Tknika Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroa

Lanbide Heziketa Euskal Herrian

Lanbide Heziketak garrantzia du Euskal Herrian. Gaur egun, asko ari da aurreratzen eta aldatzen. Egokitze  eta garatze horretan, sistema hobetzeko bide nagusia hau litzatekeela uste da: Lanbide Heziketa, bai hasierakoa bai lanean ari direnei zuzendutakoa, modu bateratuan antolatzea, helburu komunekin, lanbide erreferente berarekin. Gure enpresetan  eta administrazioetan zein profesional behar ditugun antzemanda antolatzea ezinbestekoa da. 

Ekonomiaren garapenak daraman abiadura eta forma aldaketa direla-eta, gaur egun, lanbide gaitasunak malguagoak izan behar direla uste da. Irakaskuntza formala, ez-formala eta informala kontuan hartzea eta egiaztatzea; motibatzea, kalitatea hobetzea, lan beharrei gehiago lotzea  eta abar.

 

Helburu orokorrak

Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sistemaren helburuen artean hauek egongo lirateke:

- Hasierako Lanbide Heziketako ikasleek gaitasun maila egokia lortzea.

- Biztanleria aktiboaren lanbide-gaitasuna hobetzea, etengabeko eta lanerako Lanbide Heziketako onuradunak gehituz.

- Herritarren etengabeko ikaskuntza sustatuz, gurea, Ikaskuntzaren Herria bihurtzea.

Epe motzerako helburu estrategikoak

Nagusiki hauek lirateke:

- Hezkuntza Sistemaren emaitzarik onenak lortzea lan-munduratzean eta aurrerapen akademikoan .

- Hasierako eta etengabeko Lanbide Heziketaren eskaintzaren errendimendua nabarmen hobetzea.

- Irakasleen prestakuntza sustatzea, konpetentzien kudeaketa ongi bideratuz.

- Ikastetxeetako kudeaketaren kalitateari eta erabakitzeko ahalmenari, eta, langileen egonkortasunari bultzada ematea.

- Jendea Lanbide Heziketan eta Etengabeko Prestakuntza Sisteman txerta dadin, erraztuko duen informazioa, bitartekaritza eta aholkularitza eraginkorrak sortzea.

- Berrikuntzaren aldeko apustu argia egitea.

 

Zer baliotan oinarritu?

Landu beharreko balioak edo printzipioak honokoak izango lirateke:

- Konfiantzan eta empowerment -ean oinarritutako gidaritza partekatuak.

- Elkarlanean, argi jokatzean eta errespetuan oinarritutako harremanak.

- Taldean eta metodologia berritzailekin garatutako ikaskuntza praktikoak.

 

TKNIKA Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroa 

Definizioz, lanbide heziketaren helburua, ikasleak gizartean eta enpresetan eskaerarik handiena eta etorkizunik oparoena duten lanpostuetara iristeko prestatzea da.  Eta horretan dihardu Tknikak, bere alorretik, noski. Berrikuntzaren bidetik. Duela lau urte, 2005ean Eusko Jaurlaritzako Sailburuordetzak ala erabakita sortu zen Tknika. Nolabait, Lanbide Heziketak berrikuntza arloan aurrera pauso bat emateko beharra zuela iritzita. Berrikuntza Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Lanbide Hezkuntzaren ardatz nagusi bilakatzea da Errenteria-Oreretan (Gipuzkoa), garai bateko IES Zamalbide BHIaren instalazioetan dagoen Tknika zentroan. 

Tknika zentroaren funtzioaren berri eman digute Jose Luis Fernandez Maurek, Samuel Triguerok eta Jon Labakak. Haien esanetan: “berrikuntza bat sortzen den unetik, enpresetara Lanbide Heziketako ikastetxearen bidez iristen den arteko epea murriztu dadin lortzea da Tknikaren funtzio nagusia”.  Orain arte epe hori luzea, “oso luzea” izan da. “Azken batean, berrikuntzak, oraindik berrikuntza izaten jarraitu behar du eskolara iristen denean. Ez daitezela hamar urte pasa ikasleei azaltzerako. Horixe litzateke Tknikaren lanetako bat”, azaldu digute.

Lanbide Heziketa Zentroek beti izan dute ezaugarri zehatz bat: oso lotuta egon dira beren ingurura eta inguruan dituzten enpresetara. Ez da berria Lanbide Heziketako ikastetxe bat aldameneko enpresarekin lanean ari dela, edo proiektu bat garatzen dabilela esatea. Horrek esan nahi du, jatorrizko beren lana formazioa eskaintzea den arren, askotan ikastetxeak proiektuak garatzen aritu direla, beren erara. Baina une batean jauzia eman nahi izan zen, jakinmin horri erantzuna emateko urratsa eman eta hortik sortu zen Tknika Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroa. 

