HUHEZI. Eskoriatzako Irakasle Eskola. Irakaslegaiak konpetentzietan gaitzen

Konpetentziak landuz, konpetentzietan hezi
Europako Batzordeak irakasleen formazioaren gainean egindako azterketan aipatzen dituenak aintzat hartzen dituzte HUHEZIn. Hala adierazi zuen Marian Bilbatua irakasleak Hik hasik argitaratu zuen Irakasleen profila izeneko ale monografikoan. Hauek dira alderdi nagusiak:
- Irakaskuntza/ikaskuntza prozesuak, ikasgeletan sortzen den ikasleen aniztasun sozial, kultural eta etnikoetara egokitzea, baita gela arruntean hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen inklusioak sortzen dituen behar berrietara egokitzea ere.
- Irakaslearen rol aldaketa. Ezagutzen igorle izatetik ikaskuntzaren gidari eta kudeatzaile izatera pasatzen da irakaslea.
- Irakaslearen rola eta ardura ikasgelatatik haratago doa. Curriculuma burutzea eta ikastetxeko antolamenduan aktiboki parte hartzea ere badagokio. Irakaslea, komunitatearekiko, beste ikastetxeekiko, elkarte sozialekiko lankidetza eta harreman sareen partaide gisa ikusten da.
Horrez gain, irakasle berriek Euskal Herriko hezkuntza sistemak Euskal Herriko historia eta kulturaren transmisioa bermatzeko dituen erronka bereziei erantzun behar diete, haien artean hauei:
- Hizkuntzaren berreskuratze prozesuarekin erlazionatutako erronkak. Alde batetik, euskal hezkuntza sistemak haurrak euskaraz heziketa jasotzeko eta euskara bizitzeko eskubidea bermatu behar du eta, aldi berean, euskara maila egoki bat eskuratzeko bideak eskaini behar dizkie haurrei. Hori guztia, kultura desberdinetako ikasleen etorrerarekin lotu behar da; hots, eskolak gai izan behar du aniztasun horri erantzungo dioten proposamen metodologikoak eratzeko eta aurrera eramateko.
- Euskal Curriculumean txertatu beharreko edukiak. Gaur hezten ari garen irakasleek Euskal Herriaren historia eta kulturarekin erlazionatutako ezagutzaren transmisioan paper garrantzitsua izango dute; horregatik, etorkizuneko irakasleek arlo horrekin lotutako ezagutza garatu behar dute.
Irakaslearen rol berria gizartean gertatzen ari diren etengabeko aldaketen ondorioz garatu diren curriculumarekiko, hezkuntza helburuekiko eta ikastetxearen antolamenduarekiko ikuspegi berrien garapenak sortutako testuinguru berriaren ondorio zuzena dela aipatzen zuen Bilbatuak.
Beraz, profil profesionala aldatu nahi bada, orain arteko formazio eredua aldatu beharra dagoela ulertu dute HUHEZIn eta 2003 ikasturtean martxan jarri zen formazio ereduak curriculumaren antolaketan zein irakaste-ikaste metodologietan eraldaketa sakona ekarri du. Hona hemen aldaketaren norabidea.
Curriculum antolaketan aldaketak
  · Ikasgai solteetan oinarritutako curriculum batetik diziplinartekotasunean oinarritutako curriculumera.
Ikasgaien arteko lotura bermatzen duten diziplinarteko guneak identifikatu dira, lau zehazki: Hezkuntza eta Gizartea, Psikologia, Didaktika eta Komunikazioa eta Informazioa. Horietako bakoitzak galdera bati erantzuten dio. Lehenak, honi: zein da eskolaren funtzioa eta zein harreman du testuinguruarekin?; bigarrenak, honi: nola ikasten dute ikasleek?; hirugarrenak, beste honi: nola antolatu gelako jarduera?; laugarrenean, azkenik, bizitzarako zein lanerako behar diren tresnak biltzen dira, hala nola hizkuntzak eta informazio eta komunikaziorako tresnak.
Diziplinartekotasun guneez gain, ikasturte bakoitzean ardatza izango den jarduera nagusia txertatu da. Lehenengo ikasturtean gune bakoitzaren antolaketaren ardatzean aipatu diren galdera nagusiak. Bigarren urtean, ikasleek eskoletan egingo dituzten praktiken inguruko hausnarketa hartzen da ardatz gisa eta, hirugarrenean, praktikarekin lotuta egingo duten proiektua. Aipatutako guneetan espezifikoki garatu beharreko konpetentziez gain, curriculum osoa zeharkatzen duten konpetentziak txertatzen dira.
