Euskararen erabilera areagotzeko estrategiak eskolatik abiatuta

Euskararen erabilera

Azken hamarkadetan, ikastolaren, eskolaren, eta, oro har, hezkuntzaren egiteko garrantzitsuenetakoa euskararen ezagutza izan bada ere, azken aldian ezagutza horren maila eta kalitatea aztergai bihurtu dira. Datuen argitan, gero eta ikasle kopuru handiagoa ateratzen da eskolatik euskaldundua.

Hala ere, EUSKARAREN ERABILERA da kezka nagusia euskararen normalizazio prozesuan, erabilera delako normalizazio mailaren adierazle nabarmenena. 

Martinez de Lunak  landutako ”erabileran eragiten duten FAKTOREAK” eskema argigarria da, modu grafikoan:

 

Eskeman agertzen diren hiru atalek eragiten dute, aldi berean, euskararen erabileran. Horregatik, atal bakoitzean egiten diren hobekuntzek erraztu egiten dute euskara erabiltzea. Era berean, atal bakoitzean ematen diren atzera pausoak euskararen erabilerarako oztopo izango dira.

Horien guztien eta beste batzuen ekarpenak kontuan hartuz, euskararen erabileran eragiten duten hainbat funtsezko irizpide jar litezke:

1.- Norbanakoarekin zerikusia dutenak: gaitasun erlatiboa (hoberen menderatzen duen hizkuntza), motibazioa, jarrera, euskal identitatea eta abar.

2.- Dentsitatearekin zerikusia dutenak (testuingurua): euskararen eta euskaldunen presentzia. Norberari buruz espero dena, espektatiba eta abar.

3.- Norbanakoaren eta jendartearen arteko harreman sarea, gertuko euskaldunen kopurua, batez ere. Horrek, (familia, koadrila…) aurreko bien arteko zubi papera jokatzen du.

Datu zehatzetara joz, euskararen kale erabilerak honako bilakaera izan du Euskal Herrian: 1989an % 10,8; 1993an % 12,0; 1997an % 13,0; 2001ean % 13,5 eta  2006an % 14,2.

 

Hezkuntza

Hezkuntza formalaren esparrura etorriz, ESKOLA instituzio bat dela esan beharra dago. Hori baino gehiago ere bada. Eskolak komunitatea sortzen du, gertuko harremanak ditu, inguruan eragiten du, euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko espazioa eskaintzen du edo eskain lezake; euskara irakasten du, eta euskaraz ikasteaz gain, komunikaziorako eta erabilera sustatzeko baliagarri dela erakutsi du.

Erabilerari dagokionez, hezkuntzan gehien eragiten duten faktoreak hauek lirateke:

- euskaldunen dentsitatea 

- euskaraz eta erdaraz hitz egiteko gaitasun erlatiboa

- euskararekiko jarrera, motibazioa eta identitatea. 

Horregatik, hiru faktore horietan eragin behar da, gutxienez.

Nabarmena da haurren artean euskaldunen dentsitateak ikaragarri egin duela gora. Euskal ereduan (D), haurrek eskola euskararekin identifikatzen dute eta proportzio handian erabiltzen dute euskara.

Era berean, gaztetxoen artean euskararen erabilera indartzeko lehen urratsa betetzen hasi da: denek euskara ezagutzea. Hasi dela diogu gazteen euskaldun kopurua handitzen ari delako. Hala, hainbat herritan eta eskualdetan egoera ona dela esan baliteke ere, ez da orokorra, eta, orokortzea ezinbesteko baldintza da erabilpena sustatu nahi bada. 

Horrela, bada, euskaraz ikasten duten haur eta gazteen kopurua gora egiten ari da etengabe. Eta datuak ikusita, euskararen ezagutza lana duela hamarkada batzuk baino aurreatuago dagoela pentsa liteke. 

Hala ere, 12 eta 16 urtekin jasotako emaitzak ez dira nahi bezain onak. Hiru ikasletatik batek omen du “maila egokia” derrigorrezko irakaskuntza amaitzean.

Bestalde, euskararen erabilera datuek kezka sortzen dute. Txikitan, euskaraz hitz egiteko hartutako ohitura nerabezarora iristerakoan ahuldu egiten da. 

Bada kontuan hartu beharreko beste datu esanguratsua, ikasle euskaldunen artean etxetik euskara ez dakartenak (euskaldun berriak) gehiago dira, jada, euskara etxetik dakartenak (euskaldun zaharrak) baino. Euskara lehen hizkuntza edo bigarren hizkuntza duten bi kolektiboak ezberdinak dira, erabilera emaitzetan frogatzen da hori. 

