ARTAZIAK arte hezkuntzako taldea

Zer da, baina, arte hezkuntza? Arrizabalagaren hitzetan, orain arte hezkuntza nola ulertu izan den aztertu behar da lehenik. “Urteetan, heziketa, transmititzen den zerbait dela pentsatu izan da. Artearen kasuan, obra bat erakusten da, egilea nor den azaldu, data zehaztu… Informazioa eskaintzen da eta kito. Ez da ezer zalantzan jartzen”, azaldu du. ARTAZIAK ekimenaren abiapuntua, ordea, guztiz bestelakoa da. “Guk ez dugu artea Egia absolutu gisa ikusten. Ez zaigu iruditzen buruz ikasteko zerbait denik. Guk artea kontakizun moduan ulertzen dugu, gizarteko gaiei buruz hitz egiten ari zaigun zerbait gisa”. Horregatik, ARTAZIAK taldeko kideek, ikaskuntzarako tresna gisa erabiltzen dituzte arte ekoizpenak. “Gauzak zalantzan jartzeko, egungo gaiak jorratzeko… Artearekin lotuta egon daitezkeen gaiak edo bestelakoak lantzeko. Artelanak horretarako tresna dira guretzat”. 
Revueltaren hitzetan, arte ekoizpenak baliagarriak dira lan horretarako, beste begirada bat eskaintzen dutelako. “Adibidez, publizitatean emakumea beti modu jakin batean ikusten dugu. Argazki edo koadro batek emakumearen beste ikuspegi bat eman diezaguke”, azaldu du. “Horrek eramango gaitu gure izaera zalantzan jartzera, albokoari beste modu batean so egitera… Azken batean, kritikotasuna lantzera. Zergatik, zergatik eta zergatik behin eta berriz galdetzera”.
 
Artea tresna gisa
Margolan bat norena den, zer urtetan egina dagoen eta zer izen duen jakin gabe ere etekina atera diezaiokegu. Horixe uste dute, behintzat, ARTAZIAK taldeko hiru kideek. Artelan bat koloreak, lanbideak, animaliak… lantzeko erabil daiteke. “Aurrean duzun lanetik abiatuta hainbat bide jorra ditzakezu, interpretazio ugari eman. Artelan baten aurrean aukera bat da garaia eta egilea ikastea”. Arrizabalagaren ustez aukera bat da, baina beste batzuk bezain baliagarria. “Esaterako, lan horri aurre egiteko beste modu bat izango litzateke irudikatuta dagoen emakumeak zure amama gogorarazten dizunez, familia harremanei buruz hitz egitea”. Agian gazte talde batean gai hori lantzea beharrezkoa izan daitekeela uste du ARTAZIAK taldeko kideak. 
ARTAZIAK taldearen ustez, irakasleek euren taldeen beharrak ezagutu behar dituzte, eta hortik aurrera artea tresna gisa erabiltzen hasi. Montehermoson, Rekalden eta Artiumen ikasleekin lan egiten du ARTAZIAKek. “Gure helburu nagusia proposatzen dugun ekimenari etekina ateratzea da. Horretarako, taldea nondik datorren, zer landu nahi dugun… ongi aztertu behar izaten dugu”, azaldu du Revueltak. Ekimen horiek parte hartzaileak izan daitezen ere saiatzen dira. “Ez gara gu izango erakusketa edo artelanaren inguruan hitz egingo dugun bakarrak. Gure asmoa ez da astunak izatea, eta, horretarako, hainbat lantegi antolatzen ditugu.
Hezitzaileentzat
Ikasleekin ez ezik edozein alorretako hezitzaileekin ere egiten du lan ARTAZIAK taldeak. “Une honetan Montehermoso kulturunean “Zentzua emanez” izeneko programa daukagu martxan. Bi ordu inguruko saio horretan hezitzaileei tresnak ematen saiatzen gara, ondoren, eurek nahi izanez gero, gaia euren kabuz landu ahal izateko. Hezitzaile bakoitzak tresna horiek bere testuinguruan erabiltzeko aukera izan dezan saiatzen gara. Izan ere, kaleko hezitzaileak ere etortzen dira zenbaitetan. Lana museoan ez ezik, ikasgeletan edo nork bere txokoan egiteko aukera eman behar diegu”, azaldu du Arrizabalagak. Lehenik eta behin, irakasleek ziurtasuna izan dezaten, dossier bat ematen diete. Informazio osatua izan dezaten. Eta, ondoren, praktika txiki bat egiten dugu.
Adibide bat
Flavio de Carvalho artista brasildarraren lan batekin egin zuten lantegia. 1960. urtean Brasiliaren inaugurazio egunean Carvalhok jantzi berezi bat diseinatu zuen beretzat. Kalean paseatzen aritu zen, beti erreferente berberak dituen modernizazioa zalantzan jartzeko. Modernizatzea, Brasilen, Europaren antza hartzea zen garai hartan. Gona motz bat jantzi zuen eta hainbat argazki atera zituen. 
“Hezitzaileei testuingurua azaltzen diegu, baina ez dago ikasleei guztia azaldu beharrik”, esan du Arrizabalagak. “Azken batean, oso arraro jantzita dagoen gizon bat ikusiko dute, eta barre egingo dute agian gona bat daramalako. Guk, orduan, barre zergatik egiten duten galdetuko diegu, eta hausnartzeko bidea emango digu. Esaterako, nerabeen artean, modari buruz, markei buruz… hitz egiteko balio dezake. Moda hori nork ezartzen duen pentsatuz, adibidez”. 
Baina lan horrek berak beste gai bat lantzeko ere balio dezake. “Aurreko batean etorkin talde batekin landu nituen argazki horiek. Afrikarrak ziren gehienak eta ia ez zekiten gaztelaniaz hitz egiten. Bakoitzak jantzi bat marraztu behar izan zuen eta, ondoren, gainerakoei azaldu. Kasu horretan hiztegia ikasteko erabili genuen”, azaldu du. Artelan bera hainbat gai lantzeko erabiltzea, horixe izan daiteke arte hezkuntza.
Artea ikasgelan
Baina zer gertatzen da askotan? “Eskoletan uste dute horrelako ekimenetara soilik plastikako irakasgaiarekin lotuta etor daitezkeela”, azaldu du Urrutiak. “Edonor etor daiteke, oraintxe azaldu dugunez, hainbat gai landu ditzakegulako”. Revueltaren hitzetan, esaterako, irakasgaiak banatzeko modua izan daiteke arazo nagusietako bat. “Badirudi ezin dela matematika gimnastika egiten ikasi, edo, ingelesa, margotzen dugun bitartean. Arte hezkuntza irakasgai gehiagotara zabaldu nahi genuke”, azaldu du. 
Urrutiaren ustez, Historian, Espainia lantzen ari diren bitartean, ez dute pentsatzen zer ikuspuntu aztertzen ari diren, nor geratzen diren eskolako oharretatik kanpo. Hori artearen bidez landuz gero –garai bereko egileen hainbat margolan aurkeztuz, esaterako–, egia absolutua zalantzan jarri ahal izango dute.