Ekainberri

Madeleinealdiko labar pinturak direla-eta da ezaguna Zestoatik kilometro eskasera dagoen Ekaingo kobazuloa. Historiaurreko kokaleku hori 1969an aurkitu zuten Azpeitiko (Gipuzkoa) Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal espeleologoek. Gutxi gorabehera, 70 animalia irudi daude; 64 margotuak eta 6 grabatuak. Zaldia da gehien ageri dena, baina hartzak, oreinak, kapridoak... ere badaude. Horiek guztiak ikusteko aukera eskaintzen du Ekainberriko erreplikak. 
Margo horiek guztiek milaka urte egin dituzte ezkutuan. Hots, Ekaingo haitzuloaren mikrokliman babestuta eta behar bezala mantentzeko baldintza egokienetan. Nola lortu, ordea, gure arbasoen kezka eta jakin-minaren lekuko diren margo horiei so egotea, kalterik sortu gabe? Behar horretatik sortu zen Ekaingo kobazuloaren erreplikaren ideia. 
Lurpeko altxor hori behar bezala zaintzeko eta herritarrei zabaltzeko, Ekaingo kobazuloaren kopia egiteko ekimena jarri zen martxan. Urteak eman zituzten erreplika behar bezala prestatzen eta, azkenean, iazko irailean zabaldu zuten. 
Garai hartako gure arbasoen munduan murgiltzeko aukera eskaintzen du Ekainberrik. Ikastetxeek bi aukera dituzte: Ekaingo erreplikaren bisita gidatua egitea, edo, bisita ez ezik, haur eta gazteentzat bereziki prestatutako lantegietan parte hartzea. Bigarrena aukeratuz gero, ikasleak duela 10.000 urte baino gehiago Ekaingo marrazkiak egin zituen eta bertan bizi izan zen taldeko kideak bezala sentitu ahal izango dira. Beraien kobazuloan sartu eta marrazkiak egingo dituzte, gure arbasoen teknikak eta materialak erabiliz. Era berean, Historiaurreko gizakiaren ehizarako teknikak ezagutuko dituzte, edo, nahi izanez gero, sua nola egiten zuten ikasiko dute. Ekainberri erreplika bat baino zerbait gehiago baita. 
Hezkuntza eskaintza
Bisita gidatuak Ekaingo kobazuloaren erreplikan
Ekaingo kobazuloko labar artea ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dugu Ekainberrin. Orain dela 13.000 urte Ekaingo kobazuloan bizi izan zirenen marrazki ikusgarriez gozatzeko aukera izango duzu, eta garai hartako bizimoduaz gehiago ikasiko duzu. LH1etik aurrerakoei zuzenduta. Ikasmailaren arabera egokitutako bisitak.
Lantegiak: LH1etik aurrera eta adinaren arabera hainbat lantegi eskaintzen ditugu. Horien bidez ikasleak Ekaingo kobazuloan bizi zen giza taldearen modura sentituko dira.
- Ekain eskura: lantegi honen bidez, ikasleek gure arbasoek Ekaingo marrazkiak egiteko erabiltzen zituzten teknikak eta materialak ezagutuko dituzte. Aerografoaren laguntzarekin eta okrea erabiliz  margotzen ikasiko dute. 
LH1, LH2, LH3 eta LH4 mailetako ikasleei zuzendua.
- Ekaingo giza taldea: ikasleak Ekaingo giza taldearentzat suak zuen garrantziaz ohartuko dira. Garai hartan sua egiteko erabiltzen zituzten materialak eta teknikak zein ziren ikasiko dute, eta sua egiten ere ahaleginduko dira. LH4, LH5 eta LH6 mailetako ikasleei zuzendua.
- Ehiza egun bat: ikasleak ehiztari bihurtuko dira Historiaurreko erremintez baliatuta, hala nola arkuz, geziz, bultzagailuz eta azagaiz. DBHko eta batxilergoko ikasleei zuzendua.
Erakusketa gela
Ikasleek Euskal Herriko labar arteari buruzko erakusketa interesgarria daukate beraien esku, gai honetan gehiago sakontzeko eta Ekaingo giza taldeari buruz gehiago ikasteko aproposa dena.