Isabel Celaá. “Hezkuntza edozein herrialderen eraldaketarako ardatz nagusia da

Zeintzuk dira Hezkuntza Sailak legegintzaldi honetarako dituen erronka nagusiak? 
Zalantzarik gabe gure helburu nagusia hezkuntza sistema hobetzea da. Modernizatu egin nahi dugu. Eta horretarako, uste dugu, modurik eraginkorrena akordioak bilatzea dela. Hau da, oinarri komunak dituzten elementu estrategiko batzuetara ailegatzea, horietan, pentsamenduak eta ideologiak alde batera utzita, guztiok etxean sentitu gaitezen.  
Hezkuntza Sistema hori modernizatzeko hiru zutabe nagusi landu behar ditugu: Lehenengo, eta oso modu berezian, eskola publikoa hezkuntza sistemaren erreferentea dela uste dugu. Hori dela eta, eskola publikorako plan estrategiko bat prestatu eta aurkeztuko dugu. Gauza ugari aipa ditzakegu ondoren horren baitan. Nola landuko ditugun hizkuntzak, nola landuko dugun eskolaren eraldaketa teknologikoa, nola txertatuko garen Europako xedeetara...  
Beste zutabe bat funts publikoekin mantentzen diren ikastetxeei, hau da, itunpeko ikastetxeei, bidezko tratamendua emateko filosofia oso bat osatzea izango litzateke.  Eta oinarrizko hirugarren zutabea, ezinbestekoa, unibertsitatean ikerketaren alorra garatzea izango litzateke. Uste dut hirurek batera, bakoitzak bere edukiekin, sistema modernizatzeko esparru oso bat taxutzen dutela.  Eta horretarako beharrezkoa da akordioak lortzea. Agian zenbait gaietan ez dugu hain akordio zabala izango, baina beste batzuetan lortuko dugu. Izan ere, nik ezagutzen dut eragile politiko eta hezkuntzako eragileen pentsamendua. Eta uste dut zenbait gauzetan nahiko ados gaudela. Ez dira alferrikakoak alor honetan lanean daramatzagun urteak.  
Guretzat hezkuntza edozein herrialderen eraldaketarako ardatz nagusia da. Hau da, hezkuntzarik gabe egin daitekeen lan guztia alferrikakoa izango da. Azken batean, herrialde batek izan dezakeen erakusgarri onena bere hezkuntza sistemaren maila baita. 
Aipatu dituzun hiru ardatz nagusien artean eskola publikoaren garrantzia eta itunpeko ikastetxeen bidezko finantzaketa aipatu dituzu. Nola uztartzen dira biak? 
Buletin bitartez agintzen duen jendea, eta akordio bidez agintzen duen jendea dago. Nik nahiago dut akordio bitartez egin. Izan ere, inposaketak, oro har, ez dira urrutira iristen.  
Oraintxe nire gain hartu dudan hezkuntza sistemako ikasleen %50 itunpeko ikastetxeetan dago. Eta nik uste dut, politikari batek duen lehenengo betebeharra errealitatea aintzat hartzea dela. Horixe da errealitatea eta nik errealitate horren arduradun egin behar dut.
Zergatik diot hezkuntza publikoa ardatz nagusia dela? Administrazio publiko orok ardura nagusi bat duelako: pertsona guztiek hezkuntzarako duten eskubidea aintzakotzat hartzea. Eta hori oinarrizko eskubide bat den heinean, administrazio publikoa da eskubide hori berma dezakeen bakarra. Gainerakoek nahi badute egingo dute, baina administrazio publikoak betebehar hori dauka. Horregatik, administrazio publikoak ezin du inolaz ere eskubide hori ate atzean botata utzi. Hau da, ezin du inolaz ere, erantzukizun hori alboratu. Eta egiten badu, hots, hezkuntza sistema osoa erakunde pribatuen esku uzten badu, bere erantzukizunen aurrean entzungorrarena egiten ariko da. 
Beraz, bi gai izango lirateke. Administrazioaren ardura eta ikastetxeek eskaintzen duten zerbitzu publikoa. Kataluniako Hezkuntza Akordioan, esaterako, zerbitzu publikoaren zentzu hori indartzen da. 
