BEÑARAN, Alvaro: Haurren beharretara egokitu behar dugu; psikomitrizitate saioa ez da sakratua

Zure psikomotrizitate praktika ikaslearengan oinarritzen da bereziki?
Nire iritziz psikomotrizitate praktikaren gakoa haurrari bere garapenaren eta egiten duen prozesuaren protagonista izateko espazioa ematea da. Baina, betiere, marko batean. Hau da, ez dadila kaos hutsa izan. Badakigu haurrari askatasuna eta autonomia eman behar zaizkiola. Baina badakigu, baita ere, haur txikiak ez dituela garatuta gaitasun guztiak. Batez ere, 0-8 urte bitarteko haurrei buruz ari naiz. Nola eman protagonismoa haurrari, kaos horretan erori gabe? Bada, adinaren arabera, haurrak dituen premiak errespetatzen saiatzen gara. Hau da, adin bakoitzean haurrak dituen ezaugarriak aztertzen ditugu. Haurraren bizitza garai horretan nolakoa den ikusi, eta aurrera jarraitzeko zer behar duen pentsatzen dugu. Haurrari egiteko eta eragiteko aukerak eskaintzeko, espazio eta denbora batzuk antolatzen ditugu, eta gugan jarrera batzuk sortzen ditugu psikomotrizitate praktikan.
Hauxe da haurrei helarazi nahi diegun lehen mezua: “Zuk psikomotrizitate gelan nahiko modu autonomoan egin eta eragin dezakezu. Eta, horretarako, nik espazio eta denbora batzuk prestatu dizkizut. Gainera, jarrera zehatza izaten saiatuko naiz, zure ezaugarriak errespetatzeko”. 
Horri deitzen al diozue markoa?
Bai, guretzat garrantzi handia du eta ematen ditudan ikastaroetan horixe azaltzen saiatzen naiz. Guk, psikomotrizitate saioetan, beti, hasierako eta amaierako erritualak izaten ditugu. Hasierakoari dagokionez, nire ustez, funtsezkoa da, haurrak psikomotrizitate gelan sartzen direnean, berehala jolasean ez hastea. Lehenengo, bildu egiten gara, baina beraiek badakite gero jolas egin ahal izango dutela, eta, gainera, nahi duten bezala. Une horretan, legeak jakinarazten dizkiegu: “Hemen ezin da minik eman eta ezin da minik hartu”. Horixe da gure ustez funtsezko araua. 
Haurra dimentsio sinbolikoan sartzea da helburua. Psikomotrizitate gelan, jolasean, dena da posible; baina maila sinbolikoan. Egiten duzuna jolasean egiten baduzu, modu sinbolikoan bideratzen baduzu, posible da. Jolasean, borroka egin dezakezu, nahi baduzu, hil dezakezu norbait, baina beti jolasean. 
Gainera, hasierako erritualean, haurrek psikomotrizitate gela osoa prest ikusten dute, eta zain daude. Gure iritziz, oso garrantzitsua den beste lege batekin jolasean ari gara une horretan. Frustrazio legearekin, hain zuzen. Beti egiten da galdera bera: legeak jarri behar al zaizkie haurrei? Guk uste dugu baietz. Eta lege horrek frustrazio lege bat izan behar du. 
Zer da hori, zehazki?
Frustrazio legea bi esalditan labur daiteke: “Bai, baina ez. Ez, baina bai”. Azken finean, haurraren premiak errespetatzen saiatzen den lege bat da. Sakonean, haurra, haren premiak eta beharrak errespetatzea du helburu. Baina premia horiek bete edo asetzeko moduak frustratzen du. Esaterako, haur bat psikomotrizitate gelan dauden egurrezko piezak botatzen hasten bahonakoa esan behar zaio: “Zuk zerbait bota nahi duzu, baina egurrezko pieza hauek ezin dituzu bota; pilotak, nahi baduzu, bai”. Guretzat zer da garrantzitsuena? Haur horrek gauzak botatzeko beharra duela. Bi urteko umeek, esaterako, espazioa eta objektuak menderatzeko, euren burua protagonista sentitzeko, munduan eragiteko, besteak beste, gauzak botatzen dituzte. Guk espazio bat prestatu behar dugu horretarako, eta beharrezko materialak eskaini. Baina, era berean, behar hori frustra dezakegu, horrelakoak esanez: “Orain ezin da, baina gero bai; material honekin ez, baina bestearekin bai; hemen ez, baina hor bai”. 
