Kronika

Nafarroan, %45 igo da ikasle etorkinen kopurua bost urtean.
Horixe da, behintzat, Nafarroako Hezkuntza Sailak emandako datuekin, Nafarroako Eskola Kontseiluak egindako Hezkuntza Sistemari buruzko txostenaren zirriborroak dioena. Antza denez, 2004-2005 ikasturtean 7.481 ikasle etorkin zeuden, eta 
2008-2009 ikasturtean, berriz,  10.899.  Txostenaren arabera, ikasle horietako gehienak Hego Ameriketatik etorritakoak dira. Ondoren Europako beste herrialde batzuetatik iritsitakoak egongo lirateke eta baita afrikarrak ere. Ikasle gehienak, alde handiz, Ekuadorretik ailegatutakoak dira (3.331 haur). Eta ondoren, hurrenez hurren, Kolonbia, Maroko eta Bulgariatik  etorritako ikasleak egongo lirateke. Ikasle horien gehiengoa Haur Hezkuntzan dago matrikulatuta, eta hizkuntza ereduei dagokienez, zirriborroak dioenez, gutxi dira D eredua aukeratzen duten gurasoak.
 
Hizkuntza gutxituen legea sustatzeko gogoeta taldea sortu dute Iparraldean
Ikas-Bi hezkuntza publiko elebiduneko gurasoen elkarteak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak Frantziako hizkuntza gutxituen legearen sorrera bultzateko taldea jarri dute martxan. Gogoeta taldea izango da. 
Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen gobernuak 2008an hitz emandako hizkuntza gutxituei buruzko lege egitasmoa bertan behera geratu dela uste dute. Hori dela eta, Ikas-Bi guraso elkarteak eta FLAREP hezkuntza publikoan eskualde hizkuntzen erabilera susteatzen duten guraso elkarteen federazioak gogoeta taldea jarri dute martxan. Lege horren sorrera bultzatzea da sortu berri den gogoeta taldearen helburua. Horretarako, Thierry Delobel Ikas-Bi elkarteako eta FLAREP elkarteko presidenteak Euskararen Erakunde Publikoaren laguntza eskatu du. Hain zuzen ere, “egitasmoak aurrera jarrai dezan eta legea bozkatu dadin” EEPn oinarrituko direla adierazi du. Hizkuntza Legea egiteko, Frantziako legediak dituen zirrikituak aztertzea da gogoeta taldearen xedeetako bat. 
“Lege esparrua beharrezkoa da”
Dagoeneko, Frantziako Asanblea Nazioalean legearen sorreraren alde dagoen lan taldearekin harremanak izan dituzte, eta orain zalantzan dauden diputatuekin hitz egiteko asmoa dute. Lege proiektuaren faltan, behintzat lege proposamena azter dezaten. 
Gogoeta taldearen aurkezpen ekitaldian Max Brisson eta Frantxu Maitia EEPko presidentea eta presidenteordea ere izan ziren.  Brissonen hitzetan “lege esparrua guztiz beharrezkoa da hizkuntza politika irankor bat garatau ahal izateko. Maitiak, aldiz, jarrera guztiz baikorra azaldu zuen: “Ziur legea egingo dela, bihar ez baldin bada, beste egun batean”.
 
Curriculum dekretu egitasmoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak 
 Joan den azaroaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Celaák Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa arautzeko curriculum dekretu egitasmoak aurkeztu zituen.Hezkuntza Sailaren hitzetan, aurreko legegintzaldian Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak (EA) egindakoaren ondoan aldaketa “garrantzitsuak” izango ditu. 
Hizkuntzari dagokionez, Hezkuntza sailak ez du euskara lehenetsi nahi, eta euskara eta gaztelania parekatuko ditu. Celaáren hitzetan, erabaki horrek “elebitasun orekatua” lortzea du helburu. Hizkuntzen artean “mailaketa hierkakikoa” egin nahi izan duten egitasmoak errealitatea ukatu nahi izan duten “zentzugabekeriak” izan direla adierazi zuen Celaák. Are gehiago, aurreko Jaurlaritzarek euskarari garrantzia handiagoa emateko dekretua “alferrikako iraina” izan zela esan zuen sailburuak. 
Beste aldaketa nagusietako bat “Euskal Herria” hitzari dagokiona da.Isabel Celaá sailburuak adierazi zuenez, terminoa ez da curriculumetik guztiz ezabatuko. Kasu batzuetan, hizkuntzari eta kulturari buruzko esparruetan, termino horri eutsiko diote. Beste alor batzuetan, Euskadi edo Euskal Autonomia Erkidegoa terminoengatik aldatuko da. 
Horrez gain, giza eskubideen hezkuntzarekin lotutako helburuetan ere aldaketak proposatu ditu Eusko Jaurlaritzak: “Indarkeriaren ukatzeak modu argian agertu behar du curriculumean, eta ez dezala saihestu gure herrian dagoen egoera”
Celaák aurkeztutakoa Euskadiko Eskola Kontseiluak aztertu beharko du, besteak beste. Ondoren, Eusko Jaurlaritzara itzuliko da, onartu eta datorren ikasturtean martxan jartzeko. Ez du legebiltzarraren onespenik behar.
 
Bi egunetako greba egin dute EAEko eskola publikoetako jangeletako langileek azaroan.
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatu deitzaileek emandako datuen arabera, hamar langiletatik bederatzik egin zuten greba azaroaren 24ean eta 25ean, eta milaka ikasleri eragin zien. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako eta grebak eragina izan duen jangelak 460 dira, eta 55.000 mila ikasleri ematen diete zerbitzua. Langileen aldarrikapen nagusiak honakoak dira, besteak beste: %5eko soldata igoera, lanaldia handitzea, alergiei, dietei eta lehen sorospenei buruzko prestakuntza, eta langile bakoitzeko haur gutxiago izatea. Horiek guztiak adosteko, Jaurlaritzari eta patronalari “negoziatzera esertzeko” deia egin diete. 
Bien bitartean, Hezkuntza Sailak ikastetxeei greba aurrez ez jakinaraztea leporatu zien sindikatuei. Horrek, besteak beste,  antolaketa zaildu zuela nabarmenduz. EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak, berriz, gutxieneko zerbitzuak bermatzeko eskatu zuen, greba eskubideari errespetua agertzearekin bat.