132: Oteizak ikusi ez duena eta Oinarrizko Hezkuntza Akordioak eskaini dezakeena

Jorge Oteiza eskultorea jaio zela 100 urte bete diren egun berean, Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioak bi urte egin ditu.
Oteizaren ahalegina materia hustutzea izan zen bitartean, Oinarrizko Hezkuntza Akordioak, berriz, euskal hezkuntza esparruan dauden hutsuneak betetzeko saiakera izan nahi du.
Hala ere, sortzean bat egiteaz gain, oinarrizko ideietan ere norabide bera markatzen dutela esan daiteke.
Hala, Oteizak bere pentsamenduaren garapenean hamaika ekarpen egin dizkio hezkuntzari. Hark bere denboran esanak dira:
“Pertsona haurraren baitan egin eta desegiten da. Gaur asko dakigu haur bat nola desegiten denari buruz, baina gutxi dakigu, eta gutxiago asmatzen da, haur bat egiteari buruz, hari bere burua eraikitzen eta fabrikatzen uzteari buruz…
Niregan iraunkorra da haur nintzelarik sakratuenean makurtua eta nahastua izan nintzenaren sentimendua; hau da, norberaren aberria, hizkuntza bera, kendu izana. Markaturik munduratu naute, elbarritua, eta hori, ja, oso zaila da sendatzen… Nik, euskal izatetik beretik euskal izatearen desegitearen ohiko adibidea ordezkatzen dut”.
Beharbada, Oteizak bere baitan sentitu zuen hezkuntza eskubideak ez zitzaizkiola errespetatu, eta gabezi horren emaitza izan zela, neurri handi batean, bere baitan garatu zen pertsona.
Euskal Herriko Hezkuntza Akordioak euskaldunok ditugun hezkuntza eskubideak zerrendatzen ditu, eta hori historian zehar lehen aldiz gertatu da.
Pertsona orok ditugun eskubideekin batera, herri orok ere baditu hezkuntzarako eskubideak. Eta munduko gainerako herri guztiek bezala, Euskal Herriak ere badu bere hezkuntza sistema antolatzeko eskubidea. Bide horretan ere, Oinarrizko Hezkuntza Akordioak eskaini du bere ekarpena. Aspaldiko urteetan katramilaturik gabiltzan hainbat korapilo askatzen hasteko ikusmolde berriak, alegia.
Gure proiektuak eskema eta definizio zaharretan eta agortuetan eraikitzen tematu gara. Bakoitzak, bere txikian, bere bidea egokiena eta baliagarriena dela erakutsi nahiean gure indarrak xahutuz. Beharrezkoa da, behingoz, begirada jaso eta sareka, ereduka, administratiboki zatitutako errealitate horri herri gisa begiratzea.
Gaur egun Euskal Herrian hezkuntza alorrean dauden ekimenak eta proposamenak begiratu, aztertu eta baloratzeko tresna interesgarria izan daiteke Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa. Oteizak, jada, ezingo du ikusi munduari zabalik dagoen euskal haurra nola egin ezagutzaren gainean egiten ari garen aurrerapenak. Ikus ditzagula guk bere baitan markaturik eta elbarriturik munduratu dituztela sentitzen ez duten pertsonak!