Sarrerako erritualean, beraz, horixe da ematen diegun lehen mezua: jolas egin dezakezue hemen, baina oraindik ez. Hots, frustrazio legea transmititzen diegu: “Gero, modu autonomoan eta halako askatasunarekin jolas egiteko, hemen egon behar duzu lehendabizi, eta frustrazio hau onartu behar duzu. Ohartu behar duzu heldua dela zure segurtasuna zainduko duena, eta, gero, jolas egin ahal izango duzula, orain eta hemen zain zaudelako. Gai zarelako frustrazio legeak ezartzen duen marko horren barruan egoteko, maila sinbolikoan”. 
 
Zein helburu dauka frustrazio horrek?
Haurraren sozializazioa. Pixkanaka, haurrak konturatu egin behar du ez dela posible betiko jarraitzea, oso txikia zenean bezala. Hau da, ume txikiak eskubide osoa du ahalguztiduntasun magikoan bizitzeko, eta dena eman behar zaio. Baina, pixkanaka, sozializatzen hasi behar du. Ez dago hura bakarrik munduan, ezin du dena egin, nahi duenean, gainera; heldutasuna lortzen ari da. Pixkanaka, gai izango da, beraz, frustrazio txiki horiek onartzeko. Hori guztia modu naturalean egiten da etxeetan, eta, pixkanaka, haurra errealitatean sartzen hasten da. Ez baita posible beti dena eta berehalaxe edukitzea, eta ez da komeni, gainera. Beraz, frustrazioak modu naturalean hasten dira. Horiek laguntzen diote haurrari sozializazio bidea hasten, hor baitaude sozializazioaren sustraiak. 
Haurrak bere iragazkiak eraiki behar ditu. Ezin ditu bere bulkada guztiak zuzenean kanporatu. Horrela, bada, gizakia iragazkiak jasotzen joaten da, gauzak bideratzen ikasteko. Adibidez, akaso ni ez naiz gustura egongo zuk egin duzunarekin, baina ez zaitut joko horregatik! Nik gaitasun bat garatuta baldin badaukat, gai izango naiz zuri azaltzeko, edo saiatuko naiz beste estrategia bat erabiliz nahi dudana lortzen... Baina baliabide sinbolikoak garatzen hasiko naiz, hitza, esaterako. 
Eta autonomia lantzeko ere balio al du?
Bai, balio du. Frustrazioa oso garrantzitsua da haurra autonomoa izan dadin. Haurra oso txikia deneko ahalguztiduntasun horretatik abiatzen bagara, zer gertatzen da? Haurrari den-dena ematen bazaio, edo gehiegi ematen bazaio, zer gertatzen da? Haur batengan gurasoen edo inguruaren presentzia handiegia denean, irudituko zaio modu magiko batean dena lortzen duela, zerbait behar duenean etorri egiten zaiolako. Beraz, ez du sentitzen guk estuasuna edo estresa deitzen diogun hori. Ez du mugitu ere egin behar, ez ditu baliabide berriak sortu behar, ezinegon txiki horien aurrean. Orduan, haren autonomia edo haren baliabide autonomoak garatu gabe gera daitezke. 
