Kronika

Kataluniako Hezkuntza Legea (KHL) indarrean sartu zen joan den irailean. Aurretik, uztailaren 1ean, Kataluniako parlamentuak Unibertsitatez Kanpoko Hezkuntza Sistema katalana erregulatuko duen araua onartu zuen.
Arau horrek, beste berrikuntzen artean, ikastetxeei autonomi pedagogiko zabalagoa eta zuzendariei ahalmen handiagoa eskaintzen die; ikasle etorkinen banaketa zuzenagoa hitzematen du sare publikoaren eta diru publikoarekin finantzatutako sare pribatuaren artean; irakasle talde propioa eratzen du; eta ikastetxe kontzertatutako eta ikastetxe publikoetako irakasleen soldatak berdintzen ditu.
Bestalde, erregimen linguistikoak KHLren tituluetako bat bereganatzen du. Bertan, katalana Hezkuntza Sistemako  eskolako hizkuntza dela xedatzen du, eta ikasleek derrigorrezko hezkuntzaren amaieran katalana eta gaztelania guztiz menderatu behar dituztela. Neurri horiek PPk eta Ciutadans-ek soilik kritikatu dituzte, gainera.
KHL zortzi urteko epean zabalduko da eta epe hori igarotakoan, hezkuntzan egiten den inbertsioa BPGren % 6 izan beharko du.
Lege horren aurrekaria, 2005eko otsailean kataluniako jendarteko hainbat kidek Bartzelonan, Hezkuntzarako Foro Sozialean, aurkeztutako manifestua izan zen. Dokumentu hartan jasotako ideia bat izan da jendarteko hainbat eragileren artean lortutako akordioa lege bilakatu bitartean egindako ibilbidean erreferentzia: hezkuntza eskubide unibertsala eta ondare publikoa dela, hain zuzen.
Era berean, aitortu eta aldarrikatu zuten Hezkuntza Sistemaren hobekuntzan jendarte eragile guztien inplikazioa beharrezkoa dela.
Hortik aurrera, Kataluniako Hezkuntza Sistema interes publikoko eredu gisa hartzeak bidean aurkitutako oztopoak gainditzen, eta ez dira gutxi izan!, lagundu du.
Garai bertsukoa da Euskal Herrian jorratu zen Euskal Hezkuntzarako Oinarrizko Akordioa. Hura ere, jendarteko eta hezkuntzako hainbat kidek babestu zuten.
Hala ere, eta aitortu behar da, akordio horrek nekez lortu du bidean aurrera egitea.
Aztertu beharko genuke, hezkuntza munduan egiten diren hausnarketetan eta eztabaidetan zenbateraino egiten diren herritar ikuspuntutik eta hezkuntza jendarte kohesionatu, bateragile eta juxtua lortzeko tresna gisa ikusiz, eta noraino egiten diren norberak mementuko interesei eta bere zilborrari begira.
Euskal Herrian hezkuntzaren gainean burutu gabeko eztabaida zabala eta irekia dugu egiteko. Hezkuntza jendartea hobetzeko bitarteko baliotsua eta ezinbestekoa dela sinestuz lehenik, eta norberak bere jarrerekin bide horretan zertan laguntzen duen, edo oztopatzen duen, aztertuz.
Bartzelonan entzun genuen: “Bestelako mundua posible da, bestelako hezkuntza beharrezkoa da!” 
 
Nafarroako Hezkuntza kontseilari kargua hartu du Alberto Catalanek
 Nafarroako Gobernuko CDN eta UPNren arteko akordioa hautsi ostean, Alberto Catalanek hartu zuen Carlos Perez-Nievasek utzitako Hezkuntza kontseilari kargua. Kargua hartu berritan «Nafarroako Gobernuak, euskara sustatzeko, Jaurlaritzarekin lanean jarraituko du», azaldu zuen. Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean egin zuen bere lehen agerraldia Catalanek, eta Carlos Perez-Nievas Hezkuntza kontseilari ohiaren ildo «beretik» jarraituko duela jakinarazi zuen.  
Joan den uztailaren 3an, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko harreman protokoloa sinatu zuten, eta akordio hori garatzen jarraitzeko asmoa duela onartu zuen kontseilari berriak. Catalanen arabera, “bi gobernuek euskara babesteko borondatea azaldu dute hitzarmenean”. Hala ere, kontseilariaren ustez, badira ezberdintasunak: “Nafarroan euskarak duen egoera, gainontzeko lurraldeetakoarekin alderatuz gero, ezberdina da”. “Nafarroako gune batzuetan euskaraz eta gaztelania hitz egiten dituzte; beste batzuetan, berriz, gaztelaniaz hitz egiten dute, eta, euskararen alde egin beharrean, ingelesaren alde egiten ari dira”, azaldu zuen.
 