Horregatik, euskararen erabileran eragiteko, aldekoagoak eta sendoagoak behar ditugu beste bi faktoreak ere: gaitasun erlatiboa eta motibazioa, jarrera, identitatea... 

Egiteko horretan, eskolak eta eskola ez den beste hainbat erakundek ere eragin handia dute. Euskararen erabilera gehitzeko lanean aritu behar dira elkarlanean ikastetxeak, familiak, kirol elkarteak, aisialdi taldeak, euskara eta kultura elkarteak, udalak, Administrazioak eta beste asko.

Proposamena antolatzeko, eskola barrutik abiatu eta kanporako ibilbidea egingo da. Eskolako gelatik hasi eta instituzioetan amaitu. Izan ere,  eskolak bakarrik ezingo luke lortu euskararen normalizazioa, eta, aldi berean, eskolaren lanik gabe ezinezkoa litzateke. Horrela, bada, bakoitzak egin beharko lukeena diseinatzen ahaleginduko da Kontseilua, ondoko eskema jarraituz:

 

Ikasgela

Ikasgela espazioaren MARKOA ongi definitzeak asko laguntzen du:

- Euskara da gelako hizkuntza.

- Gelan euskaraz bizitzen da.

- Gurasoekin edo gelatik kanpoko edonorekin euskaraz egingo da, ahal den guztietan.

- Gelatik kanpora egingo diren irteerak aurretik prestatuko dira euskaraz izan daitezen.

Erabileran eragin nahi badugu, ikasgelan jarri beharreko hizkuntza helburu nagusia ikasleek euskara ongi ezagutzea eta barruko bizitza euskaraz egitea da.

Horren harira, eskolak gehien eragin dezakeen arloa curriculumarekin zerikusia duena da. Eta gela barruan egiten diren jarduerek hizkuntzaren erabilera bultzatu beharko lukete. Hau da, ez litzateke bereizketarik egin beharko hizkuntzaren irakaskuntzaren eta erabileraren artean. Har dezagun kontuan, hizkuntzak, komunikaziorako baliatzen diren neurrian eskuratzen direla.

Adituen arabera, hizkuntzak hobeto garatzen dira jakintzarekin batera; hau da, ikasleek hobeto ikasten dute edozein hizkuntza beste zerbait ikasten ari direnean.

 

Hizkuntza proiektua

Gehienetan, hizkuntza bakoitzaren irakaspenean metodologia bat erabiltzen da, hizkuntza bakoitza modu desberdinean ikasten dela pentsatzen baita (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa…).

Adituek beste norabide bat markatzen digute, ordea: hizkuntzen artean loturak daude, transferentziak, eta lotura horiek, gainera, oso garrantzitsuak dira.

Hizkuntza ezberdinetako irakasleek, beren artean koordinatu beharko lukete edukiak, metodologia edo hizkuntza jarduerez aritzeko eta horiek adosteko. Elkarlan horren ondorioz, hizkuntza bakoitzean ikasitakoa beste hizkuntzetara transferituko litzateke eta beste hizkuntzetan erabili ahal izango litzateke: curriculumeko hizkuntza batean landutakoa ez litzateke errepikatuko, beraz, beste hizkuntzetan.

 

Eleaniztasuna

Azterketen arabera, gaitasun eleaniztuna ez da hainbat gaitasun elebakarren batura; izaera propioa du eta jendarteak sortzen dituen behar komunikatiboen arabera garatzen da; hau da, egoera komunikatiboaren, gaiaren, hartzailearen, helburuaren, eta abarren arabera.

 

Murgiltzea

Euskaran murgiltzea ezin da eskolan edozein eratan egin. Murgiltzeak baditu hainbat arlo zaindu beharrekoak, eraginkorra izan nahi badu, behintzat:

- Euskaraz aritzeak dituen abantailak ongi azaldu behar zaizkie gurasoei: alderdi kognitiboa, psikologikoa, soziala, instrumentala, integratzailea, emaitza estatistikoak eta beste.

- Bereiztu behar da murgiltze programa eta garatze eta mantentze programa. Murgiltze programetan hasten diren ikasleek ez dakite eskolako hizkuntza. Beraz, euskara etxetik dakartenek ez dute murgiltzea egiten, matentzea eta garatzea baizik.

