Hezkidetzaz: Sexu hezkuntza. Biografia positiboak eraikitzeko aukera

Bi sexuak, neskak eta mutilak, aztertzerakoan, Sexologiaren ikuspuntua hartzen badugu, ‘sexuez’ hitz egingo dugu. Kromosomen konbinaketarekin (XX eta XY ohiko bikoteak) gure biografien lehen adreiluak ezartzen dira eta hainbat prozesu biologikoez gain, gure aukerek, hezkuntzak eta bizipenek munduan mutil edo neska izateko dugun modua zehaztuko dute, gure sexualitatea, alegia. Sexualitateak gizon eta emakumeon biografiak dira, sexudunak garenez gero. 
Biografia horiek probetxuzkoak izan daitezen, bizipen positiboak izateko aukerak egin behar ditugu. Horretarako, gure buruak eta gorputzak ezagutu behar ditugu, eta onartu. Ondokoak ezagutu behar ditugu, eta onartu, baita ere.
Egun, ‘politikoki zuzena’ren tranpan bizi dugu errealitatea. Eta hezkuntza ez da salbuespena. Sexu Hezkuntza, eskola curriculumean derrigorrezko edukia da baina zehar-lerroa den neurrian, eraginkorra den hezkuntzaren alorra baino, aitzakia bihurtu dugu. Gauzak ongi egiten ari garenaren sentipena eta lasaitasuna izateko aitzakia. Ikastetxe batzuk harro sentitzen dira sexuen hezkuntzarako zenbait ordu gorde dituztelako; eta beharbada, 16 urteko ikastalde batek, sei ordutan landu du sexu hezkuntza. Hori, askok jasotzen dutena baina askoz gehiago bada ere, ez genuke pentsatu behar horrekin gazteen biografia sexualetan eragin handia izango dugunik. Nork espero du sei ordutan, historia, ingelesa edo matematika nahikoa ezagutzea?
Kitzikapena ulertzea eta ongi bizitzea, gorputzaren aldaketak umore onez jasatea (nerabezaroan, helduaroan, zahartzaroan…), desira kudeatzea (desio dugunarekin zer egin erabakitzea), amatasuna eta aitatasuna aukeratzea, bikote harreman alaiak sortzea, sexukidea edota senar edo emaztea urteetan seduzitzen jarraitzen jakitea, maitasun hausturei aurre egitea, jeloskortasunarekin elkarbizitzea… ez da egiteko makala. Hori guztia ahal den erarik osasuntsu eta alaienean bizitzeko gakoak sexuen hezkuntzak ditu.
Nondik hasi?
• Haur eta gazteek egiten dituzten galderei erantzun behar diegu. Egia esan behar diegu. Gezurrak erantzutearekin ez ditugu babesten.
1. adibidea. ‘Haurrak nola sortzen dira?’ […Egokiena, aita eta ama izan nahi delako sortzea da… Aitaren zakila amaren baginan sartzen da… Horrek plazer handia ematen du…].
2. adibidea. ‘Hazia nora doa?’ […Gehienetan, mutilak masturbatzean, haziak zapi batean bukatzen du. Beste batzutan, kondoiaren barruan… Kasu zehatz batzuetan, sexukidearen baginan…].
• Neskak eta mutilak euren gorputzak esploratzera animatu behar ditugu. Euren gorputzak eta horien erreakzioak ezagutzea ezinbestekoa da bizipen positiboak izan ditzaten. Nesken kasuan, bagina eta bulba hain agerikoak ez direnez, ahalegin handiagoa egingo dugu ezagut ditzaten. Anatomiako laminak oso lagungarriak dira.
• Norbere existentziaren zentzua aurkitzea oinarrizkoa da. Horrek, neska izateaz harro sentitzea eta mutila izateaz, harro sentitzea esan nahi du. Mutil eta neska izateko eredu anitzak aurkeztu behar dizkiegu, duinak direla adieraziz.
1. adibidea. ‘Luma’dun mutilak, adierazteko era ‘afeminatua’ dutenak, duinak dira.
2. adibidea. Bideojokoekin jolastea atsegin duten neskak, neska errespetagarriak dira.
• Garen bezala maitatuak izatea da neska edo mutil orok, emakume edo gizon orok behar duguna. Maitasun hori ahalbidetzea da gure lana: familiak maitatzea, lagunek maitatzea, bikoteak maitatzea… Horretarako, gure gazteek maite dituzten pertsonak errespetatu behar ditugu.
• Biluztasuna onartzea oso garrantzitsua da. Biluzik egoteko leku eta une aproposak aukeratzen irakatsi behar diegu, eta biluzik ongi sentitzen. Emakumezkoen gorputza hedabideen bitartez asko erotizatu da eta edertasunari lotuagoa dago. Gizonena berriz, batez ere, zakila, barrabilak eta bertako biloa itsusitzat hartu izan dira. Gizonen gorputzaren edertasuna ukatzeak, mutilek duten gorputz irudia negatiboagotzat jotzea eragin dezake. Hori ekidin behar dugu.
• Janzkera aukeratzen dutenean, euren burua adierazten ari direla argi izan behar dugu.
1. adibidea. Neska bati gonarik ez ipintzeagatik kritika egiten badiogu, bere izaera onartzen ez dugula adierazten ari gara. Eta berdin, titi-artea agerian ibiltzeagatik kritikatzen badugu.
2. adibidea. Kolore arrosa duen arropa aukeratzeko libre sentitzeko aukera eman behar diegu.
• Mutikoak eta neskatoak, txiki-txikitatik maitemin daitezke, eta sentimendu onargarria dela jakinarazi beharko diegu, horrela, euren bizipenak ulertzen saia daitezke eta irrika hobeto biziko dute.
• Muxuak, laztanak, besarkadak… onartuak eta partekatuak direnean, adin guztietan afektuzko adierazpenak dira. Hanka sartze handia da txikien edo helduen arteko adierazpen horien aurrean arriskua, beldurra, nazka edo lotsa adieraztea. Posible da guk geuk jaso dugun heziketarengatik, modu horretara bizitzea, baina, gure jarreren bitartez sentimendu negatibo horiek transmititzen baditugu, erotofobia sustatzen ari garela jakin behar dugu. Hau da, gu eredutzat gaituzten horienga, sexualitateen bizipen ezkorra eragiten ari garela .
• Bizitza proiektu sendoa aukeratzen lagundu behar diegu. Horretarako neska edo mutila izatea mugatzat jo gabe aritu beharko dugu. Izan nahi duten lanbidea, egin nahi dituzten kirolak, nahi duten familia eredua, gustuko dituzten bikotekideak, amesten dituzten maitasun harremanak…  aukeratzen lagunduko diegu euren itxaropenak errealistak izan daitezen lagunduz. 
• Ingurua aztertzeko jarrera sustatu beharko dugu: telebista, zinema, publizitatea, abestiak, bideojokoak, irudiak, ohiturak... aztertzeko irizpideak eman. Zer funtzio betetzen dute emakumeek medio horietan? Eta gizonek?  Nolako gizon edo emakumea izan nahi duzu zuk?
Konfiantzazko sexu aholkularitza zerbitzuak hemen topatuko dituzu:
>>> www.gaztezulo.com
>>> www.goxoki.com