Ni, egia esan, saiatuko nintzateke Euskadi eta Katalunia bezalako bi herrialde ez alderatzen. Arrazoi erraz bategatik. Kataluniak bere garapen propioa izan duelako. Esaterako, Kataluniak udalerrietan oinarritutako hezkuntza sistema bat izan du. Eta guk euskal hezkuntza sistema oso ona, eta elebiduna daukagu. Bere ibilbide propioa izan duena. Badakit, Katalunian lege horren bitartez filosofia bat garatzen joan direla. Filosofia hori tarteko, ikastetxe publikoak tratatzen dituzte publikoak izango ez balira bezala, nolabait esatearren.  Nik errespetatu egiten dut egiteko modu hori, baina hemen ez luke lekurik izango. Ez luke tokirik izango Katalunian egin den moduan. Hau da, guk gure garapena izan behar dugu, gure hezkuntza sistema, eta izan badugu. Sistema horrek bere ezaugarriak ditu, guztiz berritzaileak. 
Guk hezkuntza sistema elebiduna dugu. Hain zuzen ere, euskara hezkuntza publikoan sartzea berrikuntza askoren iturburu izan zen. Horren harira gogorarazi behar dugu, Katalunian gertatzen ez zen bezala, 80ko hamarkadan euskara eskola publikoan sartzeko ahaleginetan hasi ginenean, ni hezkuntza sailburuordea nintzen orduan, irakasleen %5a baino ez zela elebiduna. Orain, bide luzea egin dugu eta irakasleen %80a elebiduna da. Beraz, badugu oinarri bat hizkuntzei dagokienez gehiago ere egin dezakegula esateko. 
Irakaskuntzak eskaintzen duen zerbitzu publikoarengatik aipatzen genuen Kataluniako adibidea. 
Hezkuntza zerbitzu publiko bat da eta hala esan dut nik ere. Egia da kezkatuta gaudela A Gripearen balizko mehatxuak ikasgeletan izan dezakeen eragina dela eta. Baina hezkuntza zerbitzu publiko bat dela eta posible den neurrian gure ikastetxeak zabalik mantentzeko ardura daukagula, argi daukagu. Beraz, hezkuntza zerbitzu publiko bat da, egiazki. Eta eskaintzen duten eragile guztiek, zerbitzu publiko bat eskaintzen dute. Ezbairik gabe, baina, titulartasunak ezberdinak dira eta gai juridikoa den arren praktikan ondorioak ditu. 
Esaterako, administrazio publikoak eskola publiko batean inbertitzea erabakitzen duenean, badaki titularra dela, eta era berean ikastetxe publiko hori herritar orok ordaintzen duen administrazio publikoaren ondarearen barruan dagoela. Alabaina, dirua itunpeko ikastetxe batean jartzea erabakitzen duenean, diru hori itunpeko ikastetxe horretako titularrarena izango da. Ikastetxe horrek, biharko egunean ixtea erabakitzen badu, administrazio publikoak ezin du jarri duen dirua berreskuratu. Beraz, esan nahi dudana da, eman beharrekoa den, eta erkidego honetan modu berezian ematen dugun laguntza horretatik haratago, kontutan eduki behar dela administrazio publikoak zergen bidez hiritarrek egiten duten kontribuzioa zaintzeko betebeharra duela.  
Ikastetxeen autonomia aipatu duzu lehen. Autonomia hori beharrezkoa da proiektuek aurrera egiteko, gurasoek, irakasleek, denek erabakietan esku hartu ahal izateko... Baina landu al daiteke bide hori legeari dagokionez? 
Oso galdera egokia da. Izan ere, urteak daramatzagu ikastetxeen autonomiari buruz eztabaidatzen. Are gehiago, autonomia hori legez aitortuta dago. 1993an Eskola Publikoaren legea egin genuenean, heziketa zentruek beren autonomia garatzeko zuten eskubidea gauzatu genuen: pedagogikoa, antolaketari dagokiona, ekonomikoa... Ordutik hona, 93ko legetik hona, hainbat gauza garatu ditugu, beste batzuk, baina, aztertzeko daude oraindik.
Izan ere, ikastetxeek egiten duten eskaera nagusietako bat horixe da. Ea autonomoagoak izan gaitezkeen, itunpeko ikastetxeekin baldintza homologagarriagoak izateko. Horrek hainbat zailtasun ditu. 1993az geroztik administrazioan izan den ia inork ez dela gai hori sakonki aztertu. Batez ere, muga batzuk dituelako. Irakasleen gaia, esaterako. Azken batean zerrendak jarraitu behar dira, berdintasun printzipioak gidatu behar baitu zeregin publikoa. Baina badira egin daitezkeen gauza batzuk, eta egiten aritu garenak. Adibidez, lehen, ikastetxe bati ordutegi bat ematen zitzaionean, ez zitzaion ordubete ere ematen berak nahi edo behar zuenerako erabiltzeko. Orain, ordea, ikastetxeek astean bost ordu dituzte irakasgai bati edo besteari eskaini ahal izateko. Alegia, pixkanaka ikastetxeen autonomia hori zabaltzen ari gara. 
