Bigarren mailako haurrak lehen mailako herrialde batean

Galdera horri erantzunez, atea zabaldu nahi diogu hausnarketari. Ongizate-gizarte honetan, haurtzaroari eskaintzen zaion arreta nahikoa ote den zalantzan jartzea da gure asmoa. Eta hauxe galdetu nahi diegu erakunde publikoei: haurrak babesten eta zaintzen al dituzue merezi duten bezala? Izan ere, gure ustez, haur txiki eta familia ugari sufritzen ari dira modu egokiagoan kudea daitezkeen zenbait egoeraren ondorioz. Jakin badakigu bizitza oso konplexua dela, eta, horregatik, balio handia ematen diegu arazoak sortu beharrean irtenbideak eskaintzen dituzten aukerei.
Industrializazioaren ondorioak ezagunak dira denontzat, eta badakigu ekoizpenerako baliabideen eta bitarteko ekonomikoen beharrak oinarrizko aldaketak eragiten dituela harremanetan. Ikusten dugu, horrek guztiak, lan harremanei, gure bizilekuan elkarreragiteko moduari eta, bereziki, pertsonen arteko komunikazioari eragiten diela. 
Gizakia orain arte ezagutu ez diren gaitasun sozialak garatzen ari da; gure kosmosari buruz ia guztia ezagutzen dugu, munduko edozein txokotara ailegatzen gara istant batean. Baina ez gara hain azkarrak gizakiaren hazte eta heltze garaiak, hots, aldi kritikoak, ulertzeko eta errespetatzeko.
Gizakia hazten den inguruaren eta izaten dituen lehendabiziko harremanen kalitatearen garrantziaz hitz egiten duen liburu andana idatzi da. Liburu horiek gorabehera, gertatzen zaiena hitzen bidez adierazteko gaitasuna ez duten bitartean, umeak, ezer gertatuko ez balitzaie bezala edo ezer sentituko ez balute bezala tratatzen jarraitzen dugu.
Osasunaren alorreko adituen eskutik, gero eta gehiago dakigu banaketa goiztiarrek nerbio sistemaren garapenean duten eraginari buruz. Baita erreferentzia-irudi ziurrak izateak duen garrantziari buruz ere. Eta, hala ere, oso samurtasun eskasarekin kudeatzen ditugu gai horiek. Bai osasun sistematik eta baita hezkuntza sistematik ere. Adibidez, urte batekin, umeak haurtzaindegian negar malkotan uzten ditugunean guraso biek lanera joan behar dutelako. 
Guraso horien sentiberatasunarekin ere ez dugu samurtasunez jokatzen. Ez diogu arretaz begiratzen guraso eta seme-alaba horiek banatzen direnean gertatzen zaienari. Zer gertatzen ari da beraien barruan? Gero eta froga zientifiko gehiagok baieztatzen dute haurrak sufritu egiten duela, eta ondorioak antzeman daitezkeela.
Gure gorputza urte luzeetan joaten da osatzen, eta frogatuta dago gure bizitzako lehendabiziko hiru urteetan jolas egiteko aukera errazten ez bazaigu, eta beste pertsonekin kontaktu fisikorik izaten ez badugu, adin bereko gainerako umeek baino garun txikiagoa garatzen dugula. Hain zuzen ere, % 20-% 30 txikiagoa. Ama asko beren seme-alabengandik ez urruntzen saiatzen dira. Ama-senak bultzatuta, haurrak bakarrik senti ez daitezen, eta edozein arazori aurre egiteko haurrek ondoan senti ditzaten. 
Giza gaitasunei buruzko ezjakintasuna nabarmena da. Eta, era berean, bikoteek eta haien seme-alabek hain une berezietan  sentitzen duten ahultasunaren aurrean mespretxua sumatzen da. Sinestarazi nahi digute modernoagoa eta aseptikoagoa dela inkubagailu baten erantzun mekaniko eta sofistikatua. Ustez, amak egiten jakin izan ez duena erregulatuko ei du makina horrek. Ama bakarrik sentitzen da, gizatiarra ez den mundu batean balego bezala. Inork ulertuko ez balu bezala.
Zenbait gauza, osatzeko erabili beharrean, ordezkatzeko erabiltzen ditugu. Eta akats larria da hori. Azken batean, gurasoen eta haurraren arteko harreman estu eta berezi hori kaltetzen badugu, lotura harreman goiztiar hori blokeatzen badugu, bakardadearekin egingo dugu topo. Gero eta hotzagoa den mundu bateko bakardadea, gizatiarra ez den mundu batekoa.