Norabide horretan, Tknikaren lana “ikastetxeak berrikuntza proiektuetan koordinatzea” izango litzateke. “Esaterako Lanbide Heziketako ikastetxe batek, enpresa batekin duen harremanaren bitartez, berrikuntza bat sortu duela ikusten duenean, proiektua aurkeztu dezake Tknikan. Hemen proiektu hori baloratu egiten da. Berrikuntza proiektua dela iruditzen bazaigu aurrera egingo du. Hala iruditzen ez baizaigu, berriz, bidean geratzen da”.

Hainbat arlotako proiektuak –teknologiakoak, e-learning mailakoak, ICT  Informazioa eta Komunikazio Teknologien alorrekoak, prestakuntzari dagozkionak– aurkezten dituzte Lanbide Heziketako ikastetxeetatik. “Lanbide Heziketako ikastetxe guztiak biltzen dira Tknikan. Ikaslan (Ikastetxe publikoak), Hetel ( Ikastetxe konzertatuak) eta IZEA (Ikastetxe pribatuak). Guztiak koordinatzen ditu Tknikak. 

 

Bi urteko lanketa

Bildutako lan horiek guztiak ebaluatu egiten dituzte, eta ebaluazio horren arabera egingo dute aurrera edo atzera. Aurrera egiten duten lanekin eman beharreko hurrengo urratsa “proiektuekin  lan egitea da”, azaldu digute.  “Lanbide Heziketako irakasle talde batek egingo du lan proiektuaren inguruan”. Irakasle talde hori espezialitate jakin batekoa izaten da, proiektuari dagokion espezialitatekoa, eta bi egunez aritzen dira Tknikan lanean. Gainerako egunak, Lanbide Heziketako beren ikastetxeetan egiten dituztela azaldu dute Tknikako kideek. 

Irakasle talde espezializatu horrek, bat, bi edo hiru urte pasatuko ditu proiektua lantzen. “Bada, agian, hiru urte iraun dezakeen baten bat, baina saiatzen gara bi urteko epea betetzen”, esan digute. “Berrikuntza den mementutik, berrikuntza izaten jarrai dezan”, nabarmendu dute. 

Bi urteren ostean, proiektuarekin amaitzen dutenean, materialak eta beharrezkoak diren  guztiak prestatzen dituzte ondoren ikastetxera eramateko. Jarraian, Tknikan proiektua lantzen aritu diren irakasleek, gainerako irakasleak formatuko dituzte ikastetxean. “Beraz, Tknikan sortzen den materiala zuzenean heltzen zaie ikasleei. Ikasleei buruz ari garenean, lanbide heziketako goi eta erdi mailako ikasleei buruz ari gara, baina baita ere etengabeko irakaskuntzako ikasleei buruz edota langabezian dauden ikasleei buruz edota enpresetan ari diren langileei eta ikasleei buruz. Horixe da, egiten dugun lana, labur-labur esanda”.  Azken batean, Tknikarentzat garrantzitsuena ikastetxeentzako erramienta bat izatea da.

 

Proiektu motak

Lanbide Heziketako ikastetxeetatik Tknikara ailegatzen diren proiektuak askotarikoak izaten dira. Azken urteetan, Tknikaren datuen arabera, makina erramintaren alorreko bost proiektu jorratu dira, soldadurako bi, automatizazioko beste bots, energia berriztagarrien alorreko hiru proiektu, automozioko bat, arte grafikoetako beste bat, telekomunikazioetako bi, eta ekintzailetasunaren inguruko beste bat. “Badira, era berean, gestioaren kudeaketa lantzen duten proiektu batzuk ere. Kudeaketa eta berrikuntza uztartzen dituzte proiektuek; sarean lan egitea, esaterako”. 

Eta formazioan, adibidez, orain proiektu eleanitza lantzen ari dira Tknikan. Eta Eleanitza esaten denean esan nahi da, Lanbide Heziketako zenbait ikastetxek erabaki dutela eskolak ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz ematea. Horretarako, irakasleak formatu behar dira. Besteak beste, Tknikak ingelesa ikasteko aukera eskaintzen die; kanpora joateko, udan atzerrian egonaldiak egiteko… diru-laguntzak ere izaten dira. 

