CRITOBAL, Rafael: Gaur egun, haur eskolak itxi beharko lirateke, sistema guztia birpentsatzeko

Askotan entzuten da (eta zuk ere hala diozu zure liburuan) elkarren artean kontraesanean dauden korronte pedagogiko asko dagoela eta horrek, anabasa, nahasmena, gaizki-ulertuak… sortzen dituela hezitzaileen artean. Zer gertatzen da, modak gehiegi jarraitzen direla?
Ez da hori. Baina pedagogia korronte humanisten eskuetan egon da, pentsalarien eskuetan, filosofia izan daitekeenaren eskuetan, Freire, Steiner… Eta zergatik gertatu da hori? Psikologia garatu gabe zegoelako. Psikologiak mende bateko bizitza du, eta ordura arte filosofiaren eskuetan egon da. XX. mendearen hasieran bi pertsonek hasi zuten psikologiaren bidea: Freudek eta Paulovek. Freud, psikoanilisiaren aita gisa, eta Paulov, psikologia konduktistaren aita gisa. Paulov baina pixka bat lehenago Watson aurkitzen dugu, XIX. mendearen amaieran, eta bide beretik doa. Freudek zientifikoa izan nahi duen psikologia sortzen du, baina filosofiaren eta zientzia enpirikoen artean, erdi bidean geratzen da eta Paulovek bide zientifikoari ekiten dio, egiaztagarria den, enpirikoa eta partziala den bideari. XX. mendean zehar konduktismoa eta psikoanalisia borrokan aritu dira eta pedagogia alde batera eta bestera doa, baina zer gertatzen da psikoanalisiarekin? Hamar adar daude, diziplina filosofikoak direlako. 1950 inguruan diziplina berria sortu zen eta ondoren nazioarteko komunitate zientifikoaren berrespena jasoko duena jaio zen: etologia. Etologiaren figura nagusia Lorenz da, 1973an nobel saria jaso zuena. Haur psikologia irauli duten bi figura daude: Bolvy eta Harlow. Hori guztia hurrengo urteetan garatzen doa eta 70. hamarkadatik aurrera bada psikologia enpirikoaren oinarri bat (hau da, egiaztagarria), eta pedagogiak hor har dezake oinarri. Baina hori guztia ez da guregana iritsi; ondorioz, korronte asko daude eta hezitzailea nahastuta dago. Horren aurrean, batzuek konduktismora jotzen dute (baina hori arriskutsua da, partziala delako) eta beste batzuek betikoa egitera jotzen dute, baina betikoak jada ez du balio. Liburuan egiaztagarria den psikologia bati buruz aritu naiz, eta horren gainean eraiki daiteke pedagogia. Zer pedagogia? Proiektu pedagogikoa alde batetik, eta proiektu arkitektonikoa, bestetik; hau da, zer egin eta nola egin. Gaur egun haurrari buruz jakin behar ditugun gauzarik garrantzitsuenak badakizkigu, eta gurasoak eta hezitzaileak gidatuko dituen pedagogia eraiki daiteke. Orain, pedagogia horretan oinarrituta, eskola sistema guztia aldatu behar da, akats asko egiten ari baitira.
Zer akats, adibidez?
Akatsak, familian eta eskolan aurki daitezke. Haurrak lau hilabeterekin ateratzen dira etxetik eta haurtzaindegiak birplanteatu behar ditugu, inoiz ez delako halakorik gertatu.
Zer esan nahi duzu haurtzaindegiak birplanteatu behar direla esatean?
Haurtzaindegiak beharrak bultzatuta etorri dira Europa osoan, emakumea lan merkatura sartzearekin batera, haurrak norbaitek eta nonbait zaindu behar izatetik etorri dira, eta ez da ez ezagutzarik ez denborarik izan haurtzaindegiek zer izan behar duten planteatzeko; etxetik kanpoko taldekako hazkuntza sistemak zer eta nolakoa izan behar duen planteatzeko. Ez da lortu etxeko hazkuntza sistemaren antzekoa edo hobea izango den sistemarik sortzea. Mundu naturalean, haur bat egoten da heldu askorentzat (ama, aita, aiton-amonak, izeba-osabak…) eta taldekako hazkuntza sisteman, haur asko daude pertsona heldu bakarrarentzat. Haurtzaindegiak sortzen joan dira, eta gobernuen aldetik bada halako politika populista bat, hainbat eta hainbat haurtzaindegi egin dituztela esanaz. Baina zein? Non? Nolakoak? Bertan haurrak eraikitzen dira ala ez?
