COMPOSTELA, Sonia: Bi guneak hartu behar dira aintzat, bai gela arrunta eta bai psikomotrizitate gela. Garrantzia handia du proiektu hezitzaile osoak, ez psikomotrizitate gelak soilik

Duzun esperientzian oinarrituta, zein da zuretzat psikomotrizitate lanaren ideia nagusia? 
Hauxe litzateke ideia nagusia: egin behar den hezkuntza lana haurren aniztasunera egokitu ahal izateko zein baliabide sortu behar diren jakitea.
Ikuspegi horretatik abiatzen da Bernard Aucouturierren psikomotrizitate praktika. Helburu nagusia baliabideak sortzen saiatzea da; bai egiten den proiektu hezitzailerako, bai proiektu horretarako prestatzen den lekua lortzeko. Nola sortu proiektua eta praktika gauzatzen diren lekuak batzeko tresnak? 
Haurrek dituzten ahultasunak, zailtasunak… gainditzeko, ezin da pentsatu astean behin psikomotrizitate praktika bat egitea nahikoa denik. 
Helburua psikomotrizitate proiektu hori eskolan garatzeko aukera ematea da, haur horiei muturreko une batzuetatik –mugimenduak, afektuen leherketa–, beste une lasaiago batzuetara –pentsamenduaren mementuetara– iritsi ahal izateko aukera ematea, hain zuzen. Eta hori guztia egiteko, espazio egokia behar da eskola barruan.
Proiektuak hezitzailea izan behar du. Kontuan hartu behar du, gela arruntetik hasi eta psikomotrizitate gelara, haurraren nortasuna eta garapena zein elementutan oinarritzen den. Bi guneak hartu behar dira aintzat, bai gela arrunta eta bai psikomotrizitate gela. Garrantzia handia du proiektu hezitzaile osoak, ez psikomotrizitate gelak soilik. 
Garrantzi handia du esparru hori sortzeak. Pedagogia orokorra hartuko du bere baitan, eta ezinbestekoa da eskolan dauden espazio guztiak behar bezala antolatzea.
 
Zergatik da hain garrantzitsua espazioa antolatzea?
Espazioa antolatzeak haurrarengan pentsatzea esan nahi du. Haurrarengan eta haren garapenerako ezaugarrietan. Eta antolatutako espazio hori erreferentzia bilakatzen da haurrarentzat. Zergatik? Antolatzen den espazio horretan haurrak inplizituki aurkitzen duelako helduak proposatzen diona. Antolakuntza horren bidez, proposamen bat egiten zaio haurrari, eta haurrak jaso egiten du.
Helduak ere rol berri bat betetzen du espazio horretan. Eta beste begirada bat beharko du haurrari begiratzeko eta haurrak zer esaten dion ulertzeko. Haurrak seinaleak bidaliko dizkio, ondo dagoela edo gaizki dagoela esango dioten seinaleak, eta helduak jaso egin beharko ditu horiek guztiak, horien arabera, etengabe egokitzen joateko.
Helduak zuzendari artistikoaren rola beteko luke, azken batean. Kanpoan dago, baina, era berean, barruan ere bai. Helduak dauka egoera horren egitura, hark eusten dio egiturari. Eta, metaforikoki, esan dezakegu giharrek edo muskuluek bat egiten dutela egitura edo hezurdura horrekin. Haurrak, bere ekintzen bitartez, eskeleto hori osatzen du. Helduak hezurdura hori eskaintzen dio, eta horren gainean eraikitzen du gorputza haurrak.
Eta komeni da psikomotrizitateko irakaslea eta ikasgelakoa bera izatea?
Psikomotrizitate praktikan trebatutako irakasle batek bere taldearekin gela arruntean egiten duen lana psikomotrizitate gelan ere egin dezake. Baina hezitzaileak prestakuntza berezia izatea eskatzen du horrek. Edo, gutxienez, uste okerrak saihesteko jarrera egokia izatea. Izan ere, irakasleak, hezi ez ezik, irakatsi ere egin behar dio haurrari. Eta irakasteak haurraren gaitasunen inguruan ebaluazioa egitea eskatzen du. Adi egon behar du, eta haurra nola ikasten ari den begiratu, nola garatzen ari den ikusi. Eta psikomotrizitate geletan ez dago gela arruntean izaten den gaitasunen ebaluazio hori. Psikomotrizitate saioetan ez da irakasten, haurra ikasteko edo  jasotzeko prestatzen da. 
Hezitzailea aldi berean irakaslea eta psikomotrizista baldin bada, haren lana haurrei espazioa, materiala, denbora… ematea izango litzateke, haurrek, lasaitasunez, ibilbide bat egin ahal izan dezaten, espazio batera edo bestera (gela arruntera edo psikomotrizitatekora), lan batera edo bestera lasai egoki daitezen. Hezitzaileak sortu behar du esparru hori, eta kontuan hartu behar du haurrak beharrezkoa duela koherentzia, batean eta bestean lasai egon ahal izateko, nahiz eta batetik bestera ibili.
Ko-heziketaz hitz egin duzu. Zer da zuretzat ko-heziketa kontzeptua?
Kontzeptu bat baino gehiago, ulertzeko modu bat da ko-heziketa: kontuan hartu behar da haurra, lehenengo egunetik, subjektu aktiboa dela.
Ikuspegi horretatik, ko-heziketa edo kooperazio horren barnean, haurrak bere premiak, bere beharrak, bere desioak… agertzen ditu. Beste aldean heldua dago, haurraren emozio horiek sentsibilitate berezi batekin jasotzen dituen heldua. Haurra bere gorputzaren bidez kontatzen ari den istorio horri adi jarraitu behar dio helduak. 
Ko-heziketa horretan bada oinarrizko ezaugarri bat: haurrak bere desioak eta beharrak zein diren azalduz gidatzen du heldua. Zer nahi duen azaltzen dio, eta, orduan, helduak erantzun bat eman behar dio. Haurra bideratu behar du, baina ez helduaren irizpideetatik abiatuta, haurrak esan dion horretatik abiatuta baizik. Haurrak bideratu behar du zure lana, eta aurrera jarrai dezan erantzunak ematen saiatuko zara zu. Joan-etorriko harremana da, baina haurrarengandik hasten da. 
Egoera elkarreragile hori azaltzen saiatzen ari naiz. Esparru psikodinamiko bat dago horren baitan, eta garrantzitsuena haurra, subjektu den neurrian, beste subjektu batekin elkarreragiten aritzea da. Zu, subjektu zaren neurrian, eraikitzen joango zara, beste subjektu batekin elkarreraginean aritu zarelako. Egoera dinamiko bat da, eta subjektua osatu egiten da, beste subjektu batengan ere eragiten duelako, eta horrek ere erantzun egiten diolako. Elkarren arteko dinamika hori da garrantzitsua.
Oso haur txikiekin ere ari zarete lanean; konta al dezakezu nola ari den garatzen?
Nik hezitzaileen lana koordinatzen dut, ez dut zuzenean haurrekin lan egiten. Haur txikiei eskaini behar zaienez hausnarketa egiten dut hezitzaileekin. Psikomotrizitate praktikari buruz dugun ikuspegia haur txikiekin egiten den lan horretara eramatea da asmoa, haurrak duen psikomotrizitate gaitasunari egokitzeko. Hauxe litzateke galdera: nola egokitu haurraren psikomotrizitatera, guk ditugun printzipioetatik abiatuta? Beti ere, haur txikiaren psikomotrizitatea errespetatzeko proiektu orokor baten baitan.
Orain artekoak txikitxoekin aritzeko balio al du? Salto handia dago 0-2 urte arteko haurren eta handiagoen artean.
Berez, haur txikiekin (0-1 urte) erabiltzen den gela horrek ere erantzun bat eman behar die haurraren mugimenduei, haren nahiei eta beharrei.
Gela horrek haur txikiak etengabe seguru sentitzeko duen beharrari ere erantzun behar dio. Haur txikiak denbora gutxi egon daitezke bakarrik. Ezin dute luzaroan egon heldu bat alboan izan gabe (ama gabe, esaterako), eta, gabezia horri erantzuteko, baliabide eskasak dituzte. Azken batean, segurtasun afektiboa ematen dien hori ondoan izan gabe egoteko baliabide gutxi dituzte.
Beraz, uneoro baliabideak eman behar dizkiogu haurrari, gabezia horren aurrean seguru sentitzeko aukera izan dezan. Hutsunea nola beteko dugun pentsatu behar dugu. 
Lehen aipatutako hutsune horiek asetzeko, eskura ditugun materialen bidez zein egoera sortzen ditugun izan behar dugu gogoan beti. Haurrak bere gorputza babestuta sumatu behar du, amarekin egongo balitz bezala sentitu behar du. Materialen eta jarreren bidez sentipen hori berregin behar dugu guk.
Egoera sinbolikoa da, baina erabiltzen dituen elementuak errealak dira. Hau da, benetako elementuak erabiliko ditugu (materiak) amarekin egotearen egoera sinboliko hori birsortzeko. Objektu txikiak, erabilgarriak, maneiagarriak eta bestelako materialak jarriko ditugu haurren eskura, beti ere, amaren presentzia hori sortzeko helburuarekin. 
Bestalde, oso oinarrizkoa da haurrari espazioan eragiten uztea. Aske mugitu dadila, aske egin ditzala gauzak. Eta horixe egin behar da haur txikienekin ere, aske utzi behar zaie. Zer esan nahi du horrek? Beraien erritmoa errespetatu behar dela, eta denbora eman behar zaiela. Zertarako? Lehenik eta behin, egoera berri bat sor dezaten eta bizi dezaten. Eta ondoren, egoera berri hori errepikatzeko denbora izan dezaten. Haurrari denbora eman behar zaio fase horietatik guztietatik pasatzeko: zerbait berria aurkitu, errepikatu eta, ondoren, osatu. 
Horixe izango da autonomiaren oinarria?
Bai, esan dezakegu horixe dela oinarria. Hor hasten da autonomia erabiltzen, orduan hasten da autonomia nola erabili behar duen ikasten. Izan ere, aukera ematen zaio autonomia hori erabiltzen hasteko. 
Autonomia edukiontzi edo esparru erraldoi bat da, autonomia txikiz osatuta dagoen sarea. Garapen bat gertatzen da: pixkanaka, autonomia txikiak lortzen joango da haurra, apurka-apurka esparru handi hori osatu arte. Lehen esan bezala, oso txikitatik autonomiaz bizitzen hasteko aukera baldin badute, orduantxe hasiko dira gerora izango duten autonomia handi hori eraikitzen.
Autonomia lortzeko prozesua ez da sekula bukatzen, bizitza osora luzatzen da. Ezin dugu esan zazpi edo zortzi urterekin amaitzen denik, inondik inora ere. Helduak ere autonomia hori osatzen jarraitu behar du. 
Ikuspegi horrek dio guk haur txikiarengan sinisten dugula. Uste dugu haurra, bere haur izaeraren baitan, gai dela irtenbideak sortzeko eta bilatzeko. Hau da, badaki haurra dela, badaki zein egoeratan dagoen, zein traba dituen, eta gai da horiei aurre egiteko. Haurrarengan sinetsi behar dugu, psikomotrizitatea ikuspegi horretatik lantzeko. 
Baina haurrak irtenbide horiek landu ditzan, guk espazio edo inguru bat ematen diogu, irtenbideak aurkitzeko modua emango dion gune bat. Espazio horrek ez du zurruna izan behar. Haurrek adierazten digutenaren arabera moldatu beharko dugu guk. Umearen ezaugarriak, premiak, desioak… Guztiak hartu behar ditugu kontuan. Beraz, esparru hori behin eta berriro moldatu beharko da. 
Dena den, espazio horrek zenbait elementu egonkor ere izan behar ditu. Hau da, aldaketarik gabe irauten duten materialak eta lekuak, esaterako. Elementu egonkor horiek emango diote haurrari zenbait esperientzia buruz ikasteko aukera. Hots, umeak gune zehatz batean, objektu zehatz batekin, bizipen zehatz bat izan badu, eta, berriro ere, gune horrekin eta objektu horrekin topo egiteko aukera baldin badu, errepikapenari esker material horrekin, espazio horretan, lehenago izandako esperientzia gogora dezake. Eta ondoren, garatu. 
Haur txikientzat garrantzi handia du sinpletasunak, materialei eta espazioari dagokienez. Ez dute oso konplexuak izan behar: altzari gutxi behar dira, eta, haurraren garapenaren arabera, oso ondo aukeratutako objektuak. Adibidez, soinua ateratzen duten jostailu mekaniko horietakoak ahalik eta gutxien izatea komeni da. Izan ere, haurrak eskuekin, ahoarekin, begiradarekin…aztertu ditzakeen objektuak behar ditu. Objektuak maneiatu eta bizi egin behar ditu haurrak. 
Objektu hori, beharbada, utzi egingo du haurrak. Baina garrantzitsua da haurrak objektu hori berriro topatzeko aukera izatea. Garrantzitsua da, beraz, zenbait objektu modu egonkorrean mantentzea. Haurrak objektuaren azterketa egiten du, albo batera uzten du, baina, akaso, berriro objektua hartu, eta azterketarekin jarraituko du. Haurrak esperimentatzen jarrai dezake. Baina zer gertatzen da berriro hara doanean objektu hori han ez badago? Ezin du esperimentazioarekin jarraitu. Eta haur txikiek maiz egiten dute hori, objektu bat hartu eta utzi. Ematen du nazkatu direla, baina ez, berriro itzuliko dira azterketa horretan sakontzera. 
Zein objektu izan daitezke oinarrizkoenak?
Niretzat, lehenengo objektua, oinarrizkoena, lurra da. Lur horrek ez du hotza izan behar, zenbat eta goxoago izan, hobe: egurra, esaterako. Azken batean, haurrari lurrean goxo egoteko aukera eman behar zaio. 
Izan ere, lehenik, horizontaltasuna esperimentatu behar du haurrak. Oinarri sendo eta seguruan egon behar du. Haurrari gorputz jarrera desberdinak bilatzeko aukera eskaini behar dio, eta, oinarri on bat ez badu, ezin izango du horrelakorik egin. Lurrak emango dio espazioan mugitzen hasteko aukera. 
Hortik abiatuta, haurrak, pixkana, zutik egon ahal izateko gaitasuna lortzen du, lehendabizi zutitu eta, ondoren, gora egitekoa. Horretarako, ordea, oinarri seguru hori –lurra– ezagutu behar du lehendabizi. Ondoren, haurrak bere gorputzarekin ikasiko du, pixkanaka, bertikaltasuna eta altuera lortzen. 
Espazioaren antolaketaz ari garenez, lehendabizi gune bat beharko dugu. Eta lurra izango da gune hori. Ondoren, beste alde batean, askotariko altuerak beharko ditugu. Hau da, haurrek altuera desberdinetan bizipenak izateko aukera ematen duten elementuak behar dira. Haurra, pixkanaka, arrastaka joatetik altuera gune horietara igotzen hasiko da. Horri esker, aldapak edo askotariko altuerak dituen gune batekin topo egitean, haurrak gorputz jarrera berriak bilatzeko ahalegina egingo du, espazio berri horretara moldatu ahal izateko.
Desorekak biziko ditu, baina desoreka onak direla esan dezakegu. Denbora hartuko du galtzen duen oreka berreskuratzeko. Desoreka/oreka jolas hori landuko du. Haur txikiak mugimendu naturala lortuko du espazio horretan. Hain zuzen ere, esperientzia horiek segurtasun giroan bizi dituelako izango du mugimendu natural hori sortzeko aukera. 
Mugimendu natural horretan, erritmo bat markatuko dute, mugitzeko eta geldi egoteko uneak izango ditu haurrak. Azken batean, mugimendu erritmiko horrek (gelditu/mugitu) bizitzako beste mugimenduak islatzen ditu: luzatzea eta tolestea. Aukera horri esker, bizitzaren oinarrizko mugimenduak azaltzen ari da haurra. 
Normalean, sistema bat erabiltzen da 3, 4, 5… urteko haurrekin, pareta egin eta puskatzearena, esaterako. Haur txikiekin ba al dago horrelako metodologiarik?
Bi hilabetetik bi urtera, haurren gela psikomotrizitate espazio bat da, nahiz eta psikomotrizitate gelarik ez izan. Ondoren, bi urtetik aurrera, psikomotrizitate gelara joateko aukera izango dute. Haurrak zutik egoteko gutxieneko egonkortasun bat lortu duenean, posible izango da psikomotrizitate saio bat egitea. Baina, segurtasun apur bat duten haurrak izan behar dute, larritasun handiegirik izango ez duten umeak. Seguru sentitzen dira zutik, ez dute erortzeko beldurrik; eta, beraz, haur horiek psikomotrizitate gela batera joateko prest daude.  
Zer gertatzen da psikomotrizitate saioan? Hasieran mugimendu asko dagoela, eta haurrek elkarri bultza egiten diotela. Beraz, haur batek aipatutako oinarrizko segurtasun hori lortu ez badu, itolarria senti dezake. Horregatik, lehen bi urteetan, prozesu bat egin beharko du, ondoren, psikomotrizitate saio batean dauden mugimendu handi horiek onartu ahal izateko. 
Psikomotrizitate saioan haurrek gai izan behar dute beren gorputz jarrerak beldurrik gabe moldatzeko. Hasieran, bi urteko haurrekin psikomotrizitate gelakoak oso saio orokorrak izaten dira. Gero, taldearen garapenaren arabera, saioari egitura ematen joango gara: espazioa, denbora, faseak… Bi espazioak,  adierazpen motorraren espazioa eta  adierazpen plastikoarena; eta hiru denborak, adierazpen motorrarena, ipuinaren unea eta adierazpen plastikoaren unea. Baina denbora eta espazio horietara progresiboki ailegatu behar da bi urteko haurrekin. Eta hiru urtetik aurrera osatuko da psikomotrizitate saio oso hori. 
Eta musikak nolako rola bete behar du?
Txikienekin, 0-2 urteko haurrekin, hain zuzen, irakasleak noiz edo noiz erabiliko ditu abestitxoak edo mugimenduarekin jolas egiteko balio duten doinuak. Garrantzi handia du haur txiki horiekin abesten den musika horrek erritmo argia izateak: onomatopeiak, errepikapenak, lo kantak… Batez ere, bitariko erritmo sinplea dutenak, haurrentzat errazak direnak, haurraren bihotzaren erritmoarekin bat datozenak, hain zuzen ere. Gainera, haurrek berehala ikasten dituzte abestitxo horiek, ia-ia berezkoak dira. 
Psikomotrizitate saio oso batek zein osagarri izango lituzke?
Psikomotrizitate saio osoa ezartzeko, garrantzitsua da oso haurren gaitasuna kontuan hartzea. Bi urtekoen gelaren, azken hiruhilabetean, edo haurrak 28 hilabete dituenean, has gaitezke psikomotrizitate gela bisitatzen. Ordurako plastikotasun badutelako. Gai dira gorputza moldatzeko, eta prest daude gelara moldatzeko. 
Pixkanaka, denbora egokitzen joango gara. Oso txikiak direnean denbora luzea pasatuko dute, soilik mugimenduaren plazeraren inguruan. Baina, pixkanaka, saio oso hori egokitzen joango gara. Haurrak ez dira denbora osoan gauza berean arituko, pixkanaka, gero eta gehiago eskatuko zaio, baina haurra gai izango da eskakizun horietara moldatzeko.
Lehenik eta behin, gela nola aurkeztuko duen pentsatu behar du irakasleak. Adinaren arabera, horma edo pareta erabiliko da. Izan daiteke horma edo kuxinez egindako mendi bat, kuxinez betetako leku zabal bat… Azken batean, haurrak mugimenduaren plazera ezagutzen hasteko moduko zerbait. Hasieran oreka, desoreka, erorketak, bultzadak, birak, botatzeak eta antzekoak izango dira. Batez ere plazer sentsorio-motor hori bizitzen saiatuko dira. Eta gero, pixkanaka, joko sinboliko txiki batzuk azalduko dira. Horietan, haurrek familian izandako esperientziak berregingo dituzte; panpinak zaindu, jantzi, jaten eman… Apur bat familian bizi dutena azalduko dute. 
Ondoren ipuinaren tartea edo etorriko litzateke, ez oso luzea. Hasiera eta bukaera dituen istorio bat. Ipuinaren ostean, egurrarekin eraikuntzak egitera eta, bereziki, plastilina landu eta irudiak modelatzera igaro daitezke. 
Eta goizegi al da margoentzat?
Nik garapen bat proposatuko nuke. Hasieran, eskua gauza orokorragoa da, eta ezagutu behar dituzten bestelako sentipenak ere bai; zuloak egin, ongi oratu… Marrazkiak egiteak fintasun handiagoa eskatzen du. Horregatik, uste dut hasieran plastilina oso egokia izan daitekeela, eskuen globaltasun hori ezagutzeko eta bizitzeko.
Psikomotrizitate saio horretan, dena den, badaude arau batzuk. Zeintzuk dira zuretzat ezinbestekoak?
Oso erraza da. Nik denbora tarte laburra eta hitz gutxi erabiltzen ditut. Lehenik eta behin, honako hau esaten diet haurrei: “Hau zuen jolasetarako leku bat da, elkarrekin jolas egiteko espazio bat, baina hemen ezin diogu elkarri minik eman, zuen burua ere zaindu behar duzue, eta ez dituzue suntsitu behar besteen eraikuntzak”. 
Baina, hori esan arren, nik badakit horrelakoak gertatuko direla. Batzuek min hartuko dute, elkarren eraikuntzak suntsituko dituzte… Hori izango litzateke esparru egokia, baina gatazkak izango dira, ziur. Psikomotrizitate gelan egoteko baldintzak zein diren jakiteko, mezu hori helarazi behar zaie haurrei. Horrek ez du esan nahi gero gatazkarik izango ez denik, baina, gutxienez, badakite zein diren baldintzak.