- Murgiltzen diren ikasleen hizkuntzak ezagutzea edota ezagutzen dituzten laguntzaileak izatea oso beharrezkoa da. Ikasle berriak haien hizkuntzetan adierazten dira eta zertan ari diren jakitea lagungarri da.

- Irakasleak euskara ona izan behar du: egoeretara egokitzen dakien hezitzailea; maiz hitz egingo duena, eta elkarrizketak erraztuko dituena; nori galdetzen dion eta nola kontuan hartuko duena; gutxien dakienei galdera egitean erantzuna ia inplizitu jartzen duena; eta abar.

- Edozein adinetan, gaiak, irteerak, proiektuak eta abar curriculumean landu behar den hura euskaraz eginda errazago ikasten da hizkuntza, hizkuntza modu espezifikoan lantzen baino. Horregatik, euskara erabiltzeko testuinguru desberdinak aukeratuz, komunikazioa aberasten da.

 

Ahozkotasuna

Landu beharreko metodologian ahozko komunikazioak izan beharko luke irakas/ikaskuntzaren estrategia nagusia. Are gehiago, erabilera sendotzea bada gure jardunaren helburu behinenetako bat.

 

Kontuan hartzekoak 

- Interakzioa.

- Identifikazioa.

- Afektibitatea.

- Etxea edo familia.

- Kanporako irteerak.

- Ebaluazioa.

- ...

 

Eskola

Ikasgeletan modu egokian erantzun ahal izateko, ikastetxe bakoitzak bere Hezkuntza Proiektua, Hizkuntza Proiektua, Curriculuma eta Hezitzaileen Taldea ongi zehaztuta izan beharko lituzke.

Ikastetxe bakoitzaren Hezkuntza Proiektuan eskola hizkuntza euskara dela finkatzea beharrezkoa da. Horrek, aukera eskainiko du Hizkuntza Proiektuan, hizkuntzen irakaskuntzari eta erabilerari dagozkien alderdiak jasoko dituen marko koherentea finkatzea. Hizkuntza gutxiagotuaren erabileran eragiteko eskola-markoan hizkuntzen trataera argi eta garbi agertzea komeni da. Helburua ikasleak euskaldun eleaniztunak izatea bada, Hizkuntza Proiektuak hori lortzeko bidea markatu behar du.

 

Hizkuntza egoera ezagutu

Hasteko, eskolako hizkuntza egoera ezagutzea ezinbesteko baldintza da. 

Hizkuntza ezagutza mailaz maila eta ikastaldez ikastalde nola garatzen den, erabilera zenbatekoa den, indarguneak non dauden eta ahuleziak zertan edota etenak non gertatzen diren jakin behar da. Horretarako, diagnosia egitea da bidea.

Hau da, interakzio didaktikoan gela barruko harremanak nolakoak diren ezagutzea, arlo bakoitzean zein hizkuntza mota erabiltzen den, gelako lanean ikasleek ahozkotasuna zenbat lantzen duten, ea zer-nolako aukera eskaintzen zaien ikasleei hitz egiteko, hizkuntzen lanketa aurrera eramateko zein baliabiderekin kontatzen den eta abar.

Behin egoera ezagututa, eta handik abiatuta, hizkuntza lehentasunak eta helburuak finkatu beharko lirateke. Oinarri horrekin, Hizkuntza Proiektu egitasmo berritua gauzatzen hastea posible litzateke. 

 

Hizkuntza normalkuntza plana

Ikastetxeek Hizkuntza Normalkuntza Plana behar dute, hizkuntzen inguruko egitasmo horiek guztiak bildu eta uztartzeko. Plan hori, Hizkuntza Proiektuaren barruan kokatu beharko litzateke. Eta plan horrek behar duen eraginkortasuna izan dezan arduradun iraunkor eta prestatua beharko du. Horretan laguntzeko, hizkuntzen erabilera eremuak aurreikustea garrantzi handikoa da; hau da, eremu pedagogikoa eta eremu instituzionala.

 

Familia

Guraso askoren uste okerra da heziketa euskaraz jasotze hutsak beren haurrak euskaldunduko dituela pentsatzea. Erabileran duen garrantziagatik, ongi landu beharrekoa da familien hizkuntza transmisioa. Jauregik egindako ikerketen arabera, familiaren bidezko transmisioak erabileran eragina handiagoa du eskolan euskaraz ikasteak baino. Biak, eskola eta familia, aldi berean, beharrezkoak direla ondorioztatzen du.