Nafarroa Oinez arrakastatsua
Bestalde, joan den urriaren 18an, eguraldi paregabearen laguntzaz, arrakasta itzela izan zuen Txikiak Handi lelopean, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez 2009 festak. 
Aurten gutxitutako hizkuntzak dituzten Europako hainbat herrialdetako gonbidatuak izan dira Nafarroa Oinezen: Aragoi, Katalunia, Bretaina, Gales eta Okzitania. Txikiak Handi izeneko gunean Aragoi, Okzitania eta Herrialde Katalanetako artisten emanaldiak ikusi ahal izan ziren.
 
Ipar Euskal Herrirako euskararen ofizialtasuna eskatu dute Baionan
Milaka lagun bildu ziren joan den urriaren 24an Baionan. Deiadar mobilizazioak Euskara, hizkuntza ofiziala!  lelopean antolatutako manifestazioan Ipar Euskal Herrirako euskararen ofizialtasuna eta hizkuntza gutxituen aldeko legea garatzeko eskatu zuten. 
Ipar eta Hego Euskal Herriko eragile askok egin zuten bat aldarrikapenarekin, horien artean Seaska, Biga Bai eta Euskal Hazia biltzen dituen Hiru Sareta hezkuntza elkarteak.
Frantsesa hizkuntza ofizial bakarra delako, Parisen jarrera kritikatu du Hiru Saretak. Seaskak (ikastolen elkartea), Biga Baik (hezkuntza publikoko eredu elebiduneko gurasoen elkartea) eta Euskal Haziakek (eskola kristauen sarea), Hiru Saretan bat eginda, Frantziako Gobernuak euskararekiko duen jarrera salatu dute.
Frantziako Gobernuak hizkuntza gutxituen gaineko lege proiektua iragarri zuen, eta hitza betetzeko eskatu diote, besteak beste.
Gameze-Zihigako eskolaren itxiera
Bestalde, EHBE Euskal Herriak Bere Eskola herri mugimenduak, Zuberoako Gameze-Zihigako eskola txikiaren itxiera salatu du. EHBEren arabera, “iaz Paueko Hezkuntza Ikuskaritzak 25 irakasle lanpostu kentzea erabaki zuen, horietako bat Gameze-Zigako eskola txikian zegoen lanpostu bakarra. Hori dela eta eskolako ateak ixteko agindua jaso dute”. Ondorioz, eskola horretan zeuden 6 ikasleek egunero autobusez joan behar dute beste eskola batera. 
EHBEk erabakiak sortutako egoera salatu du: “Zuberoa desertifikazio egoera larrian dago, geroz eta gutxiago dira bertan ogibidea aurkitzen ez dutenak. Badira bertan Zuberoa bizi dadin eginiko proposamenak eta lanak, baina horrelako erabakiek kinka larrian uzten dute Euskal Herriko lurralde hori”.
 
Datorren urterako, hots, 2010erako, DBHrako, Batxilergorako eta Lanbide Heziketarako 451 lanpostuko eskaintza publikoa egingo duela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak. Hezkuntza Sailaren arabera, sektoreko sindikatuekin hitz egin ostean, azkenean, CCOO eta UGT sindikatuekin adostu du eskaintza. Bien bitartean,  ELA, LAB eta EILAS sindikatuek; 
hau da, gehiengo sindikalak, sektorearen egoera kontuan hartuta Hezkuntza Sailak egindako eskaintza nahikoa ez dela salatu dute. Eskainiko diren lanpostu horietatik %20k ez dute ezinbesteko baldintza betetzen, 2. hizkuntza eskakizuna.