Hori guztia garatzeko, baina, ez da nahikoa ideia bat izatea. Azpiegitura handia behar da, eta une honetan 25 lagun ari dira Tknikan. “Hemen garrantzia handia ematen zaio 25 lagun horien formakuntzari”, diote “Eta formakuntza, batez ere, berrikuntzaren ingurukoa izaten da”. Hori dela eta, Tknikako lan taldeak berrikuntzaren inguruko hainbat ikastaro jasotzen ditu urtean zehar. Baina ez hori bakarrik. Aurrerago zabalago landuko den Berrikuntzarako Kultura ezartzeko lanean ari dira Tknikan. “Ez dadila bakarrik izan bi neuronak txoke egin, eta ideia bat sortzea. Baizik eta kulturaren inguruan ideiak errazago sortzen direla ohartzea”, adierazi du. “Gai horren inguruan saiatzen ari gara, batez ere, zainketa moduko zerbitzua izaten. Esan nahi dut, bai enpresekin, bai teknologiako ikerkuntza zentruekin, hemengo zein atzerriko unibertsitateekin… harremanetan egoten”.

 

Nazioarteko programa

 “Berrikuntzaren inguruan atzerrian zein saltsa dagoen ikustea. Horixe da, bereziki nire eginbeharra”, azaldu digu Maurek. Nazioartean aliantzak sortzeko lan egiten dabil Tknika. “Gure helburua nazioartean indarrean dauden berrikuntza horien berri izatea da, eta berrikuntza horiek gurean ere eragina izan dezaten lan egitea”. Azken batean, aliatuak topatzea da gure eginbeharra, eta aurten ehuneko ehun ariko gara lan horretan. 

Jendea hona etortzen denean, eta Tknikaren aurkezpena ikusten dutenean sistemarekin liluratuta geratzen dira”, adierazi du. Nazioarteko programaren arduradunaren ustez, kanpotik etortzen direnak oso sistema indartsua dela ohartzen dira, eta konturatzen dira oso interesgarria izango litzatekeela antzerako egiturak herri bakoitzean sortzea eta, nork daki, etorkizun hurbilean elkarlanerako guneak sortzea. “Horregatik, berrikuntzen transferentzien proiektu bat aurkeztu nahi dugu Europan. Hemendik sistemak transferitu, baina, era berean, leku guztietan ideia berriak sortzeko aukera eskaini eta elkar trukerako laguntza eman”. 

Tknikaren kontzeptua Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentro bezala, berezia dela azaldu digute. Nazioartean ez dago horrelako erreferentziarik eta bisita ugari jasotzen dituzte. “Oro har, bisitan etortzen direnak, oso gustura joaten dira. Ideiak gustatu egiten zaizkie, harrituta joaten dira… Eta askok esaten digute gurea bezalako zentru bat izan nahi dutela euren herrialdeetan. Eta horrek noski, aurrea egiten laguntzen du”. 

Nazioartean egon badaude unibertsitateak, ikerketa zentroak, teknologia zentroak… Agian proiektuen maila teknologiari dagozkionez edo patente kopuruari dagokionez, Tknika baino indartsuagoak direnak. Ezberdintasuna zein den azaldu digu Labakak: “Herrialde horietan enpresa handiak iristen dira goi mailako teknologia zentro horietara, baina ikastetxeak eta enpresa txikiak ez dira horra iristen, ezin dituzte berrikuntza horiek baliatu. Eta horixe da guk hemen egiten duguna, erdiko leku horretan aritzen da Tknika. Berrikuntza horiek, patente horiek, merkatura ailegatzen diren gauza berriak… antzematea da gure lana. Ondoren, ahalik eta lasterren, enpresa txikietara eraman ahal izateko. Beti ere, Lanbide Heziketako ikastetxeen bidez” 

Besteak beste, hori da beste herrialdeetatik izaten dituzten bisitei gustatzen zaiena, eta bereziki, hezkuntzako jendeari. “Horixe da guk behar duguna”, esaten diete Tknikako arduradunei. “Tknika berrikuntza zentro berezia dela diogunean horregatik esaten dugu, ez nazioartean horrelakoak ez daudelako. Egon badaude, eta mordo bat. Baina ez zuzenean, gu bezala, Lanbide Heziketari begira lanean ari direnak”, gaineratu dute.  