Bestalde, diziplinarteko moduluetan egituratzen dira Diplomaturako hiru ikasturteak. Modulu bakoitzak bost eta zazpi aste bitarteko iraupena du.
· Kontzeptuen ezagutzara bideratutako curriculum batetik arazora bideratutako curriculumera.
Tradizionalki ikasgaiak hartu izan dira curriculumaren ardatz gisa eta ezagutza teorikoa hartu izan da abiapuntutzat; behin teoria ikasita, errealitateari gutxi asko lotutako egoeretan aplikatzen zen. Aitzitik, curriculum berrituan, ikasleek aztergai dituzten arazoak edo egoera errealak dira ardatz. Arazo horiek ebazterakoan sortzen diren beharren arabera jotzen dute teoriara ikasleek. Arazo edo kasu horiek moduluko oinarrizko edukien inguruan ikasleen hausnarketa eta ikaskuntza sustatzeko helburuz diseinatu dira; aldi berean, euren lanbideko egoera errealekin lotutako jardunbide irizpideak garatzen laguntzen diete.
· Ezagutza teorikoen garapenera bideratutako curriculum batetik titulazioak berariazko dituen konpetentzien eta konpetentzia orokorren garapenera bideratutako curriculumera.
Profil profesionalean definitutako konpetentzia teknikoak arestian aipatutako diziplinarteko esparruen arabera banatu dira, horrela irakaskuntza/ ikaskuntza prozesuan konpetentzia horien sarbidea bermatuz. Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza (AOI); Kasuetan Oinarritutako Ikaskuntza (KOI) eta Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (POI) egiten dute. Horrez gain, ikasgaietako eduki espezifikoen bitartez egin den konpetentzien inguruko hausnarketa sistematikoa.
· Ikaskuntza memoristikoan oinarritutako curriculum batetik konpetentzia orokorren garapenera bideratutako curriculumera.
Jasotako informaziotik haratago doazen proposamenak osatzeko gaitasuna garatu nahi dute ikasleengan.
Irakaste-ikaste prozesuaren antolaketa mailako aldaketak
Curriculumaren eraldaketaz bat, irakaskuntza/ikaskuntza prozesuen egituraketaren inguruko irizpideen eraldaketa ekarri zuen berrikuntza prozesuak.
· Irakaslearen irakaskuntzan oinarritutako prozesutik ikaslearen ikaskuntzan oinarritutako prozesura.
Ikasleek beren ikaskuntza prozesuarekiko duten arduraren gainean rol aktiboagoa hartzera bideratuko dituzten egoerak sortu nahi dira. Ikaskuntza kontzienteagoa eta esanguratsuagoa ahalbidetuko duen jarrera autonomoa eta arduratsua sorrarazi nahi da ikasleengan. Irakasleak rol berria eskuratzen du prozesuaren tutore gisa, ikasleari bere ikaskuntzaren inguruan hausnartzen lagunduz eta, aldi berean, bere ikaskuntza autonomoa ahalbidetuko duten tresnak eskainiz. Ikasleak ezagutzara heltzeko hainbat bide esperimentatzen ditu: informazio bilaketa, esperimentazioa, hausnarketa…
· Norbanakoaren lanean oinarritutako prozesutik taldeko lanean oinarritutako prozesura.
Lankidetzan oinarritutako lana, ikaskuntza laguntzen duen elementua da. Abian jarritako modalitate guztietan lan taldeak sortzen dira. Informazioa partekatzen dute, eztabaidatu egiten dute, plangintza egiten dute, ardurak hartzen dituzte eta horien berri ematen dute taldean.
Estrategia metodologiak
· Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza (AOI)
Eredu horretan lau ikaskuntza testuingurutan dihardute ikasleek: lan kooperatiboko saioak, hitzaldia, saio praktikoa eta segimendu saioa. Lau testuinguruok osagarriak dira eta arazoa dute ardatz. Arazoa da, baita ere, ikasleak irakaskuntza/ikaskuntza prozesuan aktiboki inplikatzera motibatzen dituen estimulua.
