Ahotsaren erabilera egokia

Zer da sentitzen duguna? Zer gerta dakiguke?
Ahotsa lan tresna moduan erabiltzen dugun ogibideetan (irakasleak, aterpetxeetako begiraleak, igerilekuetan irakasten dutenak, esatariak komunikabideetan…), zenbaitetan ahotsa nekatuta sentitzen dugu, hautsi egingo balitzaigu bezala.
Batzuetan,  hitz egiteak nekatu egiten gaituela ohartzen gara, edo gauerako, arratsalderako, aste bukaerarako… ahotsik gabe gelditzen garela. Besteetan, eztarria urratuta gelditzen zaigu, eta min ematen digu. 
Hitz egitean airea falta zaigula nabaritu dezakegu,  airea maiz hartu beharra edo esaldia bukatzeko airerik ez edukitzea izaten dira arazorik arruntenak.
Batzuek ez dute norberaren ahotsa entzuten, eta beti bortxatu egin behar izaten dute, edo giro zaratatsuetan ezin dute hitz egin. Beste batzuei, berriz, ahotsaren tonua apaldu egiten zaie, eta ezin izaten dute  abestu. Txangoetatik, jolas garaietatik… bueltatzean ere ahotsaren ezaugarriak aldatzen zaizkie.
Zergatik sentitzen ditut sintoma horiek?
Lehen aipatutako arazo horiek arrazoi hauengatik sor daitezke:
• Ahotsaren gehiegi erabiltzeagatik: asko hitz egiteagatik, gaizki oihu egiteagatik, eztulagatik, marrantagatik…
• Ahotsaren desegoki erabiltzeagarik: intentsitate edo tonu desegokian hitz egiteagatik, arnasketa era desegokian erabiltzeagatik, arnasketa eta fonazioa ondo ez koordinatzeagatik, ahotsa ez inpostatzeagatik, giharren tentsioa gehiegizkoa izateagatik….
• Ahots korden patologiengatik.
• Ahots korden mugikortasunaren patologiengatik.
Komeni zaiguna zera da: ahots esfortzua gutxitzea eta ahotsak dituen aukera zabal guztiak barneratzea. Horretarako, ahots teknika egokia erabili behar dugu.
Ikastaroaren xedeak eta edukiak
Norberak bere ahotsa ezagutzeak garrantzi handia du, norberaren ahotsa noraino irits daitekeen eta egoera bakoitzean ahotsaren erabilerak nolakoa izan behar duen jakiteko. Beraz, norberak bere ahotsa ezagutzea izango da lehenengo helburua. Horretarako, ahotsa zer den  eta nola ateratzen dugun ikasiko dugu.
Bestalde, pertsona bakoitzak bere ahotsa du, ezaugarri berezi batzuk dituena. Horretan ere saiatuko gara: ahotsaren ohiko osagaiak ezagutuko ditugu.
Ahotsa osasuntsu dagoen ala ez jakiteak ere garrantzia du, eta ahots osasuntsuak eta patologikoak bereizten saiatuko gara. Horretarako, gaur egun irakasleengan sortzen diren patologia ezagunenak ere landuko ditugu: laringitisak, noduluak, polipoak, edemak, korditisak, banden hipertoniak…
Horretara guztira ez iristeko, prebentzio mekanismoak ezagutu behar ditugu, eta ahotsa nola zain dezakegun ere ikasiko dugu.
Eduki praktikoak
Orain arte ikusitako guztia era teorikoan ikasiko dugu, baina praktikak duen garrantzia aurreikusita, eduki praktikoak ere landuko ditugu. Hauek izango dira atal nagusiak:
• Arnasketa egokia nolakoa den ikasiko dugu. Diafragmaren mugimendua eta euskarria, fonazio denborak luzatu, zer egin airerik gabe ez gelditzeko, botatzen dugun airea nola doitu...
• Erlaxazioa: giharretako tentsioak gutxitzen saiatuko gara. Lepo eta sorbaldako erlaxazioaz gain, orokorra ere egingo dugu.
• Jarrerak duen garrantzia ere landuko dugu: horrek guztiak airea urdailetik bultzatzea errazten digu. Presio handiagoa lortzen dugu eta airea hobeto aprobetxa dezakegu.
• Artikulazioa eta erresonantzia: ahotsa gure gorputzean sentitzen ikasiko dugu. Ahotsa esfortzurik gabe eta era lasaian aterako dugu. Helburua ahotsaren proiekzio egokia lortzea izango da.
• Prebentzio neurriak: gure ahalmenaren gainetik ez hitz egiten, ahots baliabideak ondo erabiltzen, garrasiak saihesten... saiatuko gara.
• Ikasi duguna eguneroko hizketan aplikatuko dugu: ikasgai bat ahoz aurkezteko, ozen irakurtzeko, haur kantak abesteko, ipuinak kontatzeko...
Azkenik, urte hauetan ahots arazoek eta disfoniak haurrengan izan duten gorakada nabarmena aipatu nahi nuke. Horretan, inguruko giroak, zaratak, imitazioak... eragin handia izan dute. Hori dela eta, irakasleak nola jokatu jakin behar du: jolas garaietan eta gela barruan ahotsa kontrolatu, norberak ahotsa egoki erabili, haurrentzat eredu desegokiak saihestuz...
Horrela bada, ikastaro honetan hizketako ahotsaren erabileraren oinarria lortu nahi dugu.
Ahotsa egoki erabiltzeko burutu behar diren ariketak egingo ditugu, oinarrizko teoria ikasiz eta lan praktikoa modu aktiboan eginez.