OTADUY BENGOA, Marisa eta IRIGOYEN PERURENA, Make: Bullying-aren ezkutuko gakoak bistaratzen

Gure munduan pertsona guztien eskubideak bermatzeko eta harreman positiboagoak eraikitzeko, bai elkarren artean, bai bestelako bizidunekin, bai planetarekin, zeregin dezente dugu oraindik. Horren adibide dira, hezkuntza-eremuan azken urteotan askoren kezka eta hausnarketagai bihurtu den "bullying"-a edo "berdinen arteko tratu txarrak".
Zer da bullying-a?
Ingelesetik datorren hitza da eta literalki "harroputz" edo "handiputz" esan nahi du. "Berdinak" direnen artean ematen den indarkeria da. Hezkuntza-eremuan, bullying-egoera bat ikasle batek edo talde batek denboran zehar, behin eta berriz, beste ikasle bat ikaratu, iraindu, bakartu edota mehatxatzen duenean gertatzen da; haren gauzak hondatzean edo eraso fisikoak eragiten dizkionean. Bi aldeen arteko botere-harremanak oso ondorio larriak eragiten ditu biktimarengan: herstura, harremanetarako arazoak, autoestimu baxua, segurtasunik eza, eskola-errendimendu eskasa...
Bullying-aren definizioa hezkidetzaren ikuspegitik osatzen
Sarritan bullying-arekiko interpretazio hau nagusitzen da: erasotzaileek, erasotuek eta inplikaturiko guztiek harreman-arazoak dituzte, eta egoera aldatzeko erantzun eta estrategia indibidualak landu behar dituzte.
Hezkidetzaren ikuspegitik fenomeno hori askoz sakonagoa da: bullying-a gizarte sexistan gertatzen, sustatzen eta legitimatzen diren indarkeriazko harreman sistematikoen ondorio zuzena da. Estereotipoek markatzen dute, kultura guztietan, pertsona batek nolakoa izan behar duen sozialki onartua izateko.
Horrela, bullying fenomenoak, erasotuak "behar bezalakoa ez izateagatik edo susmagarri izateagatik" jasotako diskriminazioan datza. Zergatik? Heterosexismoaren legeak ez jarraitzeagatik: dagokion rol maskulino edo femeninoa ez betetzeagatik, talde dominanteko kide ez izateagatik, edertasun-eredua betetzen ez duen gorputza izateagatik, heterosexuala ez izateagatik...  Bullying kasu askoren azpian lesbofobia, transfobia eta homofobia daude, eta hori da seguru aski bullying-aren aurpegirik ezezagunena. Hezitzaileok ezinbesteko dugu errealitate horren garrantziaz kontzientzia hartzea, proposatu ohi ditugun esku-hartzeak benetan eraginkorrak izateko.
Aldaketarako hezkuntza-gakoak: 
- BEHATU. Oso garrantzitsua da ikasleen aniztasunaz jabetzea, nola sentitzen diren jakitea eta haien beharrak identifikatzea: ezkutuan dagoena aintzat hartzea, errespetatzea edo konpontzea zaila baita.
- EZAGUTU. Zer sozializazio-baldintza inposatzen zaizkie neska-ikasle eta mutil-ikasle izateagatik? Zer oztopo dituzte haien bizi-proiektua eraikitzeko?
- EKIN. Giza Eskubideen aldarrikapenak hau zehazten du: "pertsona orok bere osotasun pertsonalaren kontrako indarkeriazko egoera edo erasoen aurrean Estatuaren babesa izateko eskubidea du". Ikasleak askatasunez adierazteko eta partaide aktiboak izateko segurtasun guneak sortzea hezitzaileon zeregina da.
- ETA... GALDERAK EGIN. Gure ikasleak irain diskriminatzaileetatik eta homofoboetatik salbu al ditugu? Emakumeak edo gizonak, minusbaliatuak, adinekoak... gutxiesten dituzten jarreretatik babesten al ditugu? Emakume eta gizon-eredu positiboak eta berdintasunezkoak, sexu aukera anitzak, hainbat tipologia fisiko... aurkezten al dizkiegu curriculumean, gelako egunerokotasunean?
Esku-hartze zehatzak:
• Heziketa afektibo-sexuala gure hezkuntza-jardueran barneratzea, giza-sexualitateari buruzko diskurtsoa adierazpen modu guztietan normalizatuz, inolako ierarkizaziorik egin gabe.
• MAITASUNA kontzeptua lantzea, harreman afektiboak eta bikoteko harremanak eraikitzerakoan norberaren zein besteen onarpena, errekonozimendua, errespetua eta askatasunean oinarritzea sustatuz.
• Liburutegian aniztasun afektibo sexualaren inguruko kontsulta-atala sortzea genero-ikuspegia erakusten duten bideoak, artikuluak, aldizkariak eta abar bilduz.
• Eguneroko bizitzan zein curriculumean emakume- eta gizon-eredu positiboak bistaratzea, genero-estereotipoak betetzen ez dituztenak, hainbat kulturatakoak, hainbat aukera sexualekin...
• Hizkuntza hezkidetzailea erabiltzea (ahozkoa, idatzia eta ikonografikoa). Horrek errespetuz eta berdintasunez aipatzen ditu emakumeak, gizonak eta pertsona guztiak.
• Ikasle, familia eta ingurukoekin topagunerako eta lankidetzarako espazioak sortzea, tratu txarren inguruko eztabaidak egitea, esku-hartze proposamenak biltzea eta jarduera-protokoloak bateratzea.
Laburbilduz, bullying-aren aurkako antidoto gisa, elkarbizitza hezkidetzailea sustatzea proposatzen dugu. Zer lortzeko?
• Ikasleak beren identitatearekin gustura egotea, harreman sozial eta afektibo-sexual positiboak eta autonomoak eraikitzeko konpetenteak izatea.
• Garapen pertsonala eta soziala aldi berean landuz, eremu pribatuan eta etxean zein publikoan ongi moldatzen diren pertsona osoak heztea.
• Bizi-proiektu propioa duten pertsonak izatea, berdintasun harremanak eraikitzen dituztenak, gure munduaren etengabeko hobekuntzan konpromiso eta parte-hartze aktiboa erakusten dutenak. 
AZKEN ORDUKO BIBLIOGRAFIA:
PLATERO MÉNDEZ, Raquel y GÓMEZ CETO, Emilio: Herramientas para combatir el bullying homofóbico, Talasa ediciones, Madrid, 2007.
EMAKUNDE aldizkaria: El amor entre mujeres, Emakunde, Vitoria-Gasteiz, 2008 (72. zenbakia).
SAREAN:
http://www.zubiakeraikitzen.blogspot.com/ ZUBIAK ERAIKITZEN HEZKIDETZA TALDEA (ikus: Indarkeriari zero tolerantzia/ Heziketa afektibo-sexuala/ Hezkidetza).
http://martxoak8.nireblog.com/cat/harremanak  (ikasleentzat).
http://www.yogyakartaprinciples.org/ Genero Identitatea eta Sexu-joerarekin lotutako Giza Eskubideen Nazioarteko Legediaren Ezarpenari buruzko Yogyakartako Printzipioak (2006).
http://tutorglbt.blogspot.com/ (ikasle gay, lesbiana, bisexual eta transexualentzako gunea. Bereziki "Homofobia entre adolescentes" bideoa).