· Kasuetan Oinarritutako Ikaskuntza (KOI)
Kasuetan Oinarritutako Ikaskuntza (KOI) Diplomaturako bigarren ikasturtean garatzen da. Ikasgelako egoera errealen azterketa ahalbidetzea du helburu. Moduluaren helburuei dagokienez, ikasleek hainbat ikuspegitatik aztertzen dituzte kasuak.
Kasuen azterketan, kasua bera bezain garrantzitsuak dira sortzen dituen galderak; horregatik, ezinbestekoa da:
- Kasuak planteatzen dituen oinarrizko galderak edo arazoak identifikatzea.
- Azterketa osatzen lagunduko duten bigarren mailako arazoak identifikatzea.
- Testuingurua aztertzea.
· Proiektuetara bideratutako Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza (POPBL)
Metodologia hau Diplomaturako hirugarren ikasturtean ezarri da. Metodologia horren erreferentziatzat Aalborg Unibertsitatearen (Rosenorn, 2003; Kolmos, A; 2004) eredua hartu da. Ikastetxe batean atzemandako arazo erreal baten inguruan edota irakasleak asmatutako arazo baten inguruan egituratzen da ikaskuntza prozesua. Ikasleek, talde txikitan, arazoa aztertu eta proiektu bat burutzen dute arazoari irtenbidea emanez. Tutorearen gidaritza jasotzen dute prozesu osoan zehar.
Estrategia metodologikoen hurrenkera
Beheko koadroan jasotzen dira metodologia bakoitzaren berezitasunak eta progresio irizpideak.
Ondorioak
Arazo errealak erabiltzeak ingurunean aurkituko dituzten arazoak eta erronkak identifikatzeko aukerak eskaintzen dizkie ikasleei. Klase magistralaren espazioa murrizteak eta ikasteko bestelako espazioak indartzeak eta planifikatzeak ikasleen autonomia garatzeaz gain, zeharkako konpetentzien garapena ahalbidetu du.
Arazoei aurre egin behar, arazoak konpontzen ikasteko
Ikasleak, 1. mailan hasten dira Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza (AOI) lantzen. Ikasturtea moduluka antolatzen dute, eta, modulu horietako bakoitzak, hainbat arazo aurkezten dizkie ikasleei. Guk, guztia nola lantzen duten jakin nahi izan dugu, eta horretarako, 1. mailako ikasleen ikasgelan sartu ginen. Eskola eta gizartea izeneko modulua aztertzen ari ziren orduan, eta aste hartan, hirugarren arazoari egin behar izan zioten aurre. Prozesua hasieratik amaierara bizi izan genuen, eta orriotara ekarri dugu zuentzat interesgarria izango delakoan. 
Ikasleek modulu bakoitzean landuko dutena jasotzen duen gidaliburua eskuratzen dute eta bertan hurrengo asteetan landuko duten guztia ageri da, zehaztasun osoz. Eskola eta gizartea izeneko moduluaren helburua, Euskal Herriko testuinguruari hurbilpena egitea da, eta horretarako, Euskal Herrian egun bizi dugun errealitate soziala, ekonomikoa eta kulturala aztertuko dituzte. Liburuxkak galdera egiten die ikasleei: “Inoiz pentsatu al dugu nork esaten duen zer irakatsi behar dugun eta zer ez dugun irakatsi behar? Inoiz pentsatu al dugu nola irakasten den eskolan Euskal Herriko gizartearen errealitatea eta zergatik irakasten den horrela? Nola azaltzen den liburuetan gure haurrek ikasten duten Euskal Herria? Edo nola transmititzen den kultura bat?”. Hezkuntzaren dimentsio soziokulturalaren eztabaida zabaldu nahi dute moduluarekin, eta ikasleak ohar daitezen, hizkuntza ere, gizartearekin eta eskolarekin elkarrekintzan ari dela. Modulua, diziplinartekoa da, eta hiru diziplina ditu ardatz: didaktika, Euskal Herriko errealitatea, eta eleaniztasuna eta hezkuntza.
Moduluaren bidez hainbat konpetentzia landu nahi dituzte, honela laburbiltzen direnak:
JAKIN (edukiak)
- Gizartearen ezaugarriak identifikatu, aztertu, interpretatu eta baloratu.
- Errealitate horrek curriculumean eta ikasliburuetan duen eragina ezagutu.
