Ikasbide ikastola, Donostia: Ikasbide ikastolako lantegiak. Mundua ikastolara gerturatzeko ahalegina

Ikasturte hasierako bileran planteatzen diete gurasoei euren parte hartzearen garrantzia, eta bakoitzak zer egingo lukeen pentsatzen joateko esaten diete. Haien lanbidearekin lotura duen zerbait izan daiteke, edo, besterik gabe, gustuko duten edozer. Gurasoei garbi esaten diete helburua ez dela zerbait zoragarria edo oso konplikatua egitea, ekintza hori burutzeko egiten duten bidea baita garrantzitsuena, eta, jakina, ongi pasatzea.
Parte hartzea zabala da eta azken bi ikasturteetan ia guraso guztiek hartu dute parte lantegietan. Batzuetan, gaiarekin lotzen dute, eta, beste batzuetan, gurasoak dira euren ekimenez gauzak planteatzen dituztenak. Lantegietan errezetak egin ditzakete; edo, beste batzuetan, lantzen ari diren gaiaren arabera joaten zaizkie gurasoak bisitan: gorputza lantzen ari zirenean, adibidez, erietxean lan egiten duten hainbat gurasok zer lan egiten zuten azaldu zieten ikasleei…
Sahara ezagutzeko aukera
Lantegi batzuk laburrak izaten dira, baina beste batzuk  luzatu egiten dira eta hori izan zen, hain zuzen ere, Saharako esperientziaren kasua. Ikasle baten izebak bere burua eskaini zuen iaz Saharari buruzko lantegia egiteko eta herri horren hainbat alderdi lantzeko: historia, geografia, bizimodua, hezkuntza, elikadura eta gastronomia, eguraldia, eraikuntzak, jostailuak… aztertu zituzten. Eta, urtero Euskal Herrian Sahararentzat janaria biltzeko antolatzen den kanpainarekin bat eginda, ikastolan jarduera hori antolatu zuten Arantza Aierdi eta Ana Gorrotxategi irakasleek Haur Hezkuntzako 3. mailako ikasleekin.
Pertsona hori ikasgelara joan aurretik, interesgune hori landu zuten ikasleekin. Eta, horretarako, lau urte lehenago beste ikasle batzuekin landu zuten Saharari buruzko materiala baliatu zuten: bandera nolakoa den, kokapena, basamortua, hango haurrak, gerra… aztertu zituzten. Ondoren, izeba etorri zenean, argazki batzuk erakutsi zizkien lehendabizi. Baina, geroago, hango emakumeen eta gizonen jantziak eraman zituen, eta irakasleek jantzi zituzten, haurrek ikus zitzaten. Saharan bertan egindako eskumuturrekoak eta lepokoak ere eraman zituen, eta ikasle bakoitzari bat oparitu zion.
Baina bisita horrekin hasitako jarduerak jarraipena izan zuen gerora ere. Hiruhileko osoa eman zuten ikasleek jarduera hori lantzen. Irakasleek, Saharako ipuin herrikoiak kontatu zizkieten haurrei, eta, janariaren gaiari helduta, Euskal Herriko eta Saharako elikaduraren artean dauden aldeak landu zituzten. Gela sukalde bihurtu zuten, eta kus-kusa eta tea prestatu eta dastatu zituzten. Postre gisa, berriz, datilak jan zituzten egun hartan.
Amaitzeko, gutuna idatzi zieten haur guztiek sahararrei, eta jasotako opariengatik eskerrak ematearekin batera, haien herriari eta kulturari buruz asko ikasi zutela adierazi zieten. Gainera, ikasleek opari bat bidali nahi zieten hango haurrei eta, eskulanak egitea oso gustuko dutela bazekitenez, kaxa eder batean ikasleek ekarritako gauzak sartu zituzten: ilerako gomak, ile-orratzak, margoak, ipuinak… Eta horiek guztiak Saharara bidali zituzten, taldeko argazkiarekin batera.
Esperientzia hor amaitu zen Ikasbideko ikasleentzat. Baina, egun batean, ustekabean, eskutitza jaso zuten Saharatik, haurren argazkiekin eta haiek egindako marrazkiekin batera. Haurrentzat oso polita izan zen guztia.
Eta, orokorrean, haurrak gustura egoten dira lantegietan, naturaltasunez hartzen dituzte. Urduri ere egoten dira, dena den, haien senideek ikastolara gerturatu behar dutenean. Senideak ere urduri egoten dira, gauzak behar den bezala aterako diren pentsatzen, edo haurrek jarduera gustuko izango ote duten pentsatzen… baina, lantegia abiatzen denean, berehala desagertzen dira kezka horiek. Jarduera horietan, irakasleek ez dute parte hartze aktiborik, baina beharrezkoa denean laguntza eskaintzen dute.