 

Ikasleen jarduna

Euskararen normalizazioa nahi bada, ikasleek euskaraz aritzeko hautua egin behar dute; hau da, ikastetxeko harreman libreetan ere euskararen erabileran eragin behar da, modu normalizatu eta automatikoan euskaraz egin dezaten.

Horregatik, ikasleek diseina ditzaketen egitasmoak lagundu behar dira. Ikasleak hizkuntza proiektuko subjektu izanik, haiek antola ditzaketen ekintza eta ekimenetarako baliabideak jarri, lagundu, eta orientabideak eskaini behar dira.

 

Etorkinak edota iritsi berriak

Eskolako MARKOA zein den argi eta garbi eduki behar dute hasieratik:

- Eskola hizkuntza euskara da, nahiz eta beste hainbat hizkuntza ikasi ere.

- Eskolan euskaraz bizitzen da.

- Ikasle bakoitzak bere ikasgela du izendatua.

- Ikasle bakoitzaren hizkuntza eta kultura errespetatzen dira eta gainerako ikasleek  horien berri dute.

Eskolari dagokionez, hiru esparrutan egin behar da lan: egokitzapena, komunikazioa eta ezagutza.

 

Herria eta Udalerria

Euskararen normalizazioa lortu nahi bada, Udalari, herritarrengandik gertuen dagoen instituzioa izanda, herri mailakoa planifikatzea dagokio, herrian sortzen diren iniziatibak sustatzea… ikastetxe barneko hizkuntzaren egoera hobetzen laguntzea eta ikastetxean jasotakoa hortik kanpo modu naturalean erabiltzen laguntzea.

Udalerri mailako planak ikastetxe bakoitzean garatzen diren Hizkuntza Normalkuntzako Planaren osagarria izan behar du eta Udalerrian garatzen ari dena (aisialdia, udalekuak, harrera plana, ikastaroak, kirola, familien bidezko transmisioa, kultur eskaintzak…) koherentea eta lagungarria izan behar du normalizazioa lortzeko.

Horrela, bada, lanean diharduten gainerako taldeekin bezala, eskolarekin elkarlanean aritu behar du Udalak, ikastetxean egiten den lanaren osagarri gisa. Haurrek, eta batez ere gazteek, haien artean euskaraz hitz egiteko aukera eta ohitura zabaltzeko ildo hauek jorratu beharko lirateke: herrian dauden taldeen, iniziatiben eta eskaintzen informazioa zabaltzea, herritarrak motibatzea, eskaintza berriak sustatzea, gazteen inplikazioa bilatzea eta herritarrek euskaraz aritzeko sortzen dituzten iniziatibak sustatzea.

Azken honek, zer pentsatu eman behar digu. Nola lagun liteke gazte talde bat naturaltasunez euskaraz hitz egitera? Haien gustuko diren jardunetan euskaraz aritzeko aukera emateak (musika, dantza, antzerkia…) asko lagun lezake. Horretarako, markoak ongi finkatuta eta adostuta egon behar du. Hau da, euskaraz bizitzeko guneak identifikatu eta aukeratu behar dituzte gazteek, erakargarriak direlakoan eta irabazteko gehiago dutelakoan.

Azken finean, gustukoa duguna eginez, erabiliaren erabiliaz erraztasuna hartzen da, automatismoak sortzen dira eta euskara naturaltasunez egingo da.

Udalerriko euskararen normalizazio planaren ikuspegitik, eta orain arte esandakoarekin koherenteak izanda, hauxe esan liteke: 

1.- Eskolak bermatu behar ditu euskarazko ahalik eta ezagutzarik jasoena eta motibazio eta erabilera indartsuenak. 

2.- Eskola bidez jasotakoari jarraipena eman behar zaio handik kanpora, eta osatu egin behar da haurrei eta gazteei eskaintzak eskuratzen, eta gazteen gertuko harreman-sarea osatzen duten eskola-orduz kanpoko jarduerak euskaraz eskaintzen, aisialdiko eta lagunartean euskaraz hitz egiteko ohitura sustatzen eta abar.

Izan ere, haurrak gazte egiten diren heinean, erabileraren abiapuntua eta motorra motibazioa izango da. Gazteek protagonista izan behar dute. Zuzenean eta aktiboki parte hartu behar dute prozesuan. Hau da, gazteentzako den hura gazteekin garatu beharko da.