- Euskararen egoera hobeto ulertu.
- Norberaren hizkuntza-testuinguruaz jabetu.
- Programa elebidunen ezaugarriak eta arrakastarako baldintzak identifikatu.
- Hizkuntza-ereduen sistema zertarako sortu zen eta emaitzen zergatia ulertu.
- Egungo hezkuntza markoa irudikatu.
- Curriculuma eta curriculumaren zehaztapen prozesua ezagutu.
- Hainbat hezkuntza etapetarako proposatzen diren helburuak, edukiak, irakasteko modua eta ebaluazioa ezagutu eta ulertu.
- Dimentsio soziokulturalak (europarra eta euskalduna) ezagutu.
- Euskal Curriculumaren inguruan dauden iritziak ezagutu.
EGITEN JAKIN (gaitasunak)
- Moduluari dagozkion edukiak identifikatu, erabili eta egoki azaldu.
- Informazioa kudeatu: bilatu, aukeratu, aplikatu.
- Taldean lan egin.
- Proiektu bat egin (edukiak zein hizkuntza-egokitasuna eta zuzentasuna zainduz) eta ahoz aurkeztu.
IZAN (jarrerak)
- Gure hizkuntzaren eta hizkuntza komunitatearen etorkizunean hiztun eta irakasle moduan izango dugun erantzukizuna gure gain hartu.
- Gaur egungo gizarteak planteatutako erronkei aurre egiteko konpromisoa hartu.
- Dugun egoera anitz eta gatazkatsuaren aurrean, jarrera baikorra eta eraikitzailea hartu eta erakutsi.
Astero, ikasleek arazo bati, egoera bati aurre egin behar izaten diote. Gehienez, 20ko taldeetan elkartzen dira ikasleak eta horrek, ikasgelako eztabaidan parte hartzeko aukera handiagoa eskaintzen die. Astelehenean aurkezten die irakasleak arazoa Ikaskidetza I izeneko saioan, eta denen artean horri buruz dakitena aztertzen dute ikasgelan. Ordu eta laurden dute horretarako. Ikasle batek idazkari rola hartzen du, eta beste batek dinamizatzaile rola. Funtzio horiek astero aldatzen dira. Rol horiek ematen dizkete, konpetentzia batzuk garatzen joan daitezen. Asteazkenean, berriz, arazoarekin zerikusia duen hitzaldia izaten dute.
Segimendu saioa ere badute ikasleek asteazkenean bertan, nola sentitzen diren hausnartzeko eta haien ikaskuntza prozesuari buruz gogoeta egiteko. Taldean egiten dute hori ere.
Bestalde, praktika saioak ere izaten dituzte, izan ere, amaieran ikasleek eskola baterako katalogoa egin behar dute eta eskola hori nola antolatuko luketen esan behar dute. Moduluak irauten duen bitartean egiten dute. Lana taldean egiten dute eta zuzenean lotzen da egiten jakin konpetentziarekin. Ikasleak testuinguru batean kokatzen dituzte eta horri aurre egin behar diote. Hau da adibide gisa liburuxkan jarri dutena: “Demagun ikastetxe batean lanean ari zarela eta aurre-matrikulazio garaian zaudetela. Beraz, ikasle berrien bila ari zarete eta ikastetxearen berri emango duen katalogoa kaleratzea pentsatu duzue. Horrez gain, katalogo horretan azaltzen denaren gaineko justifikazio txosten bat egin beharko duzu”.
Eta, ostegunetan, aste osoko lana biribiltzeko, Ikaskidetza II saioa izaten dute. Aurreko guztia landua dute ordurako, irakurketak egin dituzte, hitzaldira joan dira, praktikoa izan dute eta ostegunean arazoa ebatzi behar dute. Astelehenean, Ikaskidetza I saioan zehaztu zituzten helburuak beteko dituzte egun horretarako eta, ordurako, gaiaren ezagutza askoz ere sakonagoa izango dute.
Eta, nola egiten dute horren guztiaren gaineko ebaluaketa? Bada, ikasleek azterketa egin behar dute; azterketa horrek notaren % 50 balio du eta gainerakoa honela banatzen dute: % 20 ikaskidetza, eta % 30 praktikoa. Asistentziak % 80koa izan behar du azterketa egin ahal izateko.
