Zer berrikuntza dakarkio Gurasotegi egitasmoak hezkuntzari eta euskalgintzari?

Irakurle gehien-gehienek ez dute seguru asko Gurasotegi egitasmoaren berri zehatzik izango. Urte pare bat besterik ez baita egitasmo hau abiatu zela, Pasai Antxoko guraso talde txiki batek bultzatuta. Denborak aurrera egin ahala familia gehiago joan zaizkio lotzen, eta, jada, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo 18 familia dabiltza egitasmoaren inguruan.
Esandakoarekin antzematen da Gurasotegiren lehenengo ezaugarria: egitasmoak familiak biltzen ditu bere baitan, ez gurasoak banaka hartuta. Talde ikuspegia dugu oinarri. Familia harreman sare finko bat da, sendoa eta egituratuta dagoena. Talde osoa aintzat hartzea funtsezko zaigu, aurreraxeago emango ditugun arrazoiengatik, hezkuntza ildo batzuk aurrera eramateko, eta baita euskarazko eremuak finkatzeko ere.
Etxean euskaraz jardutea da, era berean, egitasmora hurbiltzeko beste baldintza ezinbesteko bat. Horrekin bat, Gurasotegiko jarduera guztietan euskara besterik ez dugu erabiltzen. Guraso mugimenduaren barruan “D eredua” izan nahi dugu.
Seme-alaben hezkuntzaren gainean dugun kezka da egitasmora biltzeko arrazoi nagusia. Hori dugu hirugarren ezaugarria. Hezitzaile garen neurrian zalantza ugari dabilzkigu gogoan, eta horiek besteekin partekatzea eta denon artean aurrera egiteko bideak bilatzea izaten dugu jardunbide. Geure burua hobetu eta prestatu nahi dugu. Iaz geure buruarentzat prestatu genuen egitarauan honako gai hauek jorratu genituen: 1) nola lagundu seme-alabei beren sentimenduei aurre egiten; 2) nola sustatu elkarlana; 3) zigorraz besteko bideak; 4) nola sustatu haurren burujabetasuna; 5) nola erabili goratzea.
Gurasook gurasoontzat antolatutako mugimendua da geurea. Ez gara ikastola-ikastetxe batek edo psikopedagogiako erakunderen batek antolatutako guraso eskola bat. Ez gara udal euskara zerbitzu batek edo euskara erakunde batek antolatutako euskararen transmisio kanpainako guraso talde bat. Ez, ez bata ez bestea, geure burua antolatu eta aurrera daramagun mugimendu bat gara. Gurasoen mugimendu burujabea.
Bada azken ezaugarri bat, agian aurrekoak bezain agerikoa ez izan arren, guretzat behinik behin, barruko ikuspegitik, oso-oso estimagarri dena: lan estiloa. Gure estiloa, erantzukizunetan baino gehiago, atseginean oinarritzen da, helburuetan baino gehiago, barne beharretan. Egiten ditugun gauzak gogokoak ditugulako egiten ditugu. Ez dugu geure burua behartzen, estutzen eta larritzen helburu batzuen bila jarduteko. Ibili egiten gara, barne gogoari begira. Ez dago talde presiorik konpromisoak betearazteko eta gogoko ez duguna egiteko.
Honaino zer garen. Eta zer berrikuntza dakarkio hezkuntzari?
Heziketa formalaren hedadura neurrigabearen garai hauetan, informazioaren eta arrazionalismoaren nagusitasun itogarriaren aldi hauetan, aire eta espazio pixka bat behar dugu arnasteko, etxeko heziketa naturalak duen itzelezko garrantzia aitortzeko, etxean berez, goxo eta osoki ematen den balio eta emozioen garapen naturala lehen lerroan jartzeko. Gurasook hezitzaile nagusiak gara. Egiteko horrek merezi du gorespena eta antolaketa autonomoa. Gurasook geure burua prestatu eta jantzi behar dugu, baina geure baitan oinarrituta, geure ardurapean, geure irizpideekin, geure erritmoekin. Etxeko heziketak badu bere eremu propioa, beste hezkuntza eremuekin batera daitekeena, noski, baina ez ezinbestean eskola erakundeen menpe edo esaneko. 