Proiektu motak

Aipatu bezala, ikastetxeekin ezezik enpresekin ere badu harremana Tknikak. Eta ez, soilik, nazioartean. “Hemengo enpresetatik ere bisita mordoa jasotzen dugu”. Izan ere, Tknikan martxan daukaten lanerako sistema bera nahiko berritzailea da. “Zenbait tailerretan, esaterako, oso material garestia dago”, azaldu digute. “Material hori beharrezkoa da irakasleak trebatzeko, baina garestia da oso. Nondik ateratzen dugu material hori? Bada, batzuetan  enpresekin negoziatzen aritzen gara”. Zenbaitetan enpresetatik ekarritako materiala erabiltzen dute Tknikan. Eta ondoren, trukean, Tknikak bere langileak trebatzeko lekua eskaintzen die enpresei. “Batzuetan hona etorri eta ikastaroak ematen dituzte bertan, beste zenbaitetan guk erabiltzen dugu enpresetako materiala”, azaldu du. “Egia ere bada enpresa horiek interes berezia dutela Tknikan beraien materialekin lan egiteko. Izan ere, ikastetxe ezberdinetako irakasle mordoa pasatzen da hemendik eta material hori ikusi eta interesgarria iruditzen bazaie, gero, agian, euren eskoletara eraman nahi izango dute”, gaineratu du.

 

Berrikuntzarako kultura

Tknikan garatzen ari diren berrikuntzaren kudeaketa ereduari buruz hitz egin digu Samuel Triguero Alvarez kudeaketa berritzeko arloko koordinatzaileak. “Tknika martxan jarri zenetik, gure helburuetako bat berrikuntzari mesede egitea da. Beti ere, espezialitate guztietako heziketa zentroei begira”, azaldu du. Baina nola egiten da hori? Beharrezkoa da eredu bat diseinatzea eta gauzak egiteko modu bat ezartzea.

Eredu horren baitan bi atal bereizten dituzte Tknikan: “Atal bat, errutinekin edo lan egiteko dugun moduarekin dago lotuta; esaterako, zaintzak egiteko errutina batzuk dituzte ezarrita Tknikan. Interesatzen zaien alor bakoitzean gertatzen ari denaren inguruan jakinaren gainean egotea beharrezkoa dute, eta hori modu sistematikoan egitea ahalbidetzen dien prozesu bat dute ezarrita. Era berean, Tknikan garatzen diren proiektuak aukeratzeko beste hainbat errutina dituzte ezarrita: zein irizpide ditugun horiek aukeratzeko, nola baloratzen ditugun, zein fasetan garatzen den… Eta bestetik, barneko errutinak ere baditugu, edozein erakundetan ohikoagoak diren prozesuak. 

Bigarren atala, kulturari dagokiona da: kultura, klima edo testuingurua deitzen diote horri. “Izan ere, guretzat hainbat errutina izateak, soilik, ez du bermatzen emaitzak izango ditugunik. Izan ere, emaitza horiek, gehienetan, jendearen jarreren araberakoak izaten baitira, konpromisoaren araberakoak”, azaldu du Triguerok. “Tknikan saiatu gara testuinguru jakin batean berrikuntzak modu sistematikoan sortzeko lagungarriak izan daitezkeen faktoreak ikertzen eta identifikatzen”. Azken batean, galdera bati erantzuten saiatu dira: Nola sortu berrikuntzarako klima edo testuinguru hori? Hainbat faktore aztertu dituzte Tknikan eta horiei lotutako ekintza zehatzekin Kultura Plana deitu diotena osatu dute.  “Ideia horiek lantzen baditugu eta ekintza horiek guztiak burutzen baditugu, apurka-apurka, lehen aipatutako klima edo testuingurua lortuko dugu” dio. 

 

Tknikatik sistema osora

Berrikuntzaren kultura horri lotuta, Jon Labaka teknologien alorreko arduradunaren ustez, alde handia dago prozesu baten, sistemaren eta berrikuntza kulturaren artean: “Guk prozesu bat diseinatu dezakegu proiektuen aukeraketa egiteko. Martxan dago eta mundu osoak daki zer egin behar duen bere proiektuak aurrera egin ahal izateko. Baina horrek ez digu ziurtatuko, proiektu horiek berritzaileak, ausartak eta kalitatezkoak izango direnik…  Hor dago gauzak martxan jartzeko aukera ematen dizun prozesu baten eta berritzailea izateko aukera ematen dizun jarrera baten arteko ezberdintasuna”. 

Hala ere, ez da erraza klima hori  zabaltzea. Hasiera batean, Tknikako lagunentzat dago pentsatua, baina, Tknikako langileek lanbide heziketako ikastetxeetako irakasleekin egiten dute lan hainbat proiektutan. Beraz, ikastetxeetatik datozen irakasleak klima edo testuinguru horretan murgiltzen saitzen da Tknika. “Ondoren, irakasle horiei dagokie proiektuaren nondik norakoekin batera, berrikuntzarako kultura hori ere ikastetxeko gainerako lankideei helaraztea”, diote.