Lehenago esan dugun moduan, espien antzera, 1. mailako ikasgelan sartu ginen eta bertan egindakoa behatu eta entzun genuen. Han bizitako guztiarekin bi alderdi nabarmenduko genituzke: ikasleen parte-hartzea, alde batetik, eta irakaslearen papera, bestetik. Irakasleak dinamizatzaile papera hartzen du tarteka, baina ez du inongo unetan irakasleen arteko eztabaida eta iritzi trukaketa eragozten, ezta “gaia ez da hori eta goazen harira” modukorik esaten ere. Ikasleek askatasun osoz hitz egiten dute gaiarekin zerikusia duen edozein alderdiri buruz eta denek hartzen dute parte eztabaidan. Hemen duzue HUHEZI fakultatean entzun eta ikusitakoaren kronikatxoa.
Ikasleei, hirugarren arazoa aztertzea egokitu zitzaien gu han izan ginen bitartean. Ikaskidetza I izeneko saioan, astero bezala, dinamizatzailea eta idazkaria izendatu zituen irakasleak. Aurreko bi asteetan arazo banarekin aritu ziren eta euskal hezkuntza sistemaren ezaugarri nabarmenenak ezagutzen hasi ziren. Hirugarren astean, eremua aldatu zuten eta irakasleak arbelean idatzi zuen moduan, eskola eta gizartea aztertuko zituzten, bi astetan batez ere eskola aztertu ondoren.
Ikasgelan U moduan esertzen dira eta horrek erraztu egiten du haien arteko komunikazioa. Hori da, saioetan garrantzitsuena: norberak bere iritzia ematea, ezagutza partekatzea eta denen artean gaiari buruz dakitena komunean jartzea.
Saioa hasteko, galdera egin zuen irakasleak: eskolan eskaintzen duguna, gizarteak eskatzen duena al da? Horri erantzuteko, gizarte eremua aztertzen hasi ziren: Euskal Herriko errealitatea eta hezkuntza, hain zuzen ere.
Ariketa praktikoa egin zuten saioarekin hasteko, aurre-ezagutzak identifikatzea baita lehen pausoa. Irakasleak orri zuria banatu zien ikasleei eta dinamitzaileak arazoa irakurri zien.
Euskal Herriko mapa marraztu behar izan zuten, hasteko, eta bertan, herrialdeak eta hiriburuak kokatu. Ikasle batek Nafarroa eta Iparraldea sartu behar ote ziren galdetu zuen eta  irakaslearen erantzuna garbia izan zen: “bakoitzak ikusiko du Euskal Herria zer den”. Tartea izan zuten mapa marrazteko, haien artean hizketan aritu ziren eta mapa osatzeko zalantzak zituztela ikusi genuen. Ondoren, arazoarekin batera planteatutako galderei erantzuteko tartea izan zuten, banaka lehenik eta taldeka, ondoren. Gero, komunean jarri zuten egindakoa.
Irakasleak galdera batekin hautsi zuen ikasgelako isiltasuna: “nola ikusi duzue zuen burua mapa egiteko?”. Ikasle batek zailtasunak izan zituela esan zuen, mapa ikasi zuela bere garaian, baina ahaztu egin zaiola. Beste batek, Espainiako geografia ikasi zuela eta Euskal Herriko mapa lehen aldiz marraztu zuela esan zuen. Ikasleetako batek Lapurdik kostarik ba ote duen galdetu zuen, eta beste batek bazekien Lapurdik kostaldea zuela baina Zuberoa eta Nafarroa Beherea nahastu zituen mapan kokatzean. Ikaskide batek Iparraldea ezagutzen ez duela esan zuen eta ez zekiela herrialdeak mapan kokatzen, beste batek, berriz, Iparraldea bereizirik dagoela esan zuen, Frantzia dela. Irakasleak azken horri galdera egin zion: “zuk zeuk arazorik izango al zenuke Tuterara iristeko?”. Baietz erantzun zion.
Proportzioei buruz ere aritu ziren, Nafarroa egin baitzuten handien eta Iparraldea txikien. Euskal Herria zenbat herrialdek osatzen duten ere aztertu zuten: batek esan zuen zenbaitek sei herrialde aipatzen dituztela, irakasleak erantzun zion beste batzuek diasporarekin zortzi direla esaten dutela.
