Gure eskola

Zazpi neska-mutil txiki
begira irakasleari.
Ez ginen sarri egongo
berak gura bezain adi.
Eskolara sartzen ginen
ia goizero kantari;
kantuz esaten genion
agur ere egunari.
Auzo eskola txiki bat
izan genuen gidari. 
Han ekin genion pozik
gure etorkizunari.
Berandu erreparatu
diogu geneukanari:
eskola txiki batean
ikasteko zorteari. 
Gutxi ginenez, desberdin
egiten genituen gauzak.
Txangoak berezi ziren
gure andereñoarentzat.
Goiz batean oinez hasi,
bihurgune eta aldatsak, 
ta bisitatzen genuen
geutakoen auzoren bat.
Aitzurrak baztertu eta,
denbora hartuz umeontzat,
ipuin zaharrak kontatzera
hurbildu ohi ziren hainbat.
Oroitzapen gozoenak
momentu hoietaz dauzkat,
auzo osoa irakasle
bihurtu baitzen guretzat. 
Gero eskola itxita
herri eskolara joan ginen.
Herria legez eskola
txikitxoa izan arren,
beste harreman mota batzuk
izan genituen hemen.
Jada ez ginen ibiltzen
txirri-txirriak topatzen.
Giroa aldatu arren,
giro ona ez zen eten.
Baina hazi egin ginen;
zortzigarren mailan geunden.
Heldu gur(e)an genbiltzan, 
eta saiatu egin ginen.
Frontoi ostean erretzen 
harro ikasi genuen.