145: Hezkuntza Deialdia: elkarlana bideratzen

Euskal Herriak Bere Eskolak — Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko Herri Mugimenduak (EHBE)—,  deia luzatu digu gurasooi, ikasleoi, langileoi eta Hezkuntza Komunitatea, oro har, osatzen dugun guztioi. 
Gurekin batera, jendartea osatzen duten gainerako kide oro deituak izan dira, era berean, hezkuntzaren gainean gogoeta egitera. Izan ere, hezkuntzak, eskolan biltzen garen lagunen kezka izateaz gain, jendartearen hizpide izan behar du, guztion hausnarketa, ardura eta ekarpena behar dituen gaia baita.
Hezkuntza Deialdia, oraingoz, Donostian egin zen bilera irekian parte hartzeko izan da. Haren aurrekaria, Sarasateko adierazpena  izan zen. Adierazpen hartan, hezkuntzako ehunaka kidek, Hezkuntza Sistema propioa izateko dugun eskubidea aldarrikatu zuten eta, era berean, alde guztietatik datozkigun inposaketei aurre egiteko beharra azpimarratu zuten.
Deiari erantzundako gurasoek diote beren borondatez ahal dutena egiten parte hartzen dutela ikastetxeetan, Hezkuntza administrazioek, ordea, ez dituela kontuan erabakiak hartzeko garaian.
Langileek, beren aldetik, haien kezka handia adierazi dute. Administrazioek ezarritako aldaketak langileek aplikatu eta eraman beharko baitituzte aurrera eskoletan, hain zuzen. Haatik, aldaketa horiek langileekin partekatu gabe egin dituzte eta, gainera, inposizioaren bidea hartu dute haiek indarrean jartzeko.
Aldaketa, diseinu, nahi eta ezin horien sujektuak, dudarik gabe, ikasleak dira; hezkuntza alorrean hartutako edozein erabakiren jopuntua ikaslea bera baita. Hala ere, esanak esan, ikasleek ez dute sentitzen ekimen horiek haien parte hartzea bultzatzeko direnik. 
Euskal Herria baden edo ez den; euskaraz bizi behar dugun edo ez dugun; zein curriculum, non erabakia, zein eduki eta balio landu behar ditugun, finean, ezbaian daude.
Bistan denez, Hezkuntza Komunitateko partaideek hala adierazita, auzi horien guztien gaineko gogoetetatik eta erabakietatik at daude. Zer esan, beraz, jendarteaz. Eta, orduan, administrazioek zein zilegitasunez eta noren babesez eta adostasunez ari dira hartzen ezarri dituzten erabakiak?
Hezkuntza gu guztion premia larrian da. Hezkuntza komunitatearen parte garenok, lehenik, eta jendarte osoak, hurrenik, aurrera begirako urratsak finkatzeko eta adosteko eztabaidatu eta hausnartu behar dugu. Hori zor diogu gaurko, eta batez ere, biharko jendarteari. Eta horretan denok parte hartu behar dugu.
Antola gaitezen gu geu. Hezkuntza, mugi!