Gauza bera gertatzen da haurtzaindegietan. Haurrak lau hilabete pasatu ditu amagandik banandu gabe, elkarrengana ohitzen. Eta bat-batean, hilabeteko EGOKITZAPENAREN ostean, haurrek 6 eta 8 ordu arteko hutsuneak jasatea espero dugu. Zenbat ama urruntzen dira haurtzaindegitik malkoei ezin eutsirik? Berriro ere bakarrik, gizatiarra ez den mundu batean balego bezala. Inork ulertuko ez balu bezala.
Naturak, batzuetan, gutiziak izaten ditu. 
Dirudienez, oraindik ez dugu geure buruarekin topo egin. Gure iraganean pilatzen joan garen gabeziek arinegi ibilarazten gaituzte batzuetan, eta etsipenera eramaten beste zenbaitetan. Gure gurasoek biziraun ahal izateko jasan zuten eskasiak eta teknologia berrien boomak eduki nahi izatera garamatza, jabe izatera…
Horrela, 18 urte betetzera ailegatzen garenean, inork ez digu galdetzen heldutasun emozionala lortu ote dugun, gure ideien jabe ote garen, bakarrik egoten eta funtzionatzen ba al dakigun, gure nahiak eta beharrak adieraztea kostatzen zaigun ala ez…
Izan ere, 18 urte betetzean gizartean leku bat izatearekin egiten da amets. Goi mailako ikasketak egitearekin edo lanpostu fidagarri bat bilatzearekin. Baita adinez nagusi izateak eta norberaren bizimodua egin ahal izateak eskaintzen duen askatasunaz gozatzearekin ere.
Eta, batez beste, 30 urte egiten ditugun arte ez dugu seme-alabak izateko erabakirik hartzen. Zergatik? Lanpostu egonkor bat lortzeko borroka amaigabea delako, lan handia egin ostean jasotako aitorpen profesionala bilatzen delako, bikote harreman egonkor bat desio delako, etxe bat edukitzeko, hipoteka ordaindu ahal izateko eta eguneroko bizitzarako gastuei aurre egiteko lanpostu duin bat lortzea ezinbestekoa delako…
Zenbait bikotek, seme-alabak izatea erabakitzen badute ere, ez dute aurrez aipatu dugun guztia jada pasatu dutelako egiten. Hau da, akaso ez dute beren lekua topatu maila pertsonalean, ezta gizartean ere. Eta akaso ez daude hurrengo etaparako prest, hots, haur bat hezteko prest.
Emakumea lan esparruan sartzeak, profesional gisa sona eskuratzeko egindako ahaleginak, gizarteko ardura postuetan gizonaren maila bera lortzeak, autonomia ekonomikoa eta bikote harremanetan independentzia eduki ahal izateak… Horiek guztiek agerian uzten dute gure bizitzako eremu intimoenean, hots, etxean, doikuntzak behar direla. 
Orain arte etxean pribilegioak izan dituen gizon horrek, besteak beste, dirua eramaten zuelako, espazioa partekatzen ikasi behar du, eta etxeko lanak egin behar ditu. Pixoihalak aldatu eta gauaren erdian haurra lasaitzera jaiki behar du. 
Gizartean orekari eustea eta, gainera, seme-alabei dugun onena emateko prest egotea etorkizunerako helburua izan daiteke, baina une honetan ez da hori hobekien egiten dakiguna. 
Oztopo asko, zailtasun ugari daude guraso jardunerako: enpresetan, osasun erakundeetan, administrazioan edota hezkuntzan lan egiten dute emakume askok, eta ezin diote erritmoari eutsi. Inork ez ditu entzuten, eta haurraren erritmoa arriskuan jartzen jarraitzeko presionatzen dituzte. Eta zenbaitetan, erditze goiztiarrak eragiten dituzte. Erditze goiztiarrek amarengan eta haurrarengan izan ditzaketen ondorioekin.
Ama askorentzat mingarria eta bidegabea da hainbeste lan egin ostean lortutakoa utzi behar izatea, eta ikasketa batzuk egin eta lan munduan toki bat egitea lortu ostean, denboraldi baterako uztea. Familia batzuentzat haurraren hazkuntzak enpresa proiektu baten antza du, lau hilabeteko amatasun baja eta buelta lanera, ezer gertatu ez balitz bezala. Horrek, horrela azalduta, neurriz kanpokoa dirudi, baina, egiatan, guztia produktibitatera bideratuta dago. Emakumeak jasotzen duen mezua hori baldin bada, imajina ezazue zein den gizonari iristen zaiona. Azken horrek laneko konpromisoei ez ezik, gizartekoei ere erantzun behar die. Ondorioz, ez dio emazteari ginekologoarengana lagunduko, ezta erditzea prestatzera ere. Azken batean, guztia profesionalek ezarrita dago, ia guztia hobeto esanda. Izan ere, etxera ailegatzean gainerakoak desagertu egiten dira, eta orduan hasten da benetako errealitatea familiako hiru kideentzat.
