IBARROLA, Begoña: Emozionalki adimentsua den gizarte batean biziko bagina, gurasoek, eskolak eta gizarteak hezkuntza parametro berberak izango lituzkete

Adimen emozionala gero eta gehiago entzuten dugun kontzeptua da. Zer gertatu da horrelako garrantzia hartzeko?
Hainbat faktore izan dira. Baina, 1995ean, Daniel Gollemanek Adimen emozionala izeneko liburua argitaratu zuenean zabaldu zuen kontzeptua. Psikologoa eta kazetaria da, hizkuntza erraza erabiliz publikoarengana iristea lortu zuen, eta gai horiek ulertzeko leihoa zabaldu zien ordura arte interes handirik ez zuten pertsonei. Uste dut gaiak erakargarritasuna duela, gaurko arazo askori erantzuten dielako; besteak beste, bortizkeriarekin, elkartasun faltarekin edota eskola porrotarekin zerikusia duten portaera askori erantzuna ematen dielako. Emozioek berebiziko garrantzia dute portaeran; zenbait emoziok ongi egoten laguntzen digute, eta beste batzuek elkarbizitza oztopatzen dute, eta pertsonen arteko harremanetan arazoak sortzen. Gaitasun emozional guztiak gara daitezke, hezigarriak dira, eta horrek asko laguntzen du, ez baita baldintzapen genetikoa, ikas daitekeen zerbait baizik.
Nola definituko zenuke zeuk adimen emozionala?
Adimen emozionala gaitasun emozionalen multzoa da. Gaitasunak, ezagutza multzo bat dira, jarrera multzo bat…, ez da soilik harremanak izateko gai izatea. Jarrera, trebetasun, ezagutza eta abarren sintesi bat da. Horiek guztiak mundu emozionala ezagutzera eta erabiltzera zuzentzen dira, eta, orokorrean, ongizate pertsonala eta ongizate soziala dute helburu. Adimen emozionalaren gaitasunak hezigarriak dira, ezagutzak barnera daitezke, gaitasunak gara daitezke eta jarrerak bultza daitezke. Hezkuntza etengabe ari da elementu horiekin lanean; kontua ez da ikasleek ezagutza batzuk barneratzea soilik, baizik eta besteekin egoki jokatzeko erak garatzea eta bizitzarekiko, lanarekiko, ikasketekiko… jarrera positiboa izatea. Konpetentzia horietako batzuek geure barnean dagoena aurkitzen laguntzen digute, eta, ondoren, hori guztia besteekiko harremanetan erabil dezakegu. Nik uste dut horrek berebiziko garrantzia duela. Lehenik, norbera aldatzen da, eta, barne aldaketa horien eraginez, kanpo aldaketak gertatzen dira. Baina, jakina, norbera, zergatik aldatu behar duen ulertzen badu aldatzen da, ez irakasle batek esaten diolako. Lehenik zer egin behar duten ikusi behar dute, eta, barneratu ondoren, horrek ondorio positiboak dituela eta haiengan eta inguruan dituzten pertsonengan ongizatea sortzen duela ikusten dute. Hor formula garrantzitsua dugu. Hori dela eta, adimen emozionalaren definizioan oso garrantzitsua da trebetasunen eta jarreren garapena azpimarratzea, ez soilik ezagutzen garapena. Pentsa ezazu hemendik urte batzuetara ikasleei emozionalki adimentsuak nola izan behar duten azaltzen dien liburu bat ateratzen dela; bada, horrek ez du balioko. Izan ere, nik asko irakur dezaket enpatiari buruz, enpatikoa izan gabe. Haur batek, ematen diozuna baliagarria dela eta bere bizitza hobetzen duela ikusten duenean, hartu egiten du. Adimen emozionalaren helburua, emozionalki osasuntsuak diren ohiturak sortzea izango litzateke, eta gaizki egotera bultzatzen gaituzten portaera okerrak, ongizate pertsonala eta soziala ekarriko duten beste ohitura batzuez ordezkatzea.
Lehen prozesua pertsonala da, beraz. Barrura begiratu behar dugu zer dugun ikusteko. Kosta egiten al zaigu gure barnera begiratzea?