Baina, noski, benetan autonomia hori guztiz zabaltzea irakasleen gaia ukitzen hastea izango litzateke. Eta irakasletza, funtzio publikoa da eta berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioek zuzentzen dute. Eta hori, ezbairik gabe, ez dut esango autonomia garatzeko oztopo bat denik, baina bada autonomiaren inguruan bueltaka dabilen berezitasun bat. 
Baina autonomiaz hitz egitea, esaterako eskola txikietan urtero irakasleen %50a aldatzen denean, oso zaila da.
Bai bai, horrela da eta arrazoi osoa duzu. Euskal hezkuntza sisteman irakasleen portzentaia handia da finko ez dagoena. Ez bakarrik eskola txikietan. Horietan geratzen direnak, oso bokaziozkoak izaten dira, inguruan sustraituta daudenak, oso profesionalak eta benetan eskola txikien proiektuan sinisten dutenak. Nahiago nuke bokazio eta profesionaltasun hori leku guztietan izango bagenu.  Euskal hezkuntza sisteman irakasle asko daude postu finkoa ez dutenak; neurri handi batean 70eko hamarkadan elebakarra zen sistema batetik, sistema elebidun bat egin behar izan dugulako. 
Orain, aurreko legegintzalditik oinordekotzan hartutakoa egiten ari gara, hau da, hainbat oposaketa daude martxan. Aurten 1053 irakasle finkatu ahal izan ditugu eta datorren urtean bigarren hezkuntzako oposaketa egingo dugu. Izan ere, azaldu duzuen bezala, nola lotu proiektu bati, nola ilusioa izan eta konpromisoa eduki proiektu baten garapenarekin, inguruarekin, guraso elkartearekin... lanpostu finkorik ez baduzu eta ez badakizu datorren urtean non egingo duzun lan? Benetan da garrantzitsua.  
Aipatu duzun beste gai garrantzitsu bat; hizkuntza ereduena. Nola bermatuko da derrigorrezko hezkuntza amaituta ikasleek bi hizkuntzak –euskara eta gaztelania– menderatzea? 
Uste dugu bermatu egin behar dugula derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitzean ikasleek gaitasunak bi hizkuntzatan garatzea. Besteak beste, guztiei aukera berdintasuna eskaini nahi diegulako.  
Bi bide daude hori egiteko. Bata inposaketaren bidea da eta badakigu horrek zein emaitza ematen dituen; oso txarrak. Gainera, inposatzen den hizkuntzarekiko ezinikusia sor dezake eta gu ez gaude ados bide horrekin. Beste modu bat konbentzitzea izango litzateke. Gurasoei esatea garrantzitsua dela Euskadiko neska-mutilek euskaraz eta gaztelaniaz jakitea. Garrantzitsua dela, bi hizkuntza jakiteak hirugarren bat edo gehiago jakitea errazten duelako. Baina, batez ere, herrikideekiko errespetuagatik. 
Erkidego honetako gurasoek aske aukeratzeko duten eskubidea aitortzen dugu, eta ez ditugu aukera bat edo beste egitera bideratuko. Ez A eredura, ez B eredura ezta D eredura ere. Gertaerek berresten dute, gurasoak D eta B ereduak hautatzen ari direla. Eta ikasturte honen hasieran ikusi berri dugu hori. Hau da, A ereduko sarrerak ez dira %6ra iristen.  
Gurasoek, edozein arrazoi dela tarteko, uste badute bere seme-alabak A eredura eraman behar dituztela, egin dezatela. Ikusten ari gara joera nolakoa den. Baina, egia da, guk konpromiso bat dugula, baita A eredura joaten diren horiekin, trebetasunak modu elebidunean garatu ahal izateko.  
Ezin dugu ulertu neska-mutilek hamahiru urte A ereduan eman eta gero oso gutxi jakitea. Beste sistema batzuk bilatu behar ditugu, metodologia aktiboagoa erabili behar dugu. Ahalegina egin behar dugu, A ereduan geratzen diren haur horiekin. Esaterako euskarazko barnetegietara joateko aukera izan dezaten. Era berean, zenbait ikasgaietako atalen bat edo beste euskaraz eskaini ahal izateko aukera ere aztertu beharko genuke. Horrek, badakizue, zenbait jende asaldatu egingo lukeen arren.  
