Hizkuntza aukera berdintasunik gabe

Gasteizko Hezkuntza Sailak Euskadin hizkuntza ofizialak eta atzerrikoak irakasteari, ikasteari eta ebaluatzeari buruzko lege markoaren proiektua aurkeztu du.
Azken dokumentu horrek aurretik beste batzuk izan ditu, eta batetik bestera, bidean, edukia eta norabidea aldatuz joan da.
Jaiotzeak heriotza omen du zor. Kasu honetan, legeak, teknikoki ezinezkoa luke jaiotzea, eta aukera guztiak ditu argirik ez ikusteko. Izan ere, EAEn hauteskundeak izango dira martxoan, eta, beraz, dokumentu horrek ez luke denborarik izango Lakuako Gobernu Kontseiluak onartua izateko, eta, ondoren, Gasteizko Legebiltzarrak onesteko, legea izateko jarraitu behar dituen pausoak burutzeko, alegia.
Hortaz, hutsala litzateke testu horren gaineko eztabaidan sakontzen jarraitzea. Hor geratu dira, denen begibistan, gai horrekiko izan diren jarrerak, eta norberak atera beharko ditu bere ondorioak.
Hala ere, aurkeztu den proiektuaren zioen azalpenean hauxe aipatzen da: “hizkuntza ofizialak modu egokian ezagutzea funtsezko printzipioa da gizarte-komunitate osoaren bizikidetza bermatzeko, betiere gizarte- eta hizkuntza-kohesio gero eta handiagoa erdiestea helburu izanik”.
Hari horretatik tira egin nahiko genuke guk, eta kohesioaren inguruko hausnarketa horretan haratago joan behar dugula mahaigaineratu. Jendarte kohesioaren oinarria guztientzako hizkuntza aukera berdintasuna bermatzeak izan beharko luke. Eta aukera berdintasuna lortzeko bidea hizkuntza eskubideak beteaz solik egingo da. 
Gaurkoz, Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioan jasoa dago eskubide hori: “Euskal herritar orok eskolaren bidez euskalduntzeko eskubidea du. Euskal Herri osoan, edozein hezkuntza eskaintzatan euskaraz ikasteko eskubidea du. Eta hezkuntza prozesu osoan, ikasgune guztietan, euskaraz bizitzeko eskubidea du”.
Guztientzako eskubide hori bermatzeko bide luzea geratzen da Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian; eta, zer esanik ez, Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan.
Ez gaude abiapuntuan, hala ere. Urte asko daramatzagu ibilian eta gauza asko dira ikertu, esperimentatu eta ikasi ditugunak.
Tamalez beste aukera galdua izan da, aukera historikoa, agian. Euskararen Kontseiluak Ikasle Euskaldun Eleaniztunak sortzeko proposamena egina zuen Hezkuntza Sailaren enkarguz. Hezkuntza eragile nagusienek babesa erakutsi zuten proposamenarekiko.
Hala ere, beste behin, interes politikoak gailendu dira eskubideen, kultararen, irizpide hezitzaileen, normaltasunaren eta herritarrek behar duten hizkuntza aukera berdintasunaren aurrean. Ikasle asko eskolatik euskara jakin gabe irtetera kondenatu dituzte berriro ere, eta ezingo dute jendartean euskaldunekin aukera berdintasunean bizi.