Gutxi gorabehera 1980 urtera arte hazkuntza familian egiten zen, oinarrian, eta eskola instrukziorako zen, gauzak irakasteko, batik-bat; beraz, haurraren izakera etxean eta kalean lantzen zen. Baina emakumea lanera sartu zen, lan erritmoak aldatu ziren, eta denbora sozialak antolaketarik gabe geratu ziren. Horrekin batera, haurrak hezkuntza sistemaren esku utzi ziren, hezteko eta irakasteko. Eskolak zama handia du, beraz, eta horri aurre egiteko baliabide gehiago behar ditu. Gainera, haurrak, beren hazkuntzaren garairik emankorrenean uzten dira eskolaren esku. Bizitzako lehen urtean garatzen gara, batez ere, eta bost urte izaterako, heldu garaian garenak gara. Gaur egun, garai horretan haurrak eskolan izaten dira eta familiak eta kaleak ez dute lehen egiten zuten lanik egiten. Hezkuntzaren krisia pairatzen ari gara.
Non ikusten dituzu krisi horren zantzuak?
Haurrak inguru tradizional batean hazi izan dira, kulturaren estilo tradizionalei jarraituz, eta gauzak ez ziren zalantzan jartzen; gehienak ongi egiten ziren, eta beste batzuk ez hain ongi. Haurra, lau hilabeterekin, bere gurasoenak ez diren eskuetara joaten denean, balio handiko pertsonen eskuetara joaten da, baina pertsona horiek ez ditu instintuak gidatzen, nahiz eta euren ahalmenak oso onak izan. Besteen seme-alabak zaintzen hamar urte pasatzen badituzu, motibazioa ez da bera.  0-3 eta 0-6 etapa baztertua dago eskola sistemaren baitan, ez da kontuan izan garapenik emankorrena orduan gertatzen dela. Hezkuntza sistema osoa birpentsatu behar da: iraganetik gauza on asko ekarri ditugu gaur arte, baina txarrak ere bai.
Lehen, etxean egoten ginen eskolara joateko garaia heldu arte, eta ongi zaintzen gintuzten. Orain dena teoriak dira, gauzak nola egin behar diren esaten da, hainbat eta hainbat korronte daude. Guztia hainbeste neurtzeak eta aztertzeak ez al dakar arriskurik?
Bai. Guztiak du arriskua. Oiloen adibidea jarriko dut: inkubagailu batean oiloek erreprodukziorako dituzten baldintza naturalak lortzea (beroa, mugimendua eta hezetasuna) ezinezkoa da, eta pertsonekin gauza bera gertatzen da: haurrak hazteko  inkubagailu baten antzeko ingurune artifizialak sortzeko, hazkuntza giro naturala erreproduzitzeko, asko jakin behar da. Gaur egun, haur eskolak itxi egin beharko lirateke. Guztiak. Etena egin beharko litzateke zer sistema pedagogiko jarraitzen duten, zer irizpide psikologiko jarraitzen duten, zer oinarri psikologikotan oinarritzen diren eta proiektu pedagogiko hori egiteko zer espazio dituzten aztertzeko. Hau da, oinarrizko psikologia irmoa behar da haurrarekin zer egingo dugun, nola egingo dugun eta non egingo dugun ikusteko. Orduan izango dira fidagarriak haur eskolak. Nik ez dut esan nahi denek gaizki funtzionatzen dutenik, baina denbora batez geratu beharko lirateke haur eskolen sistema guztia birpentsatzeko. Eta, gurasoak lanean daudelako hori egin ezin daitekeenez, ahalegin handia behar da eta baliabide ekonomikoak behar dira horri guztiari buelta emateko. Badakigu zer egin behar den. Baina gure hezkuntza sareak behar den moduan egin behar du egin behar den hori.
Beraz, haurtzaindegien ezaugarriak dira birplanteatu behar direnak.
Bai. Hitza bera ere, gaztelaniaz hartzen badugu, “guardería”, gorde aditzetik dator, eta horrek asko adierazten du. Haurtzaindegiek haurrak hazteko eta lantzeko lekuak izan behar dute. Askoz ere gehiago inbertitu behar da, zeren, azkenean, diru arazoa da dena; dirua behar da jendearen formaziorako eta zentroak hornitzeko. Ratioak kontuan izan behar dira, eta hezitzaileek aurrera egiteko eta euren lana behar den moduan egiteko duten gaitasuna aintzat hartu behar da.
