Haritz Berri Baserri Eskola. Txikienak baserri girora gerturatzeko aukera

Nafarroa Garaian, Aranguren haranean kokatuta dagoen herri txikia da Ilundain. Eliza eta Haritz Berri Baserri Eskola besterik ez daude han. Nafarroako gobernuak herria erosi zuen, eta Ilundain-Haritz Berri Fundazioaren egoitza kokatu zuen izen bereko herrian. Gizarte arretarako, arreta profesionalerako eta ingurumen gaiak lantzeko fundazioa da, eta proiektu horrekin lotuta sortu zuten Haritz Berri Baserri Eskola duela 20 urte.
Baserria, ukuilua eta bertako animaliak ez ezik, baratze ekologikoa eta basoa ere bisita ditzakete Haritz Berrira gerturatzen direnek. Gainera, eskaintza zabaltzen ari dira etengabe, eta energia berriztagarriak lantzeko parkea ere bisitatu ahal izango da urtarriletik aurrera. Klimaren arloa ere jorratu nahi dute etorkizunean, eta estazio meteorologiko didaktikoa jarri nahi dute abian, baita uraren birziklatzea azaltzeko gunea ere.
Baina baserria bisitatzera gerturatzen dira, batez ere, ikasleak Ilundainera, hori lantzeko beharra handia baita gaur egun. Gehienbat, Haur Hezkuntzako haurrak joaten dira, adin horretan hasten baitira animaliak lantzen. Iruñerrikoak izaten dira gehienak, eta hiri ingurukoak izanik, ez dute baserri mundua ezagutzen, Mikel Lasarte Haritz Berri Baserri Eskolako zuzendariak esan digunez: “Haurrek oihaneko animalien gaineko dokumentalak ikusten dituzte telebistan, eta gehiago dakite lehoiari edota tigreari buruz bertako animaliei buruz baino”. Esnea, oilaskoak edota urdaiazpikoak nondik etortzen diren ez dute jakiten, eta gehien eskertzen dutena animaliak bertatik bertara ikusteko eta horiek ukitzeko aukera izatea da.
Taldeak iristen direnean, Sutondoko gela deitzen den gelan biltzen dituzte, haurrei ikusi behar dutenaren gaineko azalpenak ematen dizkiete, eta arauak zein diren jakinarazten diete. Gero, taldeak egiten dituzte, eta animaliak ikusteko bisitaldi gidatua hasten dute. 400 bat animalia dituzte, 40 espezie baino gehiagokoak, eta bertako arrazak ikus daitezke; behi piriniarra, latxa arrazako ardia, euskal oiloa, bertako behorrak, hegazti mota asko, untxiak… Animalia bakoitzaren alderdi garrantzitsuenak aipatzen dizkiete ikasleei: familia zer animaliak osatzen duten, zer produktu ematen dituzten, zer elikagai mota behar dituzten, nola zaintzen diren, ezaugarri garrantzitsuenak zein diren…
Baratze ekologikoa lantzera joaten denik ere bada, eta beste talde batzuek basoko ekintzak egiten dituzte. Basoan, zuhaitzak, zuhaixkak, bertako landareak, biodibertsitatea… lantzen dituzte.
Metodologia praktikoa da, eta haurrek aurrez duten ezagutzaren arabera lantzen dituzte gaiak. Aurrez irakasleekin hitz egiten dute haurrek zer landu behar duten jakiteko, eta, Mikelek esan digunez, bisita egin aurretik ikastetxean gaia lantzen dutenean, askoz ere aberatsagoa izaten da Haritz Berriko bisita. Nolanahi ere, Haritz Berri Baserri Eskolan, haurrak ingurumenarekiko errespetuzko jarrerak izatera bultzatzea da helburu nagusia•
Jarduerak:
Bisitaldi gidatuak
- Baserri eskolara edota baratze ekologikora.
- Ilundaingo basora.
Jardunaldiak Baserri Eskolan
- Etxaldea.
- Baratzea.
- Basoa.
- Ikastetxeak proposatutako beste bat.
Egonaldiak
- Bi egunekoak edo egun gehiagokoak izan daitezke.
Udako kanpaldiak
Tailerrak
- Baserriko edota baratzeko tailerra.
- Birziklatze tailerra.
- Sendabelar tailerra.
- Herri kirol tailerra.
- Erlezaintza tailerra.
- Ogi tailerra.
- Baserria, hainbat animalia motarekin.
- Baratze ekologikoa: negutegiak, fruta arbolak, mahastia.
- Iruñerriko lehorreko laboreak: zerealak, olio landareak, ilarrak…
- Lore eta landare mintegia.
- Lorategi botanikoa, 90 landare motarekin.
- Baso didaktikoa: 10.000 metro koadro ditu eta interpretazio lana egiteko prestaturik dago.
- Ibilbideak Ilundaingo basoan: aterpea, oreinak, belardiak, galtzeko arriskuan dauden bertako arrazak…
- Baserriko tresnen erakusketa.
- Milagro-Zaraitzu abelbidea.
- Energia berriztagarriak.
- Estazio meteorologikoa.
- Etxe inguruko koadernoak (baserria, baratze ekologikoa eta basoa).
- Web orrialdea.
- Argitalpenak: Ilundaingo basoa eta Ilundaingo landareen gida.