Zein da terapeuta okupazional baten egitekoa hezkuntzan? Zertan laguntzen die ikasleei?

Okupazioa
Askotan, “okupazio” izen horrek jendea nahastu egiten du, lanbidearekin edo ogibidearekin lot daitekeen hitza delako; baina ez du horrekin zerikusirik.
Gure kasuan, gizakiok bizitzan askotariko leku eta egoeretan egiten ditugun jarduerak eta rolak dira okupazioak. Beste modu batean esanda, egunerokoan etxean, eskolan, lantokian zein komunitatean egiten ditugun jarduerak eta errutinak dira, zentzuz beteta daudenak.
Haur eta gazteen kasuan, eskolara joatea eta bertako ekintzak egitea edo jardueretan parte hartzea da euren okupazio nagusietakoa (idatzi, ordenagailua erabili, komunera bakarrik joan, jolastu…).
Terapia okupazionala hezkuntzan
Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleei laguntzeko zerbitzu bat da. Zerbitzu horrek ikaslearen ikaskuntza programako helburuak sustatu eta bermatu behar ditu.
Ikasle batek egin beharreko jardueretan arazoak dituenean, terapeuta okupazionalok haren gaitasunak, zeregina bera eta ingurua ebaluatzen ditugu eta estrategiak diseinatu, ikasle horren trebeziak hobetzeko.
Beraz, hezkuntzan egiten dugun lanaren funtsa ikaslearen curriculumean jasotako helburuak bultzatzea eta laguntzea da. Argi izan behar dugu eskolako zereginik garrantzitsuena ikaskuntza helburuak direla; eta, kasu honetan, terapia okupazionalaren helburua aurrekoak sustatzea eta horien euskarri izatea dela.
Ikaslearen gaixotasun edo arazoek ikaskuntza helburuak arriskuan jartzen ez badituzte, hau da, esate baterako, ikasle batek besoaren mugimendua urritua badu, baina eskolako jarduna zailtasunik gabe egin badezake, ikasle horrek ez luke eskolan zerbitzu hau jaso beharrik izango.
Zertan laguntzen die ikasleei?
Eskoletan egiten den terapia okupazionalak ikaslearen abileziak garatu, hobetu eta eraberritzeko jarduerak erabiltzen ditu. 
Terapeuta okupazionalok ikaslearen ikaskuntza jardueraren barneko arloak ebaluatzen eta lantzen ditugu: 
• Eskuetako trebezia, idazketa, eskolako tresnak erabiltzeko era (arkatza, artaziak...)  
• Eguneroko oinarrizko jarduerak (komuna erabiltzea, elikatzea, janztea eta eranztea...)
• Ordenagailua erabiltzea
• Gorputz jarrera, mahai-aulkiak
• ...
 
Aipaturiko arloetan izan daitezkeen eragozpenak hainbat faktoreren eraginpean egon daitezke: 
• Ikaslearen gaitasunen eta ezaugarrien mende: ikusmen pertzepzioa, gorputz jarrera (postura), koordinazioa, informazio sentsoriala barneratzeko modua, mugikortasuna, ekintzaren urratsak gogoratu eta sekuentziari jarraitzeko abilezia, beharren adierazpena, galderak egiteko gaitasuna… 
• Inguruaren ezaugarrien mende: mahai-aulkien egokitasuna, zaratak, oztopo arkitektonikoak, esparruen antolakuntza, kideekiko distantzia, ekintzak egiteko ordua edo garaia…  
• Okupazioaren ezaugarrien mende: konplexutasuna, jarduerak egiteko behar diren materialak  (mahai-tresnak, arkatzak, margoak, artaziak, papera, botoiak…) eta jarduerak egiteko modua…
Guzti hori aztertzeko, hainbat tresna erabiltzen ditugu:
• Elkarrizketak: tutorearekin, gurasoekin edota ikaslearekin lan egiten duten beste profesional batzuekin.
• Askotariko protokoloak: eguneroko jarduerak, garapen motorra, arlo sentsoriala, ikusmen eta mugimenduaren arteko koordinazioa… balioesteko testak eta egiaztapenak.
• Behaketa zuzena: ikaslea gelan dagoenean edo berarentzako arazo diren jarduerak egiten ari denean.
Kasu eta egoeraren arabera, terapia okupazionala hainbat modutara gauza daiteke: ikaslearekin arreta zuzena izanez, inguruaren aldaketa proposatuz, ekintza eta ariketetan moldaketak eginez, material bereziak ezarriz edota eskolako profesionalak trebatuz (tutorea, hezkuntza laguntzako espezialista, pedagogia terapeutikoko irakaslea…). Betiere, ikaslearekin lan egiten duten profesionalekin koordinatuta eta, askotan, haiekin elkarlanean (fisioterapeutak, logopedak...).
Laburbilduz, ikaslearen parte-hartze eta jarduera arrakastatsuak ikaslearen abilezien, okupazioen eskakizunen eta jarduera horiek egiten diren inguruen arteko oreka egokiaren mende daude.
Hona hemen adibide batzuk: 
• Oreka arazoak dituen ikasle bat eserita dagoela jantzi eta erantzi egiten bada, bere burujabetasuna eta segurtasuna hobe ditzake.
• Eskuekin tresnei heltzeko arazoak dituen ikasle batek trebetasun hori hobe dezake, tresnei pisua erantsiz edo ezaugarri sentsorialak aldatuz (bibrazioa, ukia).
• Garapen arazoak dituen ikasle batek salda koilararekin hartzeko gaitasunik oraindik garatu ez badu, katilua erabiliz har dezake salda.
• Eskuetan trebezia ahula duen ikasle batekin oinarri motoreak eta sentsorialak lantzen baditugu, arkatza hartzeko modua hobetuko du.
• Bere kabuz eserita egon ezin den ikasle batek komun ontzian eserleku berezia badauka, komunean bakarrik egoteko modua izango du.
• Aulki gurpilduna erabiltzen duen ikasle bati, besteak beste, altuera egokitu dakiokeen okertzeko moduko mahai zabalagoa  ipiniko zaio.
• Ikasle batek gorputz jarrera egokia izateko behar dituen laguntzak eta mahai-aulki bereziak baditu, bere gorputz jarreraz arduratu beharrean, esku-besoen erabilera hobe dezake, bai eta arreta ere.
• Ezkertiarrak diren ikasle askok arazoak izaten dituzte idazketarekin: okertzeko moduko mahaia erabiltzen badute, eskumuturraren postura hobetzen dute, eskua idazten ari diren lerroaren azpitik doa, eta idazten ari direna ikus dezakete. Ezkertiarrentzako bereziki diseinatutako tresnak (erregela, arkatz-zorrozkailua…) erabiltzen dituztenean, zailtasun gutxiago izaten dute. 
Artikulu honetan, Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleen arretari dagokionez, terapia okupazionalaren nondik norakoak jorratzen saiatu gara. Hala ere, hau guztia prozesu orokor baten barnean dago.  Eta, besteak beste, ikasleen arreta lantzeko, Hezkuntza Premia Berezien arloko aholkulariek, beharren eta egoeren arabera, gure esku-hartzea edo eta beste profesional batzuena (fisioterapeuta, logopeda…) eskatzen dute. 
Egun, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailean 8 terapeuta okupazional ari gara lanean.•