Horrenbestez, guk beti esaten dugu oso egokia dela jasan daitezkeen estuasunak bizitzea. Hau da, garatu ahal izateko, gabezia batzuk bizi behar ditu haurrak, baina, betiere, gaindi ditzakeenak. Adibide argi bat: haur jaioberriak, hasieran, esnatu bezain pronto negarrez hasten dira, deika. Eta berehala erantzuten zaie. Baina, une batean, haurra sehaskan dagoela, zerbait entzun eta hurbildu egiten zara. Haurra han dago, esna, baina ez du negarrik egin, ez dio inori deitu. Zertan ari da? Txupetearekin, edo eskuarekin, edo izarak ukitzen... Hau da, txiki-txikitatik baliabide autonomo batzuk sortzen ari da, ama –edo aita– gabe egoteko. Bere horretan uzten badugu, haurrak amarekin bizi izan dituen plazer esperientziakbiziko ditu, baina bere kabuz oraingoan.
Hor daude, nire ustez, autonomiaren sustraiak, eta hortik jarraitu behar dugu hezkuntzan ere. Hau da, haurrari espazio handia eskainiz, baina baita sozializatzeko beharrezkoak izango diren frustrazioak ere. 
Haur bakoitzak bere garapena duen arren, adin tarteka irizpide orokorren bat eman al daiteke?
Zaila da, haur bakoitzaren erritmoa oso ezberdina delako, baina badira zenbait erreferentzia orokor. Nik esango nuke, oso modu orokorrean, 0-1 tartea ahalguztiduntasun magikoa bizitzeko adina dela. Haurraren existentzia eraikitzen da garai horretan, hau da, “NAIZ”. Funtsezko garaia da, eta gauzak ongi ez badoaz, gerora zailtasunak azal daitezke hortik. Ondoren, 1-3 tartean, haurrak “NI” delakoa eraikitzen du: “NI naiz”. Haurra bestearengandik banatu egingo da, hots, banaketa emozionala gertatuko da. Tarte horretan, beraz, pixkanaka joango da atxikimendua amaitzen. Hiru urte inguru dituenean, haurrak esan ahal izango du: “Ni beste bat naiz, ez naiz zu”. Horren ostean, 3-6 urteko aldian, zeharo zabalik dago autonomiaren bidea. Haurra, batez ere, kanpoko mundura aterako da. Banaketa dagoeneko landuta dago, eta, orduan, honako hau eraikiko du haurrak: “Ni mutila naiz, edo ni neska naiz”.  
Ondoren, sei urtetik aurrera, haurrak errealitate objektiboa ezagutuko du. Pentsamendu operatoriora iristen da, eta pixkanaka errealitatea modu objektiboagoan ikusten hasten da. Izan ere, 6 urtera arte pentsamendu magikoan mugitzen dira haurrak, eta 6-7-8 urte dituzteneko garaia trantsizio fase bat izaten da. Aldaketa izugarriak gertatzen dira. Haur batzuk pentsamendu magikoan egon daitezke oraindik, eta beste batzuk, aldiz, modu operatorioan pentsatzen. Horregatik, adin bakoitzean zertan ari diren begiratu behar dugu, beraientzat garrantzitsua zer den ikusi.
Dena den, psikomotrizitatean, oro har, 3-6/8 tartea landu da bereziki. Azken aldiko joera 0-2 urteko haurrekin lan egitea da. Aldaketa handia al dator hortik?
Bai, gero eta gehiago sartzen ari da hori. Gero eta jende gehiago etortzen zaigu haur eskoletatik. Lehenik eta behin, psikomotrizitate saioa, adinaren arabera, ez da berdina izango. Horixe da psikomotrizitatearen printzipio nagusietako bat: haurraren premietara egokitzea. Ezin dugu ezer inposatu. Haurrek beste modu batera egin behar dugula esaten badigute; orduan, aldatu egin beharko dugu. Psikomotrizitate saioa ez da sakratua. 
Txikiekin, 0-1 urte bitartean psikomotrizitate gelara joan beharrean, noizbehinka beraien gela egokitzea litzateke aproposena. Sehaskak eta alboratu, eta lastairak atera, aldapa txiki batzuk jarri –adina kontuan izanda beti– eta psikomotrizitate gela baten modukoa antolatu. Eta beno, egunean zehar, 20 minutuz edo ordu erdian aukera horiek eskaini, haurrek euren gorputza eta mugimenduaren plazera ezagut ditzaten, euren mailan. Espazio handia egongo balitz, material horiek modu egonkorrean egon litezke gelaren alde batean.