Horrela, Udalerriko plana egiteko unean, eskolarekin elkarlanean aritu behar da. Eta, gazteek beraien artean euskaraz hitz egiteko ohitura gehitzen joan dadin, alor hauek kontuan hartu beharko lirateke:

- Herrian dauden taldeen, iniziatiben eta eskaintzen informazioa zabaltzea. Herrian egiten dena eta euskaraz egin litekeena (herriko egunkaria, aldizkaria, irratia, telebista, kultur taldeak, ikastaroak, aisialdia…)

- Herritarrak motibatzea. Eskolan, eta herrian orokorrean, euskararen garapenari buruz jasotzen den informazioa eskaini (eskola eta euskaltegiko matrikulazioa, ezagutza eta erabilerari buruzko datuak…), indarguneak eta ahulguneak detektatu, nola eragin daitekeen emaitzak hobetzen joateko, motibazio-saio espezifikoak egin eta abar.

- Eskaintzak bermatzea. Eskola-orduz kanpoko jardunak euskaraz egin ahal izatea ziurtatzea (monitoreak edo begiraleak prestatuz, antolatzaileak, aurkezleak eta epaileak bilatuz…).

- Eskaintza berriak bideratzea. Udalerrian haur eta gazteentzat antolatzen den eskola-orduz kanpoko eskaintza berri eta motibagarriak euskaraz izan daitezen bideratzea (dantzak, abestiak, zinea, informatika saioak...)

- Gazteen inplikazioa bilatzea. Gazteei beraien artean euskaraz aritzeko ohitura indartzeko konpromisoa eskatzea, horretarako programak eta aukerak eskaini egin behar zaizkie (ikastetxeetako euskara-taldea, kuadrillategi, herriko komunikabideetako kazetaria, aisialdi taldea, aisialdiko begiraleen ikastaroa, gaztelekuko dinamizatzailea, gaztetxea, gazte asanbladako dinamika, gaztelokalak, euskararen erabileraren kale-neurketa....).

 

Hezkuntza Administrazioa

Erkide bakoitzeko Hezkuntza Administrazioari, hezkuntza eta hizkuntza konpetentziak dituenez hizkuntza planifikatzea dagokio. Horretarako, normalkuntza ahalbidetuko duen lege-markoa finkatzea, hizkuntza politika eraginkorra egitea eta baliabideak jartzea, eta, herritarrak euskararen aldeko jarrera izateko eta konpromisoa hartzeko diskurtso koherentea eta motibagarria erabiltzea dagokio. 

Ildo horretan, ondokoak dira hartu beharko lituzkeen neurriak, Kontseiluaren ustez:

 

- Eskolaren markoa ongi definitzea. 

Euskara eskola hizkuntza izatea bide eraginkorrena da aukera berdintasunean eta kohesioan aurreratzeko. Horregatik, markoak irizpide hauek zehaztu beharko lituzke:

- Euskara eskola hizkuntza izatea.

- Eskola bakoitzak garatu behar izatea bere Hizkuntza Normalkuntza Plana.

- Iritsi berriak ongi integratzeko harrera planen irizpide argiak zehaztea.

 

- Arlo anitzeko bitartekoak jartzea. 

- Babesa eta garapena ahalbidetuko dituen legedia behar da.

- Eskolaren egitekoa ongi definituta, hori aurrera eraman ahal izateko behar diren bitarteko materialak eta pertsonalak jarri behar dira.

 

- Eskolako plantilak egonkortzea. 

- Erabileran aurreratu nahi bada, ongi planifikatzea eta horren jarraipena egitea beharrezkoa da. Horretarako, eskola bakoitzeko langile-taldea egonkorra izan beharra dauka, ezinbestean (ongi prestatutako normalizaziorako teknikoa izateko, plana diseinatzeko eta adosteko, hizkuntza arduradun gaituak izateko, jarraipena eta ebaluazioa egiteko, hobekuntzak diseinatzeko eta abarrerako).

 

- Prestakuntza ona lor dadin neurriak hartzea. 

- Oinarrizko prestakuntza. Irakasle Eskoletan irakasle titulua eskuratzeko, irakasle guztiek euskara maila ona eta hizkuntzak ongi erabiltzeko eta irakasteko trebezia edukitzea.

- Etengabeko prestakuntza. Hezkuntzan ari diren langile guztiak ahozkotasuna eta komunikaziorako tresna gisa erabiltzeko trebatzea .

