Uraren Interpretazio Zentroa

Leitzaran ibaiak zeharkatzen duen bailarako natura eta kultura balioak bertatik bertara ezagut daitezke han. Uraren Interpretazio Zentroak bisitariengan ingurunea zaindu eta natura maitatzeko gogoa piztea du xede. 
Horretarako, hainbat baliabide ipiniko ditu bisitarien eskura: ikus-entzunezkoak, informatika tresnak, erakusketa bereziak… Horien guztien bidez, bailararen nortasunaren berri modu atseginean, labur eta zehatz jaso ahal izateko. Bisitariek ez dute inoren laguntzarik beharko interpretazio zentroko erakusketa ikusteko.
Ibilbideak
Uraren Interpretazio Zentroan Leitzaran bailara apur bat ezagutu ondoren, prest gaude paraje eder horretan murgiltzeko. Zentrotik irten ostean, hainbat ibilbide egin daitezke Leitzarango bailaran barrena. Bisitarien etxeak hiru ibilbide gomendatzen ditu; hirurak balizatuta daude, eta informazio panelak dituzte.
Ibilbide berdea: “Uraren arrasean” du izena, eta 30 minutu baino ez dira behar egiteko. Unanibiako zubitik hasi eta Errotaberriraino, Plazaolako Naturbidera gerturatzea du helburua. Ez du inolako zailtasunik. 
Ibilbide horia: "Ura eta Trentxiki” izena jarri diote, eta 90 minutuan egin daiteke. Otietatik abiatuta, amuarrain haztegia, Olaberriko presa eta Bertxingo zentral hidrauliko txikia bisita daitezke; eta Bertxingo bisera izeneko lekuraino doa bidea. 
Ibilbide gorria: "Jauzi handia" du izena ibilbide ikusgarri honek. Hiru ibilbideetan luzeena da, eta, zenbait zatitan, malda gehien dituena ere bai. Bi ordu behar dira ibilbidea egiteko. Bidean ur-jauziak eta kanalak ikus daitezke. 
Eskaintza didaktikoa
Leitzarango Bisitarien Etxea gune hezitzailea da batik bat. Ikasleengan “ingurunearekiko atxikimendua pizteko eta ondaretzat dugun inguru biofisikoa eta soziokulturala errespeta dezaten”, honako hezkuntza egitasmo hauek prestatu dituzte hango arduradunek:
1. - OTIETA. Uraren Interpretazio Zentrorako eta Arrantza Eskolarako bisita.
Egun erdiko txangoa da, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.
Uraren Interpretazio Zentrorako bisitan, ingurumen-hezitzaile batek, ikasleentzat diseinatutako material didaktikoaz baliatuz, zentroan barrena gidatuko ditu ikasleak, eta amuarrain-arrantzale gisa egiten dituzten lehenengo urratsetan lagunduko die. Ikasleek arrantza-euliak egingo dituzte, tresneria prestatzen ikasiko dute... eta arrantzan egiteko aukera izango dute!
2. - PLAZAOLA. 24 kilometroko jaitsiera, bizikletaz, Leitzatik Andoaineraino.
Egun osoko txangoa izango da, eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat da.
Autobus bat joango da taldearen bila ikastetxera, eta Leitzara eramango ditu, bizikleta eta guzti. Handik, hiru bat orduan, Plazaolako trenak hainbat alditan egindako ibilbidea zeharkatuz, Otietara iritsiko dira, Bisitarien Etxea dagoen tokira. Etxe horretan, Uraren Interpretazio Zentroa bisitatuko dute.
3. - OLLOKI. Bizikleta, Uraren Interpretazio Zentroa eta Arrantza Eskola.
Egun osoko txangoa da, bereziki, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.
Andoaingo tren geltokian abiatuko da. Han, taldearen zain egongo dira, bakoitzarentzako bizikleta batekin. Plazaolako trenaren ibilbideari jarraituz, Otietara iritsi arteko bidea egingo du taldeak; hantxe dago Leitzaran Bisitarien Etxea. Horren ondoren, Uraren Interpretazio Zentroa bisitatuko dute, eta Arrantza Eskolan arrantzale bikain bilakatzeko lehen urratsak egin ahal izango dituzte. Gero, bailaran barrena jarraitu ahal izango dute, eta Bertxinera, Inturiara eta, indartsu baldin badaude, Ollokiko geltoki zaharreraino joango dira.•