Gaur egungo BeHIak. Hezkuntzaz hasnartzen

Nola hezi, hesitu gabe? Nola hezi, nola hesitu, mugatu gabe? Heztea hesiak jartzea al da?
Hezkuntzak zenbait gauza mugatzen edo zehazten ditu, ezinbestean. Guk eremu bat markatzen dugu eta, askotan, horren barruan egotera behartuta gaude, baina helburua izango litzateke, atea irekita ere, eremu horren barruan geratzen dena hark nahi duelako geratzea, interesgarria iruditzen zaiolako. Eta alde egin nahi duenak, alde egin dezala. Nire helburua jakin-mina piztea eta begiak irekitzea da, baliabide batzuk ematea, horiekin beste esparru batzuetara joateko aukera izan dezaten.
BeHIak onena emateko, kaikuenak ezin baztertu. Esne gehien ematen dutenen maila jarraitzen al da?
Hori aurrera begira planteatzen dut. Hainbat erritmotara egokitzen goazela ikusten dut. Guk behar batzuk ditugu, baina ikasleek, familiek eta gizarteak ere bai. Ikasleak askotariko helburuekin datoz: egotera, ezagutza jasotzera, titulua lortzera… Baina gaitasun zehatz batzuk ez dituztenak ezin ditugu baztertu; hobekien moldatzen diren esparruetara bideratu behar ditugu. Titulua ez da helbururik garrantzitsuena, ikasleei beste baliabide batzuk eskaintzen eta aniztasuna lantzen ere jakin behar dugu.
Aldiroko ikuskizuna: gurassik park (edozeren gainetik umearen egoerak itsututa). Ikasleek baino lan gehiago ematen al dute gurasoek?
Batzuetan bai. Askotan seme-alabek egindako edozer gauza justifikatzeko prest daude, agian, hori, ikaslearentzat onena ez dela kontuan hartu gabe. Gaztetxoak babes handia sentitzen duenean eta nahi duena egin dezakeela ikusten duenean, akabo. Eta, gurasoek, etxean eta eskolan zuzendu beharreko jarrera batzuk badirela ikusi beharrean, haien kontrako eraso gisa ikusten dute guk esandakoa.
BeHIari erabakiak goitik behera: presaka, bultzaka eta korrika. BeHIak ere estresak jota al dabiltza?
Hezkuntza Sailaren antolaketak korrika eta behar den bezala antolatu gabe aritzea dakar, maiz. Urtero gauza berdintsuak gertatzen dira eta aurreikuspen falta dagoela dirudi. Nik uste dut gauzak hobeto antola daitezkeela.
BeHIak euskaraz badu zentzurik (eta etorkizunik). Batzuk ez dira ohartuko. Behi euskaldun batenak ez ote dira memoria hutsean geratuko!
Lan handia dugu oraindik leku guztietan, baina leku askotan kalitatezko eskola D ereduarekin lotzea lortu da. Gauzak astiro doaz baina aukerak badaude eta euskarak etorkizuna du, jakina!
Zamak garraiatzeko tresneria eguneratu beharra. Erronka berria aspalditik datorkigu. Zaharkituta gaude, akaso? Idiek traktoreei lekua egiteko garaia al da?
Aurrera begiratu behar dugu beti eta une bakoitzean zer aldatu behar den, zer erosi behar den… ikusi behar dugu. Normalean, berrikuntza teknologiarekin lotzen dugu, baina leku askotan dauden eraikinen eredua beste garai batekoa da eta espazioak egokitzea ere, beharrezkoa da, behar berriei modu egokian erantzuteko. Idiak jaietarako eta garai bateko erlikia gisa geratzen ote diren, edo zenbait gauza egiteko tresnarik egokiena delako oraindik ere aitzurra erabili behar ote dugun aztertu beharko genuke. Betiko tresnen eta tresna berrien erabilera uztartu behar dugu, une bakoitzean egokiena hautatuz.
Haurre – ikuspena abeltzainarena; baina bizkarra zainduz. Adarkadaren beldur al da, bada, abeltzaina?
Irakasleoi leku guztietatik zaplastekoak jasotzen ditugula iruditzen zaigu, batzuetan. Azalpen asko eman behar izaten dugu maiz, eta ez dugu babes handirik sentitzen.
BeHIaz trufa egiteko zain daudenak ge-hienak. Zer egin du bada, BeHIak?
Gure lana ordaindua dagoenez, askotan ez da eskertu ere egiten, baina akatsak daudenean, gure kontra jotzen dute eta kritikatu egiten gaituzte. Porrotarekin dugun lotura gehiago ikusten da arrakastarekin dugun lotura baino; haien bidea jarraitzen dutenengan eraginik ez dugula dirudi, baina porrotak gure erantzukizun gisa agertzen dira.
Espero dena izan ez arren BeHIen inguruan badago etorkizun borobila, apurrez egina bada ere. Eskerrak itxaropena ez den galtzen!
