Habanako Miguel Basilio Diaz-era bisita

Alde horretatik, Kubako hezkuntza eredua sobietar tradizioaren oinordekotzat har dezakegu. Hain zuzen ere, ikaskuntza prozesuan zailtasunak dituzten neska eta mutikoak eskolatzeko apustua egin duelako, eta hezkuntza sistema berezia, zabala, konplexua eta baliabidez ongi hornitutakoa garatu duelako. Eskolatzea goiztiarra izaten da (3-4 urte), besteak beste, sistemak helburu “parekatzailea”  hobeto bete ahal izateko. Hots, haurrengan antzematen diren zailtasunak jatorrizko euren eskoletara bidali aurretik zuzentzen eta orekatzen saiatzeko. 
Kubako Diagnosi eta Orientazio Zentroak hala erabakita, garapenaren alorretako batean zailtasunak dituen haur bat eskolara ailegatzen den unean, hezkuntza sistema publikoko ikastetxe berezi batera eramaten dute; betiere, diagnosi sistema konplexu bat egin ostean. Zehatzago esateko, diagnosi azterketa egin ondoren, hauteman diren behar horietara hobekien egokitzen den ikastetxera eramango dute haurra.
Ikastetxe berezi horretan, bi urtetik bostera bitarteko egonaldia egingo du haurrak. Izan ere, ikastetxe berezi horiek aldi baterako irtenbide gisa hartzen dira. (Buruko atzerapena duten haurrentzako zentroen kasuan izan ezik; behin betiko ezaugarriak dituztenez, curriculum propioa izaten dute horiek, eta ez dute derrigorrezko curriculumarekin bat etorri behar). Denbora jakin hori pasatzen denean, ikaslea jatorrizko ikastetxean integratzen da, eta ordura arte eskolatuta egon den ikastetxe berezi horretako profesionalen jarraipena izaten du. Horixe da, Kuban, integrazio  hitzak duen adiera. Haurrek euren jatorrizko ikastetxea sekula ez uzteko fenomenoari “inklusio” deitzen diote. Eta prozesu hori ia ez da existitu ere egiten, edo behintzat, ez da garrantzitsua. Une honetan, hezkuntza politikaren ikuspegitik, ez da beharrezkoa, ez eta lehentasunezkoa ere.
Hezkuntza politika horren oinarrian, eztabaida sortzen duten hainbat ideia daude, bereziki, heziketak aniztasunaren inguruan duen arretari buruzkoak. Besteak beste: hezkuntza ez inklusiboa, ikasle taldeen homogeneizazioa, profesionalak oso espezializatuak izateko beharra eta profesional horien betebeharren banaketa zorrotza. Jakina denez, ideia horietako askori behin eta berriz erantzun diete eskola eredu inklusiboaren aldekoek. Bai eta haurrek eskola komun batean parte hartzeko duten eskubidea defendatzen dutenek ere. 
Bestalde, bisitan lagun izan genituen gidariek onartzen dutenez, Kubako hezkuntza sistemaren bereizgarrietako bat, zeharkako koordinazio bizia da. Hots, hainbat sektorek elkar hartuta egiten dute lan: hezkuntza alorrekoak, osasunari dagokionak, lan sektoreak, elkarteek… Guztiek dute zeresana ikastetxe horietako ikasleei eragiten dieten erabakietan. 
Kuban komunikazio nahaste larriak dituzten haurrentzako hamabi ikastetxe daude, eta, esan bezala, Miguel Diaz Basilio da ikastetxe horietako bat. Horiez gain, badira bereziki ikasle gorrentzako beste hamasei ikastetxe. Miguel Diaz Basilio ikastetxera inguruko hamar herritako 100 mutiko eta 40 neska joaten dira, guztiak 4 urtetik 11ra bitartekoak. Afasia, errinolalia, dislalia, disartria eta autismoa diagnostikatu dizkiete guztiei. Beste edozein ikastetxetan bezala, haurrak talde txikiko geletan eta adinaren arabera daude banatuta. 
Kanpotik ailegatutako edonorentzat, benetan harrigarria da ikastetxe horretan zenbat irakasle eta espezialista dagoen ikustea. Ikastetxeko zuzendariak azaldu zigunez, ikastetxeko lan taldea 33 profesionalek osatzen dute, gelako irakasleak, laguntzaileak, logopedak eta bestelako espezialistak kontuan hartuta.
Sistema horrek baditu beste bertute batzuk ere, bereziki, antolamenduari eta baliabide didaktikoei dagokienez. Horiek guztiak ongi ikusten dira inongo arazorik gabe atera ahal izan genituen –eta artikulu honekin batera doazen– argazkietan. Irudi horietan, baina, ezin da inondik inora ere igarri zuzendariaren aldetik nahiz ikastetxeko profesional guztien aldetik jaso genituen adeitasuna, maitasuna eta prestutasuna. 
Ondoren, ikastetxeko hainbat txokotan barrena eta ikasgelatara egin genuen paseotxoan, gure begirada behatzailea ikasleen harridurazko begiradarekin gurutzatzen zen, eta irakasleak gure galdera guztiei erantzuten saiatzen ziren. Inolako erreparorik gabe erakutsi ziguten ikastetxea, eta etxean bezala sentiarazi gintuzten. Horregatik guztiagatik, nire esker ona azaldu nahi diot Miguel Basilio Diaz ikastetxeari.•
susinost@unican.es