Ez dugu ereduak desitxuratzeko asmorik. Baina euskal hezkuntzan, gertaeren indarrak eramango gaitu hizkuntzak pixkanaka eredu bakar batean integratzera. Eredu hori askotarikoa izango da, dauden ikastetxeen adinakoa. Hau da, ezingo dugu eredu itxi bakar batez hitz egin. Baina euskal hezkuntza sistemaren joera, une honetan, elebitasuna lantzearena da. Apurka apurka ingelesa sartuz.  
Baina sistema hirueledunarekin, edukien transmisioa ezberdina izango da, baita eskolak emateko modua ere.  
Izan ere, hizkuntzak modu bideratzailean erabili behar dira, hots, ikas hizkuntza bezala. Horrela erabiltzen ez badira, askoz mantsoago ikasten dira. Heldu askok dute ingelesa ikastea egiteko dituzten gauzen artean. Ez dutelako eskolan ikusi eta ikusi dutenean, I am, you are, he is... ezagutu dutelako. Gauzak horrela, guk ingelesa bultzatu nahi dugu. Beti ere koofizialtasunean oinarrituta, hots, euskara gehiago emango da ingelesa baino. Ingelesa, baina, ikasgaiak transmititzeko tresna moduan erabili behar da.  
Orohar, herrialde honetan nahiko txarrak gara hizkuntzetan. Esaterako Herbeeretan, gasolindegiko langileak nahi duzun hizkuntzatan egiten dizu kasu. Hemen, besteak beste, filmak itzuli egiten dira. Eta hori oso erosoa izan da ikuslearentzat baina ondoren, hizkuntzak ikasteko traba bilakatu da.
 
Bada beste puntu garrantzitsu bat. Europako hezkuntza ildoak zein eragin izaten ari dira?  
Europako helburuei dagokienez, hau da, Lisboa 2010eko helburuei begira, ez gaude gaizki. Ez behintzat gure ingurura begiratzen badugu. Baina ez gaude bikain. Bi helburu daude. Lehena, hezkuntza sisteman dauden ikasleen %85ak gutxienez, goi heziketa izatea. Hau da, derrigorrezko hezkuntzaren ondoren gutxienez batxilergoa edo heziketa profesionala egitea. Azken batean 18-19 urtera arte ikasketak arrakastaz gainditzea.  
Alde horretatik, euskal hezkuntza sisteman nahiko ondo gabiltzan arren, 2010erako ez gara %85 horretara ailegatuko. Une honetan hori egiten duten %81-82 inguruan gabiltza. Hala ere, eta parentesi bat zabaltzera noa, krisi ekonomikoak lagundu egingo digu ikasleak hezkuntza sisteman mantentzen.  Europako bigarren erronka eskola bertan behera modu goiztiarrean uzteko dagoen joera saihestea litzateke. 2010erako, Lisboak esaten digu lortu behar dugula eskola dagokiena baino goizago ikasleen %10ak baino gutxiagok uztea. Gai horretan ere, gure ingurukoak baino hobeto gauden arren, ez dugu helburua lortuko. Oraindik %15ean gaude. Baina horretan ari gara. Ikasleek derrigorrezko bigarren hezkuntza gainditu eta ikasketak uztea saihestu behar dugu.  
Orain lotura lana egiten ari gara. Krisia soka bezala erabiliko dugu lan mundura joan zitzaizkigun ikasle batzuk berreskuratzeko. Bitarteko malguak behar dira horretarako. Izan ere, orain arte hezkuntza sistemako sartu irtenak oso zurrunak izan dira, eta horiek malgutu beharra daude. Helburu argi batekin: ikasleek denbora gehiago pasatu dezatela lan intelektuala egiten.  
Irakasgai bakoitzeko irakasle bat izateak, horrek ez al du ikasleen bizitza zailtzen...    