Galderak komunean jarri zituzten ondoren. Galderak, Euskal Herriko datu orokorrei buruzkoak ziren: distantzien gainean gogoeta egitekoa, lehena. Bigarrena biztanle kopuruari buruzkoa. Hirugarrena, etorkinei buruzkoa, eta sektore ekonomikoei zegoekiena laugarrena. Azkenik, bosgarrena, hizkuntza ereduei zegokien.
Laugarren galderaren erantzunaren harira, hau da, zerbitzuen sektorea hazten ari dela, “Guggemheim efektua”ren eragina aipatu zuen irakasleak eta, hortik, Urdaibain beste museo bat egin behar dutela atera zen, ikasle batzuk surf zaleak direla… Irakasleak ez zuen hizketaldi hura moztu gaia hori ez zela esanaz. Kontrakoa, hark ere parte hartu zuen.
Bosgarren galderak, Iparraldean hizkuntza ereduak zein egoeretan dauden galdetzera bultzatu zituen ikasleak. Irakasleak azaldu zien alde batetik Seaska dagoela, eta bestetik, publikoan eta giristinoetan ere, irakaskuntza elebiduna badela.
Ereduen gaineko datuak eskaini zituen ondoren irakasleak eta horrek ereduen gaineko eztabaidaren gaia ekarri zuen, ikasle batek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zer eztabaida ote dagoen galdetu zuelako. Irakasleak Eusko Jaurlaritzan desadostasun politikoa dagoela erantzun zion eta bateratzen saiatzen ari direla, baina zailtasunak daudela.
Ondoren, norberak bere sendoguneak eta ahulguneak zein diren ikusi zuela esan zuen irakasleak, eta ariketatik zer ondorio atera zuten galdetu zien ikasleei. Ikasleek erantzun, errealitatea ez dela pentsatzen zuten modukoa. Batek, esate baterako, Gipuzkoan, D ereduan ikasle gehiagok ikasten dutela pentsatzen zuen.
Azken zatiari ekin zioten ondoren. Irakaslea albo batera joan zen eta dinamizatzaileak eta idazkariak hartu zuten ikasgelaren ardura. Dinamizatzaileak ikasle bakoitzak ideia bat botatzea proposatu zuen, erronda egin zuten eta idazkariak arbelean idatzi zituen ideiak. Horren ondoren, dinamizatzaileak hartu zuen hitza. Nafarroan galdeketa egin zela esan zuen eta Euskal Herrian sartzeari ezezkoa atera zela. Ikaskideek Euskal Herriaren zatiketaren gainean duten iritzia zein den jakin nahi zuen, askotariko ideologiak daudela planteatu zuen eta ea onartzen ote dugun norbaitek euskaldun sentitzen ez dela esatea. Ikaskide batek erantzun zion, abiapuntua dela ez garela herri normalizatu batean bizi, eta beste batek erantzun zion Gasteizen, adibidez, jende askok betebehar modura ikasten duela euskara. Euskararen gaineko eztabaida piztu zen horrekin batera, eta parte-hartzea handia izan zen.
Esandakotik atera ziren ideiak irakurri zituen idazkariak, eta hortik landu eta aztertu beharreko alderdi garrantzitsuenak atera zituzten irakasleak lagunduta. Gai horiekin lotuta, bigarren saiorako xedeak zehaztu zituzten:
1.- Hizkuntza. Hizkuntzen egoera aztertu.
2.- Etorkinak. Etorkinek gizartean duten eragina identifikatu.
3.- Herrialdeen egoera /identitatea. Ezagutu.
4.- Euskal Herriko errealitate soziopolitikoa. Definitu.
5.- Demografia. Aztertu.
6.- Sektore ekonomikoak. Ezagutu eta behatu.
7.- Transmisioa. Indartu.
Ikaskidetza II saioa
Ostegunean, Ikaskidetza II saioan, asteazkenean gaiari zegokion hitzaldia entzun ondoren eta gaiari zegokion informazioa bilatu eta irakurri ondoren, asteleheneko saioan jarritako xedeak aztertu zituzten ikasleek eta arbelean, taula batean bildu zituzten ideia nagusiak. Atalez-atal aztertu zuten guztia eta hauek dira atera ziren ideia nagusiak:
1.- Euskal Herriko egoera soziopolitikoa
Euskal Herria bipolarizatua dagoela esan zuten: nazionalistak eta nazionalistak ez direnak aurki daitezkeela. Dinamizatzaileak ea zer idatzi zuen galdetu zion ikaskide bati eta horrek esan zion, muturreko bi ideologia daudela, ez dagoela erdibiderik. Euskal Herria osoa anitza dela esan zuen beste batek, baina bi bloke nagusi daudela.
