Zer egin dezakegu ikasleek hau galdetzen dutenean: zergatik hitz egin behar dugu euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez denok elkar ulertzen badugu

Pertsonaia horrek, hemen agertzen den behatz mozketaren aurretik, bortxakeria asko jasan behar izan ditu: nagusiki beltza izateagatik, eta baita zulua eta pobrea izateaz gain, zulueraren ordez zurien afrikaansera ikasi eta hitz egitera behartua izan delako.
Munduan jende asko behartzen da berea baztertu eta beste hizkuntza bat ikastera. Herrialde atzeratuetan bezala aurreratuetan ere, norberarenak ez diren hizkuntza eta kultura nagusiak gainjartzen dira txikien eta, askotan, bertakoen gainetik. Ez dago hizkuntza edo kultura txikirik, berez edozein hizkuntzak balio baitu edozertarako, baina gutxitu, menperatu, baztertu arazi egiten dira batzuetan bortxaz, bestetan axolagabekeriaz. Eta zaila da egoera horietan nortasuna ez galtzea.
Euskal Herrian - eta ez da erraza nola gertatu den jakitea-  bertako hizkuntza mantendu egin da milaka urtetan. Eta bakarra izan da bere inguruan hain aspalditik iraun duena. Beti egon da beste hizkuntzez inguratua eta haiekin harremanetan, baina mantendu egin da. Askotan egon da galtzeko zorian eta orain ere arriskua badago, gehienentzat zaila baita euskaraz hitz egitea. Leku askotan gaztelaniara edo frantsesera pasa behar duzu ondokoak euskaraz ez dakielako, edo ez dakiela uste duzulako. Hain gutxi entzuten eta egiten da euskara kalean, autobusean, dendetan, festetan…!
Egia da, askotan, jakinda ere, erdaraz egiten dugula, errazago egiten zaigulako, gehiago korritzen duelako… Eta badakigu erabiltzen ez den hizkuntza hil egiten dela.
Gaur, etxean ikasten ez duenak, eskolan ere ikas lezake euskara. Euskal Herrian jende asko ari da euskara ikasten hala nahi izan dugulako, hizkuntza politika zehatz bat garatu dugulako. Bai baitakigu gaur egun, batzuek etxean eta haur txikiekin euskaraz egin arren, gehienek eta gauza gehienetarako erdara erabiltzen badute azkar desager daitekeela euskara bezalako hizkuntza bat.
Etengabe ari dira desagertzen  hizkuntzak haien azken hiztunak hiltzearekin batera. Munduko hizkuntza asko ez dira gurasoengandik seme-alabetara igarotzen, ez dira erakusten: inguruko edo gainjarri zaien beste hizkuntza zabalduago batek hartzen du norberaren hizkuntzaren lekua. Goizetik gauera ez da gertatzen, eta ez da fenomeno berria ere, baina gaur inoiz baino azkarrago, eta mundu osoan ari da gertatzen hizkuntzen ordezkapena. Eta oso hizkuntza gutxi dira geroz eta jende gehiagoren hizkuntza bakar bihurtzen direnak, tartean, ingelesa eta espainola dira indartsuenetarikoak.
Alabaina, denentzat baliagarria den hizkuntza bat ikasiz ez da arazoa konpontzen. Begira zer dioen Coetzee, Hegoafrikar Nobel sariak bere “Disgrace” nobelan ingelesaren gaitasunei buruz:
“Doubtless Petrus has been through a lot, doubtless he has a story to tell. He would not mind hearing Petrus’s story one day. But preferably not reduced to English. More and more he is convinced that English is an unfit medium for the truth of South Africa. Streches of English code whole sentences long have thickened, lost their articulations, their artuculateness, their articulatedness. Like a dinosaur expiring and settling in the mud, the language has stiffened. Pressed into the mould of English, Petrus’s story would come out arthritic, bygone”. 2 Petrus, Hego Afrikako shonera hiztuna eta nekazaria da.
