Erantzun zabala izan du itunpeko ikastetxeen grebak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeetako langileek greba egin zuten joan den azaroaren 12an. Haien lan baldintzak sare publikoko irakasleen lan baldintzekin parekatzea eskatu zuten langileek, eta, era berean, finantzaketa marko egokia onartzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.
ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek egin zuten greba deialdia eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeen % 80 itxita egon zirela esan zuten. Kristau eskoletan ikastoletan baino eragin txikiagoa izan zuen lanuzteak. Partaideren sareko ikastoletan greba erabatekoa izan zen, eta gainerako eskola pribatuetan gorabeheratsua: Gipuzkoan eta Bizkaian % 70 inguruk egin zuten greba eta Araban, % 50ek. Hezkuntza Sailak bestelako datuak eman zituen eta horien arabera, ikastetxeen % 48k eta irakasleen % 40k egin zuten greba.
Grebak izandako erantzunarekin gustura agertu ziren sindikatuak, baina, lan baldintzak homologatzea lortu arte protestekin jarraituko dutela adierazi dute, eta ez dute baztertu beharrezko ikusten badute, berriro ere grebara jotzea. 2008ko lan hitzarmenaren negoziaketa etenda dago gaur egun, eta langileen lan baldintzak hobetuko dituen Finantziazio Akordio berria eskatzen diote sindikatuek Eusko Jaurlaritzari. Eusko Jaurlaritzak esan du, ordea, epe laburrean sare publikoko eta itunpeko sareko irakasleen lan baldintzak guztiz parekatzea ez dela posible izango. Bilerak egiten ari dira itunpeko eskoletako patronala eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak, eta horietan hiru ildo aztertzen ari dira LAB sindikatutik jakinarazi dutenez: soldaten homologazioa, funtzionamendu gastuak eta amortizazioa.