Pedagogia eraikitzeko oinarri gisa erabil dezakegun psikologia indartsua badela aipatu duzu. Pedagogia hori, eraikitze bidean al da?
Bai. Pedagogia orokor baterako bidean gaude. Gurasoek haurrak leku batzuetara eraman behar dituzte eta bertan, gauzak haurraren osotasuna ezagututa egin behar dira. Pedagogia hori ezagutzen dugu, baina ezartzea falta da, eta orain esan ezin dudan ikastetxe batean aplikatzen hasiko gara aurki; ikastetxea hankaz gora jarriko dugu, eta irakasleen formaziotik hasiko gara lanean.
Zein dira ezartzeko dagoen pedagogia horren ezaugarri nagusiak?
Konfiantzaren pedagogia izan behar du. Haurra potentzialitate handiarekin dator, ez dator ordenagailu baten modura, haren barnean programak instalatzeko. Landare baten modukoa da; artoa ez dugu guk sortzen, kimua dugu eta hazi egiten dugu, landu. Haurrarengan sinetsi behar da, gurasoek eta hezitzaileek konfiantza izan behar dute haurrarengan haiek pentsatzen dutena baino gehiago dakielako. Sistema osoak konfiantzan izan behar du oinarri, irakasleak ez daitezela zuzendaritzaren susmopean egon, ez daitezela gurasoen susmopean egon eta gurasoak ere, ez daitezela irakasleen susmopean egon. Era berean, guztiek ez dezatela haurra susmopean izan. Horretarako, nekazarien modukoa izan behar da, lantzen, hazten, jakin behar da eta haurrari agindu gutxi eta konfiantza asko eman behar zaizkio. Haurra ezagutu behar dugu haren ahalmenak sustatzeko eta garatzeko, eta haren bidean, ebazteko prest dagoen objektuak eta egoerak jartzen joateko. Ezagutzan konfiantza izan behar dugu.
Konfiantza horrez gain, haurraren motibazioa bultzatu behar da baita ere, ezta?
Bai, baina haurra ez da motibatu behar, barrutik datorkio motibazioa, bere kabuz. Eta zentzu horretan, pedagogia mota hau pedagogia anarkistaren bila doa. Denbora izan behar da, eta denbora eskaini. Haurrak, zerbait behar duenean, deitu egiten zaitu, negarrez, esaterako. Gero, esplorazioa hasten denean, haiek bilatzen dituzte gauzak, ikasi nahi dute eta ikastea gustuko dute; arriskutsuak ez diren gauzak eskura jarri behar dizkiegu, eta bilatzen, arakatzen, dena ezagutzera irits litezke, interesa berez datorkielako. Hori gauza naturalei dagokienez. Haien gustuko gaiak landu behar dira eta euren gaitasunetara egokitu. Montagnerrek esaten duen moduan, eskolak, soilik, eskolarik behar ez dutenentzat balio du. Galaxietan motibazioa sortzeko ordea, urruti geratzen den gaia da, baina irakasleak fisikarekin gozatzen badu, gozamena transmitituko du. Beraz, konfiantza behar da, haurrak ezagutu behar ditugu eta gauzekin gozatu behar dugu. Oso erraza da, baina beste bide batzuk baino nekezagoa, hori bai.
Motibazioa berezkoa dugu, hortaz, eta, nola kudea daitezke emozioak?
Ikerketa enpirikoek diote haurrak eta animalia guztiak beren programarekin datozela eta landu egin behar direla. Haurra ere motibazioarekin dator. Eskola sistemari samurtasuna lantzeko, beldurra lantzeko, agresioa lantzeko… eskatzen zaio. Hori lehen kanpoan egiten zen, etxean, eta horrez gain, gauzak irakasteko eskatzen zaio. Eskolak haurren jakin-min naturalari eutsi behar dio, ez besterik, hori berez existitzen delako. Haurra esploratzailea da, 8-9 hilabeterekin dena hartzen hasten da eta etxean gauzak ukitzen utzi behar zaio, mugitzen utzi behar zaio. Hezkuntza sistemak pertsonak komunitatean lantzea, garatzea butzatu behar du. Haurraren kuriositatea lantzen baduzu, haurrak bakarrik ikasiko du, berez kuriositatea duelako. Bere garapen kognitiboari egokitutako objektuak jartzen badizkiogu, bide hori erraztuko diogu. Haurrak, heldua gogotsu ikusten badu, bera ere gogotsu arituko da. Gutxiago hitz egin behar da, gehiago egin eta adibide gehiago eman. Harreman ona baldin badago, ongi, baina haur eskolan harremana hausten bada eta haurra gustura ez badoa, ez du ikasiko. Eskola porrota lau hilabeterekin hasten da.
