Zer egin daiteke ikasle etorkinak egoki eskolatzeko? Zer prozesu jarrai daiteke?

Hezkuntzak gaur egun duen erronka nagusienetako bat, etorkinen eskolatzea da. Gizartean gertatzen ari den immigrazio fenomenoa eskoletan islatzen da, eta urtez urte gora egiten ari da. Gainera, ikasle berriak ikasturtearen edozein mementotan datoz,  eta irakasleek etengabeko egokitzapenean murgildu behar dute. Desoreka handia sorrarazten du horrek, baina hezkuntzako profesionalek ahalegin ikaragarria egiten dugu ikasle horiek benetan integra daitezen, hizkuntzak jaso ditzaten, curriculumean aurrera egin dezaten, eta garrantzitsuena: ongi senti daitezen, eta ongi tratatuak izan daitezen.
Gurean, duela bederatzi urte hasi zen ibilbidea. Urte hartan hiru anai-arreba marokoar eskolatu ziren. Egoera erabat ezezaguna, arrotza zen, ez baitzuten ez gaztelaniarik ezta euskararik ezagutzen; beraz, ikasle horiei nola erantzun, kezkagarria zen.
Ikastolak arabiera eta euskara zekizkien irakasle bat kontratatu zuen, eta hiru hilabete luzez ikasle horiei, modu etengabean, euskara irakasteaz gain, programazioa jarraitzen eta irakasleei egoerari aurre egiten lagundu zien.
Neba-arreba horiek (gazteena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dago, Batxilergoan dago erdikoa eta zaharrena Batxilergoa amaituta), eskolatze normalizatua izan dute eta intergrazioa ere, erabatekoa izan da. Beraz, gaur egun, ikasle horiek eredu bihurtu ditugu.
Geroztik, ikasle berri gehiago joan da eskolatzen; kubatarrak, argentinarrak, sahararrak, Espainiako estatukoak (Kanaria uharteak eta Katalunia), marokoarrak, dominikarrak, brasildarrak, nikaraguarrak, errumaniarrak, portugaldarrak... Baina benetako gorakada azken hiruzpalau ikasturteetan gertatu da.
Egoera masibo horrek ikastetxeko plangintza egitera bultzatu gintuen, eta bertan, denok inplikatu behar ginen. Horretarako, klaustro osoak, Amelia Barquín Mondragon Unibertsitateko irakaslearekin, kulturartekotasunaren inguruko formazioa jaso genuen, eta, besteak beste, sentsibilizazioa, nortasuna, integrazioa eta enpatia landu genituen. Irakasleen balorazioa positiboa izan zen, hausnarketarako beta eta aukera eman baitzigun.
Ondoren Harrera Plana sortu genuen. Proiektua hiru fase nagusitan bereizten da1:
1.- Familien harrera.
2.- Ikasle berriaren egoeraren azterketa.
3.- Gela arruntean kokatzea eta integratzea.
1. Familien harrera
Zuzendaritzak eta orientatzaileak lehen hurbilketa familiarekin egiten dute. Hasierako hartu-emanak oso garrantzitsuak dira, gurasoak eta ikasleak egoera zail baten aurrean daude, beldurra dute, hainbat hezkuntza sistemetatik datoz, beste hizkuntza bat dago (edo beste hizkuntza batzuk daude), seme-alabengan espektatiba batzuk dituzte… Eta hori guztia kontuan izanda, eurentzat garrantzitsuena seme-alaben ongizatea da. Gure helburu nagusia, hori bermatzea izango da.
Zuzendaritzak eskolako funtzionamenduaren (zerbitzuak, egutegia, ordutegia), Hezkuntza Sistemaren oinarrien eta eraikuntzaren berri ematen dien bitartean2,  orientatzaileak aurrez aipatutako bizi egoera, beldurrak eta espektatibak landuko ditu.
Administrazioak, bestalde, zenbait diru laguntza lortzeko informazioa helaraziko die.
2. Ikasle berriaren egoeraren azterketa
Bigarren fase horretan ikasle berriaren egoera pertsonala, emozionala, nahiz akademikoa aztertuko da. Esparru horretan, orientatzaileak oinarrizko kontzeptuak baloratzeko (hizkuntza eta matematika) froga batzuk egingo dizkio.