Ondoren, ibiltzen hasten direnean, haurrek eurek hainbat aukera dituztenean eta segurtasun handiagoa dutenean, psikomotrizitate geletara joaten has gaitezke. Haur horiekin (1-2/2-3 urtekoekin) psikomotrizitate saio oso orokorrak egiten dira: hasierako erritual motz batekin eta faserik gabe. Mugimenduaren plazera, euren burua ezagutzea da garrantzitsuena. Besteak hor daude, baina garrantzitsuena haurra bera da. Sozializazioa ezin da behartu. Alderantziz, lehendabizi haurrak bere burua bizi behar du plazerean. Beti ere, ziurtasuna ematen dioten helduak daudelako inguruan. Ahalik eta autonomia handienaz goza dezan eta bere burua eraiki dezan. Batez ere, 0-3 urte bitartean, segurtasunaren oinarria ezarri behar dute haurrek. 
Eta horrekin guztiarekin, zer da psikomotrizitate saio batek lortu nahi duena?
Psikomotrizitate saioak baditu helburu orokor batzuk. Batetik, komunikazioa; haurrari komunikatzen laguntzea, horretan sakontzea, horretara zabaltzea. Bestetik, heldutasun prozesuan bidelagun izatea; hau da, haurrari pentsamendu operatoriora iristea ahalbidetzea. Era berean, psikomotrizitate saioa eskola barruan egiten denez, lagungarria da haurra ikasteko prest jartzea ere. Hau da, guk ez dugu zuzenean ezer irakasten. Baina egia da egin daitekeela lan psikomotrizitate saioan, haurrak bere burua ziurtatzeko, bere burua bizitzeko, bere beldurrak lasaitzeko, blokeoak irekitzeko. Hori guztia lortzen bada, haurra hobeto egongo da, ondoren, jaso beharrekoa jasotzeko. Hau da, ikasketak, edukiak... Lasaitasun psikikoa lortzen lagun diezaiokegu, jasotzeko prest egon dadin. Psikomotrizitate saioaren beste helburu orokor bat lehen aipatutako autonomia litzateke. 
Helburu orokorrak lirateke horiek, baina bada gure ustez ezinbestekoa den beste gauza bat. Haur bat oso ikasle ona izan daiteke, burua besterik ez delako. Badaude, buruak baino ez diren haurrak. Badira, bestalde, gorputza bakarrik direnak. Eta baita euren afektuak gainezka dituztenak ere, eta harremanetan trebeak direnak, baina iragazkiak jartzeko gai ez direnak. Uste dut psikomotrizitatearen ekarpen nagusietako bat alderdi horiek guztiak integratzen saiatzea dela. Ez haur berdinak egitea. Bat kognitiboagoa izango da, bestea afektiboagoa, bestea kirolari aparta... Baina, gutxienez, aukera eman behar zaio haur bakoitzari, ahal den neurrian alderdi horietako bakoitzean gara dadin. Eta hiruak integra daitezen. Ez dadila joan burua alde batetik eta gorputza bestetik. Biak integratu behar dira, sustraitu. 
Aurten sozializazioa eta frustrazioa izango dituzu hizpide Udako Topaketetan. 
Bai, horretan ari naiz lanean orain. Duela gutxi, psikomotrizitate jardunaldi batzuetan izan nintzen, eta sintoma berriei buruz hitz egiten aritu ziren han. Nire lana dela eta, sarritan joaten naiz eskoletara, eta esperientzia ugari ezagutzeko aukera izaten dut. Irakasleekin hitz egitean, guztiek esan didate haur mota berri bat agertzen ari dela. Frustrazioa jasan ezin duten haurrak dira. Ez dute izan, eta, orain, ezin dute jasan. Ematen du oso babestuta egon direla, eta eskolarentzat oso lan zaila da hori bideratzea. Beraz, uste dut horren aurrean tresna berriak sortu beharrean gaudela. 
