142: Indarrean da jada Katakuniako Hezkuntza Legea

Kataluniako Hezkuntza Legea (KHL) indarrean sartu zen joan den irailean. Aurretik, uztailaren 1ean, Kataluniako parlamentuak Unibertsitatez Kanpoko Hezkuntza Sistema katalana erregulatuko duen araua onartu zuen.
Arau horrek, beste berrikuntzen artean, ikastetxeei autonomi pedagogiko zabalagoa eta zuzendariei ahalmen handiagoa eskaintzen die; ikasle etorkinen banaketa zuzenagoa hitzematen du sare publikoaren eta diru publikoarekin finantzatutako sare pribatuaren artean; irakasle talde propioa eratzen du; eta ikastetxe kontzertatutako eta ikastetxe publikoetako irakasleen soldatak berdintzen ditu.
Bestalde, erregimen linguistikoak KHLren tituluetako bat bereganatzen du. Bertan, katalana Hezkuntza Sistemako  eskolako hizkuntza dela xedatzen du, eta ikasleek derrigorrezko hezkuntzaren amaieran katalana eta gaztelania guztiz menderatu behar dituztela. Neurri horiek PPk eta Ciutadans-ek soilik kritikatu dituzte, gainera.
KHL zortzi urteko epean zabalduko da eta epe hori igarotakoan, hezkuntzan egiten den inbertsioa BPGren % 6 izan beharko du.
Lege horren aurrekaria, 2005eko otsailean kataluniako jendarteko hainbat kidek Bartzelonan, Hezkuntzarako Foro Sozialean, aurkeztutako manifestua izan zen. Dokumentu hartan jasotako ideia bat izan da jendarteko hainbat eragileren artean lortutako akordioa lege bilakatu bitartean egindako ibilbidean erreferentzia: hezkuntza eskubide unibertsala eta ondare publikoa dela, hain zuzen.
Era berean, aitortu eta aldarrikatu zuten Hezkuntza Sistemaren hobekuntzan jendarte eragile guztien inplikazioa beharrezkoa dela.
Hortik aurrera, Kataluniako Hezkuntza Sistema interes publikoko eredu gisa hartzeak bidean aurkitutako oztopoak gainditzen, eta ez dira gutxi izan!, lagundu du.
Garai bertsukoa da Euskal Herrian jorratu zen Euskal Hezkuntzarako Oinarrizko Akordioa. Hura ere, jendarteko eta hezkuntzako hainbat kidek babestu zuten.
Hala ere, eta aitortu behar da, akordio horrek nekez lortu du bidean aurrera egitea.
Aztertu beharko genuke, hezkuntza munduan egiten diren hausnarketetan eta eztabaidetan zenbateraino egiten diren herritar ikuspuntutik eta hezkuntza jendarte kohesionatu, bateragile eta juxtua lortzeko tresna gisa ikusiz, eta noraino egiten diren norberak mementuko interesei eta bere zilborrari begira.
Euskal Herrian hezkuntzaren gainean burutu gabeko eztabaida zabala eta irekia dugu egiteko. Hezkuntza jendartea hobetzeko bitarteko baliotsua eta ezinbestekoa dela sinestuz lehenik, eta norberak bere jarrerekin bide horretan zertan laguntzen duen, edo oztopatzen duen, aztertuz.
Bartzelonan entzun genuen: “Bestelako mundua posible da, bestelako hezkuntza beharrezkoa da!”