Bestalde, egunez egun joango da haurra behatzen eta baloratzen, non txertatuko den erabaki arte. Bitartean, orientatzailea eta HIPI-a elkarlanean arituko dira ikasle berria ongi senti dadin eta beldurrak pixkana uxa ditzan, identifikazioa eta segurtasuna lortzen dituelarik.
Gela arruntean kokatzeko adin kronologikoa errespetatzen saiatzen gara, baina ikaslearen egoeraren baitan hartzen da erabakia.
3. Gela arruntean kokatzea eta integratzea
Behin zein mailatan integratuko den adostu eta gero, mailako irakasleekin bilera egiten da ikaslea zein gelatan txertatuko den erabakitzeko. Ondoren, gelako tutorearekin harrera prestatzen da. Pauso horri garrantzi handia ematen diogu benetako inklusioa, talde bateko partaide sentitzean lortzen delako.
Elkarlan horretan oinarrizkotzat jotzen ditugu giza harremanak (balioak: errespetua, enpatia, ongi tratatzea). Horiek oso garrantzitsuak dira haurren eskolatze-egokitzapenean; ikasketetan motibatzeko, kognizioa bezain garrantzitsua baita afektua. Baina integrazioa ez da soilik lehen unean landu behar, egunero-egunero pertsona berriarekin elkarbizitzen eta hura errespetatzen jakin behar dugu. Hasieran, berritasunak, ikasle berriarenganako jakinmina pizten du besteengan, baina jarrera horrek behin betikoa izan behar du, eta ez behin-behinekoa. Horregatik da garrantzitsua integrazioa egunerokotasunean ematea.
Jarraian, ikasketa plana finkatzen joango gara (curriculumaren edukiak eta hizkuntza). Plan hori egunez egun  moldatuko dugu, ikaslearen beharren eta erantzunen arabera egokituko dugu; beharrak eta gaitasunak identifi-katuz, nola aurre egiten duen baloratuz eta gabeziak indartuz.
Lan horretan tutorearen eta HIPI-aren arteko elkarlana ezinbestekoa, funtsezkoa da.
Hizkuntzaren ikaskuntza da kezkatzen gaituen alderdi nagusia.
Kasu batzuetan, ikasle berriek ez dute ez euskara eta ez gaztelaniaren ezagutzarik, eta horrek komunikazioa erabat mugatzen du. Egoera horrek irakasleengan ezinegon handia sorrarazten du, hizkuntza pertsonen arteko harremanetarako, gizartean integratzeko eta ikaskuntzarako ezinbesteko tresna delako.
Ondorioz, irakasleak arinegi ibiltzen gara. Ikasleak euskara lehenbailehen jaso dezan nahi izaten dugu, ikasketak ere hizkuntza horretan ahal den azkarren burutzeko. Baina hizkuntzalari eta zientzialari askok, Jim Cummins-ek, esaterako, zera dio: “Hizkuntza kolokiala lortzeko hiru eta bost urte behar izaten da batez beste, eta, hizkuntza formala, akademikoa, zazpi urteren buruan lortzen da”. Hortaz, ikasleari denbora eman behar zaio haren garapenean.
Ondorioak
- Etorkinen eskolatzea oso aberatsa izaten ari da irakaskuntzan inplikatuak gauden agente guztientzat.
- Gainerako ikaskideak eta irakasleak beste kultura batzuk ezagutzeko aukera izaten ari gara, eta horrekin batera, beste kulturekiko genituen hainbat estereotipo gainditzen ari gara.
- Aniztasunean elkarbizitzeak, sentsibilizazioa, besteen lekuan jartzea eta laguntasuna bezalako balioak bermatzen ditu.
- Ikasle berrien eskolatzea onartua dugun fenomenoa da, eta ikasleak ikastetxera etorri bezain laster jartzen da abian harrera plana. Erronka nagusia, aldiz, etorkina gelan integratzeko plana edo protokoloa sakontzea litzateke, mikro gizarte horretako taldekide senti dadin.
1 Harrera plana egiteko orientabideak www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (Hezkuntza berriztatzea, etorkinak).
2 Euskal hezkuntza sistemari buruzko gida hainbat hizkuntzatan: www.hezkuntza.ejgv. euskadi.net  (Hezkuntza berriztatzea, etorkinak).