Iturrama institutuko zuzendaritzak dimisioa aurkeztu du

Iturrama institutuko zuzendaritza osoak dimisioa aurkeztu du irailaren 27an, Gudari Egunean, ikastetxean izandako omenaldiak izan dituen ondorioak direla eta. AVT elkarteak salaketa aurkeztu zuen omenaldia zela eta, eta fiskaltzak aintzat hartu zuen. Horren ondorioz, hiru ikaslek deklaratu dute Madrilgo Auzitegi Nazionalean eta beste hamalauk deklara dezakete. Pedro Otaduy Iturrama institutuko zuzendariak omenaldian parte hartu zuten ikasleen izen-abizenak eskaini zizkien gazteen bila ikastetxera joan ziren poliziei LABek jakinarazi zuenez, eta sindikatuak gogor kritikatu zuen zuzendariaren jokabidea.
Era berean, Iturrama institutuko gurasoek ez dute zuzendariaren jarrera ulertu eta hala jakinarazi zuten eskutitz publiko baten bidez. Ikasleei babesa azaldu zieten eta kasu honetan ahulak ikasleak direla azpimarratu zuten. Eskutitzean adierazi zutenez, ez dute ulertzen zuzendariak ikasleen izen-abizenak Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku jarri izana. Zuzendariari, guztia agerian geratu den arte egindakoa ukatu izana leporatu zioten eta baita gertaerak nahasi izana ere. Ondoren, barkamena eskatuz eskutitza kaleratu zuen Otaduyk, baina gurasoek ez zuten onartu. Azkenean, Pedro Otaduyk eta Iturramako zuzendaritza taldeak dimisioa aurkeztu zioten eskutitz bidez otsailaren 12an Patxi Esparza, Hezkuntza Departamenduko Ikuskaritza eta Zerbitzuko Zuzendari Nagusiari.
Auziak zeresan handia eman du Iruñerrian. Institutuetako Zuzendarien Elkarteak, NaBaik eta Irakaskuntzako langileen batzordeak (Afapna, ELA, LAB, EILAS, ANPE, APS, CSIF eta CCOO daude ordezkatuak) babesa agertu diote Otaduyri. Ikasle Abertzaleak antolakundeak, berriz, Iruñerriako ikasleek ikastetxeetan salbuespen egoera bizi dutela salatu du. Eskubide guztiak ukatuak dituztela eta egoera onartezina dela esan du IAk.