Lehentasuna hezkuntzari!

Horixe da, azken asteotan, Baionako karriketan zabaldu den oihua. Ikasleak, irakasleak eta gurasoak, denak elkarrekin, Frantziako Errepublikako Xavier Darcos Hezkuntza ministroak 2009ko irailetik aurrera ezarri nahi duen Hezkuntza Erreforma gaitzetsi dute. Erreforma hori, gainera, hezkuntza komunitateko partaideekin akordiorik bilatu gabe bultzatu nahi du Darcosek.
Mobilizazioek hartu duten indarraren aurrean, azkenik, ministroak iragarri du ez duela erreforma martxan ipiniko heldu den udazkenean.
Erreforma horrek, besteak beste, neurri hauek aurreikusten ditu:
2012 urtera bitartean 90.000 postu desagertzea hezkuntza sisteman; aurten, jada, 11.200 izan dira murriztutakoak, eta heldu den ikasturtean beste 13.500 kenduko lituzke. Murrizketa horiek ikas-maila guztietan aplikatuko lirateke, Haur Hezkuntzatik Unibertsitatera arte.
Gainera, Lizeo mailan hainbat eskaintza ezabatzea pentsatu du. Lanbide Heziketaren kasuan, berriz, lau urteko prestakuntza izan ordez, hiru urtetakoa izango litzateke.
Era berean, BEP tituluaren desagertzea planteatu du. Beraz, kolegiotik atera ondoren ikasleak bi aukera besterik ez lituzke izango: baxo orokorra edo ikasketa profesionalak. Bestetik, zailtasunak dituzten ikasleentzako laguntza zerbitzu bat aurreikusten du erreformak, baina kurtso horiek ordaindu egin beharko dira.
Azkenik, Carte Scolaire kentzea proposatu du. Horrek, lizeo txiroen eta aberatsen arteko desorekak handituko lituzke.
Askorentzat Frantziako errepublikako hezkuntza sistema eredugarria izan da duen izaera berdintzaileagatik, laikotasunagatik, eta abarregatik.
Frantziako Hezkuntzak ezaugarri horiek balitu ere, erreformatu nahi diren aldeak kontuan, sistema horren oinarria zuzenean kolpatuko du. Herritar guztien hezkuntzarako aukera berdintasunean eta heziketaren kalitatean sakonduko ote dute, bada, neurri horiek? Begibistakoa da hezkuntzako langileen maila horretarainoko murrizketak zein ondorio dakarren kalitateari dagokionean, adibidez.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikasleen hezkuntza erreforma bidean da. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko ikasleena erreformatu zuten lehen. Eta hor gabiltza, euskaldunok, Espainiako eta Frantziako erabakien gora-beheran batera eta bestera!
Georges Jacques Danton-ek esan zuen: “Aprés le pain, l’education est le premier besoin d’un peuple”.
Hala da guretzat ere, hezkuntza Euskal Herriaren lehentasunezko beharra da; herria den heinean eta euskalduntasuna bere herrian gutxitua den neurrian.
Urte berri on denoi, eta ea aurten bizilagun ditugun estatuak ari diren gisan, guk ere gure Hezkuntza Sistemaren antolaketan sakontzen jarraitzen dugun; bide zuzenagotik eta egokiagotik, ahal dela!