Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa

Museoaren aurre-aurrean, zeru zabalpeko Concha II meatzea dago. Itsasoaren maila baino hogei metro baxuago dago. 1961etik 1993ra arte ustiatu zuten meatzea. Urtean 50.000 tona burdina ateratzen zuten 700 meatzari inguruk. Izan ere, meatzaritzak garrantzi handia izan du Euskal Herriko industrian. XIX. mendean izan zuen garai gorena sektore horrek, Meatzaldean bereziki. Lurralde horretan burdina oso ugaria eta kalitate onekoa zen. Minerala gainazalean zegoen, eta, horregatik, erauzketa estalperik gabe egiten zen. Meatze jarduera horrek ondare industrial nabaria utzi du Meatzalde guztian, eta horri buruzko azalpenak ematen dira museoan. 
Meatzaritzaren Museoaren beste helburuetako bat meatzaritzaren industria ondare hori babestea da. Hala, meatzaritza sektorean erabiltzen ziren tresnen bilduma zabala ikusi ahal izango du bisitariak. Balio historiko handiko piezak ikus daitezke; esate baterako, mineralaren garraiorako erabiltzen ziren bagoien eta bagoneten bilduma osatuena dute Gallartako museoan. Era berean, zulaketak egiteko tresnak, Bizkaiko meatzaritzan historikoki erabilitako makineria eraberritua, mineralen garbiketarako tromelak eta eguneroko erabilerako hainbat tresna ere (lanparak, oinetako bereziak, bagoiak kontatzeko abakoak, maskarak, laztabinak… Pieza horien artetik gehienak Bizkaiko meatzaritzaren urrezko garaitik –XIX. mendearen bukaera eta XX.aren hasiera–  gordetzen diren bakarrak dira.
Meatzaritzaren ondare horrek guztiak garbi adierazten du zeinen garrantzitsua izan zen burdinaren ustiapena Bizkaiko industrian. Jarduera horrek, Euskal Herriko paisaia naturala, soziala eta ekonomikoa izugarri aldatu zituen. Bizkaiko meatzaritzaren ondarean, nabarmentzekoak dira hainbat herritan gorde diren kiskaltze labeak, trenbideak, minerala garraiatzeko baldeen aire lerroak….
1986an sortutako Meatzaritzaren Museoa Kultur Elkarteak bildu ditu aipatutako pieza horiek guztiak, eta Bizkaiko meatzaritzari buruzko dokumentazio zabala ere bildu du. Urte horietan guztietan, irabazi asmorik gabeko elkarte horretan hainbat boluntario aritu dira lanean. Elkartearen ardura nagusia Bizkaiko garai bateko meategietako materiala bildu, eraberritu eta dokumentazioa jasotzea izan da.
Museoaren eskaintza
Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak Euskal Herriko meatze kulturaren eta historiaren ikerketa, babesa eta hedapena ditu helburu, besteak beste.
Horretarako, hezkuntza egitarauaren barruan, jarduera ugari prestatu ditu museoak. 
-Erakusketa iraunkorra (bisita aldez aurretik hitzartuta): 
Lehenenik eta behin, bisitariek XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako meatzaritza tradizionalari buruzko ikus-entzunezkoa ikusiko dute. 
Ondoren, Meatzaritzaren Museoaren aldamenean dagoen Concha II meategia bisitatu ahal izango da. Concha II meategia Europako burdin meategi handiena izan zen garai batean. 50 kilometroko galeriak ditu. 
Azkenik, museoko aretoak bisitatu eta gaiari buruzko hainbat esparru landuko dira, Euskal Herriko meatzaritzaren historiaz apur bat gehiago jakiteko.