Familiak paper garrantzitsua betetzen du euskararen transmisioan. Zer egin daiteke gurasoek eta irakasleek norabide berean jardun dezaten

Gurasoentzako jolas arrakastatsua
Udaberrian jolas bat proposatu zitzaien gurasoei. Jolas horretan, hainbat familia tipologiatatik abiatuta, zenbait erronka proposatzen genizkien familiei. Aukerakoa zen jolasean parte hartzea, baina, parte hartzekotan, familia osoak parte hartu behar zuen jolasean. Aitzakia moduan euskararen astea hartu zen, eta aste horretan zehar bete behar zuten erronka. Hauek ziren proposatutako erronkak:
- Euskaraz ez dakiten gurasoei: hainbat esamolde proposatu genizkien, euskaraz erabiltzen hasteko esamoldeak. Adibidez: “Ondo pasa duzu ikastolan?”, “Jango duzu bokadiloa?”, “Bihar arte”...
- Euskaraz dakiten eta etxean beti euskaraz egiten duten gurasoei: gaztelaniaz erabiltzen dituzten esamoldeen ordez euskarazkoak erabiltzen hasteko proposatu genien. Adibidez: “¡Qué pasada!”, “¿A que bai?”, “Sin más”...
- Euskaraz dakiten baina etxean beti euskaraz egiten ez duten gurasoei: familia osoa elkarrekin egoten den bi tarte aukeratzeko eskatu genien, eta horietan beti euskaraz egiteko (gutxienez aste horretan). Adibidez: afalorduan, erosketak egiterakoan...
- Batek euskaraz dakien eta besteak ez dakien kasuetan: aukeran utzi genien biak euskaraz ez dakiten multzoan aritzeko, edo bat euskaraz ez dakitenen multzoan eta bestea euskaraz egiten dutenen multzoan sartzeko.
Jolasak arrakasta handia izan zuen. Familia gehienek parte hartu zuten. Amaieran, sari moduan guztientzako merienda egin zen, eta hura ere gurasoek prestatu zuten.
Ikastolako irakasleek ahaleginaren oso balioespen positiboa egin zuten. Hurrengo ikasturteetan ere jarraituko da jarduera horrekin.
 
Gurasoentzako tresnak
Gurasoentzako jolas hori tresna bat besterik ez da. Gurasoei hizkuntzari dagokionez hainbat jokabide eskatu nahi zaizkienez, hainbat tresna eskain ditzakegu, jokabide horiek zein diren ulertzea errazagoa izan dadin eta jokabide horietara iristea errazagoa izan dadin. 
Hainbat eta hainbat esperientzia daude norabide horretan.  Horietako batzuk oso ezagunak dira. Adibidez:
- Euskarazko produktuen katalogoa: Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan banatzen da, Gabonei begira. Euskaraz dauden hainbat produktu berri agertzen dira katalogo horretan. Zer lortu nahi da horrekin? Gurasoek euskaraz zein produktu dituzten jakitea eta horien aldeko hautua egitea, seme-alabek euskarazko erreferenteak eta euskaraz jolasteko aukera izan dezaten.
- Jolas ikastaroak: euskarazko jolasen inguruko ikastaroak ere asko eskaintzen dira. Helburua? Gurasoak seme-alabekin jolasten direnean euskarazko abestiak erabiltzea. Guraso euskaldunentzat zein euskaraz ez dakitenentzat oso aproposa.
- Euskara ikasteko aukerak: euskaltegietako informazioa, euskara ikasteko bekak, euskara ikasteko guraso taldeak... 
- “Mintzalaguna” egitasmoa gurasoentzat: euskara erabiltzeko aukera ematea gurasoei. Bi modutara behintzat egin daiteke: euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak bilduz, azken horiek euskara erabil dezaten, edo gehienak euskaldun zaharrak izan arren euskaraz egiteko ohitura dutenak eta egiteko ohitura ez dutenak bilduz.
Hainbat eta hainbat dira gurasoei zuzenduta eta hizkuntza jarreretan eta jokabideetan eragiteari begira sortu diren tresnak.
Tresna horiek guztiek eragina izan dezaten, komeni da gurasoei argi azaltzea zergatik eskaintzen zaizkien, zergatik aukeratu diren beraientzat. Batzuetan (edo askotan), lan hori behar bezala egiten ez denez, tresnak beste hainbat eskaintzaren artean galtzen dira.
