Nola ikustarazi dakieke gurasoei haur eskolek betetzen duten funtzio asistentzialaz gain, haien funtzio hezitzaileak garrantzi handia duela

Asistentziala denak, ohol leun baten antzerakoa den eta asetu behar diren behar ugari dituen haurraren aurrean kokatzen gaitu. Asistentzialtasunak minimoa eskaintzen die, egiazki maximoa jaso beharko luketenei: xahutze ekonomikoa eta kulturala da, gizakiaren heziketa-perfekzioa mespretxatzen du eta sustraitik ezabatu beharko litzateke.
Asistentzialtasunak, haurra eskubiderik gabeko subjektu gisa ikusten du, ezinbestean. Haurra, soilik, arreta eta zainketa behar dituen izaki objektu bat da, eskubiderik eta adierazteko aberastasunik ez duena. Asistentzialtasun antzuak, gurpila ixten du haren inguruan. Dena hor amaitzen da. Ez dago besterik. Gizateriarenganako begirune eta arreta faltaren ikurra da.
Asistentziala, haurrak txikiak direnean familia batzuei eta gizarteari azkar atsegin ematen dien nonahiko eredua da, eta hori da, hain zuzen ere, duen arriskua. Politikariek eskuak garbitzea ahalbidetzen du zerbitzu horiek, finean, boturako garrantzirik gabeak balira bezala hartzen direlako. Horren guztiaren atzean haurren eskubideekiko begirunerik eza dago, zeina gero eta txikigoa izan, bere etimologia gehiago azpimarratzen duen (infans=hitz egiten ez duena). Jesús Palaciosek dioen modura, “ikerketek argi utzi dute heziketa maila baxuagoa duen familiak, behar dutenean, errazago konformatzen direla aukera asistentzialarekin, kultura maila altuagoa eta diru sarrera handiagoak dituzten familiak aukera hezitzaileekin ahalegintzen diren bitartean”.
Eta, hemen, galdera sortzen da: nola komunikatu familiei (guztiei) jaiotzetik zentroen garrantzi hezitzailea (inoiz ez asistentziala)?
Parte hartzea, konfiantza, enpatia eta etika. Eskola atsegina
Has gaitezen anekdota esanguratsu batekin.
Bartzelona. Loris Malaguzzi, hizlaria. Hitzaldiaren amaieran maistra batek eskua altxa du. “Nola lantzen duzue Reggio Emilian identitatearen, gorputz eskemaren edo nortasun prozesuaren formazioa?”. Malaguzzik: “Onena da, eskolako sukaldariak tarta eder bat prestatzen duela zentroko aiton-amonei jaten emateko”. Erotu egin al da? Inolaz ere. Azter ditzagun haren hitzak harreman estetikoak harilkatuz. Geure nortasuna, elkarren mendeko alderdi askoren konplexutasunean osatzen da. Geure nortasunaren eraikuntzak zerikusia du besteek ezagutzen edo ikusten gaituzten moduarekin. Geure burua ezagutzeko erak nortasuna ematen digu, eta hori, besteek nola ikusten, estimatzen eta kontuan hartzen gaituztenaren araberakoa da. Nafarroan ikusi dut zenbait aitonek eta amonek aulkitxo batean edo haur-kotxe batean lo dagoen haur batengana gerturatzen direnean horrelakoak esaten dituztela: “gaixoa!”. Ez dut uste horrelakoen atzean arrazoi ekonomikoak daudenik, ezta krisi garaietan ere. Hori baino sakonagoa da. Haur txikiaren irudiaren gutxiespenarekin du zerikusia. Ahul, ahalmenik gabe ikusten den haurra, aberastasunik eta potentzialik gabe. Gaur egun, oraindik ere, batez ere bularreko haurren taldeetan, aiton-amona batzuek euren bilobek soilik pixa, kaka eta lo egiten dutela uste dutela ikusten dut. Haur eskoletan merezi duen ezer egin gabe entretenitzen garela uste dutela. Eta mesfidantzaz begiratzen gaituzte euren haurrak alferrik “bahitzen” ditugula pentsatuz.
Ezagutza falta da, eta batez ere, konfiantza falta. Gurean, laguntasuna sortzeko, lasai hitz egiteko eta gozatzeko dugun erarik ohikoenetako bat, elkarrekin bazkaltzea da. Pedagogiak asko du ikasteko gastronomiatik. Horretarako ezinbestekoa da haur eskolek sukalde propioa edukitzea.
Baina, itzul gaitezen tarta goxo horretara. Aiton-amonak abegi onez hartzen baditugu, tarta estimatzen eta dastatzen badute eta sabela betetzen badute, haurren gaitasun inteligente apartei buruz hitz egiteko komunikazio arrakastatsu baterako oinarriak sortuko ditugu. Aiton-amonek hori ulertuko dute eta bilobei buruz duten irudia alda dezakete, haiengan potentzial handiagoa ikus dezakete. Horrek eragina du, jakina, nortasunaren eraikuntza prozesuan. Ondorioak iradokitzailea eta probokatzailea dirudi: programazio gutxiago eta tarta edo janari gehiago behar da familiekin eskola barnean partekatzeko. Eta hori ez da teoria.