 

Azken finean, Hezkuntza Administrazioak hezkuntzak herriaren garapenean eta etorkizunean duen garrantzia jendartean zabaldu behar du, eta horrekin koherente jokatu. Egiteko hori ez dagokio Hezkuntza Sailari soilik, baita beste Sailei ere. Horregatik, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak uste du egiteko horri ongi erantzutea dagokiola, bere osotasunean, Erkideko Administrazio Nagusiei.

 

Diskurtsoa

Hainbat ikuspegitik begiratuta, psikologikoa batez ere, izugarrizko garrantzia du jendartean diskurtso bat sortzea eta zabaltzea. Argudioak eta arrazoiak eman behar dira euskara jakiteak dakartzan onuren inguruan eta erabilera sustatuko duen motibazioa aktibatu behar da esparru guztietan. 

Diskurtsoak halako oinarriak izan ditzake:

 

- Aukera berdintasuna eskaintzen du.

Euskal Herrian bizi den edonori aukera berdintasunerako atea zabaltzen zaio euskara ezagututa. Edozein harremanetan, lanetan, idatzitan, komunikaziotan, bileretan, jardunalditan… euskara ezagutzeak aukeran berdintzen du dakien beste edonorekin.

Ingelesak Europan bizitzeko aukera berdindintasunean laguntzen duen bezala, euskarak hemen komunikatzen laguntzen du.

 

- Ondare kulturala da.

Euskara euskal kulturaren ondare adierazgarriena da. Lurralde honetan mendeetan erabili den komunikazio hizkuntza izanik herritarron pentsaeran ere eragiten du. Horregatik, Euskal Herriko hezkuntza planteamenduari kultura aniztasunean eta eleaniztasunean ardaztea dagokio. Euskal kultura ardatz, horren inguruan ukipen kulturak, euskal curriculuma, Europako kultura eta kultura unibertsala uztartzea. Era berean, iritsi berrien ukipen kulturak uztartzen dituen curriculum integratzailea egin beharko litzateke.

- Herritarrak kohesionatzen ditu.

Aukera berdintasuna bideratzen den neurrian, herritarrak kohesionatzen laguntzen da. 

Horrela, euskara ezagutzea kohesiorako bitarteko ona da.

Ikuspegi antropolinguistikotik, erkidegoaren kultur eta hizkuntza balioek eta erkidego-partaidetza sentimenduak eragiten dute hizkuntzaren hautaketan. Alde batetik, sentimendu eta balio jakin batzuetan oinarritzen da gizarte egitura. Eta bestetik, gizarte egitura hori koherentzia emango dion kultur eta balioen multzoa da. Biak elkartuta daude: gizarte bat ezin da bizi sinbolo aparaturik gabe, eta aparatu horretan garrantzi berezia izango dute balioek. Izan ere, balio horiek zeregin hirukoitza betetzen dute: gizartearen arauei edo ereduei koherentzia ematen diote, pertsonen batasun psikikoa bermatzen dute eta gizarte-integrazioari edo adostasunari oinarria ematen diote.

 

- Euskara ezagutzeak onurak dakartza.

Etxeko hizkuntza edozein delarik, euskara ezagutzeak ez du inongo kalterik eragiten, alderantziz baizik. Egin diren ikerketek argi eta garbi adierazten dute bi, hiru edo lau hizkuntza jakiteak buru malgutasunean, azkartasunean, irekitasunean eta abarrean laguntzen duela. Euskal Herrian egindako ebaluazioetan, euskara ezagutzen dutenek gaztelanian maila ona ematen dute eta beste ikasgaietan (matematika, ingurunea…) ere bai.

- Euskarak komunikaziorako tresna eragingarria izan behar du.

Hiztunentzat beharrezkoa eta hiztun gaientzat erakargarria bihurtu behar dugu euskara. Eskola barruan eta eskolak eskolatik kanpo eragin ditzakeen esparruetan hizkuntza bizia eta erabilgarria izatea lortu behar da.

Helduen ereduek garrantzia handia dute, nerabeentzat batez ere. Komunikabideek hedatzen dituzten modak (musikan, hizkuntzan, balioetan…) imitazio iturri bihurtzen da hainbatentzat.

 

- Eskolatik espero dena adierazi.

Eskolaren egitekoak duen garrantzia zabaldu behar da. Jendarteari erakutsi behar zaio zer espero den hartaz,   horretan sinisten dela garbi agertu eta behar diren bitartekoak jarri.

 

- Euskararen izaera modernoa erakutsi.

Euskara ez dago soilik gauza zaharrei lotuta, tradizioari. XXI. mendeko erronkei aurre egiteko prestatuta dago eta bitarteko egokia da.