Matematikako irakasle hura

Egun hauetan, hainbeste mantal, arbel, andereño, negar eta mela-mela egindako guraso ikusi eta nire matematikako irakasle harekin gogoratu naiz, “Gora eguzkia askatuta!”. Hori zen bere leloa. Indarrez sartzen zen ikasgelara eta leihoak irekitzen zituen, parez-pare. Gure arreta guztia bereganatua zuen ordurako. Eta energia berarekin ematen zuen ordu osoa. Matematika irakatsi zigun, ondo gainera, eta kasik gu konturatu gabe. Atseginak ziren matematikako klase haiek, nahiz eta askoren buruan atsegina eta matematika esaldi berean jartzea aberrazioa izan daitekeen. Arazoa da irakasle onak adina arrasto uzten duela txarrak, ezta?
Baina konturatu naiz irakasle onari eta txarrari buruzko eztabaida ez dela hain ohikoa, apenas hitz egiten dela horri buruz. Ikasmaterialaz eta metodoez, bai, hitz egiten da, norbaiti bota behar errua eta…
Aditu batek egindako hasnarketa irakurri dut azken egunotan: “Teknologia berrien erabilerak eta indibidualtasunaren industriaren arrakastak aurrez aurre talka egiten dute hezkuntzako ohiko metodoekin eta ikasgelen barruan nagusi den talde kulturarekin”. Bueno, egia da gaztetxoak eskolatik Internet maneiatzen jakin gabe ateratzea ez dela akaso egoerarik idealena, baina, ikasgelen barruan talde kultura nagusi izateak kritikarik merezi ote du? Aditu horrek berak bideo-jokoak ikasgelan erabiltzeak ekar ditzakeen onurak nabarmendu ditu. “Eskolak, erakusteaz eta hezteaz gain, dibertitu egin behar du. Jolasa ikaskuntzaren faktore bat da”. Ados nago horrekin, baina, ondo pasatzea eta bideo-jokoak hain estuki lotu beharrak kezka sortzen dit. Baina, tira, egia da teknologia berriak ikasgeletara sartzeko moduez hausnartu beharra dagoela.
Baina, oraingoz, liburuak dira nagusi ikasgeletan. Eta horien inguruan ere bada zer esanik. Lagun batek lehenengoz erosi dizkio aurten liburuak semeari, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezuntzarako saltoa eman baitu. Haserre dagoela kontatu dit: “Lehendabizi, liburuak ordaintzera joan nintzenean haserretu nintzen, prezioagatik. Eta, gero, etxera joan eta liburuak ikusi nituenean oraindik eta gehiago haserretu nintzen. Helburua begi bistakoa da: haurrak asper daitezela. Topiko guztiak bete behar ditu gure gizarteak; langileak ahalik eta izorratuen egon daitezela eta haurrak ahalik eta gehien asper daitezela eskolan”. Zorte pixka batekin, liburu aspergarri horiei kolore eta argi pixka bat ematen asmatuko duen irakasleren bat izango du parean nire lagunaren semeak. Baina, hori, zorte kontua da eta zorteak ez luke hainbesteko garrantzia izan behar ikasgeletan, ezta? 
GARA egunkarian argitaratua (2008-09-11) .