Hezkidetzaz: Hezkidetza IKTen eskutik: Blogeatu nahi?

Blogak, blogosfera, ikasblogak… batzuentzat hitz arraroak baino ez dira oraindik. Beste batzuentzat, berriz, bloga kontzeptua guztiz ezaguna izango da jadanik; agian lanean ere erabiltzen ari diren tresna da.
Baina, zer da bloga? Sarritan eguneratzen den interneteko web orri interaktiboa da, dohainik lortu, sortu zein kudeatzeko oso erraza dena.
Web 2.0 teknologiari jarraituz, blogak, wikiak eta beste hainbat tresna digital agertu dira azken urteotan. Horiek guztiek komunean daukatena hauxe da: interneteko web orriak direla (ezaugarri desberdinekin), edonork dohainik sortu, erabili eta parteka ditzakeenak.
Web arruntetan jantzita zegoen egile batek interneteko serbidorea bazuen, sarean edukiak ipini zitzakeen beste guztiok irakurtzeko. Web 2.0 munduan, berriz, guztiok izan gaitezke egile, eta interneten zer eduki ipini erabaki dezakegu, elkarreragin bizia eta aberatsa sortuz besteen iritziak jasoko ditugula jakinda. Web dinamikoaren aurrean gaude.
Baina, zer dela eta, bloga eta hezkidetza?
Irakaskuntzaren edozein eremutan blogaren erabilera oso interesgarria izanda ere, hezkidetzaren munduan bereziki esanguratsua izan daiteke hurrengo arrazoiengatik:
1.- Lehenik eta behin, tresna bera, hau da, teknologia tresna izateagatik. Teknologia (tradizionalki gizonezkoen eremua) neskei hurbiltzea ezinbestekoa da sozializazio prozesuan ematen diren aldeak orekatu nahi baditugu. Emakume/neska eta teknologiaren artean dagoen tartea laburtu/apurtu behar dugu. Horretarako IKTak eta haien aplikazioak (blogak, adibidez) geletan aprobetxatzea eta nesken erabilera bultzatzea garrantzitsua deritzot. Ildo horretatik oso adierazgarria den “Desxifrant el codi lela” Donestech-en dokumentala ikustea gomendatzen dizuet (http://www.donestech.net/ca/ el_documental_de_donestech_dexifrant_el_codi_lela_ja_esta_disponible_en_4_llengues).
2.- Ondoren, tresnak ematen dituen aukerengatik:
- Alde batetik, blogak (2.0 webeko tresna guztiak), interneten nahi dugun edukia eskegitzeko askatasuna ematen digu. Askotan esaten dugu emakumeen mundua isilpean dagoela, espazio publikoan ikusezina dela. Blogak egoera hori aldatzeko aukera ematen digu. Hitza gurea da. Erabil dezagun eta bultza ditzagun neskak hitza hartzera.
- Bestetik, elkarreraginerako daukan gaitasunak sareak osatzeko aukera paregabea ematen du; sarea ehotzeko tresna zoragarria da. Hezkidetzan lanean ari garenok -sarritan sakabanatuta eta batzutan bakardadean- erraz eta modu bizian kontaktuan jartzen gaitu blogak. Blogosferan, edonorekin, hemengoekin zein munduaren beste aldekoekin, jar gaitezke harremanetan.
3.- Eta azkenik, aurrekoen ondorioz, bideratzen dituen edukiengatik. Gaur egun, blogosferari esker, hezkidetzako hainbat material didaktiko, proposamen, orientabide… eskura ditzakegu. Hezkidetzari leiho bat zabaltzen diogu mundu berri horretan. Gure esku dago.
Aurreko guztia kontuan hartuta, Zubiak Eraikitzen Hezkidetza Taldea osatzen dugun aholkulari eta irakasleok teknologia berrietara hurbiltzeko asmoz, IKTen erabilera bultzatzen hasi ginen. Hasieran web orri bat eta webquest batzuk egin genituen Martxoaren 8a ospatzeko, eta, handik gutxira, blogosferan buru-belarri murgildu ginen hezkidetzan aritzen garenon arteko sare ederra lortzeko asmoz. Izen bereko bloga sortu genuen esperientziak, berriak, ideiak, baliabideak eta abar partekatzeko. (Mila esker Make eta Marisari ekimena martxan jartzen laguntzeagatik).