Bai, eta batez ere adin zehatz batzuetan. Garai bateko lehen hezkuntzako irakasleaz oroitzen naiz. Denetatik irakasten zuen, haurra inork baino hobeto ezagutzen zuen, bere akats eta bere trebetasunekin, guztia zekien. Baina zer gertatu zen? Ingeleseko espezialistak, heziketa fisikokoak, informatika irakasten zutenak... oso ongi hartuak izan ziren, azken batean irakasle bakar batek ezin zuelako guztia jakin. Eta errealitatea oso konplexua bilakatu da, ingelesa erakutsi behar diegu, informazio eta komunikazio teknologietan trebatu behar ditugu...Eta irakasle bakar batek ezin du horrekin guztiarekin. Baina, era berean, irakasle bakar horrek zeukan gaitasuna, ikasleekin zuen harremana, ikuspegi orokorra... galdu egin da, apur bat.  Espezialista oso ondo dago adin batetik aurrera. Baina haurrek, txikienek, norbait behar dute. Horregatik, nik badut garatu nahi nukeen ideia bat. Baina krisia tarteko dela nahiko lotuta nago. Benetan uste dut edozein ikaslek bere ikasgelan izan dezakeen tutore formalaz gain, haur bakoitzak izan behar duela beste tutore bat. Bere orientatzailea izango dena, bere izaera ezagutuko duena, nerabe baten arazoen berri izango duena...Izan ere nerabeek zalantzak izaten dituzte, bere bizitzako unerik ahulenetakoa da eta aldi berean gailenena. Tutore horrek gidatu egin beharko luke, segurtasuna eman, enpatia eskaini... Bakoitzari tutore/orientatzaile bat egokitu beharko litzaioke. Ikasleak ikasturtea gaindutuko duen kezkatik harantzago. Ikastetxean erreferentzia puntu heldu bat izan dezaten. Horixe bultzatzea gustatuko litzaidake niri, ea nola egiten dugun.  
Aipatu duzu hezkuntza ezinbestekoa dela gizartea eraldatzeko. Baina krisi ekonomikoak nola eragingo dio?
Krisiak denei eragingo digu. Nik badakit 2010ean, eta zorteduna sentitzen naiz horregatik, 2009ko aurrekontuaren antzekoa izango dudala, eta hori pagotxa da egoera ikusita. Bestelako arloek izango dituzten murrizketei begiratu besterik ez dago.  
Ezinbestekoak ez diren elementu ugari joan da pilatzen euskal hezkuntza sistemaren itsasertzean ere. Baina gogoratu behar dugu hezkuntza sistema zerbitzu bat dela eta, beraz, saiatu behar dugu testuinguru ekonomiko honetan –nahiz eta 2009ko aurrekontu bera izan–oso mugatuta gaudela kontutan izaten, hezkuntza kontzertuak direla tarteko, eskola publikoaren garapena dela eta, aurten 8.000 ikasle gehiagok eman dutelako izena... 
Hasi gara gastuak arrazionalitzatzeko formulak zehazten. Baliabideak gehiago kontzentratu ditzakegu eta ez hain sakabanatuta eduki. Era berean, langileriaren gaia arrazionalizatu beharra dago, bai funtzio publikoaren barruan baita ikastetxeetan ere. Azken batean, krisiak ariketa garrantzitsuak egitera behartzen gaitu. Dagoeneko hainbat ikastetxetako titularrekin egin ditut bilerak eta ardurak hartu ditugu jarraitu beharreko doitasun arau batzuen inguruan. Gauzak beste modu batera egin ote daitezkeen aztertzen saiatuko gara, baliabide ekonomikoak hezkuntza politika garaikideagoak egiteko erabili ahal izateko.  
Esaterako, ikastetxeen eraldaketa teknologikoa oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Gai honen inguruan eszeptizismo handia dago, esan erraz esaten delako, baina egitea zaila izan daitekeelako. Baina ikasturte honetan lehen hezkuntzako 5. maila osoak eraldaketa teknologiko hori izango du. Ikasle bakoitzak ordenagailu bat izango du eta horrekin egingo dute lan. Gainera software libreari bultzada bat ematen saiatuko gara. Egia da ahalegin handi bat egitera behartuko gaituela. Besteak beste, irakasleei formakuntza eman beharko diegu dinamizatzaileak izan daitezen.  
Ingelesa beste gai bat izango litzateke. Barnetegiak ezarri nahi ditugu lehen hezkuntzako 6. mailako ikasleei zuzenduta. Ikasturte osoan, gutxienez astebetez, hara joateko ohitura ezartzen joan daitezen nahi dugu.  
Europako araudiak aipatzen du batzorde bat osatu beharko litzatekeela gizartean landuko diren balioak zehazteko. Europako hainbat lekutan, Katalunian esaterako, horrela diseinatuta dago eta komunikabideek, hezkuntza eragileek, administrazioak... batzordean parte hartzen dute. Horrelako zerbaitentzat lekurik ba al dago? 