Kontua da, eta ondo dakigu euskaldunok hori, hizkuntza batekin baino hobeto bizitzen dela bi, hiru edo hizkuntza gehiago jakinez gero. Zeurea,  zeurea duzulako eta besteak inguruko edo urrutikoekin mintzatzeko eta hiztun haiek sortutakoak ezagutu ahal izateko. Izan ere gizakiok gauza gara hizkuntza asko ikasi eta erabiltzeko, eta gauza gutxik eman dezaketen ezagutza eta plazerra sortzen du horrek. Hizkuntza ez baita komunikatzeko bitarteko hutsa, hori baino askoz gehiago ere bada. Hizkuntzaren bitartez lortzen dugu gauza gehienak ezagutzea eta ulertzea, hizkuntzaren bitartez eraikitzen dugu gure adimena eta pentsatzeko ahalmena, baina baita gure sentipenen kontzientzia eta adierazteko gaitasuna ere; eta hizkuntzaren bitartez sentitzen gara familia, herri, gizarte bateko partaide, nahiz eta gizatalde horretan hizkuntza bat baino gehiago ere erabiltzen diren. Hizkuntzaren bitartez integra ditzakegu kanpotarrak ere gure artean, gurea irakastearekin batera, haiek dakartena ikasiz eta gurean txertatuz eta denok aberastuz.
Eta zorte handia daukagu gaur. Ez daukagu bat eta bakarra aukeratu beharrik. Geurea defendatzeko besteenak ere onartuz eta ikasiz indartsuago bihurtzen gara. Eta baditugu bitartekoak, ikasteko baliabideak, geroz eta garatuagoak eta eskuragarriagoak.
Eskolan eta eskolatik kanpo, hala ere, beste hizkuntza bat ikasteak ahalegina eskatzen du, ez dago dudarik, baina bizi garen tokian milaka urtetan bizi eta garatu den hizkuntza ikastea ezinbesteko baldintza da gure izaera, gure nortasuna garatzeko. Eta horretarako ez diogu uko egin behar norberarena den besteari edo ikasi nahi ditugun beste guztiei.
Baina euskararik gabeko euskaldunak behatz eta esku oso bat baino gehiago ere faltako lukeela iruditzen zaigu. Biziraun dezake, jakina, baina bere nortasunaren osagai nagusi bat beti faltako zaio; ezintasun horren ondorioz, ondokoak bere hizkuntza uztera, isiltzera behartzen baititu.
1 Margareta Almgren, lagun eta lankide suediar-euskaldunak suedierazko jatorrizko bertsioa  pasa dit.
Jag är en zulu. Ett av mina fingrar är amputerat. Ändå kan jag stå ut med smärtan, och jag har nio fingrar kvar, lika många som schakalens  liv…. Jag kan avstå från ett av mina fingrar, men hur ska jag kunna leva utan att veta men jag är? (Hernning Mankell (1993) Den vita lejonninan). Euskarazko bertsioa gaztelaniazko itzulpenetik egin dut: “ Yo soy un zulu. Uno de mis dedos está amputado. Aún así, soportaré el dolor, y me quedan todavía nueve dedos, tantos como vidas tiene el chacal. (…) Puedo prescindir de uno de mis dedos pero, ¿Cómo voy a poder vivir sin saber quién soy? “ ( Hernning Mankell,  La leona blanca, gaztelaniazko edizioa Barcelona: Quinteto,  2007, 236-238)
2  “Zalantzarik ez, Petrusek asko bizitu du, badu zer kontatua, zalantzarik ez. Egunen batean ez litzaioke axolako (kontalariari)  Petrusen istorioa entzutea. Baina ahal izanez gero ez ingelesez. Geroz eta garbiago ikusten du honek ingelesa ezegokia dela Hego Afrikako egia adierazteko. Ingelesezko esamolde egin asko aspalditik astun, gogor bihurtu dira, malgutasuna eta zehaztasuna galdu dute. Lurrean  hilzorian eta sedimentatzen ari den dinosauroaren moduan hizkuntza ere gogortu egin da. Ingelesaren moldeetara beharturik, Petrusen istorioa artritikoa bihurtuko litzateke, agortua.” (J.M. Coetzee (2000)  Disgrace, London: Vintage, 117. or.).