Gurasoen kezkak elebitasunari eta hizkuntzen arteko harremanari buruz
Beharrezkoa da gurasoek elebitasunari eta hizkuntzen arteko harremanari buruz dituzten kezka edo zalantza nagusiak argitzea, seme-alabengan euskararekiko jarrera eta jokabide egokiak susta ditzaten. Hainbat gurasoren kasuan, kezka nagusiak argitzen ez ditugun bitartean, zaila izango da beraien jarrerak eta jokabideak egokitzea.
Koka gaitezen egoera absurdo batean: nire semeak edo alabak igerian ikastea oso ona dela esaten didate. Abantaila asko dituela. Nik ez dakit igeri egiten, baina, igerilekua hemen bertan dagoenez eta irakasleak eta sorosleak bertan izango direnez, konforme nago. Baina, halako batean, zurrumurru bat entzuten hasten naiz, batean eta bestean: egunero igeri aritzen direnez, agian ez dutela oinez ondo ibiltzen ikasiko. Eta sinetsi edo ez, zalantza eta beldurra sortzen dizkit. Bitartean, irakasleak hor ari zaizkit esaten itsasora ere eraman behar dudala semea/alaba igeri egitera. Itsasoan asko ibili behar duela igeri, igeri ondo ikasteko eta erraz egiteko.
Ez du zentzurik, ezta? Bada, euskaraz ez dakiten guraso askori, adibidez, euskararekin antzeko zerbait gertatzen zaiela uste dut. Gu seme-alabei euskara gehiago eskaintzeko eskatzen, eta, bitartean, beraiek gaztelaniarekin kezkatuta. 
Guraso euskaldunen kasuan ere badira kezkak eta zalantzak. Horiek arrazoitzen eta argitzen ez badira, ondorioak ez dira beti zuzenak izaten, eta bilatzen diren irtenbideak ere ez dira egokiak: eskolan hasi arte ez zuen gaztelaniaz egiten, eta eskolan hasi denetik asko egiten du. Ondorioa? Errua eskolari botatzea. Egia da, gainera: eskolan hastearekin batera gaztelania erabiltzen hasi da. Baina eskolara joan gabe ere noizbait hasiko zen gaztelania ere erabiltzen, ezta? Bi hizkuntzak ikastea oso ona da. Baina hizkuntza jokabideetan nork du eragin handiena: eskolak ala familiak? Horrelako ideiak argi azaltzea garrantzitsua da irtenbideak norabide egokian bilatzeko: etxean jokabideei dagokienez eredu izatea, hizkera aberatsa eskaintzea, eskola orduz kanpoko jardueretan euskarazkoak aukeratzea...
Guraso euskaldunen zein euskaraz ez dakitenen hainbat kezka jaso ditut (eta hainbat argitalpenetan ere aurki ditzakegu), baina, irakasleon artean hizketan hasten bagara, laster aterako dugu kezka nagusien zerrenda: eskolako lanak, gaztelaniara jotzea...
Gurasoei eman nahi dizkiegun mezuak: argi al daukagu zer esan nahi diegun?
Karmelo Ikastolan gurasoei etxeko hizkuntza ohiturekin lotutako jolas hori proposatu zitzaienean, jolas proposamena egitearekin batera hainbat mezu ere eman zitzaizkien: 
- Euskaraz dakiten gurasoen kasuan: gurasoak dira eragin handiena dutenak seme-alaben hizkuntza ohituretan. Eredu izan behar dute, eta eredu izatea modu atsegin batean ere lor daiteke.
- Euskaraz ez dakiten gurasoen kasuan: seme-alabei euskararekiko harreman ona eta handia eskaini behar diete. Hori etxetik ere egin dezakete, euskara jakin gabe ere. 
Jolasa bera, azken batean, mezu horien adibide edo osagarri bat besterik ez da.
Beraz, garrantzitsuena, eman nahi dizkiegun mezuak argi edukitzea da. Mezuak argi baditugu, eta zein kezkari erantzun behar diegun baldin badakigu, ez da zaila horiek antolatzea eta horientzat tresna osagarriak bilatzea edo sortzea.
Hauek dira Santutxuko Karmelo Ikastolan aukeratu ziren mezu nagusiak:
Karmelo Ikastola: mezuetatik tresnetara
Ikusten denez, mezuak landu dira lehendabizi: zer mezu eman nahi diren eta mezu horien inguruan zer diskurtso garatuko den (zer azalduko zaien, nola azalduko zaien...).
Ondoren, haurren adinaren arabera zein kezkari erantzun nahi zaion aukeratu da, eta horietarako diskurtsoa ere prestatu da.
