Baratza lantzen

Aste honetan egin dut topo harekin aspaldiko partez. Amonatxo maitagarriak, bastoitxoan eusten zelarik, ahotsa nahiko umildua garai batetik, irribarre goxo batez agurtu nau. Pentsatzea ere, nolako beldurra genion matematikako andereño zorrotz beti-umore-txarreko hari garai haietan! Nola ez diegu bada, zenbakiei zeharka begiratuko? Denok arbelera irteteko ikaraz, jaso genezakeen belarrondokoaren beldurrez. Ai, zenbat autoestima arazo ekarri ote dituzte arbel eta jarrera haiek! Frantseseko andereñoagatik galdetu dit. Ea aspaldi ikusi dudan edo. Eta haren “letxetxarraz” oroitu naiz. Behin ikaskide bati “el perro del panadero” itzultzeko agindu eta “le per di panader” esan zuenekoaz. A zer nolako astindua jaso zuen gizarajoak! Garai batean hainbeste izu eragindako musu ximurtuari bi patxo eman, eta oroimenekin jarraitu dut. Bere ondoren izan genuena ez bait zen izan goxoagoa, ez horixe! Gelan sartu orduko haren bekozko ilunaren mehatxua. Gustuko ez zuen iritzi politikoa susmatze hutsarekin, marra beltzez markatzen gintuen. Harik eta ikasle batek labanaz zauritu zuen arte, institutu guztia eta gure sentimenduak aztoratuz…
Baina uxa ditzagun oroimen kaxkar horiek. Zorionez, izan baitira bizitza abentura zoragarria dela sinesterazi didaten irakasleak. Gutariko bakoitza, izan mehe edo sendo, ahul edo indartsu, bakoitza bere erara, ahalik eta fruiturik ederrenak emateko landaretxo legez hartu gaituztenak. Landare mordoxka biltzen zituen ikasgela baratz-sailtxoa bailitzan, maitasun guztiarekin zaintzen zutenak, bizitzarako uzta bikaina emateko prestatuz.
Gogoan dut bereziki, ikastolen hastapenetan, euskal abestien bitartez euskararekiko maitasuna itsatsi zigun hura. Doinu haiek gaurdaino jarraitzen dute nigan. Eta zenbat aldiz lagundu didan musikak sentipenak, pozak, tristurak… azaleratzen. “Bizitza musika da; bakoitzak barruan dituen doinuak atera egin behar ditugu”. Komunikazioaren, elkar ulertzearen garrantziaz ohartarazi zigun. Eta horretarako hain lagungarri den umorearen, barrearen txertoa ere hark jarri zigulakoan nago. Hari eta aske bizi izateko, geure txikitasunean duin eta zintzo jokatzeko balioak, tresnak, eman dizkiguten beste guztiei, ahal den heinean zoriontsu izan eta besteak pixka bat zoriontsuago egiteko jorratze lana egin eta egiten dutenei, mila esker.