Ez. Itxaropena ez da galtzen. Horrek mugitzen gaitu askotan. Batzuetan ikasle ohi batekin topatu, eta zertan dabilen ikusten duzunean, poza ematen dizu. Apur horiekin eusten zaie itxaropenari eta ilusioari.
BeHIa azalean geratzen bada, larrutik ordaintzen du. Gehiegi exigitzen al zaio?
Arrakasta neurtzeko hainbat modu daude, eta ez zaio soilik ikusten denari erreparatu behar, barrutik egiten dena garrantzitsuagoa baita askotan, ikusten ez den arren. Ezaguerak transmititzen ditugunean, gauza gehiago transmititzen saiatzen gara.
Ordezkoena: auto-eskola. Batetik bestera eta kotxea ezinbestekoa. Noiz utziko diote nomada izateari?
Pufff! Ez dut erantzunik, agian egunen batean denok elkartzen bagara eta “Aski da!” esaten badugu…
BeHIn baino gehiagotan plazarik plaza ibili behar. Baina urduriago plazarik gabe. Irakaslea toreroa al da abeltzaina izateaz gain?
Esleipen saioetara goaz ea plaza ona hartzen dugun eta kaskarrak iristen zaizkigu sarritan, baina hori baino okerragoa da plazarik gabe geratzea. Hori, gure lanbidearen egoeraren adierazle da, izan ere, edozein enpresatan 14 urtez arituz gero, langile finkoak izango ginateke. Guk ikasturteak iraun bitarteko lotura baino ez dugu, gero, agian, institutu berera itzultzeko aukera izan dezakegu, baina ezegonkortasuna, zalantza eta urduritasuna hor daude beti. Toreroak izatea egokitzen zaigu, baina guretzat ez dago goi-mailako plazarik.
BeHIak zirikatzen du jakinmina. Erdibidean geratuta, mina, jakina. Porrotaren mina arintzerik izango al da?
Zure helburuetako bat lortzen ez duzula ikustean mina sentitzen duzu, eta kontuan izan behar dugu jakin-mina beharrezkoa dela bizitzan, etengabe ikasten ari garelako.
BeHI batek baino gehiago dirudi Gobernuz Kanpoko Erakundea, gobernatzeko modurik ez baitago. BeHIa da, berez, gobernatzeko zaila, ala abeltzainak ez du asmatzen?
Behiak zailak dira, anitzak dira eta egunero sortzen dira arazo eta erronka berriak. Ezin dugu lo hartu. Zuzendaria, beste lankide bat izaten da askotan, haren prestakuntza ez da lan hori egitera bideratu eta kanpotik zein barrutik hainbat arazo heltzen zaizkio. Erantzukizun handia du eta ez ditu behar dituen baliabide guztiak.
BeHIen ordutegia luzatuta, lantokiak, jantokiak bilakatuta. Larrean etzanda egoteko denbora, non geratu da?
Gizarteak haurtzain ikusten gaitu askotan eta ez gaitu ematen dugunaren arabera epaitzen, sortzen zaizkion arazoen arabera baizik. Guraso askoren kezka da haurrarekin zer egin, eta nik esaten dut azpiegitura baliatuta, noizbait, etxera afalduta bidaliko ditugula.
BeHIak urtetan ibili eta ibili zIBILIzatu arte. Eta zer da, zibilizatzea?
Egokitzen, egoten, harremanak izaten… jakin behar da. Hainbat eremutara moldatzen jakin behar da eta ikasleei hori erakutsi behar diegu.
BeHIaren egoera? Ardia adierazle latza. Zer adierazten du, ardiak?
Beti erronkei aurre egiten aritzen gara. Beste garai batzuetan, dena zehaztuagoa zegoen, nik ikasi nuen garaian dena zehatzagoa zen. Baina orain, denetik dugunez, eta hainbat aukerari erantzun behar diegunez, erronka mordoa dugu. Gainera, balibideak urriak baldin badira, arkitektura zahartuta geratu bada… Hausnarketa beharrezkoa da aurrera begira egin behar diren aldaketak zein diren jakiteko.
Ez dago pertz nahikorik ematen duen guztia biltzeko. Hi haiz hi, pertxenta! Asko eskaintzen al du BeHIak?
Bai. Hainbat erantzun eskaintzen ditu, askotariko pertsonak jasotzen ditugulako. BeHIaren aldeko apustua egiten dugu, eta trukean asko ematen du. BeHIaren alde egin behar da eta dituen arazoak ukatu gabe, aurrera egin behar dugu. Jakina, noizean behin, hitz gozoak behar dira aurrera jarraitzeko.
BeHIak ez du ereindako uzta hartzen ez badu etorkizunarekin uztartzen. Epe laburrean, porrotak lotzen zaizkio. Uztarriak nahikoa eusten al du?
Egiten ari zaren horrek etorkizunean etekina emango dizula ikusteko gai zarenean, egunero egiten duzunari zentzua ikusten diozu•