Usurbilgo andereñoek Hazi eta Hezi  ekimeneko galdera-andana pasatu zieten ikasleen gurasoei. Aurrez aipatutakoak berresteaz gain, etxean bizi den egoera izugarria da. Ia ama guztiek azaldu zuten babesa falta zitzaiela. Bai emozionalki eta baita bazkaria egitea bezalako oinarrizko beharrei dagokienez ere. Ezintasuna sentitzen dute bat-batean gau eta egun euren haur jaioberriarekin aurkitzen direnean, eta besterik egin ezin dutenean. Haurrak negar egiten du, eta amak ere bai. Zer gertatzen den ulertu gabe, sentimendu guztiak nahasita, etxea hankaz gora…
Animalien habiak leku pribilegiatuak dira, beroak, seguruak, ongi elikatuak… Zer gertatzen da, baina, gizakien habiarekin? (Ama batek azaldu zuen lehendabiziko 16 egunetan ez zuela galletak besterik jan). 
Behinola, hautemate goiztiarrari eta garapen psikomotorrari buruzko ikastaro batean izan nintzen, eta gehienak 0-3 urte bitarteko haurrekin lan egiten zuten irakasleak ziren. Haietako batek, malkoei eutsi ezinik, gogoratu zuen zein gogorra egin zitzaion 4 hilabeteko bere alaba beste andereño batzuekin uztea. Berak, bitartean, amaren hutsuneagatik negarrez ari ziren beste haur batzuk zaintzen zituen.
Usurbilgo andereñoek urteak daramatzate kalitatezko hezkuntza proiektu baten alde lanean. Urratsez urrats, hainbat esparru bereganatzen joan dira, eta egiteko beste modu bat ezartzen. Horien artean aipatzekoa da lehen mailarako eta komunitaterako prebentzio proiektuak. Horietan, beste profesional batzuekin eta autolaguntza taldeekin batera, honako hau lortu nahi dute: ahal izanez gero, gaur egun haurren eta helduen arteko harremanetan ezarrita dauden gizarte egokitzapen traumatikoen ereduak ez errepikatzea.
Izan ere, finantziazio arazoez gain, sentsibilizazio arazoa ere badago. Gurasoak dira interesatu nagusiak, baina ezin diote datorrenari aurrea hartu. Ez baitakite zer datorkien. Horregatik jarri behar da martxan, lehenbailehen, gurasoen arteko babesa. Euren artean hitz egin dezaten eta, orain arte, abisurik eman gabe azaltzen ziren estresari, ezintasunari eta bakardadeari aurre egiteko baliabideak bilatzen has daitezen. 
Horrela, beste behin ikus dezakegu elkarrekin lan egin behar dugula eta beharrezko baliabideak bilatu behar ditugula gizakiaren eta gizartearen hazkuntzari lagunduko dion kalitatezko lan bat burutu ahal izateko. Oinarrizkotik abiatuta: alor pertsonaletik, egunerokotasunetik, osasunaren garapenetik eta baita hezkuntzaren garapenetik ere. 
Prebentzioa kontuan hartzea ez litzateke luxuzko atalean sartu behar, kulturarenean baizik. Bertatik, eragile politikoek pertsonak babestu beharko lituzkete. Hiritarren benetako beharrekiko sentsibilitatea azaldu behar lukete. 
Erakundeek prebentzioari begira egiten duten apustua burutsua da oso. Izan ere, epe luzera agertzen diren gatazka ugari konpontzen ditu. Horregatik uste dugu lehentasuna eman behar zaiela “erantzun azkarra” ematen duten eta hauteskunde kutsua duten diruz lagundutako beste ekimen batzuen aurrean.
Zergatik ez da aztertzen bizi kalitatea hobetzea helburu duten proiektuei jarraipena emateko aukera? Hezkuntzako eta osasun alorreko erakundeek zergatik ez dute hausnartzen horrelako proiektuen jarraipena bermatzeko beharrari buruz? Posible al da gure seme-alabak lehendabiziko planoan egotea, lehen mailako herrialde batean?
Uste dut gure esku dagoela. Politiko gisa, hiritar gisa, profesional gisa, guraso gisa eta gure haurren familia gisa. Lehentasunezko erronka baldin bada, beste bide batzuk bilatzea posible izango da. Besteak beste, gure zerbitzuen, gure bizitzaren eta gure seme-alaben bizitzaren kalitatea hobetzeko lanean jarraitu nahi dugulako.