144: Madriletik bueltan hainbat gogoeta

Madriletik etxerako bueltan egindako hausnarketek osatu dute zenbaki honetako editoriala.
Bidaia, —Euskal Herritik Madrilekoa, alegia—, ez da aukerako ez une egokian suertatutakoa. Zerbait izatekotan, ordea, beharrezkoa izan da.
Madrilen, berriz,  beste bost euskaldun gehiago epaituko dituzte: Iñaki, Xabier, Martxelo, Joan Mari eta Txema. Haien delitua, euskal jendarteari euskara hutsezko egunkari bat eskaintzearekin amets egitea. Eta delitua are larriagoa bihurtu duen ekintza, ametsa egi bihurtu eta EGUNKARIA egituratzea gure esku jarriz kalean.
Guk ere gure irakasle eta hezitzaile ahotsa altxa nahi genuen. Ahotsa altxa eta euskalgintzaren eta jendarteko beste hainbaten ahotsari batu. Haiekin batera esan nahi genuen legez eta epaiez ezarri nahi diguten bide honetatik nekez joan gintezkela jendarte hobeago, justuago, baterantz. Horretarako joan gara Madrilera. 
Hezkuntzan dihardugunok ongi dakigu norberaren ideia politikoen eta mundua ikusteko modu partikularraren gainetik, gure egitekoa bihar-etzi jendartea osatu eta kudeatuko duten gaurko haur eta gazteak hezitzea dela.
Eta hezitzea zein hitz zabala eta sakona den ikusi dugu behartua baina beharrezkoa den gure bidaia honetan.
Hezitzea, batez ere, pertsonoi duintasunez eta libreki bizitzeko tresnak eskaintzea esan nahi du: norbere burua aberasteko eta jendarteko partaide guztientzat bidezkoagoa izango den mundu baten alde egiteko.
Hezitzeko moduak asko izan litezke. Eta horretan ere eskarmentu luzea dugu hezkuntzan.
Heziketa autoritarioa izan liteke, totalitarioa. Hor ez dago ekarpenik egin beharrik, boterea duenari obeditu eta norberaren nortasunari eta identitateari uko egin besterik ez, gehienetan. 
Heziketa partehartzailea izan liteke. Nork berak pertsona gisa eta talde gisa dituen eskubideak eta beharrak kontuan hartu eta errespetatzen dituena. Pertsona guztiek kontatzen dute, agintea dutenak zein ez dutenak. Pertsona besteengandik bereizten gaituena denak aberasteko aukera gisa ikus liteke.
Eskoletan lehenetsi diren balioak elkartasuna, justizia, kritikotasuna, iritzi ezberdinekiko errespetua, ekintzailetza eta beste hainbat dira. Zerrendaturik daude Hezkuntza Proiektuetan.
Gure hezkuntzan hezitzeko bigarren era horri heldu diogu. Batzuetan asmatuz eta beste hainbatean ez hainbeste.
Madrilen ikusitakoak eta bizitakoak buruan, denek ontzat eman ditugun balioetan hezitako lagunekin gure jendartean zer gertatzen ari den etorri zaigu gogora.
Gaur euskalgintzan konprometitu diren lagunak izan dira. Atzetik, aurki, beste jendarte eredu baten alde konprometitutakoak. Gazteak, berriz, noiznahi. 
Eta Madrilerako enegarren bidai honetan benetan zer den epaitu eta zigortu nahi dena agertu zaigu lotsagabeki. Horretarako, frogarik, akusaziorik edo ezer ez badago ere.
Nahiko genuke hauxe balitz Madrilera egin beharreko azken bidaia. Asko esan nahiko luke horrek, denen alde.