Irakasleak ea euskaldunok politika interesez jarraitzen dugun galdetu zuen eta denetik erantzun zuten, baina iritzi nagusia gazteek politikaz paso egiten dutela izan zen.
Indibidualizatzen ari garela esan zuen beste batek, norbera berean ixten dela eta gainerakoak bost axola zaizkiola. Jendeak politikan parte hartzen du puntu bat arte, bozkatzera doa, baina gero ez da hainbeste inplikatzen. Hori izan zen beste baten iritzia. Irakasleak soziologoek esandakoa proposatu zuen horren izenburu gisa: gizartea desideologizatzen ari da. Ikaskide batek esan zuen helburua, gizarteak ez pentsatzea dela, politika neoliberalak horra eraman gaituela.
Ideia gehiago ere atera ziren gai horren inguruan.
2.- Demografia
Etorkinen ondorioz, demografia gorantz doala esan zuten, beste zenbait gauzaren artean. Euskal Herriko jaiotze-tasa oso baxua dela ere azpimarratu zuten.
3.- Etorkinak
Etorkinek duten eragina aztertu zuten, dinamizatzaileak hala galdetuta. Ekonomiarentzat eragin ona dutela esan zuten eta, horrekin batera,  lan “zikinak” kanpokoentzat izaten direla, hemen oso selektiboak garela.
4.- Sektore ekonomikoak
Zerbitzuena sektorerik ugariena dela, eta lan zikinak eta lan garbiak daudela izan ziren gai horren inguruan atera ziren ideia nagusiak.
5.- Hizkuntzaren egoera
Dinamizatzaileak ea euskara desager daitekeela uste duten galdetu zien ikaskideei. Batzuek Iparraldean baietz esan zuten, besteek ezetz.
Erabileraren garrantzia azpimarratu zuten, baina kontzientziazioa falta dela uste dute. Euskararekin bigunegiak izan garela esan zuen ikasle batek: “Alemaniara joanez gero, alemanieraz hitz egin behar da. Hemen, zergatik ez?”, galdetu zuen.
6.- Identitatea
Transmisioak etxean hasi behar duela uste dute ikasleek eta galdera egin zuten: euskararen eta gaztelaniaren artean, zergatik aukeratzen dute gaztelania kanpotarrek? Jendeak identitate distortsionatua ekartzen duela esan zuten.
Irakasleak galdera egin zien: “Nola egin transmisioa?”. Azkenaldian gizartean gertatu diren aldaketek transmisioan eragin handia dutela erantzun zuten ikasleek, eta komunikabideek eta politikariek jarritako informazio iragazki itzela dagoela.
7.- Iparraldea
Irakasleak Iparraldea ezin dela baztertu esan zuen eta oso hurbil egonda ere, oso urrun sentitzen dugula maiz. Horrekin batera aipatu zuten Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko muga ez dela soilik administratiboa, psikologikoa ere badela. Irakasleak ea konponbiderik ikusten duten galdetu zien eta ikasleek erantzun, kohesioa behar dela, herri gisa funtzionatzea.
Azken ideia horrekin amaitu zen saioa eta irakasleak hurrengo astean laugarren arazoa aztertuko zutela aurreratu zuen. Testu bat irakurri beharko zuten ordurako, eta prozesu bera errepikatuko zen, baina beste gai bat lantzeko. Horrela, irakasleak ohiko eskolarik eman gabe, ikasleek gaiak era arinean lantzen dituzte, interesa pizten zaie eta hainbat gai ikasten dituzte. Metodo tradizionala baino askoz eraginkorragoa, zalantzarik gabe.
Parte hartzen, informazioa bilatzen, hainbat informazio irakurtzen, norberaren iritziak besteenekin partekatzen, eztabaidatzen, konponbideak bilatzen ahalegintzen, taldea dinamizatzen, jendaurrean hitz egiten, behatzen… ikasten dute ikasleek era praktikoan. Lau egunetan aurrerapauso handiak egiten dituzte eta era horretan, konpetentziak garatzen dituzte eta konpetentzietan hezten dira.