarri, abian ipini nahi dugu, baina ez dakigu oso ondo nondik hasi. Sareak oparitzen dizkigun aukera anitzetan galdu egin ohi gara. 
Horiek horrela, Google unibertsoa ezagutzea aukera polita bezain praktikoa izan daiteke. Dagoeneko mundu osoan zehar 8 milioi ikasle baino gehiago baliatzen ari da irakaskuntzari begira Googlek garatutako aplikazio sortaz: Gmail, Calendar, Docs eta gehiago. Zerk egiten du aukera hau beste batzuen aldean erakargarriago? Bada, hasteko, eskaintzen dituen aplikazioen kalitatea;  jarraitzeko, eskuragarritasuna eta erabilerraztasuna. Posta kontu bat baino ez da behar aplikazio sorta osoa erabiltzen hasteko. Eta horrek, onar dezagun, izugarri samurtzen du web 2.0rako   bide hainbatetan malkartsua.
Googlek garatutako aplikazioek komunikazioa eta elkarlana errazten dute. Komunikazioa areagotzen da posta, partekatutako egutegi eta integratutako bideoen bitartez, besteak beste. Bestalde, Google Docs eta Google sites erabilita, irakasle eta ikasleek edonoiz eta edonon dokumentuak (dokumentu arruntak, aurkezpenak, formularioak...) parteka ditzakete, hizkuntza informatikoa jakin gabe webguneak sortu eta gehiago. Elkarlana erraztu eta sustatzeko garatuta daude.
Hona hemen, grafikoki azalduta, ezagutuko digutun aukera horietako batzuk: