Eskola biribila

Nik eskola biribila nahiko nuke, non maitasuna guztiaren erdigunean legokeen.
Non haurrak ez liratekeen sekula eta inongo arrazoirengatik jatera behartuak izango, ez jantokiko jana ez eta arimako elikagairik ere. Janaria gosearen eskaria delako eta gizabanakoaren barruan arrazoi ezkutuak daudelako irekita ala itxita egoteko. 
Denen adreoluz eraikitako eskola bat, denen ametsak azaltzen dituena.  Arkitektuak denek esandakoez denentzako lekua egin dezala. Eskola biribila, egunero dantza biribilak egiteko, eta ez karratua ertz baztertzailez betea. Non daude gure inguruko eskoletako zuhaitzak? Eta natur txokoak? Nik egunero musika eta dantza librearekin hasiko nuke eskola-eguna, daukagun lehenengo errealitatea gorputza delako eta hari jarri behar diogulako arreta, hemen eta orain egoteko. Eta haurrek, helduek bezala, ideiak fabrikatzeko eta buruko makina baretzeko, gorputzari entzun behar diote. 
Eta banan banan taldeko lagun guztiak begietara begiratu, bihotzeko gorabeherak azaldu eta besarkadez arindu. Egunero barre egiteko motibo batekin hasi beharko litzateke eguna, edo gutxienez saiatu.
Hauxe nik ezagutzen dudan mutiko baten istorioa da: 
- Ea bada, seme – esaten dio amak. 
- Bukatuko al ditugu behingoz ditxosozko matematikako etxeko lanak? Batuketa eta biderketa xume batzuk baino ez dira.
Iganderoko tortura-orduak. Negar egiteraino ailegatzen den erronka, gurasoen negarrak eta etsipena. Badirudi beren 9 urteko semeak ez duela bururik bere ikaskideek menderatuta daukatena egiteko. Eta semeak 7+2 = ? ariketaren aurrean, begirada tinkoa. Dozena erdi beso-pare jarri dizkio eskuz egindako plastilinazko munstro baten eskulturari, baina 7+2= ? batukerari berarekin zer ikusirik ez duen zerbaiti bezala begira geratzen da… Une amaigabeak. Idatzi behar duela ematen duenean, zenbakiak tinta gehiago markatu eta aho bat gehituta batuketa robot baten aurpegi bihurtu du!
- Mutiko, jaitsi zaitez zauden hodei horretatik eta zenbatu ... 7, 8, 9!    
Zenbat  igande arratsalde, astelehenetik ostiraleraino egin beharreko materiala ez egitearren asteburuetara pasatzen dena. Eta denek dakite Asierrek gaitasun nabarmenak dituela plastikarako, antzerkirako, marrazteko, istorioak asmatu eta kontatzeko... Orduan, eskolako lanak ondorengoa behar luke: mutiko hau errealitatera erakartzea. Eta errealitatea curriculum pedagogikoa da: ikasle guztientzat helburu berberak dituena. Kosta ala kosta mundua oso lehiakorra dela eta fustrazioa geure-geurea dela. 
Zer gertatuko litzateke haur bakoitzaren joera eta interesari ondo begiratuta, irakasleek, gurasoek eta haurrak berak gaitasun eta interes horiek bultzatzeko plana egingo balute? Eta horiek mutikoaren ikasketen ardatzean ipiniko balituzte, horrela haurrak lan egiteko konpromisoa har dezan?
Horrek ez al luke aldatuko haurraren jarrera? Eta haurraren arreta lortuta ez litzateke errazagoa beste helburu akademikoak zeharka eta ondotik erakartzea? Eskola biribilean, beharbada, lan gehiago egongo litzateke, baina baita jariakortasun gehiago ere.
Frogatzeko dago.