Bai. Gero eta gehiago. Duela hamahiru urte ikastaroak ematen hasi nintzenean, autoezagutzaz edota autokontrolaz hitz egiten nuenean, erresistentzia gutxiago topatzen nuen. Gizartea erritmo bizian ari da garatzen, horrek arreta galarazten digu, eta desorekak sortzen dira. Gauza asko egiten ditugu, jendeak estres handia du, eta egiteko eta egiteko presio handia dago, kanpotik estimulu asko jasotzen dugu, eta pentsatzea alde batera geratzen da, ia lo hartzen ari garen une horietara mugatzen da. Autoezagutzak edo kontzientzia emozionala garatzeak denbora eskatzen du, eta begiak itxi eta barnera begiratzeko prest egotea. Hausnartzea, nola sentitzen zaren pentsatzea, zerk haserretzen zaituen, herstura noiz sentitzen duzun, noiz zauden goibel edo zerk sortzen dizun goibeltasuna… Horrek guztiak hausnarketa eskatzen du, eta norberaren buruarekin konektatzea. Bestalde, emozio bakoitza gorputzeko zein seinalek laguntzen duten lantzen dugu, hau da, gorputzak sentitzen duguna nola adierazten duen. Eta sentitzea, pentsatzea eta egitea gizakia bizi behar deneko esparruak dira, baina denbora beretsuan: ezin dugu eguna eman egiten eta egiten, pentsatu gabe, baina ezta pentsatzen eta egin gabe  ere. Akatsa litzateke. Sentitzeko uneak daude, pentsatzeko uneak daude, eta egiteko uneak daude. Pertsona orekatu eta osasuntsu batek, emozionalki adimentsua denak, badaki une bakoitzean zer egin behar duen, eta guztiari ematen dio denbora.
Haurrekin gauza bera gertatzen da, estimulu gehiegi jasotzen dituzte: telebista, bideojokoak, gurasoek eskaintzen dizkieten jarduerak… Horrek ez die euren buruarekin konektatzeko eta euren munduan egoteko lasaitasun unerik uzten. Batzuetan, haiek beren uneak izatea arazoa dela iruditzen zaigu. Niri, psikologo moduan, galdetu izan didate ea haur batek arazorik baduen fantasia mundu batean bizi delako eta imajinatzen dituen gauzei buruz hitz egiten duelako. Baina lau urteko haur batengan hori oso osasuntsua da. Guraso batzuk gauza arraroa dela pentsatzen hasten dira, gainerako haurrek bezainbeste jolasten ez dutela esaten dute, edo bideojokoek ez dituztela erakartzen. Baina askotariko haurrak daude, eta norberaren izaera errespetatu behar da. Egun osoa mundu fantastiko horretan eman eta errealitatea ukatzen ez duten bitartean, hori osasuntsua da.
Kanpoko estimuluak aipatu dituzu. Baina, horrez gain, beldurra al diogu barnera begiratu eta gustuko ez dugun zerbait aurkitzeari?
Helduek bai. Haurrek ez dute beren prozesuen gainean hausnarketa egiteko gaitasun metakognitiboa garaturik. Nerabezaroa une egokia da, barnera begiratzen den unea delako; hala ere, batzuetan ez da egoki gidatzen, eta ikusten dutenarekin beldurtu egiten dira. Heltzen goazen heinean, aldatzea kosta egiten zaigu, eta, hausnarketa egitean, aldaketarako eremu potentzialak ikusten ditugu. Baina pauso hori emateak ausardia handia eskatzen du, eta, egiazki, bere barnean oso sakon sartzen den jendea, zer aldatu behar den ikusten duena, eta, ondoren, aldaketei aurre egiten diena, ausarta da. Gizakiak badu ongi edo gaizki doan esaten dion barne alarmatxo bat, baina askok ez diote jaramonik egiten, eta gauzak egiten eta egiten hasten dira, denbora betetzeko. Bizitza erdia gauzak egiten joaten zaie, eta, agian, oso zaharrak direnean, bizitza erdia pasatu zaiela ikusten dute, eta ez dutela benetan nahi zutena egin, edo ez dutela haien benetako bokazioarekin edo pasioarekin bat egin. Adimen emozionala hori saihesten saiatzen da. Haurtzarotik, gaztarotik, norbera bere barruarekin konektatzen saiatzen da, kontura dadin, benetan, bizitzan zer egin nahi duen. Bokazio hitza alde batera utzi da, baina esanahi garrantzitsua du. Norberak munduari zer eskain diezaiokeen, nor den, zer gaitasun dituen, ekarpenik non egin dezakeen, etab. pentsatu behar du, eta horra jo, gozatuz. Nerabeekin gaitasun emozionalak lantzen ditugunean, jarduna haien bokazioa zein den aurkitzera bideratzen dugu. Ez daitezela eremu batean presioagatik sar, edo hori modan dagoelako, bestela, azkenean, zoritxarrekoak izango direlako. Gizarteak ezin du norberaren potentziala alferrik galtzen utzi. Gauzak, horiek  aldatzeko aukerarik badenean egin behar dira, eta gaitasun emozionalak lantzeak, bizitzan zer egin nahi duten ikustera, presioetatik alde egitera eta diren bezalakoak izatera daramatza pertsonak.