Nire mintegian horri buruz hausnartuko dugu apur bat, eta, bide batez, laguntzeko zer egin dezakegun pentsatuko dugu. Izan ere, haur horiek lehenengo unetik aurkako jarrera pizten dute. Besteak beste, nahiko haur manipulatzaileak izaten direlako, eta, noski, ez dira haur erakargarriak. Baina, hala eta guztiz ere, haur horiei laguntzen jarraitu beharko genuke. 
Eta ez haurrei soilik, baita haien familiei ere. Horrelako kasuak, bereziki, familiekin lotuta egoten baitira. Ni ikusten ari naizena ikusita, hala da. Etxean gertatutako hainbat gauzarekin dute zerikusia, eta baita lehen aipatu dudan frustrazio falta horrekin ere. Badirudi haur horiek lehendabiziko urteko ahalguztiduntasun magikoan bizi direla oraindik. Zer gertatzen da? Bada, egoera magiko horretatik eskolara ailegatzen direla bat-batean, eta han ez dagoela magiarik. Han errealitatearekin egiten dute topo, baina ez dute baliabiderik egoera berrira egokitzeko. 
Horren ondorioz, sintomak agertzen hasten dira: batzuek ez hitz egitea erabakitzen dute, besteak kaka gora eta behera hasten dira, beste batzuek izugarrizko kasketak harrapatzen dituzte, beste batzuek somatizatu egiten dute, eskolara joan nahi ez dutelako...  
Eskola gehienetan atxikimendua ari direla lantzen bereziki... 
Gauzak aldatu egin dira. Lehen haur deszentratuak eta inhibituak izaten genituen. Agian, gurasoak oso perfekzionistak zirelako edo. Horrelakoekin, bazenekien nola jokatu. Baina oraingoak ongi zaindutako haurrak dira, hau da, maitatuak. Alor horretan ez dute arazo handirik. Nik esango nuke, batez ere, sozializazio arazoa dela. Zer gertatzen da? Guraso horiek, izugarri ‘maite’ dituztela haur horiek, baina ez dutela batere argi lehen aipatu ditugun legeak jartzearena. Badirudi haurrari ezetz esatea haren nahiak ez errespetatzea dela. 
Oso gaizki aplikatzen diren teoria asko daudela uste dut. Gehiegi sinplifikatzen dira, eta hori arriskutsua da, zenbait ideia oso modu zurrunean aplikatzen direlako. Haur horiei gertatzen zaiena da ez dutela sozializazio prozesu progresibo bat izan.
Alde batetik, biktimak dira, baina berehala bihurtzen dira irakasleen borrero. Zer egin haur batek hitz egiten ez badu? Baina ez da beldurtia delako, lotsatia... Nortasun handiko haurrak dira, eta izugarri defendatzen dute beraien espazioa. Kosta egiten zaie irekitzea. 
Adibide bat: hasieran harreman arkaikoa dugu, amaren –edo hor dagoen pertsonaren– eta haurraren arteko harremana. Harreman hori oso da estua, eta esaten da harreman horretan ez dela hirugarren pertsona bat sartzen. Bada, esan dezakegu haur horiek apur bat harreman horri eutsi egiten diotela. Ez diote hirugarrenari sartzen uzten, ez dute hori lortzen. Hirugarrena izan daiteke irakaslea, izan daitezke beste haurrak...
Haur horiek beste haur batekin harremanik sortzen badute, harreman esklusiboa izaten da. Esango nuke maila guztietan eusten diotela haur horiek aipatutako harreman arkaiko horri. Horregatik ezin dute zabaldu, mundua da hirugarrena, eta haur horiek munduari esaten diote: nire bizitzan sartuko zara, nire ama bezalakoa baldin bazara soilik. Oso muturreko harremanak ezartzen dituzte; edo dena edo ezer ez. Oso zaila da. 
Haur bakoitza mundu bat da. Asko zabaltzen ari den ideia da, baina hor ere ez al dago nahasketa apur bat? 