Etxeko hezkuntzaren muinak oso nabarmen jotzen du pertsonarteko harremanen kalitatea zaintzera. Behar dugun prestakuntza, beraz, ez da teorikoa edo teknikoa, esperientziala eta praktikoa baizik. Gurasook prestakuntza bide berezia behar dugu, eta bide hori geure beharretatik abiatuta eraiki behar dugu; honi eta hari entzunda bai, hemendik eta handik gauzak hartuta  bai, baina beti ere gure baitatik galbahetuta.  
Zer berrikuntza dakarkio euskalgintzari?
Euskararen erabilerak gero eta gehiago kezkatzen gaituen honetan, familiaren garrantzia inoiz baino argiago ageri zaigu. Datu asko ditugu honezkero baieztatzeko euskara erabiltzera bultzatzen dituzten barne baldintzak funtsean familian sortzen direla, eskolan baino gehiago. Hizkuntza baten erabilera gaitasunari bezainbeste lotuta dago jarrera eta alderdi afektiboei. Etxeko arragoan sortzen dira modu natural eta jarraituan hizkuntza baten erabilerak behar dituen baldintza afektiboak eta komunikatiboak. Hortaz, berriro ere gurasoak eta etxea ditugu hezkuntza eragile nagusi. 
Euskalgintzaren arreta berezko taldeetara bihurtzea behar-beharrezkoa dugu. Bertan sortzen da hizkuntzaren berezko osasuna eta bizitasuna. Eskolak ezin du izan euskalgintzaren erreferente nagusia, zeharo garrantzitsua dela aitortuta ere. Familiak duen lehen mailako eginkizuna sozializatu beharrean gaude. Gurasotegik hartara bideratu nahi du begirada modu praktiko eta hezur-haragizko batez. Horren ingurunean erreferente bizi eta erakargarri izan nahi du, errealitate bat, bide bat eta ipar bat erakusten duena.
Erreferente hori guk geuk, gurasook, eraikiko dugu edo ez du beste inork egingo. Esperientziak erakutsi digu ez dela oso bide emankorra gurasoei begirako planak bestelako erakunde batzuek egitea, hala eskolek nola udaletxeek edo euskara erakundeek. Gurasook, benetan mugituko bagara, geure baitan behar dugu motorra. Kanpotik eraginda bultza eta bultza datozen horiek ez dute gehienetan emaitza oparorik ematen, ez dute lortzen mugimendu autonomorik abiatzea. Kanpoko eta barruko mugimenduen arteko dialektikan dago hemen jokoa. 
Hezkuntzaren ikuspegitik bezala, hizkuntzaren ikuspegitik ere, familia erakunde bat da, talde bat, sare egituratu bat, sistema finkatu bat. Banakako ikuspegi batek galdu egiten du normalean dimentsio sistemiko hori. Guk, ordea, taldetasuna dugu jardueraren oinarri. Talde osoa baitago, nolabait, inplikatuta etxeko kideen artean harremanbideak moldatu, aldatu edo indartu nahi ditugunean. Eta guk, eragile sentitzen garen neurrian, hainbat eta hainbat kontu eragin nahi ditugu etxeko harremanetan, hala bihotz kontuetan, nola hizkuntz jokaeretan ere.
Gauzak horrela, hizkuntzan eta hezkuntzan, hankak alde banatan ditugun mugimendu autonomo bat eraikitzen ari gara poliki-poliki. Gure hezkuntza ikuspegia lantzen eta sortzen ari gara arian-arian. Irizpideak  argituz goaz. Eskarmentua eta bizipenak metatzen ari gara. Hizkuntza alorrean dugun erreferentzialtasuna ere garatuz joan behar dugu. Beste hizkuntz egoera batean bizi diren familiekiko zubiak nola eraiki ere ikuskizun dugu.
Jaioberri orok bezala, ugari ditugu eginkizunak. Hala ere, jaioberri orok bezala, gurekin dakargu jite eta nortasun berezia. Urte askotarako izan bedi.