Adimen emozionalaren gaitasuna hezteko beharra aipatu duzu. Eskola al da horretarako lekurik aproposena?
Nik uste dut hezkuntza prozesu orotan oso garrantzitsuak diren hiru elementu daudela: familia da oinarrizkoena, gero eskola dago, eta, ondoren, gizartea. Izan ere, gizarteak eta komunikabideek ere hezten dute; haurrei irudiak ematen dizkiete eta, ongi edo gaizki, baina hezten ari dira. Familiak eta eskolak talde bakarra osatu beharko lukete. Nik uste dut eskolak familia bertan txertatzeko erronka duela, eta gune bakarra osatu beharko luketela, elkarri etsai gisa begiratu gabe; batak bestearengan konfiantza izan beharko luke, eta elkarri lagundu. Eta gurasoek ikusi beharko lukete hezteko lana ezin dutela soilik eskolaren gain utzi, biek dute erantzukizuna, eta ildo beretik joan behar dute, gatazkarik sor ez dadin. Batzuetan, kontraesanak sortzen dira: gurasoek seme-alabei norbaitek joz gero berdintsu erantzuteko esaten diete, eta, ikasgelan, adibidez, bakerako heziketa eta gatazken konponketa lantzen ari direlako adimen emozionalaren arloan. Alde batetik mezu bat jasotzen ari dira, eta, bestetik, beste bat.
Eta burua nahasten zaie…
Bai. Ni ikastetxe askotan izan naiz eta hiru edo lau urtetik aurrerako haurrekin gatazken konponketa lantzen aritu gara. Gurasoak, euren seme-alabekin hitz eginez, entzunez, ados jarriz…, gatazkak konpontzeko gai direla ikusten dutenean, harrituta geratzen dira. Baina etxean gauza bera egin dezakete. Seme-alabek zerbait gaizki egiten duten bakoitzean zigortu edo zaplazteko bat jo beharrean, irtenbide bat bilatzera eta egindakoaren gainean hausnartzera bultza ditzakezu. Eskola eta familia ados jartzen direnean, hezkuntza prozesua oso ongi doa aurrera. Gatazkak sortuko dira, jakina, baina horiek ebaztea askoz errazagoa izango da, familia alde batetik eta eskola bestetik joanda baino. Lehen emozioak, lehen irakaspen emozionala, uteroaren barnean jasotzen da, lotura hori oso garrantzitsua da, eta, jaiotzean, aita heziketa nukleo horretan presentzia hartzen hasten da. Haurra eskolan jartzen denean, beste haur batzuekin kontaktuan hasten denean, beste haur batzuengandik estimuluak jasotzen hasten da, eta bere sozializazio prozesua hasten da. Prozesu horretan ereiten duten lehenak gurasoak dira; ondoren, eskolak ekarpena egiten du, eta, azkenik, gizarteak osatu behar du. Emozionalki adimentsua den gizarte batean biziko bagina, gurasoek, eskolak eta gizarteak hezkuntza parametro berberak izango lituzkete. Baina, ez gara emozionalki adimentsua den gizarte batean bizi, eta haurrek eskolan ikasten dituzten zenbait gauza, gorde egiten dituzte eskolan baliagarri zaizkielako, baina konturatzen dira gurasoek ez dutela eurek duten ezagutza, eta badira gurasoei irakaspenak ematen dizkieten seme-alabak. Beraz, familiak eta eskolak onura atera diezaiekete heziketa emozionaleko programei. Gero, bada beste arazo bat ere: ikastetxe batzuek, batzuetan, gurasoei esku hartzen uzten diete, baina, beste batzuetan, hesiaren beste aldean geratzen dira eta ez dago harremanik. Horrela, familia ezin da elementu garrantzitsu gisa eskolan sartu. Baina gurasoak ikasgeletara sartzen direnean, eskola barnean beste guraso batzuekin elkartzen direnean, irakasleekin lotura sortzen dutenean, guztiek helburu bera dutela konturatzen direnean, hesiak hautsi egiten dira.