Gure blogean hainbat edukiri buruzko artikuluak topa daitezke (estereotipoak, heziketa afektibo-sexuala, feminismoa, hizkuntza ez sexista, hezkidetzarako hainbat motatako baliabideak…) eta beste web orri edota blog batzuetara lotura interesgarriak. Eskegita daude baita ere, gure taldeak urteotan Martxoaren 8a ospatzeko egin dituen proposamen didaktikoak (webquestak, ikasleentzako blogak…). Dena “klik batean” eskura.
Baina gu ez gara bakarrak, inolaz ere. Azken hiruzpalau urtetan hezkidetzaren inguruan dauden blogak areagotu egin dira. Ildo horretatik, iaz Blogosfera Feminista eta Euskal Blogosfera Feminista sortu ziren, hau da, feminismoren ildotik doazen blog multzoak. Dagokigun irakaskuntza eremutik ere hezkidetzako blogosfera osatu zen: Coeducar en red, red de bitácoras de coeducación (http://iesazahar.org/coeducarenred/).  Sarearen ideia (hedatu, elkartu, partekatu…) gauzatzeko asmoz web orri  horretan  hezkidetzako blog sorta biltzen da. Haien artean gurea eta oso interesgarriak diren beste hainbat ere. Seguru diren guztiak ez daudela bertan, baina dauden guztiek gaiarekin lotura zuzena dute.
Zer topa dezakegu Blogosfera horretan? Ikastetxeko blogak agertzen dira gehienetan, bereziki Andaluziako ikastetxeetakoak. Hori ez da kasualitatea. Komunitate horretan azken urteetan hezkidetzaren alde egindako apustuaren ondorio da: ikastetxeetan Hezkidetza Proiektuak bultzatu dituzte eta horiek koordinatzeko hezkidetza arduraduna sortu dute. Egoera horrek (IKTen laguntzaz) oso emaitza onak utzi ditu: hezkidetza lantzeko ikastetxeko hainbat blog sortu dira, eta bertan, sentsibilizazio artikuluak, ikasleekin egindako lanak, baliabideak eta abar biltzen dira. Blog horietan irakasleek zein ikasleek hartzen dute parte.
Horien artean hiru aipatuko ditugu:
- La naranja del azahar (http://lanaranjadelazahar.blogspot.com/), Azahar BHIkoa. Gelako jarduerak, baliabide didaktikoak eta abar topa ditzakegu bertan. Blogaren eskumako zutabean “Nuestros temas” atalean baliabide guztiak gaika sailkatuta dauzkate.
- Igualdad (http://www.iesgrancapitan.org/blog01/?paged=2), Gran Capitan BHIkoa. Oso blog aberatsa: iritzi artikuluak, informazioak, jarduerak, baliabideak…
- Iguales en las tres mil (http:// igualdad3000.blogspot.com/), Antonio Dominguez Ortiz BH ikastetxeko Arte eta Filosofia Departamentuetako bloga. Mugimendu handiko bloga. Irakasleek zein ikasleek hartzen dute parte. Esteka interesgarri ugari eskaintzen ditu. (Ikasblogak Espiral Lehiaketan saritua izan zen).
Aholkularitzatik irakasleei zuzendutako blog batzuk ere agertzen dira. Horien artean bi aipatuko ditugu:
- Educarueca (http://www.educarueca.org/). Tutoretzarako orientabide eta baliabideak genero ikuspegia kontuan hartuta. (Ikasblogak Espiral Lehiaketan saritua).
- Coeducación. Espacio para educar en igualdad (http://web.educastur.princast.es/proyectos/coeduca/ ?page_id=2). Asturiaseko Emakume Institutuak eta Hezkuntza Sailak sortutako bloga: hezkidetza bultzatu nahi duten irakasleei zuzendutako gunea.
Hezkidetzan interesa baduzue eta blogetan ibiliak ez bazarete hau da nire gomendioa: lehenik, sartu helbide horietan, artikuluak irakurri, baliabideak arakatu, iruzkinak egin eta sareko partaide sentitu. Ondoren, interesgarria iruditu bazaizue, hurrengo urratsa eman:  zeuen bloga sortu, zertarako erabiliko duzuen pentsatu eta lanean hasi. Anima zaitezte. Harrapatu egiten zaitu!•
Blogak egiteko sistemak:
          http://www.blogger.com
          http://wordpress.com
          http://nireblog.com
Gure blogaren helbidea:
          http://zubiakeraikitzen.blogspot.com/
Gurekin kharremanetan jartzeko:
          zubiakeraikitzen@yahoo.es
          b06bigarrengh@berritzeguneak.net