Irakasleak gogotsu aritzeaz gain, bada beste arazo bat: ikasle guztiak berdinak izango balira bezala hartzen dira, maiz.
Haurraren erritmo biologikoak, kognitiboak eta emozionalak errespetatuko dituen eskola sistema behar da. Etxean arazoak dituen haur bati eta lasai dagoen bati, ezin diozu gauza bera eskatu. Erritmo biologikoak ere errespetatu behar dira, badira lo asko egin behar duten haurrak eta behar hori ez dutenak ez, adibidez. Haur batek logurea duenean lotara joateko aukera izateko elementuak txertatu behar dira. Eta arreta gehien eskatzen duten ikasgaiak ordu egokietan jarri behar dira, matematikak ezin dira goizeko lehen orduan edo bazkalondoan jarri, haurrek lo hartuko dutelako. Barne-denbora ere errespetatu behar da, horretarako, beste era bateko espazioak behar dira, haurra lasai egon dadin. Bestalde, haur guztiek ez dituzte edukiak era berean barneratzen eta hori ere kontuan izan behar da; norbere beharretara egokitutako hezkuntza izan behar da, neurrira egindakoa. Horrek ez du esan nahi irakasleei gehiago eskatu behar zaienik, baina ratioak kontuan hartu behar dira eta ikasgela itxien eta mailen sistema hautsi behar da. Ikasturtea errepikatzea katastrofea da haurraren autoestiman eta haren egitura sozialean, lagunak beste maila batean daudelako. Eskola sistemak dena birpentsatu behar du ezagutza zientifikoaren argitan.
Espazio fisikoak ere garrantzia du. Zer ezaugarri izan beharko lituzke?
Espazio fisikoa oinarrizkoa da, eta gauzarik merkeena da, inbertsioa hasieran egin behar delako, baina gero ez duelako besterik eskatzen. Haurrak bederatzigarren hilabeterako hiru dimentsio ditu, eta hiru dimentsioko elementuak behar ditu espazioa esploratzeko. Baina espazioak esploratzeko, espazio horiek handiak izan behar dira. Hemen ditugunak bi dimentsioko basamortuak dira, tramankuluren batekin, etxetxoren batekin… Baina hiru dimentsioko espazioak behar dira, handiak, haurra urduri datorrenean aska dadin. Garrantzitsua da baita ere oihartzunik ez egotea, zarata handia sortzen delako eta irakasleak erotu egiten direlako, haurrak asko urduritzen direlako… Lotarako tokiak izan behar dituzte, tentsioak askatzeko tokiak… Haurrak lasaitzen badira, irakaslearentzat taldearekin lan egitea askoz ere errazagoa izango da. Beraz, proiektu arkitektonikoa ezin da proiektu pedagogikotik banatu. Koltxoi moduan jokatu behar dugu haurrekin, askotan haserre daudenean eta gure kontra egiten dutenean, guk heziketaren izenean, zenbait jarrera hartzen ditugu eta ito egiten dugu haien askatzeko beharra, baina behar dutena ez da hori. Gu ere, gaizki baldin bagaude, ez dugu norbaitek errieta egiterik behar, ulertzea eta entzutea baizik. Horretarako koltxoi papera egingo duten espazioak sortu behar ditugu. Eta kanpoko espazio  ere garrantzitua da, izan ere, hemen, Euskal Herrian, denbora asko eman behar dugu aterpean euria dela eta. Ez da luxurik behar, baina bai espazio funtzionalak izatea.
Hezkuntza hitza denborarekin okertzen joan dela diozu...
Heztea, haztea, lantzea da eta norberaren onena ateratzea, ez pertsonak manipulatzea sariak eta zigorrak jasotzen dituzten robotak izan daitezen. Nolabait, otzandutako jende asko dago eta, gero deprimituta eta aspertuta egoten dira. Gaur egun arazorik handiena da, jendeak ez dakiela zer egin bere bizitzarekin. 60 urterekin jende asko deprimituta dago, ez dituztelako landu. Joxe Migel Barandiaran, adibidez, 90 urterekin bere ikerketekin jolasten jarraitzen zuen haurra zen, eta Barandiaranek egin behar ditugu. Heztea sortzea da, norberaren onena ateratzea,  eta, konfiantza eta informazio asko ematea; haurrak autoerregulatu egiten dira eta.