MADARIAGA DORRETXEA

Zentroa aparteko eraikuntza batean kokatua dago. Dorretxea XV. mendean eraiki zuten, seguruenik garai hartan bando-gerretan ohikoak ziren defentsarako eginkizunak edukiko zituen dorretxe gisa. XVII. mendean jauregi erantsia eraiki zioten, bizitoki bihurtzeko asmoz. Dorretxeari erantsitako Erlujuaren Dorrea 1851. urtekoa da.
Zentroa Ihobek kudeatzen du; hots, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita dagoen Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak.
Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroa bi unitate ezberdinetan egituratua dago:
Ezagutza Unitatea
Ezagutza zientifikoa eta teknikoa sustatzeko, sortzeko eta kudeatzeko egiten da lan unitate horretan. Erabaki politikoak hartzeko euskarri gisa balio izateko, biodibertsitateari dagokion balioa emateko  eta gizartea sentikortzeko helburuarekin.
Erakusketa eta Partaidetza Unitatea
Madariaga Dorretxeak erakusketa-unitate bat du, eta unitate horren helburu nagusia Biodibertsitatea zer den azaltzea eta bere balioarekiko sentikortasuna lantzea da, argazkien, ikus-entzunezkoen, eta muntaketa interaktiboen bitartez.
Madariaga Dorretxeko behatokitik bista zoragarriaz goza daiteke, eta kataloxak erabiliz, hainbat lekuren xehetasunak aurki ditzakegu: Laidako hondartza, padura, estuarioa inguratzen duten mendi eta basoak, Atxarreko San Pedroko ermita...
Zentroak, gainera, honako hauek ere baditu: auditorium bat, hezkuntzarako eta prestakuntzarako lantegietara zuzendutako gune bat, eta biodibertsitatearekin lotutako gaietan sakontzeko dokumentazio publikorako zentro bat.
 
Eskola programa didaktikoa
Ingurumen Hezkuntza eta Sentsibilizaziorako Eskola Programa da Madariaga Dorretxeko Parte-hartze Publikoaren Unitatearen elementu nagusietako bat, eta ingurumena behatzeko, aztertzeko, gozatzeko eta hobetzeko hainbat ikaste jardueratan oinarrituta dago. 
Eskola Programa urritik ekainaren erdialdera bitartean garatuko da, eta honako helburu hauek bilduko ditu:
• Biodibertsitateari buruz sentikortzea eta ezagutzak hartzea, biodibertsitate orokorrekoak zein lan-eremuan (Urdaibai bertan) oinarritutakoak.
• Gizakiok ingurumenean dugun eragina ulertzea.
• Ingurumenaren eta Garapen Iraunkorraren garrantzia geure gain hartzea, eta baita horien kudeaketari buruzko problematika ere.
• Ekosistema ezberdinen garrantzia ezagutzea biodibertsitate iturri gisa, eta dibertsitate biologikoaren kontserbazioak gizakiontzat daukan garrantzia balioestea.
• Eskola-eremutik kanpoko harreman pertsonalak erraztea, eta astialdiaz gozatzeko modu konstruktibo berriak aurkitzea. 
Hezkuntza-ziklo bakoitzerako proposatutako jardueren edukiek lotura handia dute eskola-curriculumean bildutako helburuekin.