Isturitze eta Otsozelaia harpeak. Harriak musika bihurtzen diren leku magikoa

Gazteluaren muinoan kokatzen dira kobazuloak. Isturitze harpea goiko aldean dago, eta beherago, berriz, Otsozelaia harpea; gaur egun, hirugarren kobazuloa sortzen ari da erreka, Erberua izenekoa. Baina, oraingoz, lehen biak baino ezin dira bisitatu.
Gizakia Isturitze kobazuloan bizi izan zen, argitsua zelako. Otsozelaian, berriz, kanpoko argirik ez zen sartzen, eta ez ziren han bizi, baina suaren argiaz baliatuz bisitatzen zuten, eta artea egiten zuten han. 20 irudi eta irarlan aurkitu dira, eta errituak egiteko erabiltzen zituztela uste da.
Balio geologiko eta historiko handia dute Isturitze eta Otsozelaia harpeek. Urak forma ikusgarriak sortu ditu mendez mende, eta hori gutxi balitz bezala, harpe haietan bizi izan ziren gizakiek balio handiko pinturak, irarlanak eta tresnak utzi zituzten. Bitxia da, gainera, baina animaliak irudikatzeaz gain (bisonteak, zaldiak eta elur-oreinak), historiaurrean ohikoa ez zen zerbait ere irudikatu zuten: giza irudia. Haitzulo horietan topatu dituzte Europako txirularik zaharrenak ere, duela 32.000 urte arrano hezurrez egindakoak. Eta apaingarriak ere aurkitu dituzte; animalien buruak dira gehienetan, ertz batean zulotxoa dutenak, eta, zulotxo horretatik soka bat sartuta, lepoko moduan erabiltzen zituztela uste dute ikertzaileek. Inguru horietan egindako ikerketek argi utzi dute, bestalde, harpeak tribuen topaleku zirela, eta ezagutzak eta tresnak trukatzen zituztela.
Isturitze harpean, irarlan ederra dago: hiru elur-orein ikus daitezke, bata bestearen gainean. 17.000 urte baino gehiagoko irudiak dira, eta perspektiba ongi landu zuten. Ikertzaileek marrazki mugikorra zela uste dute. “Egun batean, arkeologoek suaren arrastoa aurkitu zuten; eta beraz, sua piztuta zutelarik argituko zuten irarlana; sua mugitzen zenean, elur-oreinak ere mugitu egingo ziren, mugimendua ematen baitzion suak irarlanari”, azaldu digu Jean Marc Durruty, harpeetako gidariak.
Otsozelaian, berriz, formazio ikusgarriak dituelako katedrala deitzen dioten gelan, bada organo natural bat ere, estalaktitak joaz txalapartaren antzeko musika sortzen duena. Estalaktitak duen luzeraren eta loditasunaren arabera, soinua era batekoa edo bestekoa da. Badira oihal itxura duten estalaktita ikusgarriak ere.
Ikerketek aurrera jarraitzen dute, eta orain arte aurkitutako arrastoak Paris ondoan badituzte ere, hemendik aurrerakoak Hazparnen geratuko dira, han ari baitira aztertzen. Gaur egun, koben kanpoko aldean dagoen museoan, pieza originalen kopiak daude ikusgai.
50.000 bisitari izaten dituzte urtero Isturitzen eta Otsozelaian, eta ez dituzte gehiago hartzen, harpeak hondatzeko arriskua dagoelako.
Jarduerak:
> Lantegiak
Adin guztietako ikasleek dute lantegiak egiteko aukera. Horretarako, gehiago ordaindu behar da, eta oraingoz, frantsesez baino ezin dira egin, euskaraz eskaintzeko proiektua esku artean duten arren.