Kronika

Seaskak Baionan duen Bernart Etxepare Lizeoak ikasle metaketa handia izan du aurten
211 ikasle hain zuzen. Bertan orientazio ikasturtea eta Batxilergoko bi ematen direla kontutan izanda, ikasturteko 70 ikasle ateratzen dira. Eraikuntza erabat beteta daukate dagoeneko. Baina Seaskak matrikulazioan izandako gorakada aintzat hartuta, bost urteren buruan egun duten ikasle kopurua asko igoko dela aurreikusten dute ikastetxeko arduradunek. Hori dela eta, aurretik hasiko dira egoera horri erantzuteko neurriak hartzen: datorren udan eraikuntza berritzeko eta zabaltzeko lanak jarriko dituzte martxan.  
Oihana Ikastolarekin partekatzen duten eraikuntzan behar adina leku ez eta alboko eraikin batean prestatu behar izan dituzte zenbait gela. Eraikuntza hori udal elkargoarena da eta bertan hasiko dira berritze lanak  datorren udan.
 
Hezkuntza Sisteman aldaketak egin nahi dituzte Espainiako arduradunek
Angel Gabilondo Espainiako Hezkuntza ministroak, iaztik lantzen ari den Hezkuntzarako itun sozial eta politikoaren ildo nagusiak aurkeztu zizkien urtarrilaren 20an erkidegoetako Hezkuntza sailburuei. Estatuko autonomia erkidegoek hezkuntzaren alorrean egiten dituzten lege aldaketak Espainiako Parlamentuan onartu behar izatea eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila ikasleak “orientatzeko” ikasturtea bihurtzea proposatu zuen, besteak beste, Gabilondok. 
Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza legeek Madrilen onarpena behar izango dute. Horixe da behintzat Gabilondok proposatutakoa. Hezkuntza ministroaren arabera, Espainiako Parlamentuaren bi herenek onartu beharko dituzte erkidegoetan abiatutako hezkuntza legeak edo arautegi aldaketak. “Arauen inguruko egonkortasuna” bultzatze aldera, Espainiako bi alderdi nagusiak, hau da, PSOE eta PP, erreformekin bat etortzea bermatu nahi du neurri horren bidez. 
Bestalde, DBHko 4. mailaren planteamenduan er aldaketak aurreikusi ditu Gabilondok. Proposatu du derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo bi aukeretara egokitutako ikasturtea bilakatzea. Hau da, Batxilergora bideratutako adar bat eta Lanbide Heziketara bideratutako beste bat eskaintzea. Dena den, bat edo beste aukeratzeak ez luke ikaslea baldintzatuko derrigorrezko hezkuntzaren ondoren egin nahi dituen ikasketak aukeratzeko unean.
Hizkuntzen inguruan ere zeresana sortu du itunak. Euskara, katalana eta galiziera irakas hizkuntza nagusi bihurtzeko urratsen aurrean, gaztelaniazko hezkuntza bermatzeko “ahalegin handiagoa” eskatu dute dagoeneko PP gobernuan duten erkidegoek. 
 
EHBEk mobilizaziorako deia egin du martxoaren 13rako, Bilbon
Inposaketarik Ez! Euskal Herriak Bere Hezkuntza goiburupean, mobilizaziora deitu du martxoaren 13rako, Bilbon, EHBE Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak. Hala adostu zuten joan den urtarrilaren 14an ekimena osatzen duten irakaslek, hezitzailek, ikaslek, gurasok eta  herritarrek, Donostian egindako batzar irekian.
EHBEren ustez, Espainiako eta Frantziako gobernuak beren hezkuntza sistema "inposatzen" ari dira. "Gainera, euskal hezkuntzaren aurkako eraso bizian ari dira azkenaldian”. Horregatik, egin diote deialdia hezkuntza munduari eta jendarte osoari: “Alarma gorri guztiak piztuta daude, garaia da elkarrekin, guztiok batera, inposaketari, adoktrinamenduari eta uniformizazioari ezetz esateko”, adierazi zuten. 
Aldi berean, hezkuntza eredu nazional propioa sortzeko beharra aldarrikatzeko eta elkarlanean eraikitzen jarraitzeko ordua dela diote. Sistema horren oinarriak izan beharko lukete, besteak beste, EHBEren arabera, haur eskola euskaldun eta hezitzaileak, euskalduntzea bermatuko duten hizkuntza ereduak, euskal curriculuma, Euskal Herrirako berezko unibertsitatea...
Eskuorriak sarean
Horiek guztiak aintzat hartuta, “euskal jendarteari euskal irakaskuntza jasaten ari den erasoaldiari erantzuteko” deia egin diote. Datorren martxoaren 13an jarri dute hitzordua, Bilbon. “Denok batera erantzun zabal eta indartsua” emateko garaia dela uste dutelako. 
Bestalde, EHBEk Hezkuntza Deialdiaren oinarria jasotzen duten eskuorriak jarri ditu sarean. Hain zuzen, www.euskaleskola.org  webguneak berauek inprimatu eta zabaltzeko aukera ematen du.
 
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangeletako langileek
bi greba egun izan zituzten urtarrila amaieran CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek deituta. Sindikatuek emandako datuen arabera langileen %85ek egin zuten greba lehendabiziko egunean. Bigarrenean, aldiz, langileen %92k egin zuten greba Bizkaian, %91k Gipuzkoan eta %73k Araban. 
Dituzten lan baldintzak gainerako langileenekin berdintzeko eskatzea izan zen protesten helburua. Besteak beste, soldata %5 igotzeko eskatzen dute, irakasle ez diren eskoletako beste langileen baldintza parekoak izan ditzaten. Era berean, langileentzako trebakuntza eta begirale bakoitzak zaindu beharreko haur kopurua gutxitu dadila eskatzen dute. Dena den, 2 eta 3 urteko haurren monitoreen %80k eta sukalde eta jangeletako langileen %10ek lanera joan behar izan zuten. Sindikatuak haserre agertu ziren Eusko Jaurlaritzak zehaztutako gutxieneko zerbitzuekin. 
Urtebetean bederatzi greba egin dituzte langileek, eta Eusko Jaurlaritzak eta patronalak arduraz jokatzen ez badute, protestekin jarraituko dutela adierazi dute.