Euskal Ekomuseoa. Euskal Herria pixka bat gehiago ezagutu nahi?

Izarra likoreari buruzko historia entzungo dugu, hasteko, eta likorea dastatzeko aukera ere emango digute Euskal Ekomuseoko arduradunek.
Aurrera jarraituz gero, Euskal Herriko herri bat topatuko dugu. Biriatuko pilotalekuaren errepresentazioa aurkituko dugu aurrez aurre, eta bi pilotari jokoan. Aitzakia polita, pilotan jokatzeko erak zein diren azaltzeko: pareta bakarra, ezker pareta eta lau pareta. Alboan, gizon bat xisterak egiten ikusiko dugu, eta pilotak nola egiten diren ere ikasiko dugu.
Trikitixa doinuek lagunduta pasatuko gara hurrengo gelara. Eskulangintza izango da hurrengo arretagunea. Zahatoen gainean hitz egingo digute, eta lehena Hendaian egin zela entzungo dugu. Hasierakoak ahuntz larruarekin egiten zirela azalduko digu kontalariak, eta horrek zapore berezia ematen ziola ardoari. Ondoren, latexa sartu zuten eta horrek ez zion zaporerik ematen. Horrela joan ziren garatzen zahatoak, gaur egun arte. Zahatotik nola edaten den ere azalduko digute.
Baina, euskaldunei buruz ari garela, ezin da txapelik falta. Txapelaren historiari buruz hitz egiten digute; jatorriz, Pirinioetakoa dela diote, eta artzaintzatik datorrela. Luzaz, artile kolorekoak izan zirela aipatuko digute, eta ondoren tindatzen joan zirela, gaur egun bezala,  kolore batekoak edo bestekoak ak lortu arte.
Eta jakina, espartinei buruz ere arituko dira. Ahotsak, etxean egoteko erabiltzen direla edo jendeak eguraldi ona egiten duenean janzten dituela azalduko digu. Muga isil-isilik eta hotsik atera gabe pasatzeko erabiltzen zirela garai batean: “kontrabandistak izan baikara hainbat urtean”, azalduko du ahotsak, eta gaineratuko du azienda, kafea edota txokolatea kontrabandoan pasatzen zela mugaren alde batetik bestera…  Baina mugari ere, mugaren zentzua kendu nahiko diote: “Zer da muga, beste aldean dena senide badugu?”, dio kontalariak.
Aurrera eginez, eliza eta herriko etxea topatuko ditugu ondoren. Herriko etxeko plazan dantza egiten zela azalduko digu bidelagun dugun ahotsak, eta, dantzei, inauteriei edota pastoralei buruz hitz egiteko aitzakia eskainiko dio horrek. Euskal Herriko dantzetan egun arrunt bateko irudiak ikus daitezkeela dio, eta Zuberoako maskaradei buruz ari dela, bitxikeria bat ere entzungo dugu: Napoleonen armadan maisu bihurtu ziren dantzariek ekarri zutela kantinera jantzia Euskal Herrira.
Sinboloei buruz arituko dira ondoren. Ikurrinaren sinbologia adieraziko dute lehenik, eta Arana Goiri anaiek sortu zutela diote, eta nortasun ikur gisa euskaldunon batasun espirituala adierazten duela. Lauburuari edota hilarriei buruz ere arituko zaigu kontalaria.
Jakiei buruz ere ikas dezakegu Euskal Ekomuseoan. Piperrak banaka sokan jarri eta zintzilik lehortzen jartzen direla esango digu ahotsak, eta urriaren azken igandera arte egoten dira zintzilik. Horrekin batera, taloari buruzko azalpenak emango dizkigute.
Lapurdiko bi etxe motak zein diren azalduko digute ondoren, eta euskal makilak ere badu bere tokia. Horrek aitzakia emango du Euskal Herrian hainbat egur mota daudela esateko, eta eskulangileen erremintei buruz aritzeko. Apaingarriak ere aipatuko dituzte, eta, gehienetan, eguzkiaren mugimendua irudikatzen dutela zehaztuko digute.
Bisita amaitzear da eta etxe barnea ikusteko aukera izango dugu orain. Euskal Herrian etxea familia guztiarena dela azpimarratzen dute, eta geure herrian gauaz babestu egiten garela, izaki gaiztoen eta misteriotsuen unea delako: lamiak, Basajaun… Mari Lurraren ama dela azalduko digute.
Eta etxean lihozko oihalak etxea apaintzeko erabiltzen zirela aitzakia hartuta, lihoari buruz arituko dira. Idiek marradun oihalak eramaten zituzten, zazpi marrarekin apainduak, eta marra bakoitzak Euskal Herriko herrialde bakoitza ordezkatzen du. Eta hori bera egiten dute Jean-Vier dendako oihaletan; guztiek zazpi marra dituzte, antzinako idi oihalen antzera.
Amaitu da bisita, eta Euskal Herria pixka bat gehiago ezagutzeko aukera izan dugu Euskal Ekomuseoan. Orain, nahi izanez gero, bertako dendetan erosketaren bat egin dezakegu, edo, bestela, kanpoko inguru paregabeaz gozatu.