Familiekin dugun harremanak eskolen eguneroko bizitzan eta bizitza instituzionalean haien parte-hartzea ikusteko era jakin baten zati izan behar du. Jarduera demokratikoaren asegurua da. Parte-hartzea ezin da eranksin baten modura, proiektuari berari, didaktikari, itsatsitako zerbaiten modura ikusi. Gainerakoaz gain egin beharreko zerbaiten modura. Parte-hartzea, funtsean, oinarrizkoa eta egiturazkoa den zerbait da, ezin da ez gehigarria ez aukerazkoa izan. Uste dut, heziketa balioen mailara igo nahi dugun edozein ideia, prozesu eta ekintza praktiko, berehala eztabaidatu eta hitz egin behar dela familiekin eta herritarrekin. Parte-hartzea ezin dugu hartu, taxonomikoki, haurrekin egon ondoren egin beharreko zerbaiten modura. Uste dut heziketa-jarreraren abiapuntua dela. Egokia da eskoletan beharrezkoak diren kudeaketa organuen parte-hartze uneen instituzionalizazioa, baina heziketa-jarrerari buruz hitz egiten dudanean ikasgelek (ikaslega bakoitzak), sarrerek, pasilloek, sukaldeek, maisu-maistrek, laguntzaileek, eskolazainek eta abar parte-hartzearen ideia zabaldu eta gauzatu behar dutela esan nahi dut. Izan ere, hori gabe, nire iritziz, heziketak eskolako paretetatik ihes egiten du, ezinbestean. Pertsona bakoitzak heziketa-ekintzaren partaide izatea eskatzen du. Eta, parte-hartzeak (behar eta eskubide bezala), beste gauza batzuen artean, pertsona bakoitza bizi deneko eta jarduten dueneko sistemaren zati gisa onartua izan daitekeela esan nahi du. Parte-hartzea, haien elkartrukeetan askotariko eta partekatutako esanahiak bilatzen dituzten subjektu guztien elkarrenganako konfiantzan oinarritzen da.
Nire ustez, eskola txikiak dira (konfiantza saihesten duten arauak jartzea errazagoa den makroeskoletan ez bezala) parte-hartzea gauzatzeko aukera gehien eskain dezaketenak. Baina ohitura txarra dugu: pentsatzen dugu, erosotasunagatik, hobea dela haurra eskola instituzio batean sartzea, posible bada bi urterekin, eta bertatik 16 edo 18 urte dituenean ateratzea. Makroegitura horiek errazago justifikatzen dute antolaketaren zurruntasuna (ilarak, familiek zentroan ezin sartzea, haurra eskolatik ateratzeko baimenen beharra…). Zurruntasun hori, desiragarria den parte hartzeko informalismoaren (kafe bat hartzeko leku atseginak, festak, sarrera eta irteeretan harremana izatea…) etsaia da eta une horiek familia eta pertsona batzuentzat instituzionalizatutako parte-hartze uneak baino garrantzitsuagoak eta konstruktiboagoak dira (bilerak, Guraso elkarteak edota Eskola Kontseilua).
Giro eta espazio atseginak izatea, ateak zabalik izatea (haurrak, batzuetan, ilara militarretan eskolatik sartzeko eta ateratzeko kanpoan abandonatuak izatearen ideiaren kontra), gardentasuna, zentrora erraz sartzea (batez ere Haur Hezkuntzan), ordutegien malgutasuna… haurren familien partaidetzaren (eta ez harriduraren) zentzua bultza edo oztopa dezaketen elementuak dira. Komunitate bateko partaide kontzienteki sentitzeak bizitasun eta segurtasun emozional sentsazioa sortzen du, eta horrek, haurrei eta helduei nortasun pertsonalaren eta nortasun sozialaren eraikuntzan laguntzen die.
Gero eta gehiago ikusten dut guraso askok haiek entzuteko duten beharra, babestuta sentitzeko enpatia oinarria topatzeko duten beharra. Agian, orain, familia sareak (batez ere immigranteekin eta guraso bakarreko etxeen ugaritzearekin) eskasagoak dira. Lotura emozional horiek sortzen direnean errazagoa da eskolaren alderdi hezitzaileak (eta ez instruktiboak) komunikatzeko oinarria sustatzea. 
