150: Jendartea hezkuntzaz mintzo da!

Beste ikasturte baten amaierara heldu gara. Eta ikasturte amaiera, zerbait izatekotan, ebaluazioa egiteko sasoia da. 
Horretan arituko zineten, ziur, azken hilabeteko egun gehienetan: ebaluatu ikasleak, ebaluatu plangintzak, ebaluatu prozesuak eta abar. Ebaluatu eta nota ipini, noski.
Azken hamarkadetan garatzen ari garen hezkuntza-bidean bildutako esperientziak bultzatuta, “Euskal Herriak behar duen hezkuntzaren alde” agiria zabaldu zuten lagunek deituta nota ipini zion euskal jendarteak Euskal Herrian hiru administrazio publikoetan hezkuntza politikaren ardura duten gobernuei eta erakundeei.
Argi geratu da ikasturte honetan Nafarroan, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hezkuntza gainean hartu dituzten erabakiak, eta abian ipini dituzten planek, ez diotela jendartearen gehiengoaren nahiari eta interesari erantzun.
Besteak beste euskararen presentzia eta ezagutzari buruzko neurriek, euskararen ofizialtasunaren ukapenak, Euskal Herria ulertzeko modu murriztaileak, testu liburuak zentsuratzeko nahiak, irakasleen gabezia edota biktimen auzia bideratzeko bultzatu nahi dituzten politikek era larrian itxuraldatzen dituzte urte askotan gure hezkuntza komunitate zabalean landutako bideak eta adostasunak.
Hezkuntza arduradunen aurtengo jarduna prozedura aldetik inposatzailea izan da. Eduki aldetik, euskararen garapenari eragin nahi izan dio. Eta jarrera aldetik, berriz, ez ditu kontuan izan ez gainerako eragileek ezta irizpide psiko-pedagogikoek eta soziolinguistikoek argi erakutsi dutena.
Hezkuntza arduradunek ez dute gainditu, beraz, ikasturtea; ez prozedura aldetik, ez eduki aldetik, ezta, batik bat, jarrera aldetik ere.
Eskatutakoa gainditu ez duten ikasleen eta familien moduan, hezkuntza arduradun horiei dagokie orain egindakoaren gainean gogoeta egin eta neurri zuzentzaileak egokitzea. 
Herri honek hezkuntza arloan egiteke duen bidea luzea da oraindik. Garaiz daude, jendarteak eskatzen dienaren gainean hausnartzeko, irekitasunari heldu eta adostasunak etengabe bilatzeko ahaleginean hasteko.
Ikasleek, gurasoek eta hezkuntza komunitatea osatzen duten gainerako lagunek hezitzaileek egunotan ipini dituzten notak ongi hartu dituzte gogoan. Beharko! Administrazio publikoetako Hezkuntza politikako arduradunei dagokie, orain, Donostiako kaleetan jendarteak ipini dien nota ongi gogoan hartzea. Jendarteak, izan ere, ozen esan baitio Euskal Herriak behar duen hezkuntzaren alde dagoela!