Mila esker!!

Uste dut 12 urte bete nituen arte edo nahiko ikasle ona izan nintzela.  Ikasteko balio zuten horietakoa, andereñoaren eta amaren esanetan. Jaungoikoaren grazia hark ukituta, ordea, nahiko beltza zen nire etorkizuna gizarte harremanei dagokienez. Asko irakurtzen nuen, beraz, imajina dezakezuenez denbora asko ematen nuen bakarrik,
eta liburutegiko bezero fidela nintzen.  Ez, ordea, oso tipo ospetsua ikaskideen artean. Ez bazen, bederen, nire fisikoari, janzkerari edota izaera baldar samarrari lotutako “txantxak” jasotzeko. 
Ikaskideen  trufatzeko zerrenda beltzean laugarrena baino ez nintzen, zorionez. Nire aurretik inguruarekin harremanak egiteko arazoak zituen eta andereñoek ere tontotzat hartzen zuten  mutil sentikor bat, neska betaurrekodun  “itsusia” –bullingaren klasikoetako bat– eta neskekin gusturago  ibiltzen zen mutil “amaneratua”  zeuden. Ni gimnasia gartsuarekin arazoak zituen potzoloa nintzen. Ezin esan, azkenaldian hain ospetsu bilakatu den bullyng delakoaren aitzindari haiek oso irudimentsuak zirenik. Ni bai, ordea, eta hori ere nire kaltetan… ez zegoen gure klaseko liderrak erraz konformatzerik! Burlaren eskaileran beste pauso bat gora ematen nuen haiekin integratzeko saio bakoitzeko. 
Ez dakit oso ongi zer gertatu zen ondoren. Hori bai, inoiz izan dudan lagunik fidelena egin nuen. Nire indibidualismoa izugarri garatu zen. Eta uste dut, ikasketek eskatzen zuten disziplinaren eta baldintzarik gabeko arretaren truke, irudimenak eskaintzen zidan ihesbidea aukeratu nuela. Aukera konszientea egin nuela esan nahi dut. 
Gogoan dut garai hartan kanoiez betetako belaontzien marrazkiekin betetzen nituela nire kaieraren orrialdeak. Haizea irudikatzen nuen. Haizea, nire belaontziaren paperezko oihalak bultzatzen. Kanoikadaka,  aho baino bozgorailu aspergarri haietatik ateratzen ziren kontzeptu, lege, formula eternalak… isilarazten. Agi denez, guztia borobiltzeko, pentsamendu kritikoaren txinpartak ere esnatu zitzaizkidan. A zer pagotxa gurasoentzat!! 
Orduz geroztik harreman gora beheratsua eduki dut  eskola porrota delakoarekin. Eskola ez dut batere errespetatzen instituzio gisa, baina izugarri estimatzen ditut bere inguruarekin eta ikasketa prozesuarekin inplikatuta dauden irakasle, laguntzaile, guraso, teknikari... ausartak. Asko ikasten dut haiekin, hezkuntza instituzioetatik kanpo gehienetan. Kuriosoa… ez da hala? 
Eta guztia ikastola oso konfesional, oso folkloriko eta oso klasista bati esker. Eta… irudimen gutxi baina frustrazio asko zituzten  ikaskide batzuei esker. Zorretan nago haiekin… kar, kar, kar.