Guk ere horrelako zerbait sustatu nahiko genuke hemen. Dagoeneko badugu euskal telebista publiko bat hirugarren kate bat duena. Uste dut hori baliatu beharko litzatekeela balioak eta gaitasunak garatzeko. Gure kasuan esaterako gaitasun lingüistikoak garatu daitezke hirugarren kate horren bidez. Gai honi buruz hitz egin dut Alberto Surio EiTBko zuzendariarekin eta bera ados egongo litzateke horrelako proiektu bat garatzeko aukerarekin. 
Azken batean gure baliabideak aprobetxatu behar ditugu heziketarako eta kulturarako kateak egiteko. Uste dut ETB3 ezin hobea izan daitekeela hori guztia martxan jartzeko.  Azken batean eskolak ezin du, inondik inora, guztia egin. Lehenengo urratsa familiak inplikatzea izango litzateke eta ondoren baita gizartea ere. Guztion artean –administrazioa, zuek, telebista...– gai izan beharko genuke gizarteari hezkuntzak duen garrantziaren berri emateko... Alegia, gizarteari ulertarazi behar diogu hezkuntzak lehentasuna duela eta ezinbestekoa dela nork bere trebetasunak garatu eta ondoren gizarteari ekarpena egiteko. Lana batera egingo bagenu, agian lortuko genuke. Eskolatik bakarrik ezinezkoa da, asko hitz egin behar da horri buruz eta hedabideak erabili behar dira hori guztia transmititzeko.  
A gripeari buruzko aipamena egin duzu lehen. Hainbesteko eragina izango al du? Ez al gara apur bat jendea beldurtzen ari? 
Egia esan oraindik ez dakigu zenbaterainokoa izango den. Aurretik izan ditugun behi eroen gaitza eta hegaztien gripea gogoratzen baditugu ohartuko gara izugarrizko alarma sortu zela eta azkenean ez zela hainbesterako izan, gurean behintzat. A gripearen inguruan, lasaitasun mezua helarazi nahi izan diegu familiei. Ez axolagabetasunarena. Guk badaezpada neurriak hartuko ditugu eta bide batez ohitura osasungarriak bultzatuko ditugu ikastetxeetan. Esaterako, haurrek eskuak egunean lauzpabost aldiz garbitzea primeran dator, beti.  
Baina, noski, ezin dugu ia ezer egin hedabideek sortu duten alarmaren aurrean. Esan beharra dago, alarma gehiago somatu dudala komunikabideetan familietan baino. Abuztuan ikastetxe publikoetako gurasoekin, itunpeko ikastetxeetako titularrekin, EUDELekin, errektoreekin, sindikatuekin...esateko zerbait zuten guztiekin bildu nintzen. Eta normaltasunez hartzen dute gaia.  
Gu OME Osasunerako Mundu Erakundearen argibideak jarraitzen ari gara eta gainera hedabideetatik sortzen ari den alarma horri erantzuteko erantzunkizuna dugu. Baina nik espero dut A gripearekin aurrekoekin bezala gertatzea. Bestelako ondoriorik gabe pasatzea.  
Amaitze aldera. Irakasleei, ikasleei, gurasoei zein mezu helaraziko zenieke zuk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu zaren aldetik. Zeintzuk dira gakoak sortu nahi den hezkuntza aurrera eramateko?
Lehenik eta behin, hau ezin du administrazioak bakarrik egin. Familien laguntza eta konplizitatea behar ditugu. Gurasoen beharra daukagu eta beraiek ere ardura hartu behar dute, eta mugak jarri behar dizkiete seme-alabei. Heziketa mugak jartzea da. Ikasleek jakin egin behar dute garatu ahal izateko eta egin nahi dituzten gauzak egiteko muga batzuk dituztela. Ezinbestekoa da eskolaren eta familien arteko harremana.  
Era berean, ezagutzaren eta balioen transmisioari garrantzia handia eman behar zaio. Balio eskala argia izan behar da. Bi edo hiru balio, baina mugiezinak. Hezkuntzaren helburua ezagutza transmititzea dela gogoratu behar dugu, baina ezagutza pilatzea, baliorik gabe, alferrikakoa dela. Egia, ontasuna, errespetua...ezinbestekoak dira.  
Eta oso garrantzitsua, irakaskuntza eta heziketa ez nahastea.