Egia da eskolak terapia bulego bat bihurtzeko arriskua duela eta hori ez dela bere funtzioa. Baina parte-hartzea proiektu batean oinarrituz, enpatia, konfiantza eta etika eraikitzeaz hitz egiten ari naiz. Etika, Humberto Maturana biologo txiletarrak hitz egiten digun zentzu sakonean ulertuta: “Ardura etikoa, egiten ditugun gauzekin edota kide gareneko komunitateak egiten dituen gauzekin, besteei gertatzen zaizkien gauzak inporta zaizkigunean sortzen da. Baina besteari gertatzen zaionagatik arduratzeko, bestea ikusi egin behar dut eta ikusteko, maitatu egin behar dut”. Ulerkuntza gizatiar eta errespetuzko horretatik, pertsonek espazio eta denbora nahikoa eskaintzen dute eskolaren heziketa-ideiak ulertzeko eta batez ere, seme-alabak beste era batera entzuteko.
Dokumentatu eta gehiago dokumentatu
Errepikatu nahi dut oinarri emozional hori gabe komunikazioa distortsionatu egiten dela gaizki-ulertuak, aurreiritziak eta kutsatutako pertsonen arteko harremanak sortzen dituzten eta beharrezkoak ez diren soinuekin.
Hortik abiatuta, segurtasun gehiagorekin aktiba ditzakegu familiekin, informazio eta konfrontazio (eta ez enfrentamendu) era estrategikoak.
Baina esperientziak erakutsi digu, gure ideiak komunikatzeko, eta, batez ere, horiek partekatzeko, erabakigarria den zerbait ezinbestekoa dela: dokumentazioa (badira beste batzuk ere, ezinbestekoak direnak, heziketa-bikotea adibidez, baina artikulu honetan ez dut horretan sakonduko).
Dokumentatzeak, haurrekin bizi dugun heziketa-prozesua jasota geratzea esan nahi du. Estetikoki jasota geratzea eta ikusi duguna idatziz edo ikus-entzunezko euskarri batean jasotzea.
Beharrezkoa dugu, bereziki Haur hezkuntzan, nortasun propioa eta ezagutzeko moduko nortasuna izango duen eskola eraikitzea. Bide horretan, lan neketsu horretarako ezinbesteko tresna bihurtzen da dokumentazioa.
Dokumentazioa, heziketa-prozesuen jasoketa eta azalpen sistematikoan eta estetikoan datza (idazkien bidez, irudien bidez, panelak, bideoak, haurren hitzak, produktu grafikoak…). Ez da soilik gertatu dena azaltzea (askotariko formatuetan), bizitakoa kontatuz jasotzen duen produktu publiko bat eraikitzea baizik.
Dokumentazioa ez da deskribapen bat edo gertatu denaren konstatazio soila: ez du fideltasunez erregistra daitekeen kanpo egia objektiborik bilatzen. Dokumentazioa esperientzia batek haurrari suposatu dionaren gaineko interpretazio bat da: zer esan nahi duen (zergatik eta zertarako) egiten duten hori egiteak. Interpretazioaren (haurrek egoeraren gainean egiten dutena) interpretazio baten bidez egindako esanahiak biltzen eta berreskuratzen ditu. Dokumentazioa, haurrek, interpretatiboki euren ezagutza nola eraikitzen duten hausnartzeko aukera da.
Dokumentazioa ez dugu biltzen artxibo bat sortzeko edo lan eta irudien bilketa egiteko. Interesatzen zaiguna, azaltzea baino gehiago, haurren kultura hobeto ulertzea da, eta hori familiekin partekatzea, kultura hori zabaldu ahal izateko.
Interpretazioa garrantzitsua da, baina, kalitatezko dokumentu formatu batean gertatu denaren berri emango duen narrazio estetiko batekin amaitu behar du: panela, power point-a, liburuxka, DVD-a…
Narrazioaren bidez, eskolak eguneroko historia eta historia esanguratsua sortzen du, lengoaia tekniko ofizialetik urrun. Bere biografia propioa eta kontatzeko modukoak diren istorioak, kontakizunak eta gorabeherak sortzen dituzten protagonisten biografia azaltzen du.
Zerbaiten dokumentazioa egiterakoan, ideal teorikoen eta heziketa praktikaren arteko, gure printzipioen deklarazioaren eta gure ekintzen arteko, gure desioen eta besteen desioen arteko eta gure ulermenaren eta besteen ulermenaren arteko sormenezko harremanak eta harreman koherenteak sortzen dira. Dokumentazioaren bidez, bere egitekoa hitzetatik haratago argudiatu nahi duen eskola azaltzen da, pentsatzen duen, hausnartzen duen, bidean ikasten duen eskola: eztabaida publikoaren erdian jartzen dakien heziketa-instituzioa, elkarrenganako konfiantza prozesuak eraikiz demokraziaz entzuteko eta hitz egiteko gai dena.
Eta berriro, hasierara itzuli gara. Hemendik, ia artikuluaren hasieran planteatu dugun galderaren antzeko galdera berriak sortzeko bidea abiatzen dugu.