Eskolan, topa al daiteke orekarik alde emozionalaren eta alde kognitiboaren artean?
Bai.  Gizakia hiru eremutan mugitzen da: dimentsio kognitiboan, portaeren dimentsioan eta dimentsio emozionalean. Tradizionalki eskolak lehen biei erreparatu die, baina dimentsio emozionalari ez. Ez presente ez zegoelako, zeren uneoro hor dago, baizik eta heziketa emozionala ez zelako era kontzientean egiten. Ikasleak gustura sentitzen ziren oinarri kognitibotik haratago zihoazen harremanak zituzten irakasleekin, pertsonak berak jartzen zuen emozionaltasuna, baina beste irakasle batek, agian, paso egiten zuen; ikasgaia ematen zuen, baina ikasleei ez zien pertsona gisa begiratzen, eta gutxi inporta zitzaion arazoak zituzten, goibel ote zeuden… Ez ziolako horri erreparatzen. Gaur egun ikusten da ikasgela barruan irakasle guztiek hiru dimentsioak aintzat hartu behar dituztela. Irakasleek ohartu behar dute ikasgelan daudenean ez dagoela neutroa den elkarrekintzarik, emozionalki neutralitaterik ez dela existitzen: edo ikasleak maitatuak, babestuak eta balioetsiak sentitzen dira, edo epaituak eta gutxietsiak sentitzen dira. Irakasleak euren jarrerak eta tratuak ikaskuntza errazten dutela jabetzen direnean, ikasgelan asko aldatzen dira gauzak. Baina, irakasleak haren mundu emozionalari beldurra badio, ikasleekin emozionalki lotzeari beldurra badio, kanpoan geratuko da, eta soilik alderdi kognitiboari eta portaerei erreparatuko die. Nik uste dut erabaki hori ez litzatekeela norberaren esku utzi behar. Hezkuntza integralaren kontzeptua helburu gisa agertzen da ikastetxe guztietan, eta hezkuntza integralari buruz ari bagara, dimentsio emozionalari besteei bezainbesteko arreta eskaini behar zaio. Ikasgelan ikasle bat goibel dagoela ikusten baduzu, zerbait gertatzen zaiola, hori konpontzeko zerbait egin behar duzu. Goibel dagoen bitartean, grinatsu dagoen bitartean, ez du ikasiko eta irakasleak esaten diona bost axolako zaio. Baina, irakasleak ez daude trebatuta, eta hori da arazoa. Ez dute emozioen mundua interpretatzen jakiteko eta hori kontrolatzeko, erregulatzeko, erabiltzen jakiteko prestakuntzarik jaso. Baina, irakasle gehienek, nola egin dezaketen ikusten dutenean eta gaitasun emozionalak lantzearen garrantziaz jabetzen direnean, horra jotzen dute.
Nola planteatzen dituzu ikastaroak? 
Iraupen desberdineko ikastaroak ematen ditut, baina, batez beste, 20 ordukoak izaten dira. Lehen kontaktuan oinarrizko arauak ematen zaizkie: zer diren emozioak, bakoitzak zertarako balio duen, emozio batzuk txarrak diren aurreiritzia baztertzea, emozioak nola adierazten diren azaltzea, gorputzean eta gure portaeran duten eragina, ikasteko eta pentsatzeko gaitasunean nola eragiten duten… Oinarri zientifikoa eskaintzen diet, ikusteko, ez dela soilik modan dagoen zerbait. Ondoren, hainbat gaitasun emozional lantzen hasten gara, eta euren gaitasunekin lan egitea proposatzen diet: autoezagutza, autoestimua, automotibazioa, autokontrola… Enpatia, trebetasun sozialak eta gaitasun sozio-emozionalak ere lantzen ditugu, haien bizitzako adibide praktikoak hartuta. Ondoren, ikastaroarekin aurrera jarraituz gero, hori guztia ikasgelara nola eramaten den uler eta interpreta dezakete. Puntu horretan irakasleak banatu egiten dira: Haur Hezkuntzako irakasleak alde batetik, Lehen Hezkuntzakoak bestetik, eta Bigarren Hezkuntzakoak bestetik. Dinamikak eta helburuak adinaren arabera aldatzen dira. Baina, garrantzitsuena norberak bere burua lantzea da,  bestela prozesua okerra izango baita. Ikasgelan heldua da erreferentzia nagusia, eta ezin duzu, adibidez, garrasirik ez egiteko esan, garrasika. Egiten da, baina ez litzateke egin behar.