 

Ekintzailetasuna

Hezkuntzan, enpresetan eta gizartean oro har, gero eta gehiago erabiltzen den terminoa da ekintzailetasunarena. Baina  zer da ekintzailea izatea? Ekintzaile deitzen zaio aukera bat begiz jo eta berau martxan jartzeko beharrezko baliabideak antolatzeko gai den pertsonari.  

Ohikoa da, ekintzaile eta ekintzailetasun kontzeptuak enpresari lotuta erabiltzea: hots, enpresa bat sortzen duen pertsonari edo bere kabuz proiektu bat abiatzen duen pertsonari ekintzaile deitzea. Ez gara ekintzaile izango enpresa bat eratzeagatik soilik, eta ekintzaile izateko ez dugu zertan enpresa bat sortu behar. Hala ere, Lanbide Heziketaren alorrean zenbait ikaslek bide horri heltzea erabakitzen dute; dagoeneko martxan dagoen enpresa batera lanera joan beharrean, bere enpresa erabiltzen dute. Eta bide hori zailtasunez beteta egoten denez, laguntza behar izaten dute sarritan. Babes hori eskaintzea du xede Urrats bat  programak. 

Lanbide Heziketako Ikastetxeak, eta horietako ikasleak garrantzitsuak dira Tknikarentzat. Horregatik, lehen aipatutako proiektuak lantzeaz gain, Tknikak laguntza eskaintzen die Lanbide Heziketako ikasle ohiei beren enpresa proiektua garatzeko. Horrela, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak bultzatzen duen Urrats bat  programa koordinatzen du. 

Urrats bat

Duela urte batzuk programa pilotu gisa  jarri zen martxan Urrats bat proiektua. Labakaren hitzetan, lehenengo urteetan esperientzia gutxi eta zailtasun asko izan ziren. Besteak beste, ikasle batek, ikasketak bukatu bezain laster, ez duelako enpresa bat sortu ahal izateko adina esperientzia. Orduan, ikastetxeak proiektuak gauzatu ahal izateko baliabideak jartzen hasi ziren. “Azken batean enpresa bat sortzerakoan gastu batzuk izaten dira: leku egoki bat, alokairua eta ordenagailuak, esaterako. Urtebetez ikastetxeak eskaintzen zien hori guztia. Baita aholkularitza ere, irakaslearen laguntza, harremanak…”

Horrela jaio zen Urrats bat programa, eta hasieran bost ikastetxek jarri zuten martxan. Ondoren, 2005ean Tknika sortu zenean, jauzi txiki bat eman zuen proiektuak. “Egun 40 ikastetxe dira Urrats bat proiektu horretan lanean ari direnak”, azaldu digu.

Guztira, 130 enpresa dira ikasleekin batera sortu direnak ibilbide horretan. “Iaz azterketa bat egin zen horietatik guztietatik martxan zenbatek jarraitzen zuten ikusteko, eta 90etik gora daude oraindik martxan. Datuak oso politak dira”. 

 

Jarrera kontua

Programa honek, Labakaren hitzetan, badu beste kutsu bat ere. “Gela bateko bi ikaslek enpresa bat sortzeak eragina du ez soilik bi pertsona horiengan, baita inguruko jendearengan ere. Beti esan dugu ikasleek, ausardia eta gauzak egiteko gogoa dutela, eta proiektu horrek, neurri batean lagundu egiten die”

Ikasle horiengana iristeko sentsibilizazio lan handia egiten dute Tknikan. Ezin da gela batera joan eta huts hutsean enpresa bat nork sortu nahi duen galdetu. Aurretik urrats batzuk daude: jendeari enpresa bat sortzea zer den azaldu behar zaio, zein laguntza dauden. Ondoren, giro horretan, ikasle batek beharbada erabakiko ez dela unea enpresa bat sortzeko, edo ez duela ideiarik. Baina hala eta guztiz ere, Labakak nabarmendu duenez, enpresa mundura joaten denean izango du beharrezko txispa hori: “azken batean, enpresa barruan ere ekintzaileak behar dira. Ekintzailea ez da soilik bere enpresa sortzen duena, baizik eta bere lan esparruan ekarpenak egiteko prest dagoena, jarrera kontua da.”

Hausnarketa egiten ari dira. Aurrera begira, ikastetxe barruan normaltasunez funtzionatuko duen proiektu bat izatea nahi dute, baita ikastetxe guztietara zabaltzea ere.