Hirugarren pausoa mezuak emateko eta kezkak argitzeko zein bide erabiliko diren aztertzea izan da, hau da, planifikazio bat egitea, ikastolaren eta irakasleen ezaugarriak ere kontuan hartuta: zer eta nola esango den geletako bileretan, banakako bileretan, matrikulatu aurretik ikastolara gurasoak informazio bila joaten direnean...
Laugarren pausoa mezuak ematerakoan tresna osagarririk erabiliko den aztertzea izan da, eta, horrela, tresna horiek lortzea edo prestatzea: esku orriak, hitzaldiak, bideoak... Hau da, mezuak ahoz azaltzeaz gain, bestelako euskarriak erabiltzea egoki ikusten bada, haiek prestatzea.
Azkenik, gurasoei zein tresna eskainiko zaizkien ere landu da, mezuekin eta kezkekin lotura zuzena izango duten tresnak. Noski, baliabideen arabera, tresnak asko edo gutxi eta landuak edo xumeak izan daitezke. Karmelo Ikastolaren kasuan, baliabide material gutxi dituzten arren, hainbat tresna prestatu dira: gurasoentzako hizkuntza oinarri duten jolasak, eskola orduz kanpoko euskarazko jardueren gida, esamoldeen zerrendak, haur jolasen inguruko ikastaroak, eskolako lanei buruzko bilera bereziak, eta abar.
Baina, aritu behar al dugu familia bidezko euskara transmisioari buruz gurasoekin?
Karmelo Ikastolaren kasuan, noski, ondorio horretara iritsi dira: ikastolak (irakasleen bidez nagusiki) familien hizkuntza jarreretan eta jokabideetan eragiten ahalegindu behar du. Beste hainbat eta hainbat ikastetxetan ere ondorio horretara iritsi dira, eta lan handia ari dira egiten.
Irakasleon zeregin nagusia, zalantzarik gabe, haurrekin eta gazteekin aritzea da. Euskararen kasuan, adibidez, ezagutza eta erabilera helburu batzuk lantzea beraiekin. Horretan jarri behar dugu gure ahalegin handiena eta hori ondo eta gustura egitea lortu behar dugu. Haurren eta gazteen euskararen erabileran eta ezagutzan zuzenean eragin behar dugu.
Ikastetxeetan irakasleek ahalegin handia egiten dute norabide horretan. Baina etxetik euskara jasotzen duten haurrek eta gazteek izaten dute, oro har, hizkerarik aberatsena eta euskaraz aritzeko erraztasun handiena. Are gehiago: seme-alaben hizkuntza jarreretan eta jokabideetan eragin handiena gurasoek dute. Imitazioa da ikasteko modurik eraginkorrena, eta haurrek gurasoen jarrerak eta jokabideak imitatuko dituzte hizkuntzari dagokionez ere. 
Beraz, ikastetxeak eta gurasoak norabide berean aritzea lortuko bagenu, hizkuntza helburuak lantzeko askoz egoera eta aukera hobeak izango genituzke.
Noski, eragina mugatua izango da. Irakasleak eta gurasoak norabide berean aritzea gure helburutzat hartzea ondo dagoen arren, baliabide mugatuak ditugunez, zeregin horretan egin dezakegun ahalegina gure ezaugarrietara egokitu beharko dugu. Gainera, nahi adina baliabide izanda ere, gurasoen aukera izango da gure proposamenei kasu egitea edo ez egitea.
Mugak hor daudela ikusita ere, merezi du eragiten ahalegintzea. Gutxienez gurasoei azaldu beharko genieke zein diren guk beraiengandik nahi genituzkeen jokabideak. Horrek izan beharko luke gutxienekoa, eta hortik aurrera tresna batzuen bidez norabide horretan jardun dezaten laguntzerik izango bagenu, askoz hobe. Hainbat guraso lehendik jokabide horietatik hurbil ibiliko dira, guraso batzuengan ez dugu inoiz lortuko eragiterik, baina beste hainbat gurasorengan eragina izan dezakegu, eta, mezuak ondo aurkezten badizkiegu, oso gustura har ditzakete.
Familiak toki garrantzitsua betetzen du euskararen transmisioan eragiteko. Zer egin daiteke gurasoek eta irakasleek norabide berean jardun dezaten? Mezuak argi azaldu, kezkak argitu eta hainbat tresna eskaini, norabide berean jardun dezaten laguntzeko. Hori behintzat egin dezakegu, eta, duen garrantziagatik, merezi duela uste dut.