Horregatik esaten dut nik asko sinplifikatzen ditugula teoriak. Bai, haur bakoitza mundu bat da. Baina beharrezkoa da, era berean, egitura komunak izatea. Ondoren, egitura horien barruan haur bakoitzarengana egokitu ahal izango duzu. Uste dut horretan sakondu behar duela hezkuntzak: euren baitan egokitzeko aukera eskainiko duten zein egitura osa daitezke? Uste dut oso interesgarria dela nondik norako bat izatea, gainerakoan...
Gizartea bera ere aldatzen ari da. Indibidualizazioa, Interneta, bideo jokoak... Horrek ere badu eragina harremanetan. 
Nik uste dut baietz. Gaur egun,  gainera, gizartean dauden arazoei buruz hitz egiten dugunean, esaten dugu hezkuntzan nerabeekin egin behar dela lan. Eta nire iritziz, berriz, gakoa 0-6 adin tartean dago; batez ere, 0-3 adin tartean. Izan ere, hor ezartzen baitira oinarri guztiak! 
“Gero landuko da”, pentsatzen dute askok. Hitz egiten duenean, ulertzen duenean, orduan egingo dugu lan. Hori dela eta, proiektu gehienak nerabeei zuzentzen zaizkie, baina ordurako gauzak bideratuta daude. Sustraiak umetan ezartzen dira: zaindu, errespetatu, baina, era berean, mugak jarri. Inork ez du errezeta magikorik, ez dakigu nolakoa den benetan gizakia. Baina pentsatzen dugu, horrela, haurrak aukera handia izango duela bere buruarekin ziur sentitzeko, eta baita aldamenekoak hobeto onartzeko ere. 
Etengabeko dialektika da. Hau da, nik neure burua subjektutzat ikusten badut, gainerakoak ere hala eraikiko ditut. Eta alderantziz; besteak nire aurrean subjektu moduan agertzen badira, lagundu egiten didate niri nire burua ere subjektu gisa eraikitzen. Baina ni objektu gisa tratatzen banaute, nik ezingo ditut subjektuak eraiki, eta objektuen munduan biziko naiz. Objektu hutsa besterik ez naiz izango neure buruarentzat, eta gainerakoak ere halakoak izango dira. Eta, horrela, guztia da posible; objektuak erabili egiten baitira, eta subjektuak, aldiz, kontuan hartu.
Urteak daramatzazu lan honetan. Sumatu al duzu garapenik? 
Aipatu ditugun sintomek eraginda, gu ere ari gara gure krisia jasaten. Baina dinamika orokorrean, uste dut gu, adinaren arabera, gero eta gehiago saiatu garela zehazten. Agian, hasieran ez zegoen hain argi adin bakoitzean zer egin behar zen. Eta oraindik ere badaude zalantzak, ezin dugulako esan bi urtekoen gelan gauzak modu batean egiten direla, eta 3 urtekoen gelan beste modu batean. 
Garrantzitsuena egokitzen joatea izango da beti. Baina nik uste dut printzipio orokorrei eutsi egin zaiela. Agian,  gure lanaren atzean dagoen zergatiari begiratu diogu gehiago, ezkutuan dagoen teoriari. Praktikak bere garapena izan du, ipuina alde batean edo bestean sartu dugu, eta doitze batzuk ere izan dira. Baina horretan ere badago autonomia, guztiok ez dugu guztiz berdin egiten. 
Doitzea eta egokitzen joatea da printzipio nagusietako bat. Adibidez, txikienekin, egun batean 1-2 urteko haurrekin ordubete duzu psikomotrizitatea lantzeko, baina, akaso, egun horretan ikusi duzu haurrek 20 minuturekin nahikoa izan dutela; saioa bukatu eta kito. Ezin dugu pentsatu psikomotrizitate saioa oso garrantzitsua dela eta derrigorrean egin behar dela eta... Garrantzia duena ez da psikomotrizitate saioa, haurrak baizik. Psikomotrizitatea baliabide bat da, ez da helburu bat. 
Psikomotrizitateak izan al dezake balioa 10-11 urtetik gora? Eta nerabezaroan?
Printzipioak eta filosofia aplika daitezke. Psikomotrizitateak bide asko zabaltzen ditu. Baina nik, bereziki, hezkuntzak egiten duen gorputzaren irakurketaz hitz egingo nuke. Izan ere, 8 urtetik aurrera batez ere, kirolarekin lotzen da. Eta kirola egitea ez dago gaizki. Baina kontuan hartzen dira gorputz indartsuak, malguak, azkarrak... Hala ere, badago, era berean, sentitzen duen gorputza, gorputz adierazkorra... Beraz, uste dut, gorputzaren gaineko irakurketa gehiago zabaldu beharko litzatekeela. 
Bestalde, nik uste dut horrelako saioetan erritualak egin beharko liratekeela. Eta gazteekin hitz egin beharko litzateke, zer egingo dugun komentatu, haien parte-hartzea bultzatu... Akaso arau batzuk eman daitezke, eta asma ditzatela beraiek jokoak. Eta, noizbehinka, psikomotrizitate saio bat egin daiteke, txikitako jolasak eta horrelakoak egiteko, izugarri gustatzen zaie. Plazer hori oroitzeko aukera ematea da, horrelako oparitxoak egitea...
Gainera, adin horretan asko hitz egin daiteke beraiekin. Hezitzaileak helburu edo proiektu bat izango du, baina eska ditzake ikasleen proposamenak. Ez dago horretarako arazorik. Azken batean, hori da nahi duguna, ezta? Eurek ere gauzak proposatzea, pentsa dezatela, ekimena edukitzea, sortzaileak izatea...
Begira, psikomotrizitatearen beste helburuetako bat horixe litzateke: sortzaile izatea. Baina ez sormen artistikoaren zentzuan. Haurra zentra dadila bere baitan, eta egin ditzala gauzak barrutik ateratzen zaizkion moduan. Adibidez, badaude oso txikitatik ongi marrazten duten haurrak; ikasi egin dutelako. Baina hor ez dago arimarik, haur hori ez da sortzailea, irakatsi egin diote. Beste batek zirriborro bat egin dezake, baina bere etxea egingo du, ikasia baina berea. Horixe da sortzaile izatea. Bakoitzak bere modura egitea, guztiok dugulako zerbait barruan.
Irakasle eskolan oso leku gutxi dago adierazpena lantzeko, musika, artea, gorputz adierazpena... Horien inguruan espezializatuko den irakasle eskola bat.
Guk beti ikusi dugu ez dela erraza psikomotrizitate formazioa unibertsitate munduan sartzea. Agian, orain, europar espazio berri honetan... Baina orain arte, behintzat, ez! Irakasle eskolan, batez ere haurrekin, zer egin ikasten da, ekintzak ikasten dira. Baina uste dut hezitzailearen irudia bera eta harremana gehiago lantzea falta dela. Batez ere, hor dagoelako oinarria: sortzen dugun giroan, sortzen dugun harremanean, eta profesional bakoitzaren atzean dagoen pertsona horretan... Azken batean, haur txikiek eragina dutelako gugan, nahiz eta nahi ez izan. Juanjo Kintelak esaten zuen: “Haurrak afektibitatearen hondeamakinak dira”. Irekitzen bazara hustu egiten zaituzte. Hezitzaileak, beraz, ongi prestatuta joan behar du. Bere burua defendatu ahal izateko, eta haurrei emateko, noski, baina neurrian. Indarrak xahutzen badituzu, ez duzulako balio, ez haur horrentzat ez besteentzat. Eta uste dut zaila dela diskurtso hori unibertsitatean sartzea. Esaterako, guk dugun prestakuntza pertsonalaren alderdia zaila da. Azken batean, mundu afektibo hori ezin baita ikasi, bizi egin behar da, eta norberak jakin behar du nola sentitzen den egoera horien aurrean.