Baina, batzuetan, ez da erraza izango…
Ez, baina kontraesan horretan sartzen bazara, ikasleek esaten duzuna edo egiten duzuna egin behar ote duten galdetuko diote euren buruari, eta, azkenean, egiten duzuna egingo dute, erreferentea zeu zarelako. Eredua zara, eta oso haserre zaudela baina haserre hori ezabatzen saiatuko zarela esaten badiezu, irakaspen bikoitza ematen ari zara: alde batetik, haien modura gizakia zarela eta haserretu egiten zarela esaten ari zara, baina, bestetik, haserretzen zarenean errespeturik gabe ez diezula hitz egiten, ez zarela bortitza, ez dituzula erruduntzat hartzen, ez duzula garrasirik egiten…, adierazten ari zara; hori guztia erregulatzeko gai zarela, alegia. 
Adinean aurrera egin ahala, garrantzi handiagoa ematen zaio arlo kognitiboari. Ikusten al duzue Bigarren Hezkuntzako irakasleen faltarik zuen ikastaroetan?
Nire esperientziaren arabera, Haur Hezkuntzako irakasleak etortzen dira gehien, ondoren Lehen Hezkuntzakoak, eta, azkenik, Bigarren Hezkuntzakoak eta Batxilergokoak. Badu azalpenik: alde batetik, Haur Hezkuntzan irakasleak berak antolatzen du denbora, eta ikasgela Bigarren Hezkuntzan baino errazago antola dezake. Lehen Hezkuntzan tutoreak pisua du, baina jada curriculumaren presioa sumatzen hasten da. Bigarren Hezkuntzan, irakasle askok euren ikasgaia eman eta ikasgelatik alde egiten dute; esaten dutenez, ez dute loturarik ikasleekin, ez dute horretarako denborarik. Ikastaroetan oso gustura geratzen dira, ordea, ikusten dutelako ez dela ematen dutenari zerbait gehitzea, baizik eta ematen dutena beste era batera ematea. Ez da lan gehigarri bat. Eta ordubete egon eta joan arren, konturatzen dira, ordubete horrek ikaslearen bizitzan inpaktua sor dezakeela. Esperientziak esaten dit Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakasleek, eguneratze pedagogikorako ikastaro bat eman arren, pertsonekin nola lan egin behar duten ez dutela oso argi izaten. Eta guztia pertsonaren baitan geratzen da. Gehien behar dutenak izan litezke, baina hasieran mesfidatiagoak dira.
Demagun irakasle batek gaitasun horiek erabiltzen ikasi duela. Hark badaki ikasgelan nola jokatu behar duen, baina ikasleek gaitasun horiek landu ditzaten tresnarik eskaintzen al diozue?
Irakasleek, lehenik, euren buruarekin lantzen dituzte gaitasunak, eta, ondoren, ikasleei erakusten diete tresna horiek erabiltzen. Beraz, ezagutza hori orokortu egiten da. Egin ditugun jarraipenetan ikusi izan dugu, gainera, denborak aurrera egin arren, ikasleek tresna horiek mantentzen dituztela, euren bizitzan balio dietelako. Asertiboa izaten, bere iritzia ematen, eskatzen, ezetz esaten, etab. dakien pertsona bat askeago sentitzen da, eta bizitza osorako ongi etorriko zaio. Gaitasun horiei guztiei bizitzarako gaitasunak deitzen zaie munduko zenbait tokitan. Nik oso gustuko dut era hori, bizitzarako gaitasunak dira, ez soilik ikasgelarako gaitasunak.
Adimen emozionala curriculumean sartzea irtenbide bat izan liteke. Zu zeu integrazio curricularrean ari zara lanean orain. Nola bideratzen duzue adimen emozionalaren gaia curriculumaren barnean?
Ni SM argitaletxearekin ari naiz lanean. “Sentitu eta pentsatu” izeneko lehen programa haiek egin zituzten gaztelaniaz 2000. urtean, eta nik ere parte hartu nuen. Gaitasun emozionalak garatzeko materialak argitaratzeko interesa izan zuten, eta gaia lantzen lehenak izan ziren. Irakasleek gaia gehigarri modura ez ikusteko eta irakasle gehiagorengana iristeko, heziketa emozionalerako proposamenak ikasliburuetan sartu zituzten. Nik Lehen Hezkuntzako materialak egin ditut, eta, ikasliburuetan, unitate didaktiko bakoitzean, horrekin bat datorren jarduera bilatzen dugu. Adibidez, sumendiei buruz hitz egiten ari bazara, zera galde dezakezu: “Noiz sentitzen zarete zuek sumendia bezala? Noizbait sentitu al duzue lehertu behar zenutela?”. Eta, galdera ez dago lekuz kanpo, sumendiei buruz hitz egiten ari zinelako. Sormen ahalegina egin behar da, eta asko pentsatu behar da, adibidez, matematikan heziketa emozionalerako proposamenak topatzeko. Nik uste dut unitate didaktikoari plus bat ematea dela. Irakasleek erabilgarritasuna ikusten dutenean, beste alderdi batzuk lantzeko proposamenak egiten dituzte, eta hobeto sentitzen dira, motibatuta, pozik daude egiten dutenarekin…
Irakaslearen betekizuna aldatu egiten da, beraz, eta garai batean zuen irudi autoritario hori alde batera geratuko litzateke. Hori, ordea, mugak jarri ezinarekin nahas daiteke. Ba al da hor kontraesanik?
Haur Hezkuntzan, adibidez, bi edo hiru urtetik aurrera mugak ikastea beharrezkoa da. Gaitasun sozio-emozionalak lantzen ari direnean, irakasleei diziplina emozionala eta mugak jartzen irakasten zaie, baina garrantzitsua da errespetuz eta ulertuz egitea. Irakasleei informazioa ematen zaie, eta mugak eta arauak jartzen dituzte. Hezkuntzak ez ditu arauak, mugak eta diziplina alde batera utzi behar, inondik inora. Baina gauzak inposizio bidez edo kontsentsu bidez lortzea, oso desberdina da. Ikastaroetan arauak, diziplina eta mugak jartzeko tresnak ematen zaizkie, baina estilo autoritariorik gabe. Autoritatera kasu zehatzetan jo behar dute soilik. Era horretan, ikasgelako arazoak asko murrizten dira, eta, maiz, ikasleek haien artean konpontzen dituzte arazoak, helduek esku hartu gabe. Aldea dago diziplina hutsaren eta afektua edo ulermena dituen diziplinaren artean.
Gai horrekiko interesa handia da. Nola ikusten duzu etorkizuna? Heziketa emozionalak lortuko al du behar duen lekua?
Bai, baina leku guztietan programa guztiak ez doaz erritmo berean. Oso garrantzitsua da ikastetxeko hezkuntza plan osoa lantzea eta ikastetxe osoa inplikatzea. Hemendik hamar urtera adimen emozionala hezkuntzan ezaguna izatea espero dut, eta hezkuntza gizarteko beste eremu batzuetan sartzeko akuilua izatea; izan ere, ezin ditugu enpresa mundua eta esparru sozio-komunitarioa ahaztu. Gipuzkoan lan handia egin da, eta Gollemanek berak oso garrantzitsutzat jo zuen urrian egin zen ebaluazioa; munduan ezagutzen duen proiektu berritzaileenetako bat dela esan zuen. Kontua ez da ereduak mimetikoki ezartzea, baina Gipuzkoan posible izan bada, beste leku batzuetan ezartzea ere posible izango da. Olio tanta txikiek orban handia egiten dute azkenean. Ni baikorra naiz, eta horretan sinesten dut. Oso tresna baliagarriak dira edonorentzat, batzuk eta besteak esparru horretan sartzen joango dira, eta emozioek orain arte eman zaiena baino garrantzi handiagoa izango dute, betiere ongizate pertsonala eta ongizate soziala lortzeko helburuarekin. Irakasleria krisian da, une txarra igarotzen ari da, eta laguntza oro oso garrantzitsua da. 
Erreminta kutxaren metafora gogoko du Ibarrolak. Adimen emozionaleko ikastaroetan kutxa ematen dizutela dio, eta tresna horiek nola erabili esaten dizutela, baina zuk behar dituzunean erabiltzen dituzula: “Beraz, koadro bat zintzilikatzeko ez duzu iturria konpontzeko behar duzun erreminta bera beharko. Arazoa erremintarik ez baduzu edo horiek erabiltzen ez badakizu topatuko duzu. Iltze bat sartzean, behatza joko duzu agian, baina mailua nola